Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2007ko abenduaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7322

AGINDUA, 2007ko abenduaren 12koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Honen bidez azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak ematen dira 2007ko urterako.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, II. xedapen gehigarrian, dekretu horren bidez sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura ematekoak diren diru-laguntzak emateko prozedura zehaztu zuen.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztiori, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraiki, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Bigarren xedapen gehigarriko 2. idatz-zatian agindutakoaren arabera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, 2007ko apirilaren 25eko Aginduaren bidez (maiatzaren 24ko EHAA, 99. zk.), hasiera eman zion Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, lurraldeetako batzordeetan eta ikuskaritzen erregimenean parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari (azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaz arautu ziren horiek).

2007ko uztailaren 6an, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak erabaki bat hartu zuten: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari proposatu zioten zati berdinetan bana zezala 2007. urterako abenduaren 28ko 9/2006 Legeak, 2007ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartutakoak, 3112 programak (31 zerbitzua) ezarritako diru-laguntza, aurrekontuetan 346.245,00 euroko hornidura baitu.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura xedatutakoaren arabera, agindu honen bidez diru-laguntzak emango zaizkie Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuei.

Hori guztiori dela eta, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Diru-laguntza ematea.

1.– Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak ematen dira 2007 urterako. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

2.– Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura agindutakoaren arabera, eraginpeko alderdiek 2007 urterako abenduaren 28ko 9/2006 Legeak, 2007ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak ezarritako 346.245,00 euroko aurrekontu-dotazioa zati berdinetan banatzea erabaki zutenez, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatu guztiek —ondoren aipatzen dira— 86.561,25 euro jasoko dituzte:

– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).

– Confederación Sindical de CC.OO. DE Euskadi.

– Langile Abertzaleen Batzordea (LAB).

– Unión General de Trabajadores (UGT- Euskadi).

2. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako diru-laguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden sindikatuek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Foru Ogasunek eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egindako egiaztagiri eguneratuak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak konplituta dituztela egiaztatzeko.

b) Aurretik Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailetik jasotako diru-laguntzak justifikatuta daudela adierazteko agiri bat.

3. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko da diru-laguntza, agindu honetan ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.

4. artikulua.– Bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak dira sindikatuek jaso ditzaketen beste laguntza, diru-laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaz araututako laguntzen helbururako barik, beste helburu baterako badira. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaitu egiten du administrazio bidea. Haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1. a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 12a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala