Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2007ko abenduaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Kultura Saila
7317

236/2007 DEKRETUA, abenduaren 18koa, EITBNET SA Sozietate Anonimo Publikoaren kapital-zabalkuntzan partaidetza izateko, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Ente Publikoari baimena emateko dena.

Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legeak 106 artikuluan honako hau ezartzen du: Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Bere estatutuen arabera, baltzuaren helburua hauxe da: informazioaren gizartearentzako edukiak ekoitzi, erreproduzitu, argitaratu, erosi, merkatuan saldu eta ustiatu eta banatzea, bereziki zerbitzu- eta komunikazio-euskarri berrietarako elkarreragileak eta multimediakoak eta sarekoak; euskarri berrietan, hau da, gau egungo telebista digitala, teletestu, internet, telefonia mugikor eta etorkizunean garapen teknologikoek gauzatzen dituzten komunikazio- eta zerbitzu-kanalak martxan jarri eta mantentzea; arlo horretako berrikuntza-proiektuetan zentro teknologikoekin elkarlanean aritzea; euskal ikus-entzunezkoen sektorearen grapena eta beste merkatu batzuetara hedatzea sustatzeko, enpresa-proiektu eta -aliantza estrategikoetan parte hartzea.

2007ko azaroaren 26an, EITBNET SA Sozietate Anonimo Publikoaren Batzar Nagusi Unibertsal Ezohikoak sozietatearen kapitala zabaltzea erabaki zuen, berrogeita hamar mila eta berrehun (50.200) eurotan, hamar (10) euroko balio nominaleko bost mila eta hogei (5.020) akzio berriko jaulkipena eginez; korrelatiboki zenbatuak direnak, 35501etik 40520ra, biak barne.

Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca SA sozietate horretan bazkide bakarra denez, aipatutako sozietatean bazkide bakarraren eskubideez balia daiteke, eta lehen idatz-zatian zehaztutakoarekin bat etorriz, akzio berriak eskuratzeko, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar du.

Azkenik, Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa den Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Kultura Sailari atxikita dago.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Kultura sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko abenduaren 18an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Ente Publikoari baimena ematea EITBNET SA Sozietate Anonimo Publikoaren kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Zabalkuntza hori berrogeita hamar mila eta berrehun (50.200) eurokoa da, eta hamar (10) euroko balio nominaleko bost mila eta hogei (5.020) akzio berriko jaulkipenaz egiten da.

Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Ente Publikoak hartutako partaidetza burututako zabalkuntzaren % 100ekoa da; beraz, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Ente Publikoak aipatutako zabalkuntzaren ondoren sozietatean duen partaidetza laurehun eta bost mila eta berrehun (405.200) eurokoa da, berrogei mila bostehun eta hogei (40.520) akziotan banatua, hamar (10) euro balioa duelarik akzio bakoitzak. Horrek Sozietatearen kapitalaren % 100 egiten du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko abenduaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala