Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2007ko abenduaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
7313

EBAZPENA, 2007ko azaroaren 26koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Esukal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bi mila eta zazpiko urriaren 16ko bileran, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean aipatzen den Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Bigarrena.– Erabaki hau irmoa da eta amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da haren kontra, hilabeteko epearen barruan, erabakia hartu zuen organoan. Bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, Bilboko Administrazio Auzietako Epaitegietan bi hilabeteko epearen barruan. Beti ere, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Leioa, 2007ko azaroaren 26a.

Idazkari nagusia,

IÑAKI ESPARZA LEIBAR.

ERANSKINA
VITORIA-GASTEIZKO INGENIARITZAKO
UNIBERTSITATE-ESKOLAREN ARAUTEGIA
HITZAURREA

Arautegi honek Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren jarduerak gobernatzen dituzten jarraibideen multzoa jasotzen du, administrazio eta gestio-atazak egingo dituena. Jarraibide horiek estatutuen (abenduaren 23ko 322/2003 Dekretua, 2004ko urtarrilaren 12ko EHAA) nahiz aplikatu beharreko legeriaren markoan egon behar dute.

AURRETIAZKO XEDAPENA

Arautegi honen gaztelaniazko testuan aipatutako izen guztiak (gobernu-organoak, ordezkaritzak, karguak, eginkizunak eta unibertsitateko kideak) eta genero maskulinoan agertzen diren gainerakoak femeninoan ere ulertuko dira, kasuan kasuko titularraren sexuaren arabera (UPV/EHUren estatutuak, 322/2003 Dekretua, 2004ko uztailaren 16ko BOEren 171. zk.).

I. TITULUA
INGENIARITZAKO UNIBERTSITATE-ESKOLA.
IZAERA, OSAERA ETA ESKUMENAK

1. artikulua.– Definizioa.

1.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskola (EUI/IUE) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) integratutako ikastegia da.

2.– Vitoria-Gasteizko EUI/IUEk unibertsitate-irakaskuntza antolatzen du, eta titulu akademikoak edo beste irakaskuntza-eskaintza batzuk lortzera bideratzen duten prozesu akademikoak zuzendu eta gestionatzen ditu.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskola (EUI/IUE) UPV/EHUn integratutako ikastegia da, eta Arabako Campusean dago, Nieves Cano kalean, 12 (01006), Vitoria-Gasteizen.

2.– Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskola gobernatu egingo da Eskola-Batzarrean onartutako arautegi honen bidez, indarreko legeria eta estatutuez, eta, eskolako arautegian zerbait jasota ez dagoenean, osagarri gisa erabiliko den Ikastegien Oinarrizko Arautegiaz. Bestalde, modu subsidiarioan erabiliko da aplika dakiokeen gainerako legeria.

3.– Honen jarraian aipatzen diren eranskinek zehazten dute Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren definizioa. Eskolako Zuzendaritzaren ardura da eranskinok gaurkotzea eta iragartzea, egindako aldaketak jasoz eta Eskola-Batzarrean ofizialki onartutako informazioak emanez.

I. eranskina.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako titulazioak.

II. eranskina.– EUI/IUEn irakaskuntza-jarduerarik duten sailen zerrenda.

III. eranskina.– EUI/IUEko irakaskuntzan eta ikerkuntzan laguntzen duten zerbitzuen zerrenda.

IV. eranskina.– Anagramaren erabilera arautzen duen EUI/IUEko nortasun korporatiboari buruzko eskuliburua.

4.– EUI/IUEren gestio-sistemakoa den EUI/IUEren kalitate-sistemaren erreklamazio eta iradokizunetarako prozedurak eskolako edo eskolako ataletako kolektiboek zuzendaritza-taldeari beren kexak, erreklamazioak eta iradokizunak azkar helarazteko modua biltzen du, bai eta horiek denak modu eraginkorrean izapidetu eta ebazteko arauak ere, hartutako erabakia jakinarazteko bide egokia eta, behar izanez gero, azalpena barne. Honetara, posta elektronikoaren bidez, eskutitzen bidez ego honetarako atezaintza eta zuzendaritzan jarritako postontzietan jasotako kexa eta iradokizunak pertsona arduradunari helaraziko zaizkio. Pertsona horrek erreklamazio edo iradokizunari erantzun ezin balio, zuzendaritza-taldeak hura jaso eta denboran egingo den hurrengo bileran aztertu beharko da, beti ere 15 egunen epean. Erantzuna idatziz igorriko zaio interesatuari eta erreklamazioa edo iradokizuna eta emandako erantzuna artxibatuko dira ukitutako prozeduraren ardura daraman zuzendariordetzak.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskola bertako kideez eta honi lotuta dagoen gainerako langileriaz osaturik dago.

2.– Hauek dira eskolako kideak:

a) Ofizialki ikastegiari atxikita dauden irakasle guztiak.

b) Eskolan irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

c) Eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako pertsonala.

3.– Eskolari lotuta egongo dira, baina kide izan gabe, eskolari atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten gainerako irakasleak, eskolan egoitza duten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta eskolan zerbitzuak ematen dituztenak.

4. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren eginkizunak:

a) Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio, etengabeko prestakuntza edo unibertsitate nahiz kultura-hedakuntzarako ikastaroak ere.

b) Irakaskuntza-eskaintza egitea urtero, UPV/EHUko ikasketa-programazioaren eta ikasturte bakoitzerako ikasketa-planen arabera, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinaturik.

c) Ikasketa-planen onespena edo aldaketa proposatzea, eta ikasketa-planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean, baldin eta ekimen horrek haiei eragiten badie.

d) Fakultatean ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

e) Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalak eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

f) Eskolaren aurrekontuko diru-zuzkidura gestionatu, baliabideak administratu eta atxikita dituen langileak gidatzea.

g) Fakultatearen urteroko plana garatu eta betetzea.

h) Urteroko oroitidazkia egitea.

i) Eskolako jardueren urteroko plana prestatzea.

j) Hizkuntza-plangintza orokorra garatu eta eskolara egokitzea.

k) Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

l) UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea, zeini bere eginkizunak betetzen.

m) Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatu eta espezializazio nahiz unibertsitate-hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

n) Legeek, estatutuek edo unibertsitate-arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

5. artikulua.– Gestio-sistema.

Eginkizunak gauzatzeko, Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskola gestio-sistema batez gobernatuko da.

6. artikulua.– IUEren helburua eta ikuskera.

Arautegi honetako V. eranskinean jasotzen dira Eskola-Batzarrean onartutako EUI/IUEren helburua eta ikuskera.

II. TITULUA
INGENIARITZAKO UNIBERTSITATE-ESKOLAREN GOBERNU, ORDEZKARITZA ETA
AHOLKULARITZA-ORGANOAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

7. artikulua.– Gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoak.

Hauek dira Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoak: eskola-batzarra, zuzendaritza, zuzendariordetzak, idazkaritza akademikoa eta administrazioa.

II. KAPITULUA
KIDE ANITZEKO ORGANOAK

8. artikulua.– Definizioa.

Kide anitzeko gobernu-organoak dira eskola-batzarra, Akademi Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko batzordea eta Euskara-Batzordea, arautegi honek edo eskola-batzarrak berariaz agindutako eskumenetan ebazpenak har ditzaketelarik.

LEHENENGO ATALA
ESKOLAKO BATZARRA

9. artikulua.– Osaera.

1.– Eskolako batzarraren osakideak zuzendaria, bertako burua izango dena, zuzendariorde bat, bilera bakoitzean ezberdina izan daitekeena, idazkaritza akademikoa eta eskolako administrazioa daramatenak eta 36 kide hautatu, honako modu honetara banaturik:

20 kide, unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioen ordezkari.

4 kide, gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari.

8 kide, ikasleen ordezkari.

4 kide, administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren ordezkari.

2.– Ikasleek ikastegiko batzarrean izango dituzten ordezkariak urtero hautatuko dira, Euskal Herriko Unibertsitatearen hauteskunde-erregimenerako arautegian ezarritakoarekin bat etorrita, eta unibertsitate-klaustrorako ordezkarien hautatzeko deialdi berean.

3.– Eskola Batzarra lau urterik behin eraberrituko da, bere kide hautetsiei dagokienez; ikasleen ordezkariak, berriz, urtero aukeratuko dira.

4.– Eskola-Batzarreko kideak hautatzerakoan, estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko hauteskunde-arautegi orokorrean ezarritako prozedura bete beharko dira.

10. artikulua.– Eskola-Batzarraren eskumenak.

1.– Eskola-Batzarra da Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako kide anitzeko ohiko gobernua.

2.– Eskola-Batzarrak hartu behar ditu bizitza akademikoan eragina duten funtsezko erabaki guztiak, batez ere honakoak:

a) Eskolaren arautegia prestatu eta Gobernu-Kontseiluari proposatzea, berorrek onar dezan.

b) Eskolako zuzendaria aukeratzea.

c) Gobernu-organoei aurkeztea irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren plantilletan dauden beharrizanak.

d) Unibertsitateko planetan bildutako helburuak eskolara egokitzeko plana onartzea.

e) Hizkuntza-normalkuntzarako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko fakultateak dauzkan premien memoriak aurkeztea campuseko errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, gobernu-kontseiluari bidera diezazkion.

f) Iritzia ematea eskolari atxikitako irakasle-lanpostuen eskariez.

g) Ikasketa-planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu-Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

h) Aztertu eta onartzea irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak, kontuan hartuta eskolari atxikitako sail edo sail-atalen iritzia.

i) Bermatzea eskolak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

j) Zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

k) Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako; ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena Eskolako Ikasleen Kontseiluak eginda.

l) Sortu eta arautzea, beharrezkoa izanez gero, eskolak ohorezko aitorpenak emateko erabiliko diren baldintzak.

m) Informazioa ematea Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren zerrendaren aldaketez.

n) Eskolen egutegirako proposamena onartu eta aldatzea.

o) Onartu eta aldatzea Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolan koordinatutako titulazioen ikasketa-plana garatzen duen arautegi akademikoa, bai eta sail jakin bati berariaz emanda ez dauden irakasgaiak akademikoki antolatzeko irizpideak eta moduak ere.

p) Estatutuek eta horiek garatzeko arauek Eskola-Batzarraren gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu-organo batzuek eskuordetzen dizkiotenak.

3.– Eskola-Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizunen plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Oroitidazkia eta eginkizunen plana behin onartuta, campuseko batzarrari eta gobernu-kontseiluari bidaliko zaizkie, jakitun egon daitezen.

BIGARREN ATALA
BATZORDEAK

11. artikulua.– Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.

1.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak zuzendaria izango du batzordeburu edo honek bere ordez izenda lezakeen pertsona, eta lau irakaslek eta bi ikaslek osatuko, batzorde honetako kide izateko eskolako batzarkide izan behar ez delarik.

2.– Batzordeburuak bermatu egingo du eskolako kasuan kasuko bulegoaren aholkularitza teknikoa egongo dela, baldin eta halakorik eskatzen bazaio.

3.– Batzorde honek, behin eratuta, bere kideen artetik hautatuko du bileretan idazkari-lana egingo duen pertsona, bai eta horren ordezkoa ere.

4.– Eratzerakoan, Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak barne-funtzionamendurako araubidea zehaztuko du, alderdi hauek, gutxienez, kontuan harturik:

a) Lan-bilera edo lan-saioen aldizkakotasuna, deialdiei, aztergaiei eta abarri buruzko arauak.

b) Erabakiak hartzeko bozketan jarraitu beharreko prozedura.

c) Eginkizunen banaketa batzordekideen artean.

d) Eztabaidak, bertaratzeak, bileren amaierak eta abar erregulatzeko barne-funtzionamendurako arauak.

5.– Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak ikasketak baliozkotzeko eskaerak ebatziko ditu, bai eta aukera askeko kredituak amortizatzekoak ere, indarrean egongo den legeriari jarraiki. Batzordeak hartutako erabakien kontra errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari.

6.– Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak Eskola-Batzarraren batzorde eskuordetu gisa jokatuko du, Euskal Herriko Unibertsitatearen Irakasleen Plangintza eta Ikasleen Ebaluaziorako arautegiaren 50.2. artikuluaren f) atalean jasota dauden erreklamazioak ebazte aldera.

7.– Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskola-batzarraren eskuordetzaz, eskolako sailen irakaskuntza koordinatuko du, eta eskola-batzarrari proposatuko dizkio behar diren neurriak, interferentziak eta bateraezintasunak zuzentzeko.

8.– Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskola-batzarrak eskuordeturik, badu eskumenik irakaskuntza eta ikaskuntzarekin lotutako gaiez erabakitzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuetan eta legean ezartzen dizkioten eskumenen mugen aurka joan gabe.

12. artikulua.– Euskara-Batzordea.

1.– Euskara-Batzordea da Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolan euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen parte hartze eta aholkularitzarako organoa, Euskal Herriko Unibertsitatearen plangintza orokorraren barruan. Bertako kideak dira zuzendaria, edo, berorren ordez eta berak aukeratua, zuzendaritza-taldeko beste kide bat, bi irakasle, ikasle bat eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonaleko kide bat, eskola-batzarrak aukeratuta.

2.– Batzorde honek, behin eratuta, bere kideen artetik hautatuko du bileretan idazkari-lana egingo duen pertsona, bai eta horren ordezkoa ere. Eginkizun hauek izango ditu:

a) Batzordearen bilera-aktak prestatzea.

b) Batzordeak hartutako erabakiak egiaztatzea eta horiek argitaratzeaz arduratzea.

c) Batzordearen jarduerak direla-eta sortzen den dokumentazio guztia zaintzea.

d) Batzordeari ematen zaizkion ekonomi baliabideak administratzea.

3.– Eratzerakoan, Euskara-Batzordeak barne-funtzionamendurako araubidea zehaztuko du, eta alderdi hauek, gutxienez, kontuan hartuko ditu:

a) Lan-bilera edo lan-saioen aldizkakotasuna, deialdiei, aztergaiei eta abarri buruzko arauak.

b) Erabakiak hartzeko bozketan jarraitu beharreko prozedura.

c) Eginkizunen banaketa batzordekideen artean.

d) Eztabaidak, bertaratzeak, bileren amaierak eta abar erregulatzeko barne-funtzionamendurako arauak.

13. artikulua.– Beste batzorde batzuk.

Bere helburuak hobeto betetzearren, Eskola-Batzarrak arautegi honetan definitutako batzordeen laguntza izango du, bai eta behar den garaian sortzea erabakitzen duen batzorde iraunkor edo unean uneko batzordeena ere.

Batzorde horiek, aholkatze-batzordeak izango direnak, VI. eranskineko Eskolako Batzordeak izeneko atalean jasoko dira, eta bertan zehaztuko dira zer izaera, batzorde-burutza eta idazkaritza izango duten, zer arlotan jardun eta zer eginkizun izango duten, bai eta, behar izanez gero, funtzionamendu-erregimenaren berrezitasunak ere.

HIRUGARREN ATALA

KIDE ANITZEKO ORGANOEN FUNTZIONAMENDU-ARAUBIDEA

14. artikulua.– Deialdi-motak eta bileren aldizkakotasuna.

1.– Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

2.– Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Fakultateko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.

3.– Eskola-Batzarra biltzeko egunaren berri emango du Zuzendaritzak 4 egun baliodun lehenago.

4.– Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean, bai eta arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko aurreko akten onespena eta galde-eskeak izeneko aztergaiak.

5.– Eskola-Batzarra biltzeko ezohiko deia egin daiteke, salbuespenez eta urgentziaz, baldin eta gutxienez 24 ordu lehenago egiten bada. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

15. artikulua.– Bilerarako dei egitea.

1.– Kide anitzeko organo bakoitzeko buruak egin behar du kasuan kasuko organoa biltzeko deia.

2.– Dena dela, kide anitzeko organoa biltzeko deia egin beharko da, baldin eta organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute. Ezohiko bilera izango da, eta, gehienera ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik kontatzen hasita.

3.– Bilerarako deiak organoetako idazkariek bideratu behar dituzte, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta bertan zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdietan. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edozelan ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

4.– Nolanahi ere, behar bestean zehaztu beharko dira eguneko aztergaien arteko puntuan, horien artean organoko kideen % 10ak idazki bidez erregistraturik eta organoko idazkaritzari deialdia baino, gutxien dela, hiru egun lehenago igorrita eskatutakoak barne. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

5.– Deialdia argitara emango da organoa jarduten den egoitza guztietan eta gainerako tokietan, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

16. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.– Kide anitzeko ordezkari-izaera pertsonala eta besterenezina da, eta hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

a) Hilez gero edo ezintasuna izanez gero;

b) Hauteskundeak baliogabetuz gero;

c) agintaldia amaitzean;

d) Dimisioa aurkeztuz gero.

e) UPV/EHUko, eskolako edo hautatu zen kidegoko kidea izateari uztea.

f) Justifikaziorik gabe ez azaltzeagatik ohiko bi bileratara edo edozein motatako lau bileratara.

2.– Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza-kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretan hautatutakoak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

17. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoetako kideek beren organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek behartzen dituen eginkizunak beteko dituzte ezinbestean.

2.– Organo bilduetako kideek eskubiderik izango dute zeinek bere eginkizunak bete ahal izateko beharko duten dokumentazioa idatziz, erregistroaren bidez, akademi idazkaritzari igorritako idazkiaren bidez eskatu eta eskuratzeko.

3.– Bileretara joateak unibertsitateko beste betebehar batzuk betetzetik salbuetsiko du. Beraz, kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

18. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.

1.– Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo absolutua egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdien artean bost minututako tartea egongo da, gutxienez, eta 10 minututakoa, gehienez. Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.

2.– Bigarren deialdirako jarritako orduan behar den quoruma egon eta presidentea eta idazkaria edo arautegi honen arabera horiek ordezkatu behar dituztenak ez badaude, bilera hasi eta egingo da agertu direnetatik kide zaharrena presidentea izango delarik, eta gazteena ariko delarik idazkari-lanetan.

3.– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa den quoruma bozketa guztietan mantendu beharko da.

19. artikulua.– Bilkuren nondik norakoak.

1.– Kide anitzeko organoko buruari dagokio bilera behar bezala joateko ardura, eta bertan behera utz dezake bilera, horretarako arrazoirik egonez gero.

2.– Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

3.– Organoko buruak eztabaidaren denbora mugatu dezake, beharrezko ikusten badu, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

4.– Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerraraz dezakete euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute bozkatzerakoan. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

5.– Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

6.– Kide anitzeko bilerak publikoak izango dira, eta EUI/IUEko edozein kide ager daiteke, nahiz eta mintzatzeko eta bozkatzeko eskubiderik ez izan.

20. artikulua.– Erabakiak hartzea eta ezeztatzea.

1.– Erabakiak aho batez hartuko dira, baldin eta bertan daudenetatik bat ere aurka azaltzen ez bada, edo bestela bozketaz. Botaziorik balitz, erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, eskolaren arautegiak berak edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

2.– Berdinketa izanez gero, berriro egingo da beste botazio bat; eta bigarren bozketan berdinketa mantenduz gero, organoko buruaren kalitate-botoak erabakiko du eta, beraz, ez da bozketa gehiagorik egingo.

3.– Botazioa isilpekoa izango da, kide anitzeko organoko kideren batek arrazoiturik eskatuz gero. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa, pertsonei buruzkoa denean.

4.– Kide anitzeko edozein organotako kideren botoa pertsonala eta besterenezina da, beraz, ezin da inolaz ere beste baten esku utzi.

5.– Aurkako botoa eman dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakiek eragin lezaketen ondorioetan. Abstentziora jo dezatenek ez dute erantzukinik izango. Bozketa isilpekoa bada, interesatuak boto-txartela emango dio organoko idazkariari bozkatzerakoan, eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto-txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

6.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako gobernu-organoek hartutako erabakiek kontuan hartu beharko dituzte arautegi hau, Euskal Herriko Unibertsitateko arautegi orokorra eta indarreko legeria, beraz, ezin daitezke horien aurka joan.

7.– Eskola-Batzarrak eta Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak hartutako erabakiak kide bakarreko organoek hartutakoen gainetik daude. Erabaki horiek lotesleak dira eta bete egin beharko dituzte kide bakarreko organoek eta Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako kide guztiek.

8.– Kide anitzeko organo batek lehenago hartutako erabaki bat baliogabetzeko, berori onartzeko izandako prozedura berbera erabiliko da, betiere arautegi honekin bat etorrita, salbu eta goragoko erakunde bati aurkeztutako errekurtso edo inpugnazio baten emaitza bada. Kasu horretan, ofizioz egingo da. Aintzat hartu beharko da Administrazio publikoen erregimen juridiko eta administrazio-prozedura bateratuari buruzko 30/1992 legearen 105. artikuluak xedaturikoa eta uztailaren 13ko 29/1998 legearen 20. artikuluak xedaturikoa.

21. artikulua.– Bilkuren aktak.

1.– Kide anitzeko organoko idazkariak bileren aktak jasoko ditu. Bestalde, Liburuen Akta ere zainduko du, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako edozein kidek askatasunez kontsultatu dezakeena, beti ere, interes zilegi eta zuzena erakusten badu.

2.– Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Aktak onartutakoan, idazkariak sinatuko ditu eta presidenteak ontzat emango, baita Akten Liburuan jaso ere.

3.– Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

4.– Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eska dezake haren hitz-hitzezko solasaldia edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua, eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

5.– Kide anitzeko organoko kideek eska dezakete aktan aldaketak egin daitezen, akta bozkatzerakoan. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

6.– Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, biltzeko deia egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Deialdi edo bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoetako kide zirenei, eta hamar egunetako epea izango dute haien edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Esandako epean edukiari buruzko erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira eta, erreklamaziorik aurkeztuz gero, kide anitzeko organo aldatuak egingo duen lehenengo bileran onartu beharko dira aktak, betiere erreklamazio-egilea entzunda.

7.– Hartutako erabakiak besterik jasotzen ez dituen aktaren laburpena, aktaren zirriborroari dagokiona -akta oraindik ez baita onartu- eskolako kide guztiei igorriko zaie, hala eskatu badute, eta eskolako Intraneten argitaratuko da. Posta elektronikoa erabiltzerakoan, aintzat hartu beharko da Administrazio publikoen erregimen juridiko eta administrazio-prozedura bateratuari buruzko 30/1992 legearen 45. artikuluak xedaturikoa. Era berean, web-gunean argitaratzerakoan, kontutan hartuko da izaera pertsonaleko datuen babeserako abenduaren 13ko 15/1999 lege organikoa.

8.– Onartu eta gero, kontsultarako, akta eskolako kideen eskura egongo da eskolako Intraneten eta kide anitzeko organoen iragarki-taulan, aurretiaz argitaratutako laburpena ordezkatuz, eta une guztietan oro gordeko da pertsonen intimitatea.

22. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkaritza Akademikoak kide anitzeko organoek hartutako erabakien fede eman eta beharrezkoak diren ziurtagiriak banatuko ditu.

2.– Gehien dela, hiru lanegunen epean argitaratuko da aktaren laburpena, hartutako erabakiak besterik jasoko ez duena, eskolako Intraneten, kasu guztietan oro pertsonen intimitatea gorde beharko delarik. Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla, eta, gutxienez, hilabete batez egongo direla jendaurrean argitaratuta, epe horretan egongo baita indarrean errektoreari errekurtsorik aurkezteko aukera.

3.– Aurrekoa alde batera utzita, interesdunei jakinarazi behar zaizkie pertsonei buruzko erabakiak. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio-Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

23. artikulua.– Erabakiak betearaztea eta errekurtsoak jartzea administrazio-bidean.

1.– Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoei jakinaraziko zaizkie.

2.– Hilabeteko epea egongo da kide anitzeko organoek hartutako erabakien aurka errektorearen aurrean gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko.

III. KAPITULUA
KIDE BAKARREKO ORGANOAK

24. artikulua.– Kide bakarreko organoak.

1.– Zuzendaria, zuzendariordeak eta idazkari akademikoa dira Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren ordezkaritza eta administraziorako kide bakarreko organoak.

2.– Zuzendariorde eta idazkari akademikoa izateko, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolari atxikitako irakaslea eta arduraldi osokoa izan behar da. Ezin da, inolaz ere, kide bakarreko kargu bat baino gehiago bete aldi berean.

3.– Zuzendariordea eta idazkari akademikoa errektoreak izendatzen ditu, zuzendariak proposatuta, eta azken honekin batera eratzen dute Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako zuzendaritza-taldea.

25. artikulua.– Zuzendaritza.

1.– Zuzendaria da Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren gobernu-ordezkaritza eta administrazio-organo gorena.

2.– Arduraldi osoa izan eta Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolari atxikita dauden irakasle funtzionario edo kontratatu doktoreen artetik aukeratzen da zuzendaria, betiere errektoreak izendatuta.

3.– Zuzendaria Eskola-Batzarreko kideek aukeratuko dute horretarako deitutako ezohiko bileran. Arautegi honetan zehaztu ez diren puntuetarako UPV/EHUko Hauteskundeetarako Araubide Orokorra aplikatuko da.

4.– Errektoreak izendatutakoan hasten da ikastegiko zuzendaria bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtetakoa izango da. Gehienez, bi agintaldi egin daitezke segidan zuzendariaren karguan.

5.– Zuzendaria Eskola-Batzarrean aukeratzeko hautagaitzan jaso beharko da zein izango diren zuzendariordeak eta idazkari akademikoa, eta zein zuzendariak eskuordetuko dizkien eginkizunak.

26. artikulua.– Zuzendariaren kargu-uztea.

1.– Dekanoak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

a) Hilez gero.

b) Legezko ezintasuna.

c) Dimisioa aurkeztea.

d) Eskolako kide izateari utziz gero.

e) Agintaldia amaituz gero.

f) Eskola-batzarrak zentsura-mozio bat onartuz gero.

2.– Ahal denean, zuzendariak jardunean jarraituko du Zuzendaritza berria izendatu arte.

3.– Zuzendaria gaixorik edo kanpoan egonez gero, izendapenean beren-beregi hautatutako zuzendariordeak ordezkatuko du. Halako izendapenik ez balego, Eskola-batzarrak izendatuko du bere ordez arituko den zuzendaritza taldeko kidea. Eskola-batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

4.– Eskolan kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena duen eskolako arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek eskolako zuzendaria aukeratzeko hauteskundeetarako deia egin beharko luke sei hilabeteko epean, gehienez ere.

27. artikulua.– Zuzendariaren aurkako zentsura-mozioa.

1.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren arautegiko 26.1.f) artikuluak aipatzen duen zentsura-mozioa idazki arrazoituaren bidez aurkeztuko da ikastegiko idazkaritzan, gutxien dela, batzarreko kideen % 20ren sinadurekin eta zuzendari izateko hautagai baten izena ere adierazi beharko du. Zentsura-mozioa aurkeztu ondoren eta eskatutako betekizunak betetzen direla ziurtatuz, zuzendariak eskolako batzarrerako deialdia egingo du 72 orduren epean, zentsura-mozioa aurkeztu eta, gehienez, hamabost egunetara egin beharko dena. Lehenengo eta behin, zentsura-mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen batzarkideetako batek. Ondoren hautagaiak hartuko du parte bere proposamena azaldu eta proposatzeko. Zentsura-mozioa jaso duenak erantzuna eman ondoren, hitza eskatu duten batzarkideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek.

2.– Zentsura-mozioa onartzeko, eskolako batzarreko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Eskola-batzarrak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Mozioa onetsita, bertan zuzendari izateko proposatutako hautagaiak zuzendariaren kargua eskuratuko du.

28. artikulua.– Zuzendaria irakaskuntza-lanetatik salbuestea.

1.– Errektoreak irakaslanak egitetik salbuets dezake zuzendaria, neurri batean edo erabat.

2.– Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaskuntza-lana egitetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzan eta ikerkuntzan bere burua eguneratze aldera; beti ere, horretarako, karguan hiru urte emanda baditu, gutxienez.

29. artikulua.– Eskolako Zuzendaritzaren eginkizunak.

1.– Hauek dira Eskolako Zuzendaritzaren eginkizunak:

a) Eskolako ordezkaria izatea eta hari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

b) Eskolaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Eskolako kide anitzeko organoetako buru izatea.

d) Eskola-batzarraren, gobernu-organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

e) Errektoreari proposatzea haren eskumeneko izendapenak.

f) Eskola-batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

g) Eskolako instalazioen ziurtasun eta osasun-baldintzak zainduko ditu, eta, behar izanez gero, behar diren neurri zuzentzaileak proposatuko, beti ere dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik eta indarreko legeriak ematen dion ardurarekin bat etorrita.

h) Eskolako kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

i) Eskolaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

j) Eskolari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia dutenak, UPV/EHUren estatutuen 102.2. eta 103.2.artikuluetan adierazitako moduan.

k) Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, eskolako batzarrak onartuko dituen irizpideekin bat. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

l) Eskolan irakasten diharduten sailen arteko koordinazioa sustatu eta bultzatzea, titulazio bakoitzeko irakasgaiak ikasketa-planera ondo egokitzen direla bermatze aldera.

m) Titulazio bakoitzeko irakasgaietako edukien eta metodologiaren gaurkotzea sustatu eta bultzatzea.

n) Ekintzak sortu eta bultzatzea EUIko irakaskuntza, ikerkuntza eta gestio-jarduera Eskolako Jarduera-Planen markoan eta definitutako helburuaren eta ikuskeraren barruan sar daitezen lortze aldera, eta mantentzea jarduera horretan Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren irudi akademikoa eta soziala definitzen dituen estilo berbera.

o) Irakaskuntza eta ikerkuntza-jardueretarako sailekin lankidetza eta koordinazio-programak adostea, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

p) Gainerako gobernu-organoek eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, eskolarekin zerikusia daukatenak.

2.– Eskolako zuzendaritzari dagokio, eskola-batzarra aldez aurretik entzunda, lankidetza-komenioak eta Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolan bestelako kanpo-harremanenak sinatzea, Euskal Herriko Unibertsitateko gobernu-kontseiluak ezarritako baldintzetan.

30. artikulua.– Zuzendaritza-taldea.

1.– Zuzendaritza-taldea, zuzendaria buru duelarik, zuzendariaz, zuzendariordeez eta idazkari akademikoaz osaturik egongo da.

2.– Zuzendaritza-taldeari dagokio zuzendariari laguntzea hark dituen lanetan eta bereziki:

a) titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

b) ikasketa-planak eguneratzeko zereginean, modu horretan gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

c) ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

d) ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

e) Irakaskuntza-plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzen, bai eta titulazioetako irakaslanetan gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestionatzen;

f) irakasteko kalitatea bultzatzen;

g) eskolako jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzen.

31. artikulua.– Zuzendariordetzak.

1.– Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten eskolako arduraldi osoko irakasleen artetik.

2.– Dekanordeek dekanoak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio eskolako batzarrari, eta, horretaz gain, argitara emango dira.

3.– Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

4.– Zuzendariak zuzendaritza-taldean gertatuko aldaketen berri emango du eskola-batzarraren hurrengo bileran.

32. artikulua.– Zuzendariordeen irakaskuntza-salbuespena.

1.– Errektoreak irakaskuntza-lanetatik salbuets ditzake eskolako zuzendariordeak, gehienez ere, arduraldiaren erdiraino.

2.– Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzan eta ikerkuntzan euren burua eguneratzeari begira, baldin eta, horretarako, gutxienez hiru urte eginda badituzte karguan.

33. artikulua.– Idazkaritza Akademikoa.

1.– Errektoreak, zuzendariak hala proposatuta, idazkari akademikoa izendatuko du behar diren baldintzak betetzen dituzten eskolako arduraldi osoko irakasleen artetik.

2.– Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

34. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira eskolako idazkari akademikoaren eginkizunak:

a) Karguaren ondorioz, idazkari-lanean aritu behar duela eta, Eskola Batzarraren eta gainerako batzordeen bilera guztietara joatea, eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

b) Eskola-batzarra biltzeko deia egitea, zuzendariaren aginduz.

c) Eskolako gobernu, ordezkaritza eta administrazio-kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo eskolako dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

d) Eskolako erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraituta.

e) Eskola-batzarrak hartuko dituen erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.

f) Eta, oro har, eskolako Zuzendaritzari laguntzea, bai eta eskolako Idazkaritza Akademikoak dituen berezko eginkizunetan ere.

35. artikulua.– Idazkari akademikoaren irakaskuntza-salbuespena.

1.– Errektoreak irakaskuntza-zereginetatik salbuets dezake eskolako idazkari akademikoa, gehienez ere, arduraldiaren erdiraino.

2.– Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaskuntza-zereginetatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko, baldin eta karguan, gutxien dela, hiru urte egin baditu.

36. artikulua.– Eskolako Administrazioa.

1.– Fakultateko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

2.– Administratzaileak, zuzendariaren mendekotasun funtzionalpean, eskolako administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatuko ditu eta, horrez gain, eskolako gobernu-organoen erabakiak beteko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

3.– Eskolako administratzaileak eguneratuta izango du eskolari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio fakultateko batzarrari, ontzat eman dezan eta, ondoren, unibertsitateko gerentziara igor dadin. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza-taldeari eskolaren urteko premien memoria prestatzeko lanean, eskola-batzarrak ontzat eman beharrekoa.

III. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA ADMINISTRATIBOA

37. artikulua.– Autonomia.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolak behar beste langile izan behar ditu eta diru-sail bereziak izango ditu UPV/EHUko aurrekontu orokorrean, bai eta, sail horiek kudeatzeko, gainera, autonomia izan behar du ere.

38. artikulua.– Aurrekontu-hornidura.

1.– UPV/EHUk urtero zehaztuko du Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren aurrekontuko zuzkidurarako emango duen diru-sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

a) Burutzen dituen zereginengatik erdietsitako etekin garbiak.

b) Jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan kasuko diru-laguntzetarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

c) Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkieten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkien baldintza berberetan.

d) Zientzia, teknika edo arte-lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarrerak direla-eta dagokien zatia.

39. artikulua.– Ekonomia eta administrazio-gestioa.

1.– Eskolaren jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraituz.

2.– Eskolak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendaritza-taldeak jakinaren gainean jarriko du gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek eskolaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztuko dio eskola-batzarrari, ontzat eman dezan.

40. artikulua.– Eskolaren gestio-sistema.

1.– Eskolaren gestio-sistema eskolako gestioa arautzen duten dokumentuen multzoa da, eta dokumentu horien bidez bilatzen da bitartekoen optimizazioa eta eskolaren zein bezeroaren poza.

2.– Eskolaren gestio-sistema Eskolako Kalitate eta Ingurumenerako Zuzendariordetzak bultzatu, antolatu eta koordinatzen du.

3.– Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren prozesuen mapan adierazitako dokumentu-prozesuek osatzen dute jardun-esparrua.

IV. TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA

41. artikulua.– Arautegia aldatzeko prozedura.

1.– Hauek dira arautegi hau zati batean edo erabat aldatzeko ekimena izan dezaketenak:

a) Eskolako zuzendaria.

b) Eskola-batzarreko kideen % 25a.

2.– Aldaketak proposatzeko, txosten arrazoitua aurkeztu beharko zaio zuzendariari eta idazki honek aldaketa eskatzen duten pertsonen izenak eta proposatzen duten ordezko testua jaso beharko ditu.

3.– Proposamena aurkeztu eta, hilabeteko epean, gehienez ere, biltzeko ezohiko deia egingo dio zuzendariak eskola-batzarrari, proposatzen den aldaketaz erabakia hartzeko. Arautegia aldatzeko proiektuak aurrera egingo du, baldin eta aldeko botoen gehiengo osoa lortzen badu batzarrean. Arautegia aldatzeko proiektu batek aurrera egin ezean, proposamena egin dutenek ezin izango dute gai berberaren gainean beste aldaketarik proposatu urte beteko epean.

4.– Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da, ontzat eman dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ikasleen kontseilua UPV/EHUren ikasleen kontseiluaren arautegian ezarritakoari egokituko zaio, EHAAn 2007ko martxoaren 26an argitaratuta.

AZKEN XEDAPENA

Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

ERANSKINAK

I. eranskina.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako titulazioak.

Koordinatutako titulazioak:

Industri ingeniaritza teknikoa, elektrizitatearen espezialitatea.

Industri ingeniaritza teknikoa, industri elektronikaren espezialitatea.

Industri ingeniaritza teknikoa, mekanikaren espezialitatea.

Industri ingeniaritza teknikoa, industri kimikaren espezialitatea.

Topografiaren ingeniaritza teknikoa.

Gestio-informatikaren ingeniaritza teknikoa.

Irakasten dituen titulazioak:

Industri ingeniaritza teknikoa, elektrizitatearen espezialitatea.

Industri ingeniaritza teknikoa, industri elektronikaren espezialitatea.

Industri ingeniaritza teknikoa, mekanikaren espezialitatea.

Industri ingeniaritza teknikoa, industri kimikaren espezialitatea.

Topografiaren ingeniaritza teknikoa.

Gestio-informatikaren ingeniaritza teknikoa.

Industria antolakuntzarako ingeniaritzaren 2. zikloa.

II. eranskina.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzakoren Unibertsitate-Eskolan irakasten duten sailen zerrenda.

1.– Elektronika eta Telekomunikazioak.

2.– Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak.

3.– Ingeles eta Aleman Filologia.

4.– Fisika Aplikatua I.

5.– Sistemen Ingeniaritza eta Automatika.

6.– Ingeniaritza Elektrikoa.

7.– Ingeniaritza Mekanikoa.

8.– Meatze eta Metalurgia-Ingeniaritza eta Materialen Zientzia.

9.– Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika.

10.– Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza.

11.– Hizkuntza eta Sistema Informatikoak.

12.– Makina eta Motor Termikoak.

13.– Matematika Aplikatua.

14.– Enpresen Antolakuntza.

15.– Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak.

16.– Konstituzio-Zuzenbidea eta Administrazio-Zuzenbidea.

III. eranskina.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako irakaskuntzan, eta ikerketan laguntzen duten zerbitzuak.

– Laguntzeko zerbitzuak.

– Informatika.

– Laboratorioak/Mintegiak.

Laboratorioa/Mintegia	Saila:

Diseinu Elektronikoa	Elektronika eta Telekomunikazioak	

Potentziaren Elektronika		

PT Ikerketa		

Elektronika Orokorra		

Karrera-amaierako proiektuak (partekatua)		

Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak 	 Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak 	

Atmosferaren Fisika eta Proiektuak	Fisika Aplikatua	

Fisika eta Geofisika		

Industri automatizazioa 	Sistemen ing. eta automatika	

Industri informatika		

Erregulazio Automatikoa		

SMC Gela		

Neurri Elektrikoak	Ingeniaritza elektrikoa	

Instalazio Elektrikoak		

Makina Elektrikoak I		

Eragingailuak eta kontrola		

Makinen eta Bibrazioen Zinematika eta Dinamika	 Ingeniaritza Mekanikoa	

Makina Erreminta		

Proiektu-gelak, 1 eta 2		

Metalografia	Meatze eta Metalurgia-Ingeniaritza eta Materialen Zientzia	

Materialen Zientzia		

Jariakinen Mekanika	Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika	

Pneumatika		

Instalazioak		

Makina Hidraulikoak		

Ingeniaritza kimikoa	Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza	

Ingurumen-teknikak		

Oinarrizko Kimika		

Tresna Bidezko Analisia		

Ikerkuntza eta Proiektuak		

HSI	Hizkuntza eta Sistema Informatikoak	

Termodinamika Aplikatua	Makina eta Motor Termikoak	

Termoteknia Aplikatua		

Makina eta Motor Termikoak		

Matematika Aplikatua	Matematika Aplikatua	

Fotogrametria	Meatze eta Metalurgia-Ingeniaritza eta Materialen Zientzia	

Kartografia eta Geomorfologia		

Geomorfologia		

LIS		

Topografia-Tresnak		

– Informatika-gelak.

– Irakaskuntza-gelak.

– SMC Gela.

– Gradu-Aretoa.

– Ekitaldi-aretoa.

– Pertsonalaren Gela.

– Bilera-gela.

IV. eranskina.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren korporazio-identitateari buruzko eskuliburua, anagramaren erabilera arautzen duena.

Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren korporazio-identitaterako eskuliburuak EUI/IUEren anagramaren erabilera arautzen du eta, berori erabiltzeko, gobernu-kontseiluak 2006.eko ekainaren 15ean eginiko bileran onetsitako UPV/EHUren korporazio-identitaterako eskuliburuan ezarritako irizpideak beteko dira.

Eranskin honetan EUI/IUEren logotipoa besterik ez da agertzen.

V. eranskina.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolaren helburua eta ikuskera.

Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolak ingeniaritzan pertsonak prestatzea du helburu, haien sormena eta ekimena sustatuz, eta espiritu kritikoa, berritzeko gaitasuna eta ingurunera egokitzeko gaitasuna emanez. Era berean, eskola adi ibiliko da prestakuntza osagarriaren eta etengabeko hobekuntzaren beharrekin, gizarte, hizkuntza eta ingurumen-beharrei behar bezala erantzute aldera.

Horretarako, estrategia hauek erabiliko ditugu:

– Eskolako estamentuen arteko harremanak hobetuko ditu, komunikazioa eta informazioa errespetuz, tratu zuzen eta pertsonalez bultzatuz, eta taldean parte hartzea eta lan egitea indartuz.

– Inguruko enpresen beharren eta poz-maila neurtuko ditu, eta emaitzak irakasleen (irakasleak eta ikertzaileak), administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren (AZP) eta ikasleen prestakuntzan erabiliko ditu.

– Ahaleginak antolatu, koordinatu eta batuko ditu eskolan, unibertsitate-ziklo guztietan irakaskuntza-plangintza egonkor eta koherente bat lortzearren.

– Praktika onak ezagutu eta aplikatuko ditu irakaskuntzan, ikerketan eta gestioan, barruko nahiz kanpokoetan, baita ingurumenean eragin txikiena duten praktikak ebaluatu eta ezarri ere.

– Beste unibertsitate, teknologi zentro, erakunde eta enpresa, publiko eta pribatuekiko harremanak sustatuko ditu irakaskuntza- eta ikerketa-programetan nahiz garapen eta berrikuntza-programetan (I+G+b).

– Enpresetan egiteko praktikak bultzatuko ditu, hartara, lan-mundura hurbilduko da, teoria-jakintza aplikatu eta praktikari dagokiona ezagutzeko.

– Ikasleen erakartze eta fideltasuna bultzatuko du, kanpo-informaziorako prozesua eta nazioko eta nazioarteko harremanak hobetuz.

– Eman beharreko eduki teoriko eta praktikoen programazio koherente bat sustatuko du, ikasketa-planekin bat etorrita, programa horrek ezarritako denboran eta behar adinako prestakuntzarekin ikasketak bukatzeko aukera eman dezan.

– Etengabeko prestakuntza-programak egin daitezen bultzatuko du, esaterako, masterrak, gradu-ondoko ikastaroak, mintegiak, eta, horrela, eskola indartuko du teknologia eta gizarte-esparruan.

– Eskolako jarduerak sustatuko ditu, hartara, beharrezkoak diren azpiegitura- eta giza baliabideen dotazioa bilatuko du.

Eskolaren xedea da eskola lehiakorra lortzea, eta erreferente hauek izan nahi ditu:

+ prestakuntza eta gestio-maila,

+ enpresen gogobetetzea gure tituludunekiko,

+ Eskolak lehenengo aukeran hautatzen duten ikasleen kopurua eta

+ zientzia, teknologia eta ingurune-aldaketetara moldatzeko gaitasuna izatea, eskolako kolektiboen poza eta gure tituludunak eskatzen dituzten enpresak eta erakundeak gehitzea.

VI. eranskina.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate-Eskolako batzordeak.

Kalitate-batzordea

Osaera:

Batzorde honek Kalitate eta Ingurumenerako zuzendariordea izango du buru, zuzendariak eskuordetuta, eta kide hauek izango ditu: eskolako zuzendariak izendatutako Zuzendaritza-taldeko kide bat, EUI/IUEko bi irakasle, eta Eskola Batzarrak aukeratutako ikasle eta AZPko langile bana.

Idazkaritza:

Batzorde honek, behin eratuta, bere kideen artetik hautatuko du bileretan idazkari-lana egingo duen pertsona, bai eta horren ordezkoa ere. Eginkizun hauek izango ditu:

a) Batzordearen bilera-aktak prestatzea.

b) Batzordeak hartutako erabakiak egiaztatzea eta horiek argitaratzeaz arduratzea.

c) Batzordearen jarduerak direla-eta sortzen den dokumentazio guztia zaintzea.

d) Batzordeari ematen zaizkion ekonomi baliabideak administratzea.

Batzorde honek, behin eratuta, bere kideen artetik hautatuko du bileretan idazkari-lana egingo duen pertsona, baita horren ordezkoa ere.

Jardueren esparrua eta eginkizunak:

Hauek dira batzorde honen eginkizunak:

– Kalitatearen etengabeko hobekuntzari buruzko informazioak antolatu, koordinatu eta banatuko ditu.

– Kalitatearen kultura sustatzea.

– Gai honi buruzko ikastaroak, hitzaldiak, solasaldiak eta abar antolatu eta sustatzea.

– Etengabeko hobekuntza-taldeak koordinatu eta bultzatzea, eta laguntza teknikoa eskaintzea.

– Etengabeko hobekuntzarako taldeen hobekuntza-proposamenen ezarpenaren jarraipena egitea.

– Eskola-batzarrak agintzen dizkion guztiak.

Funtzionamendu-araubidea:

Eratzerakoan, batzordeak barne-funtzionamendurako araubidea zehaztuko du, alderdi hauek, gutxienez, kontuan hartuta:

a) Lan-bilera edo lan-saioen aldizkakotasuna, deialdiei, aztergaiei eta abarri buruzko arauak.

b) Erabakiak hartzeko bozketan jarraitu beharreko prozedura.

c) Eginkizunen banaketa batzordekideen artean.

d) Eztabaidak, bertaratzeak, bileren amaierak eta abar erregulatzeko barne-funtzionamendurako arauak.


Azterketa dokumentala