Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2007ko abenduaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
7093

EBAZPENA, 2007ko azaroren 20koa, Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordearena; honen bidez, 2008ko ekitaldiari dagokionez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko deialdia jakinarazten da.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko martxoaren 30eko Aginduaren bitartez —Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko maiatzaren 29ko Aginduak aldatua (2007ko ekainaren 27ko EHAA)—, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babestearren, toki erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko programa arautu zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-aurreproiektuan aurreikusitako aurrekontu-ataletatik aterako dira laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak.

Aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2008ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritako ahalmenaren indarrez, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko martxoaren 30eko Aginduak arautu zituen kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei eman beharreko diru-laguntzak. Bada, ebazpen honen bitartez, 2008ko ekitaldiari dagokionez, aipatu aginduan aurreikusitako laguntzetarako deialdia egiten da. Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko maiatzaren 29ko Aginduaz martxoaren 30eko aipatu agindua aldatu egin zen (2007ko ekainaren 27ko EHAA).

2.– Helburu hori betetzeko, 1.087.650 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:

a) 889.150 euroko aurrekontu-kreditua egongo da honako hauen gastuak ordaintzeko: kontsumitzaileei informazioa emateko udal bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuen funtzionamendua eta jarduerak; alegia, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak eta gune eta zerbitzuon argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jarduerak.

b) Kontsumoko ikuskaritza-jardueren gastuak ordaintzeko 80.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da.

c) 118.500 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko.

3.– Diru-laguntzetarako jarritako kopurua aldatu egin daiteke —laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik betiere— kontuan hartuta eskatu diren laguntza guztiak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste laguntza-programa batzuen aurrekontuetan agortu gabe dituen baliabideak. Horrelakorik gertatuz gero, horren berri emango du Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

Erakunde eskatzaileek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko martxoaren 30eko Aginduan iragarritako laguntzak jasotzeko, onuradun izateko baldintzak bete beharko dituzte, agindu horren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera. Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko maiatzaren 29ko Aginduaz martxoaren 30eko aipatu agindua aldatu egin zen (2007ko ekainaren 27ko EHAA).

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidea egiteko eredua Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daiteke, eta interneteko helbide honetan ere bai: www.euskadi.net.

2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzara bidali beharko dira, eta, aurkeztu, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dira; edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2008ko urtarrilaren 18an.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapideketa arautzen da. Bada, agindu horrekin bat etorriaz, ebazpen honetan aipatutako laguntzak emateko, kreditu egokia eta aski dena izan beharko da Autonomia Erkidegoaren 2008ko ekitaldira Aurrekontu Orokorretan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2008ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan zehaztutako kreditua ebazpen honetan aurreikusitako zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldatu egingo da errealitatean den zenbatekoari egokitzearren- Halakorik gertatuz gero, horren berri emango du Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez eman ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari zuzenduta. Horretarako epea ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta hilabetekoa izango da.

Bigarrena.– Deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko azaroaren 20a.

Merkataritza, Kontsumo eta

Industria Segurtasuneko sailburuordea,

RODRIGO GARCÍA AZURMENDI.


Azterketa dokumentala