Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2007ko urriaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5488

AGINDUA, 2007ko uztailaren 10ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, "Fundación Social Ignacio Ellacuria" Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeari buruzkoa.

Bilboko (Bizkaia) "Fundación Social Ignacio Ellacuria" Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko espedientea aztertu da.

AURREKARIAK

1.– Jesusen Lagundiko Loiolako Probintziak "Fundación Social Ignacio Ellacuria" Fundazioa eratu zuen, Juan Ignacio Gomeza Villa Bilboko notarioaren aurrean (1.357 protokolo-zenbakia) 2006ko ekainaren 20an egiletsitako eskritura publikoaren bidez.

Eskritura publiko hori 2007ko apirilaren 26an notario beraren aurrean egiletsitako beste baten bidez zuzendu zen (929 protokolo-zenbakia).

2.– Bere estatutuen 5. artikuluaren arabera, "Fundación Social Ignacio Ellacuria" Fundazioaren helburua honako hau da:

"1) Gizarteratze-prozesuak laguntzeko ekimenak sustatu, bultzatu eta horietan parte hartzea, emigraziotik eta beste prozesu batzuetatik etorri eta baztertze-arriskua handia duten taldeei arreta berezia eskainiz.

2) Ikerketa-, hausnarketa-, bitartekaritza- eta gizarte-esku hartzeko jarduerak sustatu eta garatzea, zailtasunak dituzten taldeak gizarteratzeko prozesuei buruzko sentsibilizazioa areagotzeko.

3) Bizikidetza bidezkoagoa eta gizatiarragoa lortzen laguntzen duten proiektuak finantzatzea eta gauzatzea, zuzenean edo beste erakunde nahiz instituzio batzuen bidez."

3.– Fundazioaren egoitza, Fundazioaren Estatutuetako 3. artikuluan adierazten denez, hau da: Aita Lojendio, 2; Bilbao.

4.– Hasierako dotazioa hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu 404/1994 Dekretuaren 31.1.c artikuluak.

Ondare-zuzkidurari egoki eta aski iritzi zaio fundazioaren helburuak lortzeko, Fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legearen 12.1 artikuluaren arabera. Azken xedapenetatik lehenengoaren indarrez aplikatu behar da artikulu hori.

5.– Fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea Patronatuaren egitekoak izango dira. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, Fundazioaren Estatutuetako 20. artikuluan jartzen duen moduan.

6.– Fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, patronatuko kideak hauek izango dira:

	 	Indarraldia

Lehendakaria:	Aita Juan Miguel Arregui Echevarria, SJ, Jesusen Lagundiko Loiolako 	Berezko kidea

	Probintziako aita probintziala.		

Idazkaria:	Aita Francisco Javier Álvarez de los Mozos, SJ.	2009-06-20

Lehendakariordea:	Miren Arantzazu Odriozola Zubia andrea, Andra Mariaren Lagunartekoa.	Zehaztugabea

Diruzaina:	Aita Luis María Alcíbar Arrinda, SJ.	 2009-06-20

Batzordekideak:	José Ignacio Eguizabal Escribano jauna.	2009-06-20

	Elena Ruiz Orbezua andrea, Loiolako probintziako eremu geografikoko 	Zehaztugabea

	Comunidades de Vida Cristiana-koa (CVX)		

	Pedro Luis Arias Ergueta jauna.	2009-06-20

	Aita José Ellacuría Beascoechea, SJ.	2009-06-20	

Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

ZUZENDIBEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko ebazpena ematea, agindu-bidez. Hala dago aginduta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko 12/1994 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 7.a) artikuluan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 31. eta 34. artikuluetan ezarritako eskakizunak bete dira.

Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 404/1994 Dekretua; eta orokorrean aplikatzekoak diren gainerako arauak. Ondorioz,

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Gaur, F-208 zenbakiaz, Bilboko (Bizkaia) "Fundación Social Ignacio Ellacuria" Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak.

Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 2. sekzioan inskribatzea, ongintza-sorospeneko eta lan-arloko fundazioen sekzioan hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 14. artikuluan agindutakoaz bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko uztailaren 10a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala