Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2007ko maiatzaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2938

AGINDUA, 2007ko otsailaren 13koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoaren estatutuak onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, ez beste inori, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onarpena.

Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoaren estatutuak onartzea, eta honako hau adieraztea: administrazio- edo lan-zuzenbidearen bidez araututako zerbitzu-harremanaren bitartez Administrazioari lotutako lan-harremanetako profesionalei ez zaie exijituko Elkargoan sartzea lanbidean jardun ahal izateko. Hala ere, lanbidean arlo pribatuan jardun nahi badute, beharrezkoa izango dute elkargokide egitea, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 30. artikuluan jasotakoaren arabera beharrezkoa baldin bada.

2. artikulua.– Argitalpena.

Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoaren estatutuak agindu honen eranskinean argitaratzea.

3. artikulua.– Inskripzioa.

Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatzea, erregistroa formalki osatzen den unean.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko otsailaren 13a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

BIZKAIKO LAN HARREMANETAKO GRADUATUEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
LEHENENGO TITULUA
ELKARGOA

1. artikulua.– Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da, lanbide-izaera, berezko nortasun juridikoa eta bere xedeak bete ahal izateko erabateko gaitasuna dituena.

Bizkaiko lan-harremanetako graduatuen elkargo ofizialak lurralde-eremu horretan lanbidean jarduten duten lan-harremanetako graduatu guztiak nahitaez biltzen ditu eta, nahi izanez gero, baita lurralde horretan jardun ez arren, kide izateko eskaera egiten dutenak ere; horrek ez du alde batera uzten estatutu hauetako 13.2 artikuluan ezarritakoa.

Elkargoaren helburua lan-harremanetako graduatuen lanbidea eta elkargokideen interes profesionalak esklusiboki ordezkatzea eta defendatzea da, gizartean dauden interes eta behar orokorrekin bat etorriz.

2. artikulua.– 1.– Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialaren eraginpeko lurralde-eremua Bizkaiko lurralde historikoak duena da.

2.– Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoak Bilboko hirian du egoitza, Lutxana kaleko 4. zenbakiko hirugarren solairuan. Gobernu Batzordeak proposatuta Batzar Nagusiak erabaki ahal izango du egoitza aldatzea, betiere Bilboko hiriaren barruan, baina horrek ez du alde batera utziko Batzar Nagusiaren erabakiz beste udal batzuetan ordezkaritzak irekitzeko aukera.

3. artikulua.– Elkargoa estatutu hauengatik gidatuko da eta bertan aurreikusten ez den guztirako abenduaren 16ko 3549/1977 Errege Dekretuak onartutako lan-harremanetako graduatuen elkargo ofizialen estatutuengatik eta aplikaziokoak gerta daitezkeen gainerako lege-xedapenengatik.

Estatutu hauek aldatzeko beharrezkoa izango da bereziki horretarako deitutako Aparteko Batzar Nagusiak hartutako erabakia, eta bertan egon beharko dute, edo bestela behar bezala ordezkatuak, gutxienez elkargokideen %10ak. Estatutuen aldaketak onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako elkargo ofizialen arloan eskumena duen sailera bidaliko dira, aktaren ziurtagiriarekin batera, erregistratzeko eta argitaratzeko.

1.– Aktaren ziurtagiria, halaber, Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusira bidaliko da.

2.– Gobernu Batzordeak elkargokide guztiei eta Kontseilu Nagusiari bidaliko die estatutuak aldatzeko proiektua, hilabeteko epean egoki irizten dituzten zuzenketak aurkeztu ahal ditzaten. Jendeari jakinarazteko aldia ere irekiko da, iragarkiak ipiniz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta elkargoaren lurralde-eremuan gehien saltzen diren bi egunkarietan.

3.– Zuzenketa guztiak jaso ondoren, elkargoak zuzenketa horiek elkargokide guztiei bidaliko dizkie, jakinaren gainean egon daitezen.

4.– Aparteko Batzar Nagusia Gobernu Batzordeak zehaztu beharreko egunean egingo da, zuzenketak aurkezteko epea amaitu eta ondorengo 15 eta 20 egun bitartean, estatutuen aldaketa onartzeko.

5.– Aurretik esandakoa alde batera utzi gabe, Profesionalen Elkargo eta Kontseiluen eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegia arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuko 38. artikuluan zehaztutako prozedura jarraituko da, halaber, estatutuak aldatzeko.

4. artikulua.– Estatutu hauen bitartez elkargokide guztiek parte hartze askea eta berdina dutenez, elkargoko barne egituraren eta jarduera-erregimenaren izaera demokratikoa bermatzen da.

5. artikulua.– 1.– Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoari dagokio, bere lurralde-eremuaren barruan, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 24. artikuluak esleitzen dizkion eragitekoak.

2.– Eskumen orokorra alde batera utzi gabe, oinarrizko egiteko hauek ditu atxikita:

a) Elkargokideen lanbide-jarduera antolatzea bere eskumenaren eremuan, kalitatearen maila egokia zainduz, eta elkargokideen etengabeko prestakuntzaren eta hobekuntzaren bitartez.

b) Elkargokideen jarduera lanbideko eta zerbitzatzen duten gizarteak eskatzen dituen arau deontologikoetara egokitzen dela ziurtatzea, nolanahi ere, herritarren eskubideak errespetatuz eta ziurtatuz.

c) Lan-harremanetako graduatuen lanbidea gauzatzearekin lotuta dauden interes orokorrak egoki bete daitezela ahalegintzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioekin lankidetzan aritzea, bere eskumenak gauzatzerakoan, lanbide-elkargoei buruz autonomiako eta estatuko Legean aurreikusita dagoen bezala.

e) Elkargokideen gain diziplina-ahalmenak gauzatzea, Konstituzioaren printzipioak eta arloan legezkoak direnak zorrotz beteaz.

f) Lanbidearen ordezkotza eta defentsa egitea administrazioaren, erakundeen, epaitegien, entitateen eta norbanakoen aurrean, lanbidearen interesak ukitzen dituzten auzietan parte hartzeko eta, legearekin bat, eskabide-eskubidea gauzatzeko.

g) Lege orokor eta bereziak, lanbide-estatutuak edo elkargoko organoek euren eskumeneko arloetan hartutako arau eta erabakiak betetzea eta kidetuei betearaztea, horretarako araubide juridikoak uzten dituen bitarteko koertzitibo guztiak eta estatutu hauetan beren beregi ezartzen direnak erabilita.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek landutako arauzko proiektuen berri ematea, gobernuko organoen egitekoei, eremuei, ordainsariei eta bateraezintasunei buruzkoak, prestakuntzako edo espezializazioko ikastaroei buruzkoak eta lanbideari dagozkion diplomei buruzkoak.

i) Estatutuak modu autonomoan onartzea, araubide juridikoak ezarritako beste mugarik gabe.

j) Aurrekontu arruntak eta apartekoak onartzea.

k) Kideek ordaindu beharrekoa arautzea eta eskatzea, bai elkargoko bidetik eta bai jurisdikzioaren bidetik ere.

l) Elkargoan kidetutakoen intereseko diren lanbideko, prestakuntzako, kulturako, laguntzako eta aurreikusteko jarduerak eta zerbitzu erkideak antolatzea. Beharrezkoak diren bitartekoekin sostengu ekonomikoa ematea eta, hala egokituz gero, graduatu ondoko elkargokideen lanbide-heziketarako eta gainerakoentzako lanerako prestakuntzarako ikastaroak antolatzea

m) Lanbide-ordainsariak kobratzeaz arduratzea, elkargoak zerbitzu hori sortua duenean; betiere elkargokideak bere kabuz eta modu adieraziz eskatzen duenean, estatutu hauetan ezarritako baldintzekin eta kasuekin bat.

n) Bitartekaritza edo arbitraje bidean parte hartzea, elkargokideen artean lanbidearekin lotutako arrazoiengatik sor daitezkeen arazo eta desadostasunak laudoz edo alderdiek eskatuta ebatziz, hala nola, elkargokideek egindako lanetatik eratortzen diren betebeharrak.

ñ) Bidegabeko lehia eta intrusismoa ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioekin lankidetza bultzatuz.

o) Herri administrazioek eskuordetzan emandako eskumenak edo herri administrazioekin lankidetza-hitzarmenen xede izan direnak egikaritzea.

p) Lanbideko gai espezifikoei buruzkoak jakitea eskatzen den epaimahaietarako ordezkariak izendatzea, hala eskatzen bazaie.

q) Lanbideko ordainsariak eztabaidatzen direnean, prozedura judizialetan edo administrazio-prozeduretan txostenak igortzea.

r) Jarduneko lan-harremanetako graduatuen ordezkotza arautzea, lan-arloko epaitegi eta auzitegiek eskatzen dutenean, hori arautzen duen Legearen arabera.

s) Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan jardutea, indarrean dagoen legerian aurreikusitako moduan. Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako gainerako unibertsitateekin lankidetzan jardutea, halaber, eta bai beste hezkuntza-erakunde batzuekin ere, unibertsitateko eta ikastetxeetako erakundeetan hitzartzen den baldintzetan parte hartuz.

t) Lanbidea egoki garatzen laguntzen duen beste edozein.

6. artikulua.– Lan Harremanetako Graduatuen Kontseilu Nagusiak izaera orokorrarekin ezartzen dutena izango dute jaieguna Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoan sartuta dauden lan-harremanetako graduatuek.

7. artikulua.– Gobernu Batzordeak erabateko ahalmena du elkargokideek bereganatzen dituzten merezimenduak saritzeko. Elkargokideak ez diren pertsona fisikoek edo juridikoek, eta entitate pribatu nahiz publikoek emandako zerbitzuen ondorioz eskuratutako sari eta eskupekoak Aparteko Batzar Nagusiaren eskumenekoak dira; aurretik Gobernu Batzordeak proposatu behar ditu.

BIGARREN TITULUA
ELKARGOKIDEAK
LEHENENGO KAPITULUA
ELKARGOKIDE EGITEA

8. artikulua.– 1.– Elkargoan sartu ahal izateko beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

A) Lan-harremanetako graduatuko tituluduna edo diplomatua izatea, edo gaur egun dagoen edo etorkizunean lan-harremanetako graduatuaren egitekoak bete ahal izateko gaitzeko sortzen den beste edozein titulazio edukitzea.

B) Adinez nagusia izatea eta ezintasun-arrazoirik ez edukitzea.

C) Lanbidea bete ahal izateko desgaikuntzarik jaso ez izana, edo bestela, zigorra jaso izanez gero, birgaituta egotea.

D) Onartua izateko eragozpenik ez izatea, karreratik, kidegotik edo korporaziotik bananduta ez egotea, eta beste edozein lanbide-elkargotik zehapena dela medio baja ez hartu izana, eta elkargokide gisa dituen betebeharrak egunean izatea kargua uzterakoan. Baja borondatez hartu baldin bada ziurtagiri bidez egiaztatuko da.

E) Oraingo Kontseilu Nagusiko gordailuen kontuan edo Autonomia Erkidegoen Lanbide Elkargoen Legearekin bat sor daitekeenean araubidez ezartzen den fidantza gordailatua izatea.

F) Eskatu den kidegotza-mota kontuan hartuta, Gobernu Batzordeak eskatutako agiriak aurkeztea. Lanbidea nork bere kasa gauzatzeko mota baldin bada, nahitaezkoa izango da erantzukizun zibileko arriskuengatiko aseguru-kontratua sinatua izatea.

2.– Enpresa bakar baten zerbitzurako (lan-harremanarekin nahiz irakasle eginkizunekin) jardunean elkargoko kide egiteko, estatutu hauetako A), B), C), D) eta F) baldintzak bete beharko dira.

9. artikulua.– 1.– Lanbidea elkargoko lurralde-eremuan gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da bertan edo dagokion elkargoan sartua egotea; langile-helbide bakarra edo nagusia izango da, estatutu honetako 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ez zaie aurretik elkargoko kide egiteko eskatuko, zerbitzuak beren kasa eskaintzen dituztenei, Europako erkidegoetako kide diren estatuetako herritarrei, aurretik behin betiko ezarrita baldin badaude aipatutako edozein estatutan, kasu bakoitzean dagokien lanbideei aplika dakizkiekeen erkidegoko arauek xedatzen dutenaren arabera. Hori guztia bere jardunaren berri dagokion elkargoari emateko derrigortasuna alde batera utzi gabe, arauen arabera eska daitezkeen agiriak aurkeztuta eta arauz ezartzen den bezala.

2.– "Administrazio edo lan-zuzenbideak araututako erlazioaren baten bidez euskal administrazioren batekin lotura duten lan-harremanetako graduatuek ez dute lan-harremanetako graduatuen elkargoan matrikulaziorik behar. Hala ere, lanbidea modu pribatuan gauzatu ahal izateko beharrezkoa izango da elkargoko kide egitea".

10. artikulua.– 1.– Elkargoko lehendakariari egingo zaio elkargoko kide egiteko eskabidea, eta dagozkion agiriak erantsita aurkeztuko zaio.

Elkargoko idazkariak eskabidea aztertuko du, bai eta horrekin batera doazen agiriak ere; gero txostena egingo du eta Gobernu Batzordearen esku utziko, azken honek elkargoan sartzeko eskabidea onartzeko, ukatzeko edo eteteko erabakia har dezan, hiru hilabeteko epean.

Interesdunari ebazpen horren berri idatziz emango zaio, elkargoko lehendakariaren oniritziarekin.

2.– Onartuak izan ez diren eskabide-egileek ukoa emateko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote, hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluari, estatutuek hori aurreikusten badute. Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluen estatutuek aurreikusten ez badute, errekurtsoa Kontseilu Nagusiari aurkeztuko zaio, gobernu batzordearen bitartez. Gobernu Batzordeak errekurtsoari buruzko txostena emango du eta kontseiluari aurkeztuko dio. Kontseiluak ezarritako legezko epean ebatziko du.

3.– Onartu gabeko eskabide-egileek aurkeztutako agiriak berreskuratu ahal izango dituzte, eskabidea bera izan ezik, eskabidea elkargoko idazkaritzan artxibatuta geldituko baita, ukoaren ebazpenaren kopia batekin batera.

11. artikulua.– Onartutako izangaiak Kontseilu Nagusiak edo Autonomikoak, edo Gobernu Batzordeak ezarritako kuotak ordainduko dituzte eta elkargokide-txartela jasoko dute.

12. artikulua.– Bazkide berriak Elkargoko Erregistro Orokorrean inskribatuko dira, eskabideak onartzen diren hurrenkeraren arabera.

Aipatutako Erregistro Orokorraz gain, elkargoko idazkaritzak jardunean dauden bazkideen erregistro berezi bat edukiko du eta erregistro horretan adieraziko da lanbidea nork bere kasa gauzatzen den, edo enpresa edo korporazio baten zerbitzura, lan-harremanen baten bitartez, eta bai Gizarte Segurantzako habilitatu jarduerak egiten dituzten ere.

13. artikulua.– 1.– Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoaren lurralde-eremuan jardun ahal izango dute, bertara sartzeko beharrik gabe, lan-harremanetako graduatuen beste elkargo batekoak izan eta Kontseilu Nagusiak edo Autonomikoak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituztenak, arauz ezartzen den moduan.

2.– Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoaren lurralde-eremuan jardun ahal izateko, beste elkargo bateko kide den lan-harremanetako graduatu batek dagokion elkargoaren bidez jakinarazi behar dio Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoari zein jarduera gauzatu behar dituen bere esparruan, elkargoaren antolamendu-eskumenen, deontologia-kontrolaren eta diziplina-ahalmenaren menpe egon daitezen. Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoak beharrezkoa den laguntza eman beharko dio lekualdatutako kideari, lanbidean jardun ahal dezan.

3.– Lan-harremanetako graduatuak elkargoak, Kontseilu Nagusiak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluak emakidarengatik kasu bakoitzerako ezartzen duen zenbatekoa ordainduko du. Zenbateko hori inoiz ez da izango elkargoko kideei eskuarki jasotzen dituzten eta elkargoko kuotak estaltzen ez dituzten zerbitzuengatik eskatzen zaiena baino handiagoa.

4.– Artikulu honetako 1. puntuan sartzen diren profesionalak estatutu hauetako arau deontologikoak eta diziplinakoak bete beharko dituzte.

14. artikulua.– Bizkaiko graduatuen elkargo ofizialean hiru kide mota izango dira:

1.– "Lanbidean nork bere kasa jardutea: kontzeptu honetan partaide izanik sozietateetan jarduten dutenak sartzen dira".

2.– Lanbidean enpresa bakar baten zerbitzura jardunda, lan-harremanen baten bitartez betiere lan-harremanetako graduatu gisa kontratatua baldin bada.

3.– Jardunekoak ez direnak; hiru ataletan banatzen dira.

a) Jardunekoak ez direnak.

b) Supernumerarioak; hor sartzen dira erretiratuak edo ezinduak, dagokion ezintasunagatik lanbidean jarduteko gaitasunik gabe utzita baldin badaude.

c) Ohorezko elkargokideak; hor sartzen dira lan-harremanetako graduatu izaera ez izan arren, elkargoaren interesen defentsan bereziki nabarmendu diren pertsonak. Aurretik lehendakaritzari aholkularitza emateko batzordeak proposamena egin behar du eta Gobernu Batzordeak eta Batzar Nagusiak onespena eman behar dute.

Supernumerarioak eta ohorezko elkargokideak ez daude, jakina, lanbidean jarduteko gaituta eta ohorezko izaera duten eskubideak baino ez dituzte. Gobernu Batzordeari elkargoarentzat eta lanbidearentzat lagungarri izan daitezkeen iradokizun guztiak egin diezazkiokete.

Halaber, indarrean dagoen legeriaren edo etorkizunean zehazten denaren bidez sortzen den beste edozein elkargokide mota sartzen da.

BIGARREN KAPITULUA
LANBIDEAREN JARDUNA
LEHENENGO ATALA
ELKARGOKIDEEN BETEBEHARRAK ETA ESKUBIDEAK

15. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak:

A) Lanbidea beti beharrezkoa den zintzotasun, begirune eta duintasunarekin egitea.

B) Estatutu hauek eta aplikaziokoak diren gainerako arauak zorrotz betetzea.

C) Lanbidean beti Elkargoaren izenean bakarrik jardutea; sozietate zibil edo merkataritza-sozietate baten barruan jardunez gero, sozietatearen izenarekin batera beraren izen-abizenak, elkargokide-zenbakia eta elkargokide-mota adieraziko beharko ditu beti.

D) Elkargoko idazkaritzari helbide aldaketen, elkargokide-mota aldaketen eta bajen berri ematea, 30 eguneko epean.

E) Elkargokideek nahitaez ordaindu beharreko kuotak epe barruan ordaintzea, eta bai derramak eta gainerako sozietate-kargak ere, eta % 12ko errekargua urteko, edo hilabeteari dagokion zatia, hiruhilero ordaindu beharreko kuotetan atzeratuz gero, Gobernu Batzordeak justifikatutako arrazoiak iritzita ez ordaintzeko baimena ematen duenean izan ezik.

F) Elkargoan egiten diren batzar nagusietara joatea, ezinezkoa suertatzen denean izan ezik, eta erregelamenduz egin behar diren hauteskundeetan parte hartzea.

G) Gobernu Batzordean agertzea, hala eskatzen diotenean.

H) Gaixotasunagatik, kanpora joateagatik edo diziplina zehapenagatik lanbide-egitekoak alde batera uzten badira, elkargoari jakinaraztea.

I) Gobernu Batzordeko kideak, elkargoko lehendakaria eta elkargoko batzordeak aintzat hartzea eta errespetatzea, eta horiek hartzen dituzten erabakiak betetzea.

J) Gobernu Batzordearekin eta gainerako batzordeekin lankidetzan jardutea, lanbidearen eta elkargoaren onurarako izan daitezkeen iradokizunak eginez.

K) Karguak betetzeko hautatzen dituztenean kargu horiek arretaz eta eraginkortasunez betetzea, eta Gobernu Batzordeak eskatuz gero, batzordeetan parte hartzea.

L) Lanbide-sekretua gordetzea; horrek esan nahi du lanbidearen jardunarengatik ezagutzen dituzten gertakarien berri ez emateko eskubidea eta betebeharra dutela. Lan-harremanetako graduatu baten laneko bulegoan erregistroa egiteko eskumena duen agintari judizialak, edo hala egokituz gero gobernatzaileak, elkargoko lehendakariari edo estatutuen arabera lehendakaria ordezten duenari ohartarazpena egiten badio, lehendakariak edo ordezkariak bulegoan agertu beharko du eta bertan egiten diren eginbideak ikusi, lanbide-sekretua gorde dadin zainduz.

M) Apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, zin edo hitzematea egitea, Gobernu Batzordeak deitzen dienean; betiere nork bere kasa jarduteko mota edo enpresan jardutekoa baldin bada.

N) Ofiziozko txandan izendapena onartzea, aurretik bertan borondatez izena emanda eta erregelamenduz zehazten diren baldintzak beteaz, gure eskumenen eremuan legez ezartzen denean, ezintasun nabaria dagoenean izan ezik. Gobernu Batzordearen aurrean egiaztatu beharko dira ezintasuna eragiten duten arrazoiak.

Ñ) Janzki profesionala eta/edo toga janztea lan-arloko epaitegietan eta auzitegietan jardutean.

16. artikulua.– Elkargokideek honako eskubideak izango dituzte:

A) Elkargoan egotekoa, estatutu hauetan ezarritako elkargokide izaera galtzea dakarren arrazoiren bat denean izan ezik.

B) Elkargoak agintarien, entitateen eta partikularren aurrean ordeztea eta laguntzea, lanbide-jardunaren ondorioz edo eraginez bidezko erreklamazioak egiten dituztenean eta ezberdintasunak direla eta sor daitezkeen negoziazioetan.

C) Elkargoko gobernuko eta Kontseilu Nagusiko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluko organoak hautatzerakoan botoa emateko eta hautagai izateko eskubidea.

D) Gobernuko organoen jarduerak sustatzea, estatutuetan ezarritako moduan proposatutako ekimenen bitartez.

E) Gobernu organoetako titularrak kentzea, zentsurako botoen bitartez, estatutu hauetan araututako baldintzetan.

F) Elkargoak ezartzen dituen zerbitzu guztiak erabiltzea; horien artean daude liburutegia, gizarte-aurreikuspeneko eta ongintzako erakundeak, argitalpenak eta sor daitekeen beste edozein, beren beregi jarduneko elkargokideei dagozkienak izan ezik.

G) Elkargoaren nondik norakoak jakitea eta ezagutzea.

H) Elkargoak antolatzen dituen ekitaldi korporatibo guztietara joatea.

I) Janzki profesionala eta/edo toga erabiltzea lanbidearen jardunean eta ekitaldi ospetsuetan, eta bai elkargokide-txartela eta, egonez gero, intsignia profesionala edukitzea ere.

J) Lan Aholkulari izena erabiltzea, lanbidearen eduki nagusiaren adierazpide espezifiko gisa. Hala ere, Lan Aholkulari eta beste edozein izenen aurretik Lan-harremanetako graduatu titulazioa ipini beharko da beti.

K) Elkargoak egiten duen kulturako eta prestakuntzako lanean parte hartzea, eta bai estatutu hauetan eta lanbidearen jardunari buruzko gainerako lege-arauetan aitortzen zaizkion ahalmenez eta prerrogatibez gozatzea.

L) Hautagaiak izatea, karguak betetzeko bai euren Elkargoko Gobernu Batzordeetan, bai eta Kontseilu Nagusian edo Autonomikoan ere, baldin eta elkargoan gutxienez bi urteko antzinatasuna badute.

BIGARREN ATALA
LAN-HARREMANETAKO GRADUATUEN LANBIDEA

17. artikulua.– Lan-harremanetako graduatuak dagozkion egitekoak eta berezkoak dituenak gauzatu ahal izango ditu, lanbide askearen, enpresa, entitate eta organismo bakar baten zerbitzurako lan-harremanaren edo administrazio-harremanaren araubidean.

18. artikulua.– Lan-harremanetako graduatu gisa norbere kasa jarduten duela joko da, honako gorabehera hauetakoren bat gertatzen denean:

A) Lanbidea jendeari arreta emateko onartzea, sinatzea eta gauzatzea.

B) Lanbide-zerbitzuak iragartzea edo jendeari eskaintzea, hala nola, txostenak, azterketak, aholkularitza, ordezkaritza eta lan-harremanetako graduatuaren jardunaren beraren izapideak.

C) Aurreko paragrafoan aipatutako lanengatik ordainsariak jasotzea.

D) Lan-harremanetako graduatuaren lanbidearen jardunarekin lotzen den beste edozein adierazpide edo gertakari.

19. artikulua.– 1.– Lan-harremanetako graduatuek debekatuta daukate aurretik beste lankideren bati esleitu zaion edozein gaietaz arduratzea, begiruneko arau gisa baimena idatziz eskuratu ez badute.

2.– Aurreko arauak ez betetzeak diziplinako zuzengarria ekarriko du.

3.– Baimena idatziz eskatu beharko da hartu izanaren adierazpenarekin. Baimenak eskabidea egin eta hurrengo hilaren 1ean izango du eragina, eta nolanahi ere artikulu honetako 4. zenbakian aurreikusitako epeak errespetatuko ditu; beraz, baimena eraginkorra izatea nahi den hilaren 1a baino gutxienez 8 egun baliodun lehenago eskatu behar da.

Baimena ematea edo kentzea, halaber, idatziz egin beharko da.

Horretarako, baliozkotzat joko da hartu izanaren adierazpena duen gutuna, hartu izanaren adierazpena duen telegrama, hartu izanaren adierazpena duen burofaxa, eta bidali eta jaso dela adierazten duen beste edozein baliabide.

4.– Lanbide-baimena emateko edo kentzeko baimena bost egun baliodunekoa izango da, jaso izanaren egunetik aurrera.

Ezarritako epean erantzunik ematen ez bada, lanbide-baimena emandakotzat joko da.

5.– Gobernu Batzordeak ebatziko ditu artikulu honetan xedatutakoa aplikatzean sor daitezkeen arazo guztiak.

20. artikulua.– 1.– Jardunean dauden lan-harremanetako graduatuek lanbidearen berezko egitekoak gauzatu behar dituzte beren izenean eta dedikazio eta erantzukizun zuzenarekin.

2.– Lan-harremanetako graduatuek ezingo diote beren titulua beste bati utzi edo beren buruak lan-harremanetako graduatu gisa kontratatu beren eskumenekoak diren zerbitzu propioetan azaltzeko, beste batzuei zerbitzuak emateko bulegoetan eta enpresetan, lanbide-elkarte bat dagoenean izan ezik, horrelakoetan bakoitzak bere titulu eta izenari eutsiko diolarik.

3.– Lanbidean aske jarduten duten lan-harremanetako graduatuek laguntzaileak kontratatu ahal izango dituzte; laguntzaile horiek indarrean dagoen legeriak ezarritako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte.

4.– Lan-harremanetako graduatuen enplegatu guztiek profesionalaren kontura eta haren menpe zerbitzuak ematen dituztenean, lanbide elkargoak emandako laguntzaile-txartela eduki beharko dute. Bertan datu pertsonalak, argazkia eta indarraldia jarri beharko dituzte; indarraldia sei hilabetekoa izango da eta luzatu ahal izango da, Gizarte Segurantzan alta emanda egonez gero. Txartel horrek lankide laguntzaileari profesionalaren izenean agiriak aurkezteko eta jasotzeko gaitasuna ematen dio. Agiri hori elkargora itzuli beharko da, enplegatuak baja ematen badu.

5.– Lan-harremanetako graduatuek indarrean dagoen araudiak baimentzen duen edozein elkarte-motatan sartuta dauden hirugarrenen aurrean jardun ahal izango dute. Egiten duten jarduera bakoitzean izena, abizenak, elkargokide-zenbakia eta elkargokide-mota adierazi beharko dituzte.

HIRUGARREN ATALA
BULEGO KOLEKTIBOAK

21. artikulua.– 1.— Lan-harremanetako graduatuak bere lanbidea bete ahal izango du lan-harremanetako beste graduatu batzuekin edo lanbide-jarduera ezberdineko beste pertsona batzuekin batera, bulego kolektibo modura edo lanbide-sozietate gisa, legeak baimentzen duenaren arabera.

2.– Elkartutakoek beren kabuz hartutako itunek araupetuko dute taldea; betiere legeekin, lanbide-duintasunarekin eta lanbidea erregulatzen duten arauekin edo etorkizunean arautu dezaketenekin kontraesanean ez badaude.

3.– Bulego kolektiboek indarrean dagoen antolamendu juridikoak aitortutako edo etorkizunean aitor daitekeen elkartzeko edozein modu har dezakete; betiere lan-harremanetako graduatuaren lanbidearen duintasunaren eta izen onaren aurka ez baldin badoaz.

22. artikulua.– 1.– Lan-harremanetako graduatuen bulego kolektiboak Elkargoko Elkarteetako Erregistroan inskribatuko dira, baina inskribatu aurretik Gobernu Batzordeak antolaketa eta jarduera arautzen dituen itunak baimendu beharko ditu. Erregistroan bulego kolektiboa osatzen duten lan-harremanetako graduatuen izenak eta gorabeherak ipiniko dira, eta bai elkartzeko itunak ere. Elkartearen eratzea egiaztatzen duen agiriaren edo eskritura publikoaren kopia baimendua aurkeztu beharko da, halaber.

2.– Lan-harremanetako graduatuak bere erakundeko itun arautzaileetan sortzen diren aldaketak jakinaraziko ditu, erregistroan inskribatzeko, eta erakundea osatzen duten lan-harremanetako graduatuen izenak eta gorabeherak.

3.– Bulego kolektibo batean sartuta dauden lan-harremanetako graduatu guztiak elkargoko kide izan beharko dute, beren kabuz jarduten duten elkargokide gisa.

23. artikulua.– 1.– Bulego kolektibo bat osatzen duten lan-harremanetako graduatuak bulegoak edo bulego kideek lan-harremanetako graduatuei dagozkien jardueretan egindako jardueren eta erreklamazioen erantzule solidarioak izango dira elkargoaren aurrean. Horrek ez du alde batera uzten, hala ere, bertako kideetako norbaitek edo talde osoak izan dezakeen bestelako beste edozein erantzukizun.

2.– Lanbide-jarduera lan-harremanetako graduatuen eskumeneko gaietan elkartea osatzen duten elkargokideetako edozeinen izenean egin beharko da.

24. artikulua.– 1.– Ez da bulego kolektibotzat joko lokal bakar batean biltzen diren lan-harremanetako graduatuen multzoak, lanbidean bakoitzak bere kabuz jarduten badute.

2.– Bulego kolektibotzat joko da, 23. artikuluan aurreikusten den solidaritatearen eraginetarako, kanpoko zeinuetatik edo bestelako elementu objektiboetatik hala ondorioztatzen denean.

HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDE IZAERA GALTZEA

25. artikulua.– Elkargokide izateari utziko zaio honelakoetan:

A) Heriotzagatik.

B) Legez ezgaituta egoteagatik.

C) Norberak hala eskatuta, elkargoko lehendakariari egindako idatzi bidez. Euren kabuz jarduten duten elkargokideek jarduera ekonomikoen zergan baja eman dutela egiaztatu behar dute. Zerbitzua enpresa edo korporazio bati eskaintzen diotenek lan-harremanetako graduatu gisa egitekoak utzi direla jasotzen duen ziurtagiri bat aurkeztuko dute.

D) Elkargoko kuotak, derramak eta gainerako kargak ordaintzerakoan sei hilabete segidan edo segidan ez bada urtebeteko epean atzeratzeagatik.

E) Erretiro edo baliaezintasun egoerara pasatzeagatik, supernumerario izaerara pasa nahi duela eskatzen duenean izan ezik.

26. artikulua.– 1.– Elkargoan baja ematen duen lan-harremanetako graduatuak elkargokide-txartela itzuli egin beharko du nahitaez, eta eskatu ondoren itzultzen ez badu, besterik gabe baliogabetu egingo zaio, dagozkion iragarkien bidez. Horrezaz gain, agiria behar ez bezala erabiltzeagatik erantzukizunak eska dakizkioke.

2.– Edozein arrazoi dela eta baja ematen duten elkargokideek hamabi hilabete igaro ondoren berriro alta eskatzen badute, alta-eskaera berriaren egunean indarrean dagoen kuotaren % 50a ordaindu beharko dute. Hala ere, eskatzaileak nahi izanez gero, Gobernu Batzordeak betebehar horretatik salbuetsi edo ordaindu beharreko zenbatekoa murriztu ahal izango du, hori justifikatzen duten parteko gorabeherak badirela irizten badu.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, supernumerario izaerara pasatzen diren elkargokideak elkargokide-txartela gorde ahal izango dute, estatutu hauetako 32. artikuluan ezartzen den moduan.

27. artikulua.– Baja ematen duen elkargokideak izaera horri dagozkion eskubide guztiak galduko ditu. Baja emateko arrazoia kuoten ordainketetan atzeratu izana baldin bada, eta berriro elkargoan sartzea eskatzen badu, kuota horien zenbatekoa eta 15. artikuluko berandutze-gainordaina ordaindu beharko ditu, berriro sartu ahal izateko betebehar gisa.

28. artikulua.– Nahitaezkoa izango da elkargokidea lanbide-egitekoetatik etetea, aurreko artikuluan adierazten den proposamena Kontseilu Nagusiari edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluari aurkezten zaionean.

Elkargoak proposatu ahal izango du etendura bertan behera uztea, fidantza 30 eguneko epean ipiniz gero, dagokion diziplina-espedientearen indarrez jar daitezkeen zehapenak alde batera utzi gabe.

29. artikulua.– Dagokiona hiltzen bada edo lanbide-jarduna uzten badu, Kontseilu Nagusiak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluak fidantza ezeztatuko du; aurretik Estatuko Aldizkari Ofizialari eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari eman behar zaie horren berri, hiru hilabeteko epean, eta berri emateak sortzen dituen gastuak elkargokidearen konturakoak izango dira.

30. artikulua.– 1.– Elkargokide diren lan-harremanetako graduatuek erretiroagatik edo behin betiko baliaezintasunagatik baja ematen badute, supernumerario egoerara pasatzeko eskatu ahal izango dute. Eskabide hori Gobernu Batzordeari zuzendutako idatzi bidez egingo da, eta Gobernu Batzordeak hartuko du erabakia, batez ere eskabide-egileak lanbidean jardun duen urteetan elkargoari eta gainerako elkargokideei dagokienez izan duen jokabidea kontuan hartuta.

2.– Supernumerario izaerak elkargoak antolatzen dituen izaera korporatiboko ekitaldietan parte hartzeko eskubidea ematen du, eta bai elkargoak elkargokideei ematen dizkien zerbitzuez gozatzekoa ere.

3.– Supernumerarioak botoa emateko eta hautagai izateko eskubidea galduko du arlo korporatiboan, baina ez du elkargokide-kuotak eta erabaki daitezkeen gainerako ekonomi kargak ordaindu beharrik izango.

HIRUGARREN TITULUA
ELKARGOKO ORGANOAK
LEHENENGO KAPITULUA
GOBERNU ORGANOAK

31. artikulua.– Organo hauei dagokie elkargoko gobernua:

A) Elkargokideen Batzar Nagusia.

B) Gobernu Batzordea.

c) Lehendakaria.

LEHENENGO ATALA
BATZAR NAGUSIA

32. artikulua.– Elkargokideen Batzar Nagusia da elkargoan erabakiak hartzeko organo gorena; bakoitzak ahotsa eta botoa izango du, betiere erabateko eskubideak baldin badituzte.

33. artikulua.– Elkargokideen batzarra ohikoa edo apartekoa izan daiteke, idatziz deituko da beti eta Gobernu Batzordeak osatuko du bertako mahaia. Deialdia batzarra egin baino gutxienez hogei lanegun lehenago egin beharko da. Gobernu Batzordearen ustez presa egonez gero, epe hori 5 egun naturaletara murriztu ahal izango da.

34. artikulua.– Ohiko Batzar Nagusia, urtero martxoa amaitu baino lehen bilduko da; honako gai hauek landuko ditu, besteak beste:

A) Aurreko batzarreko akta irakurtzea eta onartzea, hala egokituz gero.

B) Lehendakariak azaldu behar du elkargoak aurreko urtean izan duen jarduna eta moldaera, eta bai elkargokideen interesen defentsan egindako izapideak zein egoeratan dauden ere.

C) Urteko memoria eztabaidatzea eta onartzea, hala egokituz gero.

D) Urteko kontuen balantzea eztabaidatzea, eta hala egokituz gero, onartzea, eta dagokion urterako diru-sarreren eta gastuen aurrekontua onartzea.

E) Gobernu Batzordearen proposamenak.

F) Elkargokideen proposamenak, galderak eta eskaerak.

G) Hutsik dauden karguak hautatzea, hala egokituz gero.

H) Gobernu Batzordeari ekonomi sailak eskualdatzeko baimena ematea, elkargoaren premien arabera.

F hizkian adierazten diren proposamenak Gobernu Batzordeari eman beharko zaizkio, Batzar Nagusia egin baino 15 egun baliodun lehenago, Gobernu Batzordeak azter ditzan eta horiei buruzko iritzia osa dezan: Proposamen horiek gutxienez hamar elkargokideren sinadura eman behar dute, eta horietatik gutxienez zazpi beren kabuz jarduten dutenak izango dira.

Betebehar horietatik kanpo gelditzen dira batzarrean zehar bertaratutako batek edo gehiagok aurkeztutako proposamen intzidentalak, bai eta –estatutu honetako 33. artikuluan adierazitakoaren arabera- hogei lanegun lehenago, urgentziaz, deitutako batzarretan aurkeztutako proposamenak, galderak eta eskaerak ere, batzarrak ohikoak zein ez-ohikoak izan.

35. artikulua.– Aparteko Batzar Nagusiak deituko dira Gobernu Batzordearen ekimenez edo elkargokideen herenak eskatuta, Gobernu Batzordeari egindako idatzi bidez. Idatzi horretan eskaeraren arrazoiak eta aztertu beharreko gai zehatzak adierazi behar dira. Kasu horretan eskaeraren lehenengo sinatzaileak hasiko ditu eztabaidak.

36. artikulua.– Adierazitako egun eta orduan egingo dira beti Batzar Nagusiak eta Apartekoak, lehenengo deialdian, elkargokideen erdiak eta bat gehiago bertaratuta baldin badaude, edo bigarrenean, hamabost minutu geroago, bertaratutakoen zenbatekoa edozein dela ere.

37. artikulua.– Eztabaidarako xede diren gaietan oro har aldeko bi txanda eta aurkako beste bi txanda onartuko dira, lehendakariaren iritziz aparteko interesa duten gaietan izan ezik.

38. artikulua.– Bozketak hiru motatakoak izango dira: arrunta, izenduna eta paper bidezkoa. Bozketa batean ahobatezkotasuna dagoela joko da, lehendakariak eztabaidagaia onartzen den galdetzen duenean, elkargokideetako inork ez badu aurkakoa adierazten. Nolanahi ere, lehendakariak proposatu ahal izango du bozketa egitea.

Bozketa arrunta egiaztatzeko, lehenengo eztabaidagaia onartzen dutenak altxatuko dira, gero onartzen ez dutenak eta azkenik abstenitzen direnak. Horrela egingo da elkargokideren batek eskatzen duen aldioro. Bozketa arrunt gisa joko da, baita ere, besoa jasota egiten dena.

Bozketa izenduna egiteko bertaratutako elkargokide bakoitzak izen-abizenak esango ditu eta segidan "Bai", "Ez" edo "Abstentzioa" hitza, eta gutxienez hogei elkargokidek eskatzen dutenean egingo da.

Paper bidezko bozketa batzartutakoen herenak eskatzen duenean edo lehendakariak proposatzen duenean egingo da.

Gobernu Batzordean hutsik dauden karguetarako izendapenak egiteko bozketak paper bidez egingo dira beti; paperetan hautagai guztiak azalduko dira, abizenaren hurrenkera alfabetikoan, eta horrezaz gain hautagai edo kide bakoitzeko ordezko bat. Paperaren ezkerreko ertzen gurutze bidez adierazi beharko dira aukeratzen diren hautagaiak. Ez dute balioko aldarriz egiten diren izendapenak.

Bozketa guztietan jardunean dagoen elkargokide bakoitzaren botoak biren balioa izango du eta jardunean ez daudenen botoak, ostera, boto bakarrarena.

39. artikulua.– Elkargoko idazkaria izango da emandako botoak zenbatzeko arduraduna, eta bertaratutakoen artetik bi laguntzaile izango ditu, Batzar Nagusiak aukeratutakoak, botoen zenbaketan parte hartzeko.

40. artikulua.– Lehendakariak zuzenduko ditu eztabaidak, hitza eman edo kendu ahal izango du eta elkargokideei ohartarazi azalpenetan denbora gehiegi pasatzen badute eztabaidagaiari buruzko azalpenak ez badira edo aginteari, kideren bati, Gobernu Batzordeari edo Batzar Nagusiari errespeturik erakusten ez badie; bi bider ohartarazi ondoren kasurik egiten ez duena lokaletik bidali ahal izango du.

Batzarrak dirauen bitartean ezin izango dira erabili irudiak eta hitzak erreproduzitzen dituzten ikus-entzunezko bitartekoak, idazkariak izan ezik, akta egiteko lagungarri izan dakion.

41. artikulua.– Gobernu Batzordeko eta Ohiko nahiz Aparteko Batzar Nagusien bilkuren aktak, onartu ondoren, agiri fidagarri eta fede-emaile izaera izango dute, eztabaidei eta hartutako erabakiei dagokienez eta bertan kontsignatutako egitateengan ez da inolako zuzenketarik ez aurka egiterik onartuko.

BIGARREN ATALA
GOBERNU BATZORDEA

42. artikulua.– Batzar Nagusiaren erabakiak betearazteko eta kudeatzeko organoa eta elkargoaren administrazioaren etengabeko arduraduna izango da Gobernu Batzordea. Elkargoaren ordezkotza izango du beti eta honela osatuko da:

A) Lehendakaria; kargu hau jardunean dagoen elkargokideren batek hartu behar du nahitaez, elkargoan gutxienez bi urteko antzinatasuna beteta duena.

B) Hogei elkargokideko edo zati bakoitzeko bokal bat; bokalak ez dira inoiz izango bost baino gutxiago, ez hamabost baino gehiago ere. Bokal horietako batek enpresan jarduten duena, bik jarduten ez dutenak eta lauk beren kasa jarduten dutenak izan beharko dute, eta denek gutxienez bi urteko antzinatasuna izan elkargoan.

43. artikulua.– Elkargokideen paper bidez beren beregi egindako bozketa bidez hautatuko dute lehendakaria.

Lehenengo eta bigarren lehendakariordea, idazkaria, idazkariordea, diruzaina eta kontadorea Gobernu Batzordeak izendatuko ditu egiten den lehenengo bileran aukeratzen diren kideen artean.

Lehendakariaren eta Gobernu Batzordeko gainerako kideen agintaldiak lau urtetarako izango dira. Berriz ere hautatu ahal izango dira.

44. artikulua.– Gobernu Batzordeko kide eta lehendakari izateak ohorezko izaera izango du. Kargu horietarako hautagaia izateko beharrezkoa izango da zehapen judizialik edo diziplinazkorik jaso ez izana, birgaitua izan denean eta eskubide zibil eta korporatiboak dituenean izan ezik.

Eskaera horiek betetzeaz gain, hautagai guztiek hautesle izan behar dute.

Beharrezkoa izango da hautesleak erroldan inskribatuta egotea, beren eskubideak osorik edukitzea eta elkargoko betebeharrak egunean izatea.

45. artikulua.– Hauteskunde erregimena.

1.– Deialdia.

1.1. Deialdirako erabakia.

1.1.1. Gobernu Batzordeak hartuko du hauteskundeetarako deialdia egiteko erabakia edo, hala egokituz gero, behin-behineko batzordeak, gutxienez 30 egun natural lehenago, estatutu hauetako 45. artikuluko azken paragrafoan xedatutakoa alde batera utzita.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluak edo, hori izan ezean, Espainiako Lan Harremanetako Graduatuen Kontseilu Nagusiak behin-behineko batzordea ezarriko du, Gobernu Batzordeko kargu batzuk hutsik gelditzen baldin badira eta elkargoan egindako azken hauteskundean boto-kopuruan hurrengoak direnak erabilita hutsuneen erdiak baino gehiago bete ezin direnean. Behin-behineko batzordea elkargokide zaharrenen lehenengo herenaren artean izendatuko da eta hauteskundeak deitu beharko ditu hogeita hamar eguneko epean.

1.1.2. Gutun edo posta elektroniko bidez emango zaie deialdiari buruzko erabakiaren berri elkargokide hautesleei, bete beharreko karguak eta hauteskundeen eguna adieraziz. Hauteskundeak urteroko Ohiko Batzar Nagusian egingo dira, edo apartekoan, lehendakariaren kargua edo bokal gehienena hutsik baldin badaude.

1.2.– Bete beharreko karguak.

Gobernu Batzordeko karguek lau urteko iraupena izango dute. Hautagaiak behin eta berriro hautatu ahal izango dira, mugarik gabe.

Honako hauek dira bete beharreko Gobernu Batzordeko karguak:

A) Lehendakari bat.

B) Gainerako kideak:

– Hogei elkargokideko bokal bat; inola ere ezingo dira izan bost baino gutxiago, ez hamabost baino gehiago ere. Bokal horietako bat enpresan jarduten duena, bi jarduten ez dutenak eta lau beren kasa jarduten dutenak izan beharko dute.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluak edo Elkargoen Kontseilu Nagusiak baimena eman ahal izango diote elkargoari, Gobernu Batzordeko kideak eta karguak gehitzeko edo murrizteko, behar bezala justifikatutako kasu berezietan, eta elkargoak eskatzen duenean

– Gobernu Batzordeak izendatuko ditu bokalek bete beharreko karguak, Gobernu Batzordearen lehenengo bileran, kide hautesle guztien arteko bozketa bidez eta lehendakariaren proposamenez.

2.– Sufragio aktiborako eskubidea (hautesleak).

Elkargokide guztiek izango dute hautesle izateko eskubidea, erroldan inskribatuta baldin badaude, beren eskubideak osorik baldin badauzkate eta elkargoko betebeharrak egunean baldin badituzte.

3.– Sufragio pasiborako eskubidea (hautagaiak).

3.1. Elkargokide guztiek izango dute hautagai gisa onartuak izateko eskubidea, legeen nahiz estatutuen araberako debekurik edo ezgaitasunik ez badaukate, hautesle izaera baldin badute, eskubide zibil eta korporatibo guztiak baldin badituzte, kargu zehatzetarako arau hauetan adierazten diren baldintzak betetzen badituzte eta beren beregi eskatzen baldin badute

3.2. Kargu hautatu bakoitzaren aginteak irauten duen denbora guztian eutsi beharko zaie hautagai izateko ezarritako betebeharrei, garatzen duen jarduera kontuan hartuta egokitzen zaion taldeari dagokionean izan ezik.

4. – Hauteskunde-mahaia.

4.1— Bozketa egiten den ohiko edo aparteko gobernu batzordeko mahaiak (Gobernu Batzordeak eratutakoa) egingo ditu hauteskunde-mahaiaren zereginak. Ezin izango dute mahaiko kide izan dagozkion hauteskundeetan aurkezten diren hautagaiak.

4. 2.– Gobernu Batzordeak, halaber, hauteskunde-mahaiko kideak izendatu ahal izango ditu, bi modu hauetako bat aukeratuz. Lehenengoaren arabera, kideak hauek izango dira: hiru elkargokide, horietatik lehendakaria izango da antzinatasun handiena duena, idazkaria antzinatasun txikiena duena eta bokala gazteena. Bigarrenaren arabera, zozketa bidez, honako baldintza hauek betetzen dituzten elkargokideen artean: hauteskundeen deialdia egin baino hilabete lehenagotik egon beharko dute elkargoan izena emanda, elkargoarekin dituzten ekonomia-betebeharrak egunean izan beharko dituzte eta ez dira izango Gobernu Batzordeko kideak, ezta hauteskundeetako hautagaiak ere.

Zozketa hori hauteskundeetarako deialdia egin eta hurrengo egunean egingo da, eta bederatzi pertsona aukeratuko dira: kargu bakoitzerako bana, eta dagozkien ordezkoak, kargu bakoitzerako bi.

Insakulatutako lehenengo hiru pertsonen artean izendatuko dira dagozkion karguak, elkargokide gisa duten antzinatasunaren arabera. Gainerako seien artean mahaiko kide bakoitzarentzako bi ordezko izendatuko dira, antzinatasunaren arabera hauek ere.

Hauteskunde-mahaiko lehendakari, idazkari eta bokal aukeratu dituztela jakinarazi beharko zaie interesdunei, hurrengo egunean, eta izendatutakoek bi eguneko epea izango dute kargua onartzea eragozten dien arrazoi justifikatua alegatzeko agiri bidez; deialdia egin eta bosgarren egunean eratuta geratuko da Hauteskunde Mahaia.

Justifikatutako ukoa eginez gero, berritutako Gobernu Batzordeko kidea izanez gero edo hautagaia izanez gero edo elkargoko eskubideak eten egin badizkiote, eta insakulatutako ordezkoak agortu badira, izendatzeko aurreikusita dagoen prozedura berberarekin ordeztuko dira.

5.– Hautesle-errolda.

5.1.– Hauteskunde-mahaiak osatuko du hautesle-errolda.

Hautesle-erroldak elkargokide guztien izenak izango ditu, alfabetoaren hurrenkeran, hauteskundeetarako deialdia egin den eguna baino hilabete lehenagotik elkargokide baldin badira, hautesle izateko baldintzak betetze badituzte eta sufragioko eskubideaz gabeturik ez baldin badaude.

5.2.–Hautesle-erroldan hautatzea ahalbidetzen duten datu guztiak sartuko dira: izena, bi abizenak, Nortasun Agiri Nazionala, elkargokide-zenbakia eta elkargokide-mota.

5.3.– Hauteskunde-mahaiak bozketa hasten den unera arteraino ebatziko ditu hauteskundeak baino berrogeita zortzi ordu lehenago arteraino egin daitezkeen erreklamazioak.

5.4.– Gainerako baldintzak bete baina kuoten ordainketak egunean ez dituzten elkargokideei, botoa ematea baimenduko zaie, ordainketa bozketa baino gutxienez hamar egun lehenago egiten badute.

6.– Hautagaitzak aurkeztea.

6.1.–Hautagaitza aurkeztu nahi duten elkargokideek hauteskundeak egin baino gutxienez hamabost egun lehenago egin beharko dute.

Jakinarazpen hori banaka nahiz taldeka egin daiteke; bertan agertzen diren hautagaiek sinatu egin beharko dute eta dagokion elkargo-ziurtagirien bidez C) eta D) puntuetan azaltzen direnak egiaztatu beharko dituzte.

A) Izen-abizenak, elkargokide-zenbakia eta elkargokide-mota, hautagaiarena eta ordezkoarena, hutsunerik izanez gero, lehendakari izateko hautagaien kasuan izan ezik.

B) Hautagaitza zein kargutarako aurkezten den.

C) Hautagaitza aurkezten den unean elkargoko kuotak eta derramak ordainduta izatea.

D) Elkargoko eskubide guztiak erabiltzeko moduan izatea.

E) Indarrean dagoen legeriaren arabera (apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretua) zin egiteko edo hitza emateko konpromisoa, eta bai estatutuetan jasotzen den lanbideko ordenamendu juridikoari men egitekoa ere.

6.2.– Hautagaiak ezin dira kargu bat baino gehiagora aurkeztu, eta ezin dute hautagaitza bat baino gehiagotan parte hartu.

7.– Hautagaiak aldarrikatzea.

7.1.– Hauteskunde-mahaiak aldarrikatuko ditu hautagaiak elkargoko iragarki-oholean, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta ondorengo bi egun baliodunetan

7.2.– Hauteskunde-mahaiak ebatziko ditu sor daitezkeen inpugnazioak, bozketak egin baino lehen.

7.3.– Aldarrikatutako hautagaien kopuruak ez badu gainditzen kargu bakoitzerako batzordeko bokalen kopurua, aldarrikapenak hautaketa ekarriko du berarekin, eta horrenbestez, hautaketa egin beharrik ez da izango. Gauza bera gertatuko da lehendakaria besterik aukeratu behar ez denean, hautagai bakarra aldarrikatzen bada.

8.– Hauteskunde-kanpaina.

8.1. Hauteskunde-kanpainako ekimenak ordenamendu juridikora egokitu beharko dira eta aldarrikatutako hautagaiek ordainduko dituzte. Hautagaiek hautesle-erroldaren kopia bana jasoko dute, elkargokide guztien helbideak jasotzen dituen etiketa-joko bat, eta bai hauteskunde-txartel eta kartazalak ere.

8.2. Hautagaiek ezingo dituzte erabili hauteskunde-kanpainarako elkargoarenak diren lokalak, ez bestelako baliabide materialak ere.

8.3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, botoa emateko txartelak eta gutunazalak elkargoan egongo dira, hautesleek bozketaren egunean erabili ahal ditzaten.

8.4.– Botoa emateko bi txartel eta kartazal mota izango dira, bata lehendakaria hautatzeko, eta bestea, beste kolore batekoa, Gobernu Batzordeko gainerako kideak hautatzeko.

9.– Posta bidezko botoa.

9-1- Botoa posta ziurtatu bidez eman ahal izango da, benetakoa eta sekretua dela bermatuz gero.

9.2. Bozketaren egunean elkargoaren egoitza kokatuta dagoen herrian edo bozketa egin behar den lokalean ez direla egongo, edo ezin dutela bertaratu aurreikusten duten hautesleek botoa posta bidez eman dezakete. Horretarako, hautesleek eskabidea egin behar diote hauteskunde-mahaiari, baldintza hauekin bat:

a) Hautesleak hauteskunde mahaiari eskatuko dio, deialdia egiten den egunetik hasi eta bozketaren aurreko hamargarren egunera arte, erroldan izena emanda dagoela dioen ziurtagiria.

b) Eskabidea norbera bertaratuta egingo da eta Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko da.

c) Eskabidea norberak egitea eragozten duen gaixotasuna edo ezintasuna izanez gero, beste pertsona batek egin ahal izango du eskabidea hauteslearen izenean. Ordezkapena egiteko pertsonari notarioak eman behar dio baimena, hautesle bakoitzari egingo zaion banakako agiri bidez. Agiri berean ezin dira hautesle bat baino gehiago sartu eta pertsona berberak ezin du hautesle bat baino gehiago ordeztu. Hauteskunde-mahaiak kasu bakoitzean egiaztatuko du paragrafo honetan aipatzen direnak betetzen direla.

9.3. Eskabide hori jaso ondoren hauteskunde mahaiak inskripzioa egiaztatuko du, erroldan dagokion ohartarazpena egingo du, hauteskundeetan hauteslea bertaratu eta botoa ematea gertatu ez dadin, eta eskatutako ziurtagiria egingo du.

9.4. Hauteskunde-mahaiak posta ziurtatu bidez bidaliko dizkio hautesleari, berak adierazi duen helbidera, edo helbiderik adierazi ez badu, erroldan azaltzen denera, hauteskunde-txartelak eta kartazalak, aurreko paragrafoan aipatutako ziurtagiriarekin batera, eta beste kartazal bat elkargoaren helbidearekin, "posta bidezko botoa" dioela.

9.5.– Hautesleak boto-txartela bete ondoren, botoa emateko kartazalean sartuko du eta itxi egingo du. Botoa emateko kartazala, ziurtagiria eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia hauteskunde mahairi zuzendutako kartazalean sartuko ditu eta posta ziurtatuz bidaliko ditu. Baliozkoak izango dira aipatutako baldintzak betetzeaz gain, hautestontziak itxi baino lehen hauteskunde-mahaira iristen diren kartazal guztiak.

10.– Artekariak.

Hautagaitza bateratu edo banakako hautagai bakoitzak artekari bat izendatu ahal izango du, erroldan hautesle gisa izena emanda daudenen artean, hauteskunde mahaiaren aurrean.

Artekariak hauteskunde mahaira joan eta eztabaidetan parte hartu ahal izango du, bozketarako adierazitako egunean, ahotsarekin baina botorik gabe.

11.– Bozketa.

11.1.– Gobernu Batzordean hutsik dauden karguak hautatzeko bozketak txartel bidez egingo dira beti; aldarri bidez egindako izendapenak ez dira baliozkoak izango.

11.2. Bozketaren hasieraren akta egin eta hauteskunde-mahaia bertan dauden kideek eta artekariek sinatuta eratu ondoren, bozketa hasiko da eta ezarritako ordura arte jarraituko du, etenik gabe.

11.3.– Bere kabuz jarduten duenaren eta enpresan jarduten duenaren botoak balio bikoitza izango du eta jarduten ez duenaren eta supernumerarioarenak balio sinplea; hori egin ahal izateko bi hautestontzi egongo dira xede bererako.

11.4. Hautesle bakoitzak x batekin adieraziko ditu txartelaren ezkerreko ertzean lehendakari eta bokal izateko hautagaiak.

11.5.– Hautesleek mahaiko lehendakariari emango dizkiote bozketako txartelak, gutunazal ofizialean sartuta, eta mahaiko lehendakariak dagokion hautestontzian sartuko ditu.

11.6.– Hauteskunde-mahaiko bokalak zenbakidun zerrenda batean idatziko ditu boto emaileen izen-abizenak, botoa emateko hurrenkeraren arabera, hautesleen erroldaren zerrendan duten zenbakia adierazita.

11.7.– Bozketa amaitu ondoren. Lehendakariak hautestontzian sartuko ditu posta bidez bidalitako boto-txartelak dauzkaten gutunazalak; aurretik adierazitako gorabeherak eta hauteslea erroldako zerrendan izena emanda dagoela egiaztatu beharko dira.

11.8.– Segidan hauteskunde-mahaiko kideek eta artekariek emango dute botoa.

11.9.– Azkenik hauteskunde-mahaiko kideek eta artekariek izenpetuko dute boto emaileen zenbakidun zerrendara, orri guztien ertzean eta idatzitako azken izenaren azpian.

12.– Zenbaketa.

12.1.– Bozketa amaitu ondoren hasiko da zenbaketa; hauteskunde-mahaiak egingo du zenbaketa eta jendaurrekoa izango da.

Boto-txartelak zenbatzeko hurrenkera hau da: lehenengo jardunekoak ez direnak; bigarren supernumerarioak; hirugarren enpresan jarduten duten elkargokideak; eta azkenik beren kasa jarduten dutenak.

12.2. Baliogabeko botoa izango da eredu ofizialeko gutunazal edo paperean ematen ez den botoa edo eredu ofizialean emana izan arren nolabaiteko aldaketa jasan duena (azaltzen diren hautagaien izenak aldatu, erantsi, nabarmendu edo ezabatzea, edo izenen hurrenkera aldatzea). Baliogabea izango da, baita ere, gutunazalik gabeko txartel bidez emandako botoa edo hautagaitza bat baino gehiago dauzkan gutunazal bidez emandakoa. Gutunazalak hautagaitza bereko txartel bat baino gehiago badauzka, baliozko boto bakartzat joko da. Boto baliogabetzat jo dira, halaber, bete beharreko kargu baino izen gehiago dauzkaten txarteletan emandako botoak.

12.3.– Boto zuritzat joko da txartelik ez duen gutunazala.

12.4. Zenbaketa amaitutakoan, gutunazalen kopurua eta goian aipatutako zerrendan idatzitako boto emaileena erkatuko dira.

12.5.– Ondoren, lehendakariak zenbaketaren aurka protestarik dagoen galdetuko du eta, ez baldin badago edo egonez gero mahaiak gehiengoz ebatzi ondoren, ozenki iragarriko du hauteskundeen emaitza. Emaitza ematen denean, lehendakariak honako xehetasun hauek emango ditu: erroldatutako hautesleen kopurua, aurkeztutako errolda-ziurtagirien kopurua, boto emaileen kopurua, baliogabeko txartel-kopurua, boto zurien kopurua eta hautagaitza bakoitzak lortutako botoen kopurua.

12.6.– Hautestontzietatik ateratako txartelak bertaratutako guztien aurrean suntsituko dira, boto baliogabeak edo erreklamazioren bat izan dutenak izan ezik; horiek aktari erantsiko zaizkio eta aktarekin batera jasoko dira, mahaiko kideek errubrikatu ondoren.

12.7.–Mahaiak berehala jakinaraziko ditu emaitzak aktaren bidez. Paragrafo honetako 5. puntuan adierazitako datuak jasoko ditu aktak, gerta daitezkeen erreklamazioak barne. Egindako zenbaketaren eta hautagaien aldarriaren aurka gerora egon daitezkeen errekurtsoak ebazteko ezinbestekoa izango da erreklamazioa unean bertan egin izana eta aktan jaso izana. Akta hauteskunde-mahaiko idazkariak baimenduko du eta artekariek eta mahaiko gainerako kideek izenpetuko dute, eta berehala ipiniko da elkargoaren egoitzako sarreran edo iragarki-oholean. Hautagaitza bakoitzaren ordezkariari aktaren kopia bana emango zaio, bertan egon eta eskatzen badute, edo hala egokituz gero, artekariei, ahalordedunei edo hautagaiei. Hautagaitza bakoitzeko ez da kopia bat baino gehiago emango.

Bi bokal edo gehiagoren artean boto zenbatekoari dagokionez berdinketarik baldin badago, elkargoan antzinatasun gehien dutenak aldarrikatuko dira hautetsitzat.

12.8.– Aurreko eragiketa guztiak burutu ondoren, mahaiko lehendakariak, bokalek eta artekariek bilkurako aktan izenpetuko dute.

Bilkurako aktak zehatz-mehatz adieraziko ditu honako hauek: hautesleen kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto baliogabeen kopurua, boto zurien kopurua, hautagaitza bakoitzak eskuratu dituen botoak, bozketaz eta zenbaketaz egindako erreklamazioen eta protesten laburpena, hala egokituz gero, eta mahaiak horiei buruz hartutako ebazpenak, boto partikularrak eta guzti, egonez gero. Halaber, bozketan eta zenbaketan egon den edozein gorabehera jasoko da.

13.– Kargua aldarrikatzea.

13.1.– Hauteskunde-mahaiak lehendakari kargua hautatuko du, beren beregiko bozketa izendun bidez; boto gehien jaso dituen hautagaia une horretantxe aldarrikatuko da hautetsitzat.

Boto zenbatekoari dagokionez berdinketarik baldin badago, elkargoan antzinatasun gehien duena aldarrikatuko da hautetsitzat.

13.2.– Lehendakariorde, diruzain eta idazkari karguak Gobernu Batzordeak izendatuko ditu Batzar Nagusiak hautatutako bokalen artean eta lehendakariaren proposamenaren arabera.

14.– Kontseilu Nagusiari jakinaraztea eta jabetza hartzea.

14.1.– Gobernu Batzordea eratzen denetik hasi eta bost eguneko epean jakinaraziko zaio eratu dela, Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoen Kontseilu Nagusiari eta, hala egokituz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluari. Horien bitartez, dagokion ministerioari eta autonomia erkidegoko sailari jakinaraziko zaio, osaeraren berri emanez eta legezko baldintzak betetzen direla jakinaraziz. Berdin egingo da edozein arrazoi dela medio Gobernu Batzordearen kideak aldatzen direnean.

14.2.– Lehendakari eta Gobernu Batzordeko gainerako kide gisa karguak jabetzan hartu aurretik, hautatutakoek apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan ezartzen den zin egitea edo hitz ematea egin beharko dute.

14.3.– Hautatzen duten unean bertan hartuko du kargua jabetzan lehendakariak, eta gainerako kideek lehenengo Gobernu Batzordean.

15.– Errekurtsoak.

Hauteskunde-batzordeek eta hauteskunde-mahaiek hauteskundeei buruz hartutako erabakien aurka estatutu hauetan oro har ezarritako errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira. Errekurtso horiek ez duten erabakien etendurarik ekarriko.

46. artikulua.– Norberak emango du botoa eta sekretua izango da, elkargokideen parte hartze aske eta berdintasunezkoaren printzipioari egokituta, horretarako deitutako hauteskundean egiten direnean, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 lege Organikoaren 72.etik 75.era bitarteko artikuluetan edo Kontseilu Nagusiaren edo Autonomikoaren araubidean ezartzen den bezala, benetakotasuna bermatzeko.

47. artikulua.– Hauteskundearen emaitza inpugnatu ahal izango da, elkargoko egintzen aurkako errekurtsoetarako estatutu hauetan egiten diren aurreikuspenen arabera.

48. artikulua.– Lehendakari eta Gobernu Batzordeko gainerako kide gisa hautatutakoek karguak jabetzan hartu aurretik, estatutu hauetako 47. artikuluan adierazten den zin egitea edo hitz ematea egin beharko dute.

Hautatzen duten unean bertan hartuko du kargua jabetzan lehendakariak, eta gainerako kideek lehenengo Gobernu Batzordean, eskumena duten agintarien aurrean egiten den protokolozko ekitaldia alde batera utzi gabe.

Kontseiluak batzordea osatzen denetik 5 eguneko epea adierazten du.

Gehienez ere hilabeteko epean jakinarazi beharko zaio Gobernu Batzordearen osaera lanbide-elkargoen arloan eskumena duen sailari.

49. artikulua.– Edozein arrazoirengatik Gobernu Batzordeko karguren bat agintearen arauzko indarraldia amaitu baino lehenago hutsik gelditzen bada, txartelean ordezko gisa ageri denak beteko du kargua, hutsunea eragin duen kideari betetzeko falta zaion denborarako.

Salbuespena izango da lehendakaria, horren ordezkoa lehendakariordea da arauz eta, estatutu hauetan ezarri bezala beste lehendakari bat hautatu arte.

50. artikulua.– Gobernu Batzordea gutxienez hilean behin bilduko da; eta lehendakariak deitzen duenean edo kideen ehuneko hogeik eskatzen duenean ere bilduko da.

Gobernu Batzordeko kide guztiek nahitaez joan beharko dute bileretara. Jarraian hiru bileretara edo urtebeteko epean jarraian izan gabe bost bileretara behar bezala justifikatu gabe huts eginez gero, berehala kargutik kentzeko zehapena jaso dezakete. Dena dela, horrek ez du bazter uzten estatutu hauetako 68. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.

51. artikulua.– Elkargokideek lehendakariari, Gobernu Batzordeko kideren bati edo Gobernu Batzorde osoari zentsura-mozioak aurkeztu ahal izango dizkiote. Elkargoko kideen bi herenek sinatu beharko dute zentsura-mozioa. Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialeko Batzar Nagusiak eztabaidatu, eta hala egokituz gero, onartuko du.

HIRUGARREN ATALA
LEHENDAKARIA ETA GOBERNU BATZORDEKO GAINERAKO KIDEAK.

52. artikulua.– Lehendakariak elkargoaren ordezkaritza izango du, dela epaiketan edo epaiketetatik kanpora, elkargoko erabaki guztien betearazlea izango da, Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzordearen eta lan-batzordeen saioak deituko eta gidatuko ditu, elkargoko organoen lana koordinatuko du, guztien buru izango delarik, eta berdinketak ebatziko ditu kalitateko botoarekin, bi bozketa egin ondoren berdinketak jarraitzen badu. Halaber, ordezkotzaz hartuko ditu elkargoaren egiteko guztiak, presako arrazoiak direla eta beraren ustez beharrezkoa denean, eta ebazpenak eta neurri egokiak hartu ahal izango ditu bere erantzukizunpean, Gobernu Batzordearen jakinaraztea eta baliokidetzea ere eska ditzakeelarik. Kobrantzak eta ordainketak aginduko ditu, elkargoko agiriak sinatuz eta idazkariak egindako ziurtagiriak eta Batzar Nagusiko eta Gobernu Batzordeko aktak bere oniritziarekin baimenduz, eta elkargoko administrazio-lanak koordinatu eta gidatuko ditu, idazkariarekin batera.

53. artikulua.– Lehenengo eta bigarren lehendakariordeek ordeztuko dute lehendakaria, lehendakariak bere egitekoak ezin dituenean gauzatu, eta baita lehendakariak agintzen dieten batzorde guztietan ere, etengabe; kasu horretan egitekoak nola garatu dituzten jakinarazi beharko diote lehendakariari.

54. artikulua.– Idazkariari dagokio, fede-emailea denez, aktak eta gutun ofizialak idaztea, lehendakariarekin batera elkargoaren administrazio-lanak zuzentzea, eta bai dokumentazioa artxibatzea eta zaintzea ere. Haren esku egongo da, halaber, lehendakariaren oniritziarekin ziurtagiriak ematea, elkargokideen sinadurak legeztatzea eta elkargoaren urteroko memoria idaztea.

Elkargoko zerbitzu guztien eta langile-zerrendako pertsona guztien kontrol zuzenaz eta berehalakoaz arduratuko da, halaber; langileen burua izango da. Elkargoko informazio-orriko zuzendaritza egokituko zaio, halaber,elkargokideak informatzeko. Elkargora iristen diren eskaera eta komunikatu guztiak jasotzea eta horien berri lehendakariari ematea ere berari dagokio.

55. artikulua.– Idazkariordeak ordeztuko du idazkaria, ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, idazkariak dituen ahalmen eta betebehar berberekin. Idazkariak behar duen aldioro lankidetza eskainiko dio, halaber.

56. artikulua.– Diruzainak bere ardurapean gordeko ditu gutxienez beharrezkotzat jotzen diren fondoak, finantza-erakunde batean sartuta eduki beharko ditu elkargoaren fondoak, eta Gobernu Batzordeak hartutako erabakiekin bat inbertituko ditu (horrek ez ditu alde batera utziko lehendakariak agindu ditzaken kobrantzak eta ordainketak) eta elkargoaren ondareari dagokiona ere zainduko du.

Egiteko hauek dagozkio, gainera: Gobernu Batzordeari aldian-aldian diru-sarreren eta gastuen berri ematea, eta bai aurrekontuaren zenbatekoarena ere, eta urtero mugaeguneratutako urteko kontuak gauzatzea. Kontabilitatea kontrolatu eta kaxa egiaztatu behar ditu, halaber, elkargoko kapitalaren errentak eta interesak kobratu eta administratu behar dituen elkargo-ondasun guztien inbentario zehatza egin.

57. artikulua.– Kontadoreari dagokio kontabilitateko agiri guztien kontu hartzea, eta bai urteko balantze, kontu eta aurrekontu guztiak Batzar Nagusiak onar ditzan idaztea ere.

Kontadoreak eta diruzainak elkar ordeztuko dute bietakoren bat falta denean, hutsunea edo gaixotasuna izanez gero; bata bestearekin elkarlanean arituko da, halaber, bere egitekoetan.

LAUGARREN ATALA
ELKARGOKO GAINERAKO ORGANOAK

58. artikulua.– Gobernu Batzordeak ondoren aipatzen diren batzordeak sortu ahal izango ditu, behin betiko nahiz aldi baterako izaerarekin; batzorde horietako karguak ohorezko izaera izango dute.

Kultura eta lanbide-prestakuntzako batzordea.

Egiteko hauek izango ditu:

A) Egoki irizten diren ikastaroak, hitzaldiak eta solasaldiak antolatzea, elkargokideak prestatzeko eta elkargokideen prestakuntza hobetzeko.

B) Elkargoko liburutegia antolatzea eta eguneratzea.

C) Elkargokideei informazio zientifikoa eta teknikoa emateko zerbitzua.

D) Gai juridikoetan eta gizarteko eta laneko gaietan sakondu ahal izateko mintegiak eta lan-taldeak etengabe antolatzea eta garatzea.

Lanbide-prestakuntzarako sustapena eta garapena, eta bai profesional guztiek beharrezkoa duten etengabeko hobekuntza eta birziklapena ere.

Intrusismoaren eta bidegabeko lehiaren batzordea.

Batzorde horren xedea pertsona, entitate, enpresa-elkarte eta sindikatuei lan-harremanetako graduatuen eskumenen eremuan sartzea ekiditea izango da, eta bai bidegabeko lehia eragin dezaketen egintzak antzematea ere, urtarrilaren 10eko 3/1991 Legean azaltzen den bezala. Horretarako, proposamenak egingo dizkiote Gobernu Batzordeari bidezkoak diren administrazio-espediente eta ekintzei buruzkoak, dagokion jurisdikzioaren aurrean, aurretik parte hartzen diren salaketen eta agirien berri emanez.

Batzorde honek harremanak izan beharko ditu, etengabe, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta eragina izan dezaketen lanbide-elkargoekin.

Etikako eta lanbide-sarien batzordea.

Ekargokideek etikari eta deontologia kodeari egokitzen ez zaizkien jarduerak eginez gero, batzorde honek Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio; halaber, lanbide-sari orientagarrien eguneratzearen jatorriaren berri emango dio, eta elkargokideen minuten aurka egin daitezkeen erreklamazioei buruz ere iritzia emango du.

Lehendakaritzari aholkuak emateko batzordea.

Elkargoko interesak ahalik eta ondoen betetzeko interesgarri jotzen dituen gaiei buruz elkargoko lehendakaria uneoro jakinaren gainean edukitzea izango du egitekoa. Elkargoko lehendakari ohi guztiez osatua egongo da eta Gobernu Batzordeari proposatuko dio merezi duten pertsonei eta erakundeei elkargo-merezimenduaren dominak ematea eta ohorezko elkargokideak egitea.

Harreman publikoetarako eta erakundeetarako batzordea.

Elkargoaren interesetarako eta interes orokorrerako komenigarriak diren gai guztiak proposatzea eta jakinaraztea izango du egitekoa. Egungo eskakizunekin hobeto datorren lanbide-irudia zabalduko du, halaber, gizarteko komunikabideen bitartez.

Xede berarekin, elkargoaren ordezkaritza eskatzen duten ekitaldi guztietan parte hartzea iradokiko dio lehendakaritzari, hala nola, hitzaldietan, kongresuetan eta lanbide-batzarretan. Halaber, Gobernu Batzordeari harremanak zein erakunde publikorekin edo pribaturekin izan proposatuko dio, elkargoak gizartean erakunde mailako proiekzio egokia izan dezan harreman errazak eta etenik gabekoak ezartzearren.

Estatutu hauetan ezartzen diren batzordeez gain, Gobernu Batzordeak egoki iritzi dituen guztiak sortu ahal izango ditu, behin betiko edo aldi baterako izaerarekin, eta batzorde bakoitzaren egitekoak eta jardunbide-araudia zehaztuko ditu.

Elkargoko lehendakaria izango da batzorde eta ponentzia guztien buru, joaten denean, edo bestela, lehendakariak izendatzen duen Gobernu Batzordeko kidea. Lehendakariaren edo bere ordezkariaren erabakiek proposamen izaera izango dute eta Gobernu Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio, onartuak edo ezetsiak izan daitezen, elkargo bakoitzeko estatutuetan aurreikusten diren salbuespenekin.

BIGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ERABAKIAK
LEHENENGO ATALA
BATZAR NAGUSIAREN ETA GOBERNU BATZORDEAREN ERABAKIAK

59. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak bertaratutakoen boten gehiengoarekin hartuko ditu erabakiak, estatutu hauetako 3., 40. eta 41. artikuluetan bozketetarako eta botoa eman ahal izateko ezarritako baldintzetan.

2.– Erabakiek elkargokide guztiak behartzen dituzte, hartzen diren unetik hasita, kapitulu honetako bigarren atalean ezartzen dena alde batera utzi gabe.

60. artikulua.– 1.– Gobernu Batzordeak botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak.

2.– Baliozko erabakiak hartzeko nahikoa izango da bertaratutako kideen gehiengo soila edo erlatiboa izatea, estatutu hauetan ezarritako "quorum" berezia behar denean izan ezik.

3.– Batzar Nagusietan, Gobernu Batzordeetan eta batzordetako bileretan ez dira baliozkoak izango posta bidez eskuordetutako botoak.

61. artikulua.– Nolanahi ere, lehendakariaren botoak ebatziko ditu berdinketak.

62. artikulua.– Ohiko eta Aparteko Batzar Nagusiaren erabakiak berehala betearaztekoak izango dira, Gobernu Batzordeak berak beste zerbait xedatzen duenean izan ezik.

63. artikulua.– Erabakien baliogabetasuna, deusezak edo deuseztagarriak direla zehaztea, Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitakoaren arabera egingo da.

BIGARREN ATALA
ERABAKIEN ETA HORIEN INPUGNAZIOAREN ARAUDIA

64. artikulua.– 1.– Beren egitekoak betetzerakoan Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzordeak hartutako akordioak eta lehendakariak eta elkargoko organoek hartutako erabakiak berehala betearaztekoak izango dira, akordioak berak beste zerbait ezartzen duenean edo elkargokideen diziplina-araubideari dagokionean izan ezik.

2.– Lehendakariak edo lehendakaritzan ordeztu duenak eta idazkariak edo idazkari lanak egin dituenak sinatuko ditu aktak.

3.– Gobernu Batzordeak hartutako akordioen aurka gora jotzeko errekurtsoak jar daitezke dagokion Kontseiluan, hilabeteko epean, argitaratzen denetik aurrera edo, hala egokituz gero, interesdunari jakinarazten zaionetik aurrera.

Erabakia eman zuen Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio errekurtsoa eta honek dagokion kontseiluari igorriko dio hamar eguneko epean, horrekin batera, bere txostena eta espedientearen kopia osoa eta ordenatua bidalita.

Errekurtsoa aurkeztean adierazi behar dira:

a) Errekurtso-egilearen izen-abizenak, eta jakinarazpenak jasotzeko bidea eta, hala badagokio, lekua ere.

b) Zein egintzaren aurka egiten den errekurtsoa eta zergatik.

c) Errekurtsoa egiten duen pertsonaren datuak, eta errekurtsoaren lekua eta eguna.

d) Zein organori aurkezten zaion.

e) Xedapen berezietan ezarritako gainerako zehaztasunak.

4.– Errekurtsoa aurkezteak ez du aurka egindako egintza betearaztea eteten, xedapen batek aurkakoa ezartzen duenean izan ezik. Izan ere, kontseiluak erabaki dezake egintzaren betearazpena etetea, bere kabuz edo errekurtso-egileek eskaturik, errekurritutako egintza betearazteak konpon ezinezko edo konpontzeko oso zailak diren kalteak ekar baditzake, baina, horretarako, arrazoiak emanda; neurtu egin behar du, batetik, etendurak zer-nolako kalteak eragin diezazkiokeen elkargoaren interesari edo beste inori, eta bestetik, errekurtsoa izan duen egintzaren berehalako eraginkortasunak zein kalte egiten dion errekurtso-egileari. Erabaki dezake egintzaren betearazpena etetea, halaber, inpugnazioaren oinarrian estatutu hauetako 70.3. artikuluan aurreikusten den zuzenbide osoko deuseztasuneko kausaren bat baldin badago.

Hogeita hamar eguneko epean hartu beharko da eteteko erabakia, eskabidea egiten denetik aurrera, eta epe hori igaro ondoren beren beregiko ebazpenik ematen ez bada emandakotzat jo beharko da.

65. artikulua.– 1.– Interes legitimoa duen edozein elkargokidek errekurritu ditzake Gobernu Batzordearen erabakiak, dagokion kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, erabakia hartzen denetik aurrera.

2.– Erabat deusezak izango dira elkargoko organoen egintzak baldin eta:

a) Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunen funtsezko edukiari kalte egiten badiete.

b) Gaia edo lurraldea dela eta, argi eta garbi eskumenik ez duten organoek eman badituzte.

c) Ezinezko edukia badute.

d) Zigor-zuzenbideko arau-hauste badira edo hauste horren ondorioz eman badira.

e) Legez ezarritako prozedura erabat alde batera utziz edo kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko funtsezko arauak guztiz bazterturik eman badira.

f) Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak nahiz presuntziozkoak, baldin eta egintza horiek ahalmen edo eskubideak eskuratzeko bide ematen badiete, horretarako funtsezko betekizunak ez dituztenei.

g) Lege-mailako xedapen batean berariaz ezartzen bada.

3.– Deuseztagarriak dira elkargoko organoen egintzak, ordenamendu juridikoa hausten badute, agintea desbideratzen dutenak barne.

4.– Formazko akatsak bakar-bakarrik ekarriko du deuseztagarritasuna egintzak bere helburua lortzeko formazko ezinbesteko baldintzak betetzen ez dituenean, edo interesdunak babesik gabe uzten dituenean.

5.– Ezarritako epetik kanpo egindako jardunak, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik ekarriko du egintzaren deuseztagarritasuna.

LAUGARREN TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

66. artikulua.– 1.– Estatutu honetan eta lanbideari aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitako lanbide-eginbeharrak betetzen ez dituzten lan-harremanetako graduatuek diziplinazko erantzukizuna izango dute, dagozkion bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboa alde batera utzi gabe.

2.– Diziplina-zehapenak horretarako instruitutako espedienteen indarrez ezarriko dira, interesdunari entzunaldia egin ondoren, eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideetan jarduteari buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 19.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz.

DIZIPLINAZKO ERANTZUKIZUNA.
HUTSEGITEAK ETA ZEHAPENAK

67. artikulua.– 1.— Lan-harremanetako graduatuek egindako hutsak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

2.– Hutsegite oso larriak dira:

a) Lanbidean jardutean doluzko delituak egitea; ez da kontuan hartuko, hutsegitea egiten duenak zenbateraino parte hartu duen.

b) Estatutuetan ezartzen den bateraezintasun-erregimena haustea.

c) Ematen diren agirietan kontsignatutako datuak gaiztakeriaz aldatzea, horrek delitua baldin badakar.

d) Lanbide-intrusismoa eta hori estaltzea.

e) Bi urteko epean, gutxienez, bi arau-hauste larri egitea.

f) Kalifikazio hori izango dute, gainera, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15.1. artikuluan jasotzen diren guztiak.

3.– Hutsegite larriak dira:

a) Lanbidearen duintasunaren eta eraentzen duten arau etikoen eta estatutu hauetan jasotako betebeharren aurkako irain larriak edo omisioak egitea.

b) Lanbideko betebeharretan eta korporatiboetan atzerapenak, zabarkeriak eta axolagabekeriak etengabe gertatzea, kaltea edo galera baldin badakarte.

c) Estatutuak edo elkargoko organoek beren eskumenen esparruan hartutako erabakiak ez betetzea.

d) Elkargoko kargei arreta eskaintzeko betebeharra behin eta berriro ez betetzea, larritasun handiagoko hutsa denean izan ezik.

e) Kontseilu Nagusiko, autonomia erkidegoetako kontseiluetako eta Gobernu Batzordeko kideen duintasunaren eta ohorearen aurka erasotzea, beren egitekoak betetzen ari direnean, eta bai lankideen aurka lanbidean ari direnean ere.

f) Errespetua galtzea Kontseilu Nagusiko, Autonomia Erkidegoetako Kontseiluetako eta Gobernu Batzordeko kideei beren jardunean ari direnean, dela egitekoengatik nahiz ez-egitekoengatik.

g) Begirunerik eza larria agintariei, bezeroei edo lankideei, euren lanbide jardunean.

h) Bidegabeko edo legezkoa ez den lehia dakarten egintzak burutzea.

i) Kontseiluko edo dagokion elkargoko lehendakariaren zitazio batera justifikaziorik gabe ez joatea, horrek korporazioari kalte larria dakarkionean.

j) Lan-harremanetako graduatu gisa ezagutarazteko publizitate-baliabideen erabileraren berri elkargoari emateko derrigortasuna ez betetzea, publizitateari buruz elkargoko organoek xedatzen dituzten arauak haustea, eta publizitatea Gobernu Batzordearen baimena eskuratu gabe egitea.

k) Bulegoen, sukurtsalen edo bulego kolektiboen jakinarazpenari buruz edo, hala egokituz gero, baimenari buruz ezarritako preskripzioak ez betetzea

l) Benia edo baimena hemen ezarrita bezala eskatzeko betebeharra ez betetzea.

m) Kalifikazio hori izango dute, gainera, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15.2. artikuluan jasotzen diren guztiak.

4.– Hutsegite arinak dira:

a) Lanbideko betebeharretan atzerapenak edo zabarkeriak etengabe gertatzea, kalte edo galera nabarmena ez baldin badakarte.

b) Kontseilu Nagusiko, autonomia erkidegoetako kontseiluko eta Gobernu Batzordeko kideei errespetua galtzea eginbeharrak betetzerakoan, hutsegite larria edo oso larria ez badira.

c) Aurreko artikuluan adierazitako egintzak, baldin eta arau-hauste larritzat jotzeko adinakoak ez badira.

68. artikulua.– Honako zehapen hauek ezar daitezke:

1.– Hutsegite oso larriak dira:

a) Lanerako gaitasun-gabetzea, urtebete eta egun baterako gutxienez eta hogei urterako gehienez, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluak xedatutakoari jarraiki.

b) 3.005,07 eta 30.050,61 euro arteko isuna.

2.– Hutsegite larriak dira:

a) Lanerako gaitasun-gabetzea, urtebeterako gehienez, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluak xedatutakoari jarraiki.

b) 300,51 eta 3.005,06 euro arteko isuna.

3.– Hutsegite arinak dira:

a) Ohartarazpena.

b) Isuna: gehienez, 3.005,06 eurokoa.

4.– Arau—hauste bategatik egileak diru-etekina atera badu, isuna handiagoa izango da: etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren —aurreko gehienezko kopuruekin alderatuko da—, gutxienez etekina eta gehienez etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio ordaindu beharreko isunari.

5.– Zehapenak kasuan kasuko zirkunstantzien arabera zehaztuko dira.

6.– Zehapen horiez gainera, beste edozein erantzukizun badago, zehatuek erantzun egin beharko dute.

7.– Elkargoek diziplina-ahalmena erabiliz jasotzen dituzten isun-ordainketa guztiak etengabeko lan prestakuntzako jarduerak ordaintzeko erabiliko dira. Helburu horrekin, eta dagokion prozedura erabiliz, beharrezko neurriak hartuko dira kasu bakoitzerako ezarrita dagoen arautegiaren arabera.

Autonomia erkidegoak bere diziplina-ahalmena gauzatzerakoan hautematen dituen isunen emaitza Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuko da.

PROZEDURA

69. artikulua.– 1.– Diziplinazko hutsegiteengatik zehapenak ezartzeko prozedura azaroaren 21eko 18/1997 Legeak –tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa– xedatutakoari egokituko zaio.

2.– Gobernu Batzordeari dagokio diziplina-espedientea hastea. 1.– Diziplina espedientea irekitzeko erabakian bertan aukeratuko dira espedienteko instrukzio-egilea eta idazkaria, bai izaera orokorrez izendatuta badaude, bai bereziki kasu horretarako izendatu badira.

Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetako abstentzioari eta errefusatzeari buruz ezarritako arauak izango zaizkie aplikagarri instrukzio-egileari eta idazkariari.

3.– Gobernu Batzordeak du isunak ezartzeko erabateko eskumena. Horretarako deitutako bilkurara bertaratutako kideek isilpean emandako botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak Gobernu Batzordeak, espedientearen instrukzio-egile lanak egin dituen kidea kanpo utzita.

70. artikulua.– Gobernu Batzordeak erabakiko du hutsegite oso larriagatik ezarri beharreko isuna, isilpeko bozketaren bidez eta bertako kideen bi herenen adostasunarekin. Justifikaziorik gabe bertaratzen ez den batzordeko kideak elkargoko artezkaritza-organoko kide izateari utziko dio.

71. artikulua.– Estatutu hauetako hirugarren tituluko bigarren kapituluan xedatutakoaren arabera gidatuko dira Gobernu Batzordeak zehatutako erabakien aurkako errekurtsoak.

72. artikulua.– 1.– Dagokion autonomia erkidegoko elkargoen kontseiluari dagozkio elkargoetako gobernu batzordeetako eta autonomia erkidegoetako elkargoen kontseiluetako kideei dagozkien diziplina-ahalmenak.

2.– Kontseilu Nagusiak izango du bertako kideen diziplina-ahalmenari dagokion ahalmena.

3.– Autonomia erkidegoetako edo Kontseilu Nagusiko elkargoen kontseiluko erabakien aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio kontseiluari berari, aurreko paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu baino lehenago.

73. artikulua.– Gobernu Batzordeak titulu honetako aginduak garatu ahal izateko egoki iritzi dituen arauak eman ahal izango ditu. Nolanahi ere, zehatzeko zuzenbidean bermerako ezarritako gutxieneko arauak errespetatu beharko dira, eta bai arloko konstituzio-printzipioak ere..

74. artikulua.– Zehapenak jartzerakoan, egindako arau-haustearen larritasunaren neurrikoa izan behar du zehapenak. Zein zehapen jarri erabakitzeko irizpide gisa kontuan hartuko dira ekintza behin eta berriz nahita egin izana eta eragindako kalteak zer-nolakoak diren.

75. artikulua.– 1.– Diziplinazko hutsegiteak administrazio-bidean irmoak direnean betearaziko dira.

2.– Lanbidea gauzatzeko etendura dakarten zehapenek eraginak izango dituzte lan-harremanetako Espainiako elkargo guztietan eta Kontseilu Nagusiari jakinarazi beharko zaizkio, Kontseilu Nagusiak gainerako elkargoetara igor ditzan. Elkargoek zehatutako pertsona ez dute bertan sartuko edo gaituko zehapena indarrean dagoen bitartean.

76. artikulua.– 1.– Elkargokideen diziplina erantzukizuna iraungitzeko erak: zehapena betez, elkargokidearen heriotza, eta hutsegitea edo zehapena indargabetzea.

2.– Elkargoan baja hartzeak ez dakar berarekin alta-aldian sortutako diziplina erantzukizuna iraungitzea. Aitzitik burutu egingo da diziplina prozedura eta eten zehapena, harik eta elkargokideak —berriro ere elkargoan alta hartzen badu— zehapena bete arte.

PRESKRIPZIOA

77. artikulua.– 1.– Hutsegite oso larriak hiru urtera preskribatuko dira, larriak urte bira eta arinak urtebetera.

2.– Arau-haustea egin zen egunetik hasita zenbatuko da arau-haustearen preskripzio-epea.

3.– Zehapen-prozedura bat hasiz gero, eta elkargokidea horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da. Zehapen-espedientea bi hilabete baino gehiago geldirik badago, eta horren errua ez bada zehatutako elkargokidearena, preskripzio epea berriz hasiko da.

4.– Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenek hiru urtera preskribatuko dira, hutsegite larriengatik ezarritakoek bi urtera, eta hutsegite arinengatik ezarritakoek sei hilabetera.

5.– Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezarri duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

6.– Preskripzio-epearen zenbaketa geldirik geratuko da, betearazteko prozedura hasten bada, elkargokidea jakitun dela. Zehatutako elkargokideari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela eta, prozedura hori sei hilabetetik gora geldirik bada, berriro jarraituko da epea zenbatzen.

7.– Zehatutako elkargokideak zehapena betetzea urratzen badu, zehapena preskribatzeko epea urratzea gertatu den egunetik hasiko da kontatzen.

ZUZENKETAK ETA DIZIPLINA-ZEHAPENAK IDAZTEA

78. artikulua.– 1.– Lan-harremanetako epaitegiek edo auzitegiek ezartzen dituzten diziplinako zuzenketak zehatutakoaren espedientean jasoaraziko dira, Gobernu Batzordeak justifikatutako arrazoiren batengatik bidezkoa ez dela jotzen duenean izan ezik.

2.– Diziplina-zehapen korporatiboak norberaren espedientean jaso beharko dira, nolanahi ere.

DIZIPLINA-ZEHAPENAK EZEZTATZEA.

79. artikulua.– 1.– Agiraka pribatuko zehapenen eta ohartarazpenen idatzoharrak etenik gabe geldituko dira, irmo bihurtu eta sei hilabeteko epea pasatzeagatik, epe horretan zehatutakoak ez badu zehapenaren ezarpena amaitzen duen beste diziplina-prozedurarik eragin.

2.– Etendura-zehapenaren idazpena ezeztatu ahal izango da, interesdunak hala eskatuta, zehapen irmoa ezarri eta gutxienez bi edo lau urte igarotzen direnean, hutsegite larria edo oso larria izan, eta tarte horretan zehatutakoak ez badu eragin zehapenaren ezarpena amaitzen duen diziplina-prozedurarik.

3.– Elkargotik bidaltzeko zehapenarekin zehatutako elkargokideak birgaitzea eskatu ahal izango dio Gobernu Batzordeari, zehapenaren ezarpen irmoa egin eta gutxienez sei urte igaro direnean. Horretarako, dagokion espedientea izapidetuko da, interesdunari entzunaldia egingo zaio, Gobernu Batzordeak arrazoizko ebazpena emango du, isilpeko bozketan, eta beharrezkoa izango da kideen bi herenak aldeko botoa ematea.

BOSGARREN TITULUA
EKONOMIA ETA FINANTZA ARAUBIDEA
LEHENENGO KAPITULUA
BALIABIDE-MOTAK

80. artikulua.– Hauek dira elkargoaren baliabide arruntak:

A) Sartzeagatik edo gaitzegatik kobratzen direnak, ohiko eta aparteko kuotak, derramak ere barne.

B) Elkargoko ondarea osatzen duten ondasun edo eskubideen etekinak.

C) Ordaindutako txosten, irizpen, azterketa eta bestelako zerbitzuak lantzeko ezartzen diren eskubideak.

D) Ziurtagiri fede-emaileak ematetik eta agiriak konpultsatzetik edo ematetik lortutako diru-baliabideak.

E) Elkargoko inprimakien eta argitalpenen salmentatik, eta ikastaroen, mintegien eta hitzaldien antolaketatik eratortzen direnak.

F) Gobernu Batzordeak ezarritako beste kontzeptu batzuengatik eratortzen direnak, legezkoak baldin badira.

81. artikulua.– Hauek dira elkargoaren aparteko baliabideak:

A) Jatorri publiko edo pribatuko dotazioak edo diru-laguntzak.

B) Herentziaz eta doako edo kostu bidezko tituluekin eskuratutako beste edozein ondasun.

C) Legez eratortzen den eta baliabide arrunt ez den beste edozein.

82. artikulua.– Elkargoa zaintzeko beharrezkoak diren gastuak, arruntak nahiz apartekoak, elkargo-mota anitzen artean banatuko dira, proportzioaren, elkargokide-kopuruaren eta beste gorabehera batzuei buruzko irizpideak kontuan hartuta, Gobernu Batzordearen iritziz zuzenena den banaketa lortu ahal izateko.

83. artikulua.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren kontu-ikuskapeneko txostena egingo da urtero, Batzar Nagusiak izendatutako bi elkargokideren edo Gobernu Batzordeak izendatutako kanpoko kontu-ikuskaritza baten bitartez.

BIGARREN KAPITULUA
INBERTSIOAK, ZAINTZA
ETA ADMINISTRAZIOA

84. artikulua.– 1.– Elkargoko Gobernu Batzordeak inbertitu, administratu eta zainduko du elkargoko ondarea.

2. Elkargoko ondarea bere izaera korporatiboari arreta emateko inbertituko da eta Gobernu Batzorde osoa izango da inbertsioen erantzulea, eta bai Batzar Nagusiaren edo Estatutuko edo autonomia erkidegoko elkargoen kontseiluko erabakietan estatutu hauetan xedatutako ez betetzeagatik sor daitezkeen kalteen erantzulea ere.

85. artikulua.– Elkargoa desegiten bada, egiteke dauden betebehar guztiak burutu ondoren gelditzen den ondarerik izanez gero, Estatuko Kontseilu Nagusiaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluaren esku geldituko da.

SEIGARREN TITULUA
ELKARGOKO LANGILEAK

86. artikulua.– Egiteko korporatiboak gauzatu ahal izateko, Gobernu Batzordeak kudeatzaile bat kontratatu ahal izango du. Kudeatzailea izango da lehendakariak edo idazkariak agintzen dizkion egitekoen erantzulea Gobernu Batzordearen aurrean.

ZAZPIGARREN TITULUA
DESEGITEA ETA LIKIDATZEA.

87. artikulua.– 1.– Bizkaiko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoa desegiteko beharrezkoa izango da Eusko Legebiltzarraren legea, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 31.3. artikuluan aurreikusten den ustezkoa izan ezik.

Elkargoa desegiteko eta likidatzeko arrazoiak ondorengoak izango dira:

a) Elkargoak dituen helburuak —estatutuen 5. artikuluan adierazitakoak— lortzea ezinezkoa dela argi eta garbi ikustea.

b) Elkargoaren gobernu organoak behin betiko ezerezean gelditu, eta horien funtzionamendua eta berriro martxan jartzea ezinezkoa denean.

c) Lanbide bereko beste elkargoren batekin edo batzuekin bat-egitea, elkargokideen hiru laurdenek horretarako deitutako Aparteko Batzar Nagusian hala erabakitzen badute. Erabakia Eusko Jaurlaritzara igorriko da, zuzenbidearekin bat izapideak egin ditzan.

2.– Elkargoa desegiteko prozedurak arbitratuko du likidazio-epea. Elkargoa desegitea baimentzen duen legeak bere ondarearen likidazioa ezarriko du eta soberakinik egonez gero horrekin zer egin behar den ezarriko du Batzar Nagusiak erabakitzen duenaren arabera.

ALDI BATERAKO XEDAPENA

Urriaren 26ko 1428/1990 Errege Dekretuko xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, errege dekretu horretan lan-harremanetako diplomatu tituluaren beraren eragina lan-harremanetako graduatu unibertsitate-tituluarentzat ere baliagarria izango da.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala