Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

156. zk., 2006ko abuztuaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
4179

AGINDUA, 2006ko uztailaren 3koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, urriaren 21eko 258/2003 Dekretuan aurreikusitako nekazaritzako produktu eta elikagaiak sustatzeko ekintzetarako 2006ko laguntzen deialdia egitekoa.

Urriaren 21eko 258/2003 Dekretuak (2003ko azaroaren 14ko EHAA, 223. zk.) nekazaritzako eta elikadurako produktuak sustatzearren egiten diren jarduketetarako laguntza-erregimena ezarri du (Sustapen programa). Izan ere, horrelako laguntzen bitartez bultzada eman nahi zaie landa-ingurunearen garapenari eta kalitateko nekazaritza-ekoizpenei.

Dekretu horretako 5. artikuluak xedatzen du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak urtero agindua eman behar duela eskabideak aurkezteko epea zabaltzeko. Agindu horretan honakook jakinaraziko dira: diru-laguntzak finantzatzeko zuzkidura orokorra, guztira; jarduketak gauzatzeko epea, aurrekontuan baliagarri dagoen diruaren arabera, eta urtekoak; eta, diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko erabili diren irizpide objektibo zehatzak.

Bestalde, aurtengo laguntzetarako deialdia honako arau hauen babesarekin egin da: Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2006. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 5/2005 Legea.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari oso interesgarria iruditzen zaio laguntza horien deialdia egitea, gure nekazaritzako produktu eta elikagaientzat merkatu berriak bilatzeko laguntza eta sustapena ematen baitute.

Horiek horrela, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Helburua.

Agindu honek helburu dauka nekazaritzako produktu eta elikagaiak sustatzeko ekintzetarako dirulaguntzak arautzen dituen urriaren 21eko 258/2003 Dekretuaren babesean 2006ko ekitaldian eman beharreko dirulaguntzetarako deialdia egitea, landa-ingurunearen garapena eta kalitateko nekazaritza-ekoizpenak bultzatzeko bidea den aldetik.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Urriaren 21eko 258/2003 Dekretuak arautu dituen laguntzetara biltzeko eskabideak aurkezteko epea, 2006ko ekitaldian, hilabetekoa izango da agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak urriaren 21eko 259/2003 Dekretuaren 4. artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztuko dira. Halaber, horiekin batera zinpeko aitorpena bidali beharko da, eskatzaileak ez duela diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez daukala horretarako legezko inolako debekurik egiaztatzeko, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Agindu hau betez emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko 2006. urterako Aurrekontu Orokorren kontura joango da eta ez da 253.700 eurotik gorakoa izango. Edonola ere, indarrean dauden legeekin bat etorriz, aurrekontuetan aldaketak egitea onesten bada, zenbateko hori eguneratu ahal izango da. Halakorik gertatuz gero, aldaketa horietatik datorren aurrekontuko diru-izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, Elikagaien Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, laguntzen inguruko ebazpena egin aurretik.

Laugarrena.– Gauzatzeko epea.

2006ko ekitaldian, urriaren 21eko 258/2003 Dekretuaren 17. eta 21. artikuluetan aipatzen diren jarduerak gauzatzeko epea 2006ko abenduaren 31 artekoa izango da gehienez ere.

Bosgarrena.– Eskabideak aukeratu eta baloratzeko eta laguntzak esleitu eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Urriaren 21eko 258/2003 Dekretuaren 7.2. artikuluaren arabera, diru-laguntzak esleitzeko prozedura lehiaketa izango da.

2.– 2006ko ekitaldian, eskabideak aukeratu eta baloratzeko eta laguntzak esleitu eta kuantifikatzeko irizpideak honakoak izango dira:

a) Ekintzak nola eragin dien nekazaritzako produktu eta elikagaien kalitateko ekoizpenei, % 30 gehienez ere.

b) EAEko nekazaritzako elikagaien sektorean duen trakzio-eragina, % 20 gehienez ere.

c) Urruntasun geografikoa eta merkatu-dibertsifikazioarekiko eragina, % 20 gehienez ere.

d) Jarduketez baliatu diren enpresa-kopurua, % 20 gehienez ere.

e) Jarduketaren garrantzia eta berritasuna kostuari dagokionez, % 10 gehienez ere.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da kontatzen epea.

Zazpigarrena.– Indarraldia.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko uztailaren 3a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala