Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

156. zk., 2006ko abuztuaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
4175

4/2006 ERABAKIA, uztailaren 14koa, Arbitraje Batzordearena.

Gasteizen, bi mila eta seiko uztailaren hamalauan, Arbitraje Batzordearen osoko bilkurak, Fernando Luis Ruiz Piñeiro jaun lehendakariak eta Iñaki Lasagabaster, Mario Fernández, Edorta Cobreros, Fernando Campo, Andrés Urrutia eta José Manuel Castells kideek osatzen dutenak, honako hau aldarrikatu dute

ERABAKIA

Arabako Foru Diputazioak eskumen-arazoa planteatu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Lege Proiektuko (aurrerantzean, Lege Proiektua) 6. artikuluari, eta ondorioz, 2.1, 2.2, 4.1, 4.3, 5, 13, 14 eta 16.2. artikuluei buruz. Mario Fernández Pelaz jaunak eman du aditzera Arbitraje Batzordearen aho batezko iritzia.

AURREKARIAK:

Lehenengoa.– Arabako Foru Diputazioak epe barruan planteatu zuen Arbitraje Batzorde honen aurrean Lege Proiektuaren zenbait artikuluri buruzko eskumen-arazoa eta hala jakinarazi zitzaion Eusko Legebiltzarreko Mahaiari. Mahaiak, Arbitraje Batzordea arautzen duen ekainaren 30eko 13/1994 Legeko (aurrerantzean ABL) 49. artikulua betez, lege-proiektu horren tramitazioa eteteko agindu zuen. Arbitraje Batzorde honek tramitatzeko onartu zuen eskumen-arazo hori eta 3/2006 zenbakiarekin erregistratua gelditu zen.

Bigarrena.– Arabako Foru Diputazioak alegazio-idazki baten bitartez planteatu du Lege Proiektuari buruzko eskumen-arazoa eta idazki horrek, laburbilduz, jarraian datorrena dio.

Aldez aurreko gisa dio ezen, bere ustez, nekazaritza ekologikoa ingurumena errespetatzen duen ekoizpen-metodo bat dela, nekazaritza-lurren kudeaketa iraunkorra dakarrena eta sintesiko elementu kimikoen erabilera ekiditen dituena, bai eta beste produktu batzuena ere, zeinak Europako Batzordearen 1991ko uztailaren 24ko 2092/1991. EEE Erregelamenduko 6 artikuluak eta ondorengo aldakuntzek oro har debekatzen baititu.

Hori horrela, aditzera ematen du ezen, azaroaren 25eko 27/983 Legeko (Kondaira-Lurraldeei buruzkoa) 7. artikuluaren arabera, Lurralde Historikoei dagokiela aipatutako gaiak garatzea eta egikaritzea, "landare-ekoizpena" eta "abere-ekoizpena" azpimarratzen dituelarik. Lege hori garatuz, martxoaren 5eko 34/1985 Dekretua eman zen eta hala eskualdatu zitzaizkion Arabako Lurralde Historikoari aipatzen dituen zerbitzuak eta, horien artetik, Arabako Foru Diputazioak, honako hauek nabarmenarazten ditu letra lodiz: (i)"Servicio Agrícola-Nakazal Zerbitzua"-ri dagokionez, "ekoizpen-bideen kontrola"; dotazioaren antolamendu, hobekuntza eta kontrola eta ekoizpen-bideen kalitatea eta babes prebentiboa, defentsa eta ekoizpenen kalitate-kontrola; (ii) "Servicio de Ganadería-Abere Zerbitzua"-ri dagokionez, "abere-ekoizpenaren sekzioak" eta "ekoizpen-bideen hobekuntza eta kontrol" funtzioa eta (iii) Nekazaritza Sustapena-Bultzer Zerbitzuan", "ekoizpen-bideen sustapena eta hobekuntza". Azkenik, aditzera ematen du ezen Arabako Foru Diputazioak egitatez baliatu dituela nekazaritza ekologikoaren alorreko eskumen horiek. Hala erakusten du uztailaren 6ko 47/2004 Foru Dekretuak, ontzat ematen baitu nekazaritza ekologikoa, Nekazaritzarako Laguntza eta Zabalkunde Zerbitzuaren irizpide teknikoen arabera, halaber eransten dituelarik bi Lankidetza Hitzarmen, bata elkarte batekin eta bestea interes ekonomikoko talde batekin eginak.

Zehazki, Arabako Foru Diputazioaren idazkian alegatzen da "Proiektuko 6. artikuluan oinarrizko eskumen-haustea egiten dela" eta oro har baieztatzen da ez diotela inolako eragozpenik jartzen Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua sortzeko erabakiari, elaborazio, biltegiratze, komertzializazio eta hirugarren herrialdeetatik inportatzeari dagokionez, baina hautsi egiten omen ditu aldiz foru-eskumenak ekoizpena aipatzeak, zeren ekoizpen ekologikoa nekazaritza- eta abere-ekoizpeneko metodo bat baino ez baita, eta alor horietan Lurralde Historikoenak dira araugintza garatzeko eta egikaritzeko eskumenak. Baieztapen orokor hori eginik, labur-labur aipatzen du Lege Proiektuko 6. artikulua osatzen duten apartatuetako bakoitza, gisa honetan: 6. artikuluko a) letrari dagokionez, aipatzen du nekazaritza- eta elikadura-ekoizpen ekologikoaren ikuskaritza, kontrola eta egiaztapena funtzio exekutiboak direla berez, eta horretarako EEE 2092/1991 Araudia aipatzen du; b) letran jasotzen den zehatze-ahalmenak ez luke inolako eragozpenik baldin eta ahalmen horrek soil-soilik elaborazio, biltegiratze, komertzializazio edo hirugarren herrialdetatik inportatze funtzioak hartuko balitu; c) letrako funtzioak, ekoizpenerako arau teknikoak egitea Lurralde Historikoen araugintza-garapeneko eskumena den neurrian; e) letran jasotakoa, ekoizpeneko aholkularitza teknikoko funtzio bat delako eta, beraz, eskumen exekutiboa; f) letran jasotakoari dagokionez, ez legoke eskumen-hausterik baldin eta ekoizpen ekologikoaren alorreko proposamen eta norabideak formulatzea bateragarritzat jotzen bada era berean Foru Diputazioetako organo teknikoek egindakoarekin alor honetako araugintza-garapenaren egikaritze-ondorioetarako (sic); g) letran jasotako funtzioak hautsi egingo lituzke foru-eskumenak baldin eta hor jasotako informazioaren jakinarazpena ekoizle ekologikoei balegokie zeren funtzio hori Erregistroaren kudeaketarekin lotua baita; j) letrari dagokionez, aipatzen dituen egintzak funtzio exekutiboak direnez eta kontuan izanik aipatzen dituen diru-sarreren ezarpena, eskumen-haustea da eta, azkenik, operatzaileen Erregistroa kudeatzeari buruzkoari dagokionez, funtzio exekutibo argia denez, beharrezkoa baita ikuskaritza, kontrola eta egiaztapena egiteko, eta funtzio horiek ere exekutiboak baitira, horrek ere hautsi egiten du alor horretako foru-eskumena.

Proiektuko zenbait artikuluk, "ondorioz", hala esaten baita esplizituki, 6. artikuluan ezarritakoarekin zerikusia duten heinean, hautsi egiten omen dituzte Lurralde Historikoen eskumenak, eta orobat ohartarazten da 6. artikulutik lehen aipatutako apartatuak kenduz gero, ez legokeela kontrako deus esatekorik jarraian honela aipatzen diren artikuluez: Lege Proiektuko 2.1. artikulua, Lurralde Historikoen eskumena hausten baitu nekazaritza-ekoizle ekologikoei buruzkoa denez gero; 2.2. artikuluko a) letrak hautsi egiten du foru-eskumena arestian aipatutako arrazoi berberarengatik, eta aditzera ematen da Erregistroaren kudeaketa funtzio exekutiboa dela argi eta garbi, Foru Diputazioei dagokiena, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren kudeaketa dagokien bezalaxe; 4.1, 4.3 eta 5. artikuluek ere hautsi egingo lituzkete foru-eskumenak, Lege Proiektuko 6. artikuluak bere barne hartuko balitu Lurralde historikoen funtzio exekutibo edo araugintza-garapeneko funtzio gisa aipatu direnak; 13. artikulua, egiaztapen-jarduerak funtzio exekutiboak direlako eta nahiz eta Egiaztapen Batzordea Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne-organo bat izan, foru-eskumenei eragiten diete eta, horrenbestez, hautsi egiten dituzte. Era berean, 14. artikuluko d) letra, zehapenak kobratzeari dagokiona, ekoizpen ekologikoaren alorreko lege-hausteei buruzko zehapen-ahalmena Foru Diputazioena den heinean, zehapenen diru-sarrera beraiei baitagokie eta, azkenik, 16. artikulua, zehapen-prozedura ezartzen duena, zeren ekoizpen ekologikoaren alorreko zehapen-prozedura hasi eta ebazteko organo eskudunak Foru Diputazioak baitira.

Apartatu hau amaitzeko aditzera ematen da ezen ekoizpen ekologikoa, nekazaritza zein abeltzaintzarena, landare- eta abere-ekoizpena dela, Lurralde Historikoen Legeko 7.b artikuluan zehazten denaren arabera eta, horrenbestez, alor honetan erakunde komunetatik etorritako arauak garatzeko eta egikaritzako eskumena Lurralde Historikoei dagokiela, eta orobat adierazten da ezen, 229/1996 Dekretuaren bitartez ekoizpena, elaborazioa eta komertzializazioa arautzen bada ere eta Ekoizpen eta Elikadura Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortzen bada ere, haren funtzioak kontsulta eta aholkularitzakoak zirela.

Jarraian, Foru Diputazioak Arbitraje Batzordearen 5/2003 Erabakira jotzen du, uste baitu Lege Proiektuak aipatzen dituen funtzioak Kontseilu sortu berriari esleitzea Lurralde Historikoen Legea Lege Sektorial baten bitartez aldatzea dela, eta horrela ez dela errespetatzen aipatutako Erabakitik ateratzen den irizpidea. Azkenik, Aholku Batzorde Juridikoak erabilitako argudioei buruz dio ez dutela funtsik, eta, kontrakotik, Arabako Foru Diputazioak mantendutako tesiaren alde, Konstituzio Auzitegiaren 71/1982 epaia aipatzen du, eta horrek bide ematen dio esateko landare-ekoizpenari eta abere-ekoizpenari buruzko eskumen-tituluak lehentasuna izan behar dutela kontsumitzailearen defentsaren erregela orokorraren aldean, eta ez dagoela batere dudarik ekoizpen ekologikoaren alorreko araugintza-garapena eta egikaritzea Lurralde Historikoentzat erreserbatuta daudela.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, 2006ko ekainaren 9ko idazkiaren bitartez, Arabako Foru Aldundiak eskumen-arazo honetan egindako eskaeraren kontra azaltzen da, esanez Lege Proiektuak ez duela aldatzen eta ukitzen azaroaren 25eko 27/1983 Legean erakunde komunen eta foralen artean egindako eskumen-banaketa, eta Erakunde Bateratuei dagozkiela zalantzan jarritako eskumenak.

Ordezkaritza horren iritziz, aldez aurretik egin beharra dagoena da ukitutako gaiak zedarriztatu eta gai horien gaineko eskumen-maila zehaztu erakunde komunen eta lurralde historikoen artean. Uste du, hartarako, beharrezkoa dela nekazaritza ekologikoaren gaia kontzeptualki sortu zuen testuinguru historiko normatiboa aztertzea. Horretarako, 25/1970 legea dakar hizpidera, lege horrek arau geografikoak Jatorri Deitura modura onesten eta babesten utzi baitzuen eta hori Deitura Orokorretara zabaltzea ahalbidetu baitzuen baldin eta Deitura Orokor horiek ekoizpen-metodo bat berariazkoa eta kalitateko ekoizpen bereizi eta borondatezkoari ere lotua aurreikusten bazuten. Lehengo Legea garatzeko 759/1988 Errege Dekretua eta Ministerioaren 1989ko urriaren 4ko Agindua ere aipatzen ditu.

Testuinguru horretan, Eskualdatzeen Bitariko Batzordeak Jatorri Deituren alorra Euskadira eskualdatzeari buruz hartutako akordioak aipatzen ditu. Ondorioztatu egiten du, akordio horiek eta lehen aipatutako legeak ikusirik ondorioztatu ere, nekazaritza ekologikoak jasotzen duena dela ekoizpen-metodo bat berariazkoa kalitateko ekoizpen bereizi eta borondatezko bati lotua dagoena, bai kontsumitzaileak bai ekoizleak eta ekoizle horien elkarteak babestu beharrari lotua dagoena, hain zuzen. Gai horri dagozkion zerbitzuak Autonomia Erkidegoari eskualdatuta, dio Lurralde Historikoen Legeak ez dituela jatorri-deiturak inondik ere aipatzen. Hortaz, Lege horren 6. artikuluaren ondorioz, eskumen hori osotara geratzen da erakunde komunen eskuetan, bai legegintzari dagokionez, bai egikaritzeari dagokionez. Horrenbestez, martxoaren 5eko 34/1985 Dekretuaren bidez nekazaritza alorreko zenbait eskumen Arabako Lurralde Historikoari eskualdatu zitzaizkionean, hor ez zeuden nekazaritza ekologikoaren eskumenak. Era berean, Arabako Foru Aldundiak bere idazkian aipatzen dituen Foru Dekretuez bezainbatean, egiazta daiteke nekazaritza ekologikoa ez dela inondik ere "ekoizpen bide" gisa aipatzen eta, are gutxiago, Jatorri deitura gisa. Ordezkaritza horren iritziz, garrantzia duena da nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren metodoa eta babestutako produktuen merkaturatzeko erabilitako bereizgarriak kontrolatzeko araubidea, horixe baita –haren iritziz– Lege Proiektuak darabilen gaia. Lege Proiektuak nekazaritza ekologikoa berez Jatorri Deitura modura hartzen ez duen arren –hain zuzen ere nahiago izan delako esateko era Europako Batasunaren arauari egokituta eguneratu–, duen arau-jatorria nahikoa argia da gai hau nekazaritza-gaitik bereizteko eta, berezikiago, landareen eta abereen ekoizpen-bideen gaitik bereizteko.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren txostenarekin jarraituz, uste du Erakunde Komunek dituzten barne-merkatuko (EAEko 10.27 artikulua) eta kontsumitzaile eta erabiltzailearen defentsako (EAEko 10.28 artikulua) ahalmen-sortaren barruan sartzen den arauketa dela. Beraz, Lege Proiektuak egin nahi duen arauketa bereziki barne-merkatuaren eremukoa da zeren bi helburu betetzeko asmoa baitu: produktu horiek merkatuan behar bezala komertzializatzea bermatzea eta, tratamendu uniformea emanez, komertzializazio hark sortzen zituen arazoak konpontzea. Lege Proiektua ezin daiteke errenditu landare eta abereen ekoizpenean Lurralde Historikoen Legearen 7. artikuluaren arabera Lurralde Historikoen eskumenari espezifikoki esleituta ageri diren azpisektoreetatik bakar batera ere.

Alegatzen du ezen zalantzan jartzen diren funtzio-motan sakonduz, funtzio horiek sartu behar diren eskumen-eremua berriro aipatzeaz gain, Lege Proiektuak berariaz agintzen duena dela bai kalitateak bai iruzurraren kontrako borrokak beharturik modu ekologikoan lortutako nekazaritza- eta elikadura-produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintzak betetzen direla kontrolatzeko sistema, horren alde 2092/1991 EEE Erregelamendua aipatuz.

Ondoren banan-banan ematen du irailaren 24ko 229/1996 Dekretutik hasita Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen arautegitik ateratzen dena, izan ere Dekretu horren ondorioz Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldean baliatuko baititu esan berri dugun Erregelamenduak aipatutako agintaritza eskudunaren eginkizunak, eta eginkizun horiek orduz geroz modu baketsuan bete dira inolako eztabaidarik piztu gabe. Orobat, maiatzaren 11ko 218/1999 Dekretua, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoari buruzkoa, Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari esleitzen baitio jatorri-deituren eta elikagaien kalitateen bereizgarrien kontrola eta nekazaritza- eta elikadura-produktuen kalitatearen kontrola ekoizpen-fasean eta ondorengo faseetan; berdin urriaren 29ko 256/2002 Dekretua, esaniko Sailaren egiturari buruzkoa bera ere, antzeko kontzeptuak errepikatzen baititu, eta urriaren 11ko 290/2005 Dekretua, ildo berean. Hori dela eta, dio ezen urriaren 29ko 256/2002 Dekretuak lehendik ere izan zuela eskumen-gatazka positiboa Arabako Foru Aldundiak planteatua eta ez zela orduan inondik ere 11. artikulua aipatu, 11. artikulu horren ondorioz Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari baitzegokion jatorri-deituren eta kalitate-bereizgarrien kontrola eta elikagai-izaerako nekazaritza eta arrantza produktuen kalitatearen kontrola. Azkenik, atal honetan, uste du Arabako Foru Aldundiak esaten duenean lehendik ere badiharduela nekazaritza ekologikoari buruzko eskumenak baliatzen, horrek ez duela inolako funtsik haren idazkia bera ikusita zeren jarduketa subentzionalak edo konbentzionalak soilik aurreikusten baitira.

Esaniko Foru Aldundiak Lege Proiektuaren 6. artikuluari egindako alegazioei gagozkiela (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren funtzioei buruz ari da), dio lehenik eta behin gaurko egunera bertara arte Erakunde Komunak ari direla dagozkien ahalmenak baliatzen eta bistakoa dela, bere iritziz, irailaren 24ko 229/1996 Dekretuak sortutako Ekoizpen eta Elikadura Ekologikoaren Euskal Kontseiluak dituen funtzioen eta Lege Proiektuaren 6. artikuluaren ondoriozko funtzioen arteko paralelismoa. Izan ere, aldaketa bat besterik ez dauka: indarra duen Dekretuak kontroleko agintaritzaren (Nekazaritza Sailaren) eta kontsulta eta lankidetza agintaritzaren (Kontseiluaren) artean egiten duen bereizkuntza alde batera utzi eta bi alderdiak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluan batzea, Kontseilu honi esleitzen dizkiola orain arte Sailak egiten dituen eginkizunak. Zehazkiro, 6. artikulua behin eta berriz aipatuaren idatz-zatiak aztertuz, a) letrari dagokionez -"nekazaritzako produktu eta elikagai ekologikoak kontrolatu eta egiaztatzea"- dio ezen erabilitako esamoldeak ekoizpena kontrolatzeko eskumenak darabiltzala aipagai eta ez ekoizpena bera, esanez funtzio hori Eusko Jaurlaritzak betetzen duela, eztabaidarik gabe bete ere, irailaren 24ko 229/1996 Dekretuaz geroz, eta dekretu hori, batak bestearen ondotik, aipatzen duen Sail eskudunaren egitura organikoari buruzko Dekretu guztiek ere jaso dutela, hain zuzen ere eskumena baitu nekazaritzako elikagaien kalitatea defendatze eta kontrolatzearen alorrean; azaroaren 29ko 457/1994 Dekretua ere aipatuz, zeinak jasotzen baitu Eskualdatzeen Bitariko Batzordearen urte bereko azaroaren 2ko akordioa (Euskal Autonomia Erkidegora iruzurren kontrako defentsa eta nekazaritzako elikagaien kalitatearen alorreko eskualdaketari buruzkoa); bi idatz-zatiaz bezainbatean -"zehatzeko ahala erabiltzea, lege honetan aurreikusitako baldintzetan"-, uste du arau-hausteak eta zehapenak arautzeko eskumena ezin daitekeela banandu darabilten gaiaren gaineko eskumenetik, eta hori dela-eta berriz ere aipatzen du lehen esan diren Eskualdatzeen Bitariko Batzordearen akordioa eta Dekretua bai eta lehen ere hizpidera ekarri diren sailaren egitura organikoari buruzko Dekretuak ere; bestalde, c) letrari gagozkiola -"nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren arau teknikoen multzoa prestatzea eta nekazaritzaren alorreko eskumenak dituen sailari proposatzea EHAAn argitaratzeko"-, dio eginkizun hori Nekazaritzako Ekoizpen Ekologikoaren Euskal Kontseilua eztabaidarik gabe betetzen ari dela irailaren 24ko 229/1996 Dekretuaren 6.8.f artikuluaren ondorioz; alegazio bera ematen da e) letraren azterketan ere -"ekoizpen ekologikoko sistemak eta horien bidez lortutako produktuak ezagutaraztea"-, aipaturiko 229/1996 Dekretuaz baliaturik, 6.8.c artikuluan zehazki; era berean, uste du f) letrak dakarren funtzioa -"Eusko Jaurlaritzan Nekazaritzaren alorreko eskumenak dituen sailari ekoizpen ekologikoaren inguruko proposamen eta jarraibideak ematea"- bat datorrela 229/1996 Dekretuaren 6.8.d artikuluaren ondorioz Nekazaritzako Ekoizpen Ekologikoaren Euskal Kontseiluari esleitutako funtzioarekin; g) letra dela-eta -"babestutako produktuak ekoitzi, landu, biltegiratu, merkaturatu edo beste herrialde batzuetatik inportatzearen inguruan aldaketaren bat sartzen bada, horren berri ematea nekazaritzaren alorreko eskumenak dituen sailari"- kontrola ikuskatzeko funtziotzat jo beharra dagoela uste du, 1991ko ekainaren 24ko 2092/1991 (EB) Erregelamendua aipatzen duela; j) letrari dagokionez -"Kontseiluko kide bihurtzen direnek urtero ordaindu beharko duten kuota zehaztea, eta baita lege honetako 14. a) artikuluan aipatzen den diru-baliabidea zehaztea ere, kudeatzeaz gainera"-, berriz ere aipatzen da Europako Batasunaren Erregelamendu horretako 9. artikulua eta irailaren 24ko 229/1996 Dekretuaren 11. artikulua (dekretu horrek nekazaritza-ekoizpen ekologikoa, haren elaborazioa eta komertzializazioa arautu eta Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortu zuen); eta, azkenik, l) letra dela-eta -"operadoreen erregistroa kudeatzea"- nola maiatzaren 11ko 218/1999 Dekretuak hala urriaren 24ko 256/2002 Dekretuaren 11. artikuluak funtzio horiek Nekazaritza eta Arrantza Sailaren esku uzten ditu, eta dio esaniko azken dekretuak eskumen-gatazka positiboa izan zuela, Arabako Foru Aldundiak berak jarritakoa, orain aipatutako aginduak inondik ere hizpidera ekartzeke.

Irizten dio Arabako Foru Aldundiak Lege-proiektuaren 6. artikuluari buruz aurkeztutako alegazioak ezezteko erabilitako oinarri bera aplika daitekeela auzia planteatzeko idazkian aipatutako Lege-proiektuaren gainerako artikuluen ustezko urratzearen kasuan. Foru Aldundiak onartu bezala, horiek eskumen-banaketa urratuko lukete Lege-proiektuaren 6. artikuluan aipatutako atalek eskumen-banaketa urratzen duten heinean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Prozedura honen xedea den eskumen-arazoa ebazteko, horrela egiten baita, beharrezkoa da aipatutako eskumen-gaia mugatzea eta, ondoren, zehaztu behar da zeini dagokion, erakunde komunen eta foralen arteko eskumen-banaketaren arauen arabera. Foru Aldundi errekurtso-egilearen irizpenaren arabera, ekoizpen ekologikoa eta nekazaritza- eta abeltzain-ekoizpena landareen eta abereen ekoizpena da Lurralde Historikoen Legearen 7.b artikuluaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren ordezkaritzaren iritziz, aipatutako araudia sartu egiten da Erakunde Komunek dituzten barne-merkatuko (EAEko 10.27 artikulua) eta kontsumitzaile edo erabiltzailearen defentsako (EAEko 10.28 artikulua) ahalmen-sortaren barruan.

Bereziki baliagarria dirudi arazoa aztertzen hasteak Estatuak gaiari buruz duen araudiaren ikuspuntutik, horrek arautzen baitu lehenengo aldiz nekazaritza ekologikoa. Zentzu horretan, garrantzitsua da 759/1988 Errege Dekretua, uztailaren 15ekoa. Errege Dekretu horrek aurrekari bat du, gero azalduko dugun ikuspuntutik begiratuta: 25/1970 Legea, abenduaren 2koa, Mahasti, Ardo eta Alkoholen Estatutuarena. Lege horretako 95 eta ondorengo artikuluetan, "Jatorri-deiturak babesteko erregimena" arautzen da, aipatutako Estatutuaren alorrean sartutakoak zirela aipatzen dituen produktuei buruz. Hala, bada, aipatu berri den Errege Dekretua "nekazaritza ekologikoa"-ri buruzko lehengoa da eta horren xedea (1. artikulua) da "sintesiko produktu kimikoak erabili gabe lortutako nekazaritzako produktuetara zabaltzea abenduaren 2ko 25/1970 Legearen 95 eta ondorengo artikuluetan ezarritako jatorri-deitura, deitura orokor eta berariazko deiturari buruzko erregimena". l. artikuluaren bigarren paragrafoan, tautologian erortzen saiatu gabe, ezartzen da "sintesiko produktu kimikoak erabili gabe lortutako nekazaritzako elikagaitzat joko direla, ekoiztu, eraldatu eta kontserbatzeko sintesiko produktuak ez erabiltzeaz gain, indarrean diren arau tekniko-sanitarioak eta produktu bakoitzarentzat ezarritako arauak betetzen dituztenak". 3. artikuluan, berriz, Errege Dekretuan aipatutako produktuak "ekoiztu, eraldatu edo kontserbatzeko erabili ahal izango diren" produktu zehatzak zehazten dira.

Errege Dekretua garatzeko, 1989ko urriaren 4ko Aginduak "Nekazaritza Ekologikoa Deitura Orokorraren Araudia" onartu zuen. 3. artikuluan honako hau ezartzen du: "Izendapen Orokorraren defentsa, araudiaren aplikazioa, araudia betetzen dela zaintzea eta babestutako produktuen kalitatea sustatzea eta kontrolatzea ondoko hauen esku geratzen da: Izendapen Orokorraren Kontseilu Arautzailea; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko organismo eskudunak eta Autonomia Erkidegoetako Nekazaritza Sailak, bakoitzak dituen eskumenen barruan".

Azpimarratzekoa da, honelako ekintzen erregimen juridikoa lehenengoz arautu zenetik Jatorrizko Deituren esparruan kokatzen dela eta, horren ondorioz, enfasi berezia jartzen du produktu horiek identifikatzeko eta kalitatea kontrolatzeko ekintzetan. Ondorio gisa, eskumenen esparruan, Autonomia Erkidegoak izango dira organo eskudunak ("Estatuaren elkarlaneko jatorrizko deiturak" eskumen-tituluarekin koherentzian).

Bigarrena.– Europar Batasuneko esparruan, aipatu behar da ekainaren 24ko 2092/1991 EEE Araudia, Europako Kontseiluarena, zatikako aldaketak dituena; azken aldaketa Europako Kontseiluaren otsailaren 24ko 392/2004 Araudiaren bidez egindakoa da.

Hasieran aipatutako Araudiaren hitzaurreak berebiziko interesa du, ezagutzera ematen baitu zein den jarraian azaltzen dituen arauen xedea. Aipatutako hitzaurreak honela dio: "era ekologikoan ekoiztutako nekazaritzako elikagaien eskaria gero eta handiagoa da"... eta "merkatu berria sortu du nekazaritza produktuentzako". Kontuan hartuta, "gero eta handiagoa den eskariari erantzunez, merkaturatu egiten direla nekazaritza produktuak eta elikagaiak, era ekologikoan edo sintesiko produktuak erabili gabe ekoiztutako produktuak direla azaldu edo iradokitzen duten izendapenekin", honako hau xedatzen du: "produzitu, etiketa jarri eta kontrolatzearen inguruko Europar Batasunerako arau batzuk ezartzeak nekazaritza ekologikoa babesteko aukera emango du, aipatutako oharrak daramatzaten produktuak ekoizten dituztenen arteko lehia leialerako baldintzak bermatuz, eta merkaturatutako produktu ekologikoak anonimoak izan daitezen saihestuko du, produktuen ekoizpen- eta egite-prozesuan gardentasuna bermatuz; horrela produktu hauek sinesgarritasun handiagoa izango lukete kontsumitzaileentzat".

Aurrekoa ikusita, ondoko hau ere xedatzen du: ekoizpen ekologikoari buruzko oharren bat daramaten produktuak ekoiztu, egin, inportatu edo merkaturatzen duten operadore guztiek hainbat kontrol pasatu beharko dituzte sistematikoki. Gutxieneko baldintza komunitarioak bete beharko dituzten kontrol horiek, kontrolerako izendatutako agintariek edo/eta baimendutako organismoek egingo dituzte eta ikuskatuak izango dira; komeni da kontrol-erregimen hori pasa duten produktuek kontrolatuak izan direneko ohar komunitarioren bat eramatea.

Hitzaurrean xedatutakoaren ondoren, Araudiaren 1. artikulua aplikatuko zaie "ondoren adierazten diren produktuei, betiere produktu horiek ekoizpen ekologikoaren metodoaren gaineko oharrak badaramatzate edo eramateko asmoa badute". 2. artikuluan zehazten da "noiz ulertuko den produktu batek ekoizpen ekologikoaren metodoaren gaineko oharrak daramatzala". V. eranskinak "produktu batek kontrol-sistema pasatu duela" adierazten duen logotipo komunitarioa onartzen du. Espainiako kasuan, honako hau izango da oharra: "agricultura ecológica-sistema de control CE". 5. artikuluan zehazten da zer baldintza bete behar diren "produktuen etiketan edo publizitatean" ekoizpen ekologikoaren metodoari buruzko erreferentzia egin ahal izateko.

Erregimen horren guztiaren ondorioz, Araudiak xedatzen du Estatu kideek kontrol-sistema bat ezarriko dutela (8. eta 9. artikuluak). Kontrol-sistema hori izendatutako kontrol-agintari batek edo gehiagok administratuko du edo horretarako baimendutako organismo pribatuek.

Hirugarrena.– Jarraian aztertuko dugu –eskumen-banaketaren interpretazioan lagungarria izan daitekeen elementu gisa– Autonomia Erkidegoaren ondorioz Estatutik Autonomia Erkidegora Transferentzia-dekretuetatik eratorritakoa. Irailaren 26ko 2751/1980 Errege Dekretuaren bidez, 1981eko urtarrileko 16ko Eusko Jaurlaritzaren Dekretuaren bidez onartutakoa, Nekazaritza-produktuen Jatorri-deituren alorreko eskumenak, zerbitzuak eta erakundeak eskuz aldatzeari ekin zitzaion. Eskualdatutako zerbitzuen zerrendan honako hauek aipatzen dira: orientatu, zaindu eta koordinatu ardoen eta Jatorri-deiturez babestutako gainerako produktuen ekoizpena, elaborazioa eta kalitatea; aurreko puntuan sartzen ez diten kalitate-ezaugarrien kontrola pasatu behar ez duten produktuen ekoizpena, elaborazioa eta kalitatea zaintzea Euskal Autonomia Erkidegoan; Jatorri-deituren prestigioa zaindu eta eragotzi horien erabilera okerra; Jatorri-deiturez babestutako produktuak hobetu, produktu horien merkatuko azterketak egin eta kontsumoa sustatu; Jatorrizko Deituren Kontseilu Arautzaileak sortu; Jatorri-deituren Araudiak onartu, eta horiek Nekazaritza Ministeriora helarazi, horien berri izan dezan eta berretsi ditzan,...

Uztailaren 24ko 2022/1981 Errege Dekretuaren bidez (urte horretako azaroaren 17ko Eusko Jaurlaritzaren Dekretuaren bidez onartutakoa) "landare-hazkuntza" alorreko zerbitzuak eskualdatu ziren. Eta uztailaren 24ko 2030/1981 Errege Dekretuaren bidez (urte horretako azaroaren 23ko Eusko Jaurlaritzaren Dekretuaren bidez onartutakoa) abere-hazkuntza alorreko zerbitzuak eskualdatu ziren.

Aurreko azterketa Euskal Autonomia Erkidegoko legeriarekin osatu behar da. Lehenengo eta behin, gogora ekarri behar da irailaren 24ko 229/1996 Dekretua. Horren arabera, "Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailak beteko ditu 2092/1991 (EEE) Erregelamenduaren 8. eta 9. artikuluetan aipatutako eskudun agintaritzaren eginkizunak". Era berean, badaude 218/1999, 256/2002 eta 290/2005 dekretuak, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatzen dituztenak; horiek guztiek, ia hitz berberak erabilita, zenbait eremuri lotutako eskumenak barne hartzen dituzte. Hona eremuok:"jatorrizko deiturak, eta nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate eta bermearen bereizgarriak"; "nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien kalitatea kontrolatzeko ekoizpenean, eraldaketa industrialean, biltegiratzean, garraioan eta handizkako zein txikizkako banaketan", eta Kontseilu Arautzaileen eta kudeaketa eta kontroleko erakundeen sorrera.

Kontuan izatekoa da 229/1996 Dekretua, irailaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza ekologikoa, eta bere produktuen elaborazioa eta merkaturatzea arautzeko, eta Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua eratzeko dena. Horrek, hitzaurrean, gogora ekartzen du 2092/1991 (EEE) Erregelamenduan ezarri zela kontrol-araubide batera makurtu behar direla nekazaritza zein abeltzaintza ekologikoko produktuak merkaturatu nahi dituzten ekoizle, inportatzaile edo transformatzaileak. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kontroleko agintaria zehazturik, hona dekretu horren xedea: "Arautegiaren araberako ekoizbide ekologikoari buruzko aipuren bat daramaten nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztu, elaboratu eta merkaturatzeko modua Euskal Autonomi Elkartearen eskumen eta geografia-eremuaren barruan arautzea, eta nekazaritza ekologikoaren alorrean sustapen, kontrol eta aholkamendurako tresnak arautzea". Dekretuak Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortu zuen, eta 6. artikuluko 8. paragrafoko eginkizunak esleitu zizkion. Horretaz ondoren arituko gara.

Laugarrena.– Autonomia Erkidegoaren esparruan, aipatzekoa da azaroaren 25eko 27/1983 Legea, hau da, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa. Horren 7.b artikuluaren arabera, "Lurralde Historikoei dagokie Erkidego Osorako Erakundeek emandako honako gai hauek osabideratu eta egipideratzea: 1.– Landare-osasunketa... landare-ustiaketa; 2.– Abere-ustiaketa eta -osasunketa".

Lege hori garatzeko, Foru Aldundiaren idazkiak dioenez, martxoaren 5eko 34/1985 Dekretua eman zen. Horren bidez, Arabako Lurraldearen eskuetan utzi ziren, besteak beste, "Nekazal Zerbitzua", "Abere Zerbitzua" eta "Nekazaritza Bultzapenerako Zerbitzua (Bultzer)".

Bosgarrena.– Aurreko guztia kontuan izanik, Arbitraje Batzordeak uste du orokorki "nekazaritza ekologikoa" deitzen den gaia Gernikako Estatutuaren 10. artikuluko eskumenen artean jartzekoa dela. Artikulu horretan "Euskal Herriari dagozkion konpetentziak" aipatzen dira; besteak beste: "27.– Barne merkatalgoa, prezioen politika orokorraren, Estatu barruan ondasunen joanetorri librearen eta konkurrentziaren aldeko legegintzari kalterik egiteke... Jatorrizko izena eta iragarbidea Estatuarekin koordinatuki." eta "28.– Kontsumitzaile eta erabiltzailearen defentsa, goiko apartatuan mugatzen den bezala". Horren ondorioz, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkoak, bere 6. artikuluan aipatzen duen "itxiera-klausula" ikusita, gai horiek Erkidego osorako eskumenekoak dira, Autonomia Estatutuaren arabera Erkidegoarenak baitira, lurralde historikoetako foru-organoek ez baitituzte eskuratu, ez Estatutuan oinarrituz, ez aipatu legearen edo ondorengo beste lege baten bidez. Argi dago horrelakorik ez dela gertatu esandako eskumenekin. Ondorioz, lege-egitasmoa ez da sartzen lurralde historikoen eskumenetan.

Arabako Foru Aldundiak uste du landare-ustiapenari eta abere-ustiapenari buruzko eskumenen arauketa nagusitu behar dela kontsumitzaileen babesaren aldeko arau orokorraren gainetik. Zalantzarik ez, bestalde, arauak garatzeko eta betetzeko eskumena, ekologia-ustiapenari dagokionez, lurralde historikoena dela. Hala ere, aldundi horren iritziaren kontra bada ere, aurreko zuzenbide-oinarriak bete-betean aplika daitezke. Osagarri moduan aipa daitezke Eusko Jaurlaritzak eskumen horiek erabiltzeko duen modu baketsua eta eskumen-gatazka aurkeztu duen Foru Aldundiaren beraren jokabidea ere.

Lehenengo eta behin, eta Europa, Espainia eta Euskadiko legeria kontuan izanda, argi dago "nekazaritza ekologikoa" delakoa hasiera-hasieratik lotuta egon dela jatorrizko deiturei, barneko merkataritzari, nekazaritako elikagaien kalitatearen eta iruzurren kontrako kontrol eta babesari, eta horiek Erkidego osorako eskumentzat jotzen zituen Autonomia Estatutuak. Azaroaren 3ko 05/2003 Erabakiak, Mahats-ardoaren Antolaketarako Lege-Egitasmoaren gainean Arabako Batzar Nagusiek eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-arazoei buruzkoak, ondokoa zioen gai horri buruz: "Sor-marka kontzeptua, jatorrian, mahats-ardoko produktuentzat erabiltzen zen Espainiako Estatuko zuzenbidean. Gaur egun, ordea, zabaldu egin zaie beste produktu batzuei ere, produktuok nekazaritza-elikagaien alorrekoak izan nahiz bestelakoak izan. Gauzak horrela, sor-markaren kontzeptuak egungo egunean bi alderdi desberdin barneratzen ditu: bata, produktuari berari buruzkoa, hori kalitatezko baldintza zehatz batzuetan eta gune geografiko jakin batean ekoitzi behar delako; eta, bestea, produktuaren identifikazioari buruzkoa, gune geografiko batekoa izateagatik berezi egiten dena, eta merkatuko eta gizarteko beste produktu batzuetatik babesten duena." Era berean, erabaki horrek hau adierazten zuen: "... arauketa horren oinarria dela nekazaritza-elikagaien kalitatea kontrolatzea eta alor horretako iruzurren aurka borrokatzea. Argumentazio hori bete-betean onartu behar da, eta, horren ondorioz, hauxe ulertu beharra dago: erakunde erkideen eskumen-esparruan sartzen dira halakoak, eta, beraz, erakunde erkideek mahats-ardoaren alorrean horiek gara ditzakete".

Izatez, Europako Araudiek zalantzarik gabe adierazten dute beren helburua "merkatu berria nekazaritzako produktuetarako" antolatzea dela, merkatu hori modu ekologikoan ekoitzitako nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko eskaeraren ondorioz sortu dela, eskaera hori gero eta handiagoa izanik. Horiek horrela, beharrezkotzat jo da, bigarren zuzenbide-oinarrian esaten den bezala, produktuak ekoitzi, etiketatu eta kontrolatzeko arauak sortzea, merkatu horren baldintza egokiak bermatzeko; eta Estatuei kontroleko agintariak sorrarazi zaizkie. Logikoa denez, Lehenengo zuzenbide-oinarrian aipatutako estatu-legeriatik abiatuta ondorio berera iristen da: jatorrizko deituren babes-erregimena zabaldu nahi da, "Nekazaritza Ekologikoa" deitura orokorrak babestutako produktuen kalitatea kontrolatzearren.

Lehenengo zuzenbide-oinarrian aipatutako estatu-legeriak, gaiari buruz eman zen lehenengo arautik hasita (hori uztailaren 15eko 759/1988 Errege Dekretua da), barne hartzen ditu jatorrizko deiturak, eskakizunen betekuntzaren zaintza eta babestutako produktuen kalitatearen sustapena eta kontrola.

Azkenik, Autonomia Erkidegoko arauak direla-eta, jatorrizko deituren eta barne-merkataritzaren inguruko eskualdaketak egin eta gero, irailaren 24ko 229/1996 Dekretutik aurrera, Euskadin Eusko Jaurlaritzak betetzen ditu agintari eskudunaren egitekoak, Europako Ekonomia Erkidegoaren 2092/1991 Araudian aipatutakoak (ikus dekretuaren 4. artikulua). Horiek horrela, Jaurlaritzak nekazaritza ekologikoko produktuak nola ekoitzi, prestatu eta merkaturatu behar diren arautu du, eta Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortu du. Gero, hasieran Industria, Nekazaritza, eta Arrantza Saila eta ondoren Nekazaritza eta Arrantza Saila deitu zenaren eta orain Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila deitu denaren egitura organikoari buruzko dekretuen bidez bete dira gai horren inguruko egitekoak. Hori argi ikusten da irailaren 24ko 229/1996, maiatzaren 11ko 218/1999, urriaren 29ko 256/2002 eta urriaren 11ko 290/2005 dekretuetan. Horietan nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien ekoizpen, eraldaketa, biltegiratze, garraio eta banaketaren kalitatea kontrolatzeko ahalmenak aipatzen dira.

Ondorioz, barneko merkataritzari, iruzurraren kontrako borrokari eta jatorrizko deiturei lotutako eginkizunak betetzen ari gara.

Bigarrenez, lehen ere esan dugun eran, Arbitraje Batzorde honek neurri batean bederen kontuan hartu behar du, halaber, 1996. urteaz geroztik orain arteko guztian eskumen horiek bake giroan Eusko Jaurlaritzaren sailek erabili dituztela. Eta areago, Arabako Foru Aldundiak urriaren 29ko 256/2002 Dekretuaren kontrako eskumen gatazka positiboa aurkeztu eta Batzorde honek maiatzaren 15ean 3/2003 Ebazpena eman zuen. Halatan bada, helegiteak soilik honako idatz-zati hauen kontra zuen egiten: 1. artikulua, b) letra, eta 10. artikulua, g) eta h) letrak. Dekretu horren 1. artikuluak Nekazaritza eta Arrantza Sailaren esku uzten ditu honako funtzio hauek, besteak beste: "Nekazaritza eta Arrantzako elikagaien kalitatea eta bermea" (k letra), "Jatorrizko deiturak eta nekazaritzako eta arrantzako elikagaien kalitatearen eta bermearen bereizgarriak" (m letra), 9. artikuluak funtzio horiek errepikatzen ditu eta 11. artikuluak, berriz, honako beste hauek gaineratzen ditu: "Nekazaritza eta elikagaien komertzializazio eta eraldaketaren inguruko eta kalitate-bereizgarrien inguruko ekintza komunitarioen ondoriozko programak kudeatzea (e letra), "Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta arrantzako produktuen eta, batez ere, kalitate-marka edo kalitate-bereizgarriren bat duten elikagaien sustapen eta publizitateari buruzko programak eta jarduerak prestatu eta kudeatzea, edo halakoetan laguntzea."(f letra), "Jatorrizko deiturak eta elikagaien kalitatearen bereizgarriak ezarri eta kontrolatzea" (g letra), "Nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien kalitatea kontrolatzea ekoizpenean eraldaketa industrialean, biltegiratzean, garraioan eta handizkako zein txikizkako banaketan" (i letra), "Nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien kalitatea babesteko jarduerak zuzentzea." (j letra), eta " Arauak egokitzearekin loturiko jarduerak zuzentzea, nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien ekoizpenaren kalitate-ezaugarriak normalizatu, tipifikatu eta arautzeari dagokionean." (l letra).

Lehen aipaturiko eskumen gatazka aurkeztu zenean funtzio horietako bakar bat ere ez zen ez eta eztabaidan jarri ere.

Seigarrena.– Aurrean esandakoaren haritik, Arabako Foru Aldundiak lege-proiektuaren 6. artikuluari dagokionean egindako eskaera ezetsi behar dugu, bai eta halaber, aipatzen dituen beste aginduak direla eta subsidiarioki aurkezturikoa ere.

Lege-proiektuaren 6. artikuluak "Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren eginkizunak" ditu aipatzen. Lehenik eta behin, honako eginkizun hauek ezartzen zaizkio: "Europako Erkidegoetako Kontseiluaren ekainaren 24ko 2092/1991 zenbakiko (EEE) Erregelamenduak ezarritako araubidetik eratorritako eginkizunak" (6.1. artikulua). Irizpide hori lege-proiektuaren 1, 2 eta 4. artikuluen edukiarekin bat dator. Seinala dezagun Foru Aldundiaren idazkiak ez duela 6. artikuluaren lehen paragrafoaren –transkribatu berri dugun edukia dakarrenaren– kontra egiten, eta aldiz, lurralde historikoen eskumenak agindu horren lehen paragrafoaren a), b), c), e), f), g), j) eta l) letrek urratzen dituztela diote.

Gainera, "Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren aholkularitza- eta lankidetza-organoa denez geroztik" hamabi eginkizun agintzen zaizkio; Foru Aldundiaren idazkiaren eskaerak agindu osoa aipatzen badu ere, idazkiaren enborrak ez du d), h) eta i) letrek dakartzaten ahalmenen gaineko alegaziorik egiten.

Horren gainean, Arbitraje Batzordeak uste du delako Kontseilu horren eginkizunak eta jardun eremua jatorri-deituren, nekazaritzako elikagaien kalitatearen kontrol eta babesaren, eta iruzurren eta barneko merkatuaren multzoan kokatzen direla, eta gai horiek erakunde komunei dagozkie.

Hala berean, aholkularitza eta lankidetza organo den bezainbatean dagozkienak lege-proiektuaren 6.1 artikuluak ematen ditu xeheki. Horren gainean esan behar da haien funtsezko edukia bat datorrela Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseiluari, "aholkularitza eta lankidetza organo" den aldetik irailaren 24ko 229/1996 Dekretuaren aginduz "ekoizbide ekologikoaren aipurik daramaten produktuen ekoizpen, elaborazio edo merkaturatzearen" gainean ezartzen zaizkion eginkizunekin, eta lurralde historikoetako foru organoek ez dute inolako eztabaida sortu. Arabako Foru Aldundiak dioenak ez du baliorik; berak ere onartu du 229/1996 Dekretuak produktu ekologikoen ekoizpena, elaborazioa eta merkaturatzea arautzen zituela eta Elikadura eta Ekoizpen Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortu zuela "argibide eta aholkularitza eginkizunetarako". 6. artikuluaren 1. paragrafoa irakurri eta argi agertzen da a) letratik l) letrarainoko guztian azalduriko eginkizunak kontseilu berriari "aholkularitza eta lankidetza organo denez geroztik" ematen zaizkiola; egoera Foru Aldundiak Dekretu hura onartzera eraman zuenaren berbera da, beraz.

Gainera, Kontseiluari ematen zaizkion eginkizun guztiak behin eta berriz agertzen dira gaur egun Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila deitzen denari emanak, sail horren antolatze eta egituratzerako dekretu orotan, lehen ere esan dugun bezala. Halakoetan ez zitekeen uler aholkularitzako eginkizunak zirela, baizik eta, berez, arauaren eitea kontuan harturik, eite betearazlea zutela. Hala eta guztiz ere, lehen esan bezala, haietako bakarrari (urriaren 29ko 256/2002 Dekretua) aurkeztu zion Arabako Foru Aldundiak eskumen gatazka positiboa, eta hori soilik "Nekazaritzaren, basoaren eta abeltzaintzaren antolatzeari" dagokionean, Dekretu hark zioenez, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 20 eginkizunetako bat baitzen; horien artean ziren baita ere lehen aipaturiko "nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien kalitatea eta bermea" eta "nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien jatorri-izenak eta kalitate-bereizgarriak", besteak beste.

Arabako Foru Aldundiak bere idazkian honela dio: "6. artikuluak agindurikoari loturik, lege-proiektuaren beste zenbait artikuluk urratzen dituzte lurralde historikoen eskumenak", eta esaten du honakoa ere: "Artikulu horri aipaturiko idatz-zatiak kenduz gero (Kontseiluaren eginkizunei buruzkoaz ari da) ez genuke ezer horren ondoren ezartzen diren artikuluen aurka".

Bigarren alegazio horrek berriro ere aurkezten du proiektuaren 6. artikulua dela eta eztabaidagai izan den arazo berbera. Arabako Foru Aldundiak onartzen du lege-proiektuaren 2.1, 2.2, 4.1, 4.3, 5, 13, 14 eta 16.2 artikuluek dakarten bere eskumenen urraketa lehenengoaren meneko dela eta 6. artikuluaren gainean eskatu duena onartuz gero izango lukeela soilik bigarren horrek zentzurik. Hori ezesteko, beraz, lehen erabili ditugun argudio berberak baliatuko ditugu; ez gara, bada, gai bati dagokionean arauen garatzeko edo betearazteko ahalak –nekazaritza alorreko eskumenetan ohikoak– zehatz-mehatz aztertu eta gero lurralde historikoei esleitzeko arazoaren aurrean. Lehen esan dugun bezala, jatorri-deituren, nekazaritzako elikagaien kalitatearen kontrol eta babesaren, eta iruzurren eta barneko merkatuaren gaineko eskumenaz ari gara, eta hori guztia bete-betean erakunde komunei dagokie, eta ez dago zertan Aldundiak eskatzen duen muga jarri.

EPAITZA

Aurreko guztia kontuan izanik, Arbitraje Batzordearen osoko bilkurak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA:

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren lege-proiektua dela-eta zalantzan jarritako eskumenak erakunde komunei dagozkiela. Lege-proiektu hori Autonomia Estatutuak ezarritako eskumen banaketari egokitzen zaiola eta ez dituela ez eskumenen sistema ez eta indarrean den legediak erakunde komunen eta foru erakundeen artean ezarri banaketa aldatzen edo ukitzen. Halatan, bada, prozeduraren etendura kendu eta jarrai daiteke Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Proiektua tramitatzen, Eusko Legebiltzarraren Araudiari jarraiki.

Erabaki honen berri Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiari emango zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hala dute batzordeko kideek erabaki eta sinatu, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.


Azterketa dokumentala