Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2006ko maiatzaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2471

AGINDUA, 2006ko apirilaren 12koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten sindikatuentzako diru-laguntzak arautzen dituena.

Langileen interes ekonomikoak eta sozialak sustatzea eta defendatzea da sindikatuen egitekoa, eta hori sindikatu guztiei dagokie, inolako bereizketarik egin gabe.

Askatasun sindikalak eremu bat bermatzen die sindikatuei, non askatasunez jarduten duten eta herri-administrazioek ezin duten esku hartu. Horrek, ordea, ez du galarazten administrazioak egintza batzuk burutzea sindikatuen jarduera sustatzeko edo sindikatuen indarra handitzeko, sindikatuen autonomia murriztu gabe, beti ere.

Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko legeetan zehaztutakoarekin bat, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sindikatuei zenbait laguntza eman izan dizkie, dituzten helburuak betetzeko jarduerak egin ditzaten.

Abenduaren 29ko 5/2005 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, bere 31120. Programan (Lan, Gizarte Segurantza eta Laneko Osasuna) sindikatuentzako kreditu bat ezarri zuen, 1.316.844,00 eurokoa, sindikatuek euren helburuak lortzeko egin behar dituzten jarduerei laguntzeko, duten ordezkaritzaren arabera.

Onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten sindikatu eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da diru-laguntzak emateko irizpidea. 2005eko abenduaren 31ko hauteskundeetan izandako emaitzen arabera neurtuko da ordezkaritza, eta honela egiaztatu beharko da: herri-administrazioetako langileen ordezkaritza-organoak eta enpresetako langileen ordezkariak hautatzeko hauteskundeetan lortutako emaitzei buruzko agiriaz.

Gai honetan kontuan izan behar da jurisprudentzia, eta batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Hirugarren Salak ezarritakoa, zeinak eskatzen baitu, batetik, sindikatuei diru-laguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztasun-eza baztertzeko faktoreak erabiltzeko, eta, bestetik, diru-laguntzak zertarako eman ziren, horretarako erabili dutela egiazta dezatela sindikatuek.

Eskakizun hori jasota dago laguntza eta diru-laguntza publikoen erregulazio sistematiko eta orokorrean, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluan jasotakoan (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartu zen). Diru-laguntzetarako deialdien arauetan gutxienez titulu horretan zehaztutakoa jaso beharko da.

Ondorioz, aipatu helburua betetzeko eta aipatu aurrekontu-aurreikuspena gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.2 artikuluan emandako eskumenaz baliatuz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honen helburua hau da: ohiko funtzionamenduak sortutako gastuei aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten sindikatuentzako diru-laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak finkatzea, 2006. ekitaldirako.

2.– Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak 31120. programako aurrekontu-kredituaren kargura finantzatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2006. ekitaldirako Aurrekontu Nagusien kontura (Lan, Gizarte Segurantza eta Laneko Osasuna, 31 Zerbitzua, 454.99. kontzeptua, 1. kontu-saila), kreditua 1.316.844,00 eurokoa delarik.

2. artikulua.– Sindikatu onuradunak eta betekizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten sindikatuek jaso ditzakete agindu honetan araututako diru-laguntzak, baldin eta dituzten helburuekin bat datozen jarduerak egiten badituzte 2006. urtean.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten ordezkaritza egiaztatzeko, herri bulego eskudunak egindako agiria aurkeztu beharko dute, bertan agertuko baitira hauteskunde sindikaletan lortutako emaitzak, 2005eko abenduaren 31n erregistratutakoak.

3.– Sindikatuek eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute aipatutako betekizunak konplitzen dituztela.

3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: modua eta epea.

1.– Deialdian parte hartu nahi duten sindikatuek Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariari aurkeztu beharko dizkiote eskabideak, agiri hauekin batera:

a) Sindikatua dagokion administrazio-erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

b) Ordezkaritzaz baliatuz gero, ordezkaritza horren kreditazioa, edo organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakundearen izenean jarduteko duen gaitasuna erakusteko.

c) Eskabidea sinatzen duenaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

d) Agindu honetako 2.2 artikuluak aipatzen duen ordezkatze-gaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, herri bulego batek emana. Ziurtagiri hori aurkezten ez bada, administrazio jarduleak ofizioz sartuko du espedientean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.f artikuluan xedatutakoarekin bat.

e) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskalerako Kodearen fotokopia. Aurreko urteko deialdian diru-laguntzak jaso badira, ordea, ez da aurkeztu beharko.

f) Euskal Autonomia Erkidegoan 2006. urtean egin nahi dituzten jarduerei, funtzionamendu-gastuei edo beste edozeini buruzko txostena.

g) Txostenean zehaztutako jardueren kostuaren aurrekontua, banakatua. Jarduerok finantzatzeko beste bitarteko batzuk badaude, aipatu egin beharko dira.

h) Zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak beteta daudela egiaztatzen duten agiri eguneratuak, Foru Ogasunek eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoak.

i) Aurreko urteren baten Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren diru-laguntzarik jaso izan bada, laguntzak justifikatu izanaren adierazpena.

j) Euskal Autonomia Erkidego Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako laguntza edo diru-laguntzei dagokienez, baldin eta itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat artean izapideetan badago, jakinarazi egin beharko da.

k) Beste administrazio batzuk edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuk helburu bererako emandako diru-laguntzei edo eskatutako beste diru-laguntza batzuei buruzko agiriak.

2.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Erregistro Orokorrean edo Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetatik edozeinetan.

4. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Baldin eta diru-laguntzen eskabideak behar bezala beteta ez badaude edo eskatutako agiriak falta badituzte, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Ohartarazten zaio eskatutakoa egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela. Administrazioa, bestalde, behartuta dago eskabideen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan agindutakoaren arabera.

5. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Agindu honetako diru-laguntzentzat jarritako kreditua proportzioan banatuko da eskabidea egin duten sindikatuen artean, duten ordezkaritzaren arabera. Horretarako, 2005eko abenduaren 31ko hauteskundeetako emaitzak hartuko dira kontuan.

6. artikulua.– Beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Beste administrazio batzuk edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuk helburu bererako emandako diru-laguntzak bateragarriak dira deialdi honetan araututako diru-laguntzekin. Edozelan ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagunduko den jardueraren guztirako kostua.

2.– Beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eta arrazoi beragatik emandako laguntzak eta agindu honetako laguntzak batuta, diruz lagunduko den jardueraren guztirako kostua gainditzen badute, soberakin hori bateraezina dela adieraziko da, eta murriztu egingo da Eusko Jaurlaritzak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bidez emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

7. artikulua.– Kudeaketa, ebaztea, epea eta publikotasuna.

1.– Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak eman edo ukatuko ditu, ebazpen adierazi eta banakako batzuen bidez.

Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari, hilabeteko epean, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan agindutakoarekin bat.

3.– Agindu honek indarra hartzen duenetik lau hilabete igaro, eta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ukatu egin direla esan nahiko du, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Hori gorabehera, Administrazioak modu adieraziz ebazteko obligazioa du.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, nahiz eta ebazpenak modu adieraziz eta banan-banan jakinarazi behar diren, agindu honen arabera emandako diru-laguntzak jasoko dituzten sindikatuen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariaren ebazpen baten bitartez. Argitarapen horretan, jasotako zenbatekoak zehaztu beharko dira batetik, eta, bestetik, zenbatekoa aldatu zaien diru-laguntzak.

8. artikulua.– Diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Beti ere diru-laguntzaren helburua beteta, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, beti ere, agindu honetan entitate onuraduna izateko ezarritako gutxienezko betekizunak errespetatzen badira. Eta horretarako, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak kitapen-ebazpen bat emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko. Sindikatuek, bestalde, neurriz kanpo jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dituzte.

9. artikulua.– Erakunde onuradunen obligazioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan zehaztutako obligazioak baztertu gabe —kasuaren arabera aplikatuko baitira—, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak behartuta daude:

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko txostena aurkeztera. Diruz lagundutako gastu guztiak egiaztatzeko agiriak jaso beharko dira txostenean —agindu honetako 11. artikuluan aipatzen da—.

2.–Konpromisozko bermeen bidez diru-laguntzak zeini emango zaizkien eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zuen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri zituen). Hori dela eta, behartuta daude:

– Emandako diru-laguntza onartzera. Diru-laguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jasotzen den egunetik harako hamabost eguneko epean, sindikatuek diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

– Diru-laguntza zertarako eman zen, horretarako erabiltzera.

– Deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei dagokienez fiskalizatze-lanak egiteko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematera.

10. artikulua.– Ordaintzeko moduak.

Ordainketa zatiturik egingo da, honela:

a) Lehenengo igorpena, diru-laguntzaren % 75ekoa, diru-laguntza onartu ondoren egingo da, eta zenbatekoa ez da izango, inola ere, 180.303,63 eurokoa baino handiagoa; izan ere, kopuru hori gaindituz gero, igorpena gehienezko kopurukoa izango baita.

Baldin eta aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada aipatutako ehuneko 75 aplikatu ondoren ateratzen den kopurua, egindako gastuaren ziurtagiriak aurkezten direnean, egongo da bigarren ordainketa zatikatuta egitea, gehienez bi zenbatekoen arteko aldearen zenbatekoa izango dena.

Edozelan ere, igorritako zenbateko pilatuak, justifikatu gabekoak, ez dira izango lehen aipatutako gehienezko zenbatekoak baino handiagoak.

b) Gainerako % 25, edo, hala balegokio, diru-laguntzaren % 100 bete arte igortzeke dagoen ehunekoa, agindu honen 11. artikuluan aipatzen den txostena aurkeztu ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan zen helburua bete dela egiaztatu beharko dute sindikatuek, eta horretarako, txosten bat aurkeztu beharko dute Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzan, 2007ko martxoaren 31 baino lehen. Txosten horretan honako hauek jaso beharko dira: diru-laguntzarako eskabidearekin aurkeztutako jardueren txostenean aurkeztutako proiektuen arabera 2006an egindako ekintzak eta gastuak, jasotako diru-laguntzen konturakoak.

Emandako diru-laguntza osoa egiaztatzeko fakturen, ordainagirien eta gainontzeko egiaztagirien jatorrizkoak edo indarreko legeen arabera benetakotzat jotzen diren kopiak aurkeztu beharko dira txostenarekin batera.

12. artikulua.– Zerga-obligazioak, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta diru-laguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– Agindu honetako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, sindikatuek egiaztatu egin beharko dute beteta dituztela bai zerga-obligazioak, Ogasun eta Finantza sailburuak 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoarekin bat, bai eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak ere.

2.– Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak sindikatuei eman eta ordaintzeko, baldintza hau bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo diru-laguntza publikoei dagokienez, baldin eta itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat artean izapideetan badago, amaitu egin beharko da.

13. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Diru-laguntza emateko arrazoi izan ziren baldintzetariko bat bete gabe utzi dela egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio bai jasotako diru-kopuruak bai horiei dagozkien legezko interesak. Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko Bigarren Tituluan zehaztutako moduan itzuli beharko dira.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan zehaztutako erantzukizun-erregimena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka badago berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, badago administrazioarekiko auzi errekurtsoa zuzenean aurkeztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko apirilaren 12a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala