Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2006ko apirilaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
1974

AGINDUA, 2006ko martxoaren 27koa, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuarena, Nerbioiko Parke Linealaren Plan Berezia hasiera batean onartzen duena.

1.– Urtarrilaren 25eko 19/2005 Dekretu bidez onartu zen Aiarako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planak Nerbioiko Parke Lineala garatzea aurreikusten du, Antolamendu Arauetako 25. artikuluan. Hiri-inguruko eskalako parke lineal hori "Nerbioiko Ardatz Teknopolitarraren" barruan sartzen da, hots, Eremu Funtzionaleko elementu egituratzaile nagusiaren barruan.

2.– Nerbioiko Parke Lineala ibai-parke bat da, Nerbioi ibaiaren 33 kilometroko ibilbidean, hots, Delikako ur-jauzitik Altube ibaiarekin bat egiten duen gunera bitartean, Urduña-Orduña, Amurrio, Aiara, Laudio, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiagako udalerriak zeharkatzen ditu, eta Delika, Saratxo eta Luiaondoko Administrazio Batzarretan du eragina.

3.– Nerbioiko Parke Linealaren Plan Berezia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Uren Zuzendaritzak eta Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzak sustatu dute. 2003. urtean, LKS ingeniería, S. Coop. enpresari esleitu zitzaizkion Plan hori idazteko lanak, eta enpresa horrek 2005. urteko abenduan eman zion amaiera lan horri.

4.– Dokumentu horrek bereizi egiten ditu Parke Linealaren esparrua eta Plan Bereziaren beraren esparrua. Lehenaren mugak mugagabeak eta irekiak dira, berdeguneen eta aisialdiguneen beste sistema batzuekin bat eginik. Plan Bereziaren esparrua, aitzitik, zehatzagoa da, hirigintza-planaren irudiak ondorengo kudeaketa zehatza ahalbidetzen duten lurraldeetara edo ordenantza-eremuen bitartez erabilerak erregulatzen dituzten lurraldeetara mugatzen da.

5.– Espazioak Plan Bereziaren esparruan sartzeko honako irizpideak, batik bat, izango dira kontuan: ageriko Jabari Publiko Hidraulikoa eta haren zortasunak, Nerbioiko Parke Linealaren funtsezko jarraitasunaren elementu gisa; hiriguneetatik uretan gora dauden zenbait uholde-lautada; saneamendu integraleko kolektorearen sistema orokorrak, hondakin-uren araztegiak edo bidegorria gauzatzeko beharrezko espazio-zerrendak; lurzoru urbanizaezineko zenbait esparru, bai ingurumen-interesa izanik babes-irudirik ez dutenak, bai gaur egun garatzen diren erabilerak arautzea komeni den esparruak; berriro landatzea beharrezkoa duten ur-bazterreko zerrendak; eta, azkenik, Nerbioiko Parke Lineala egituratzen duten azpiegituren artean –hala nola trenbidearen edo A-625 errepidearen artean– geratzen diren soberako beste espazio batzuk.

6.– Plan Berezia bideratzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 2.2. artikuluan ezarritakoa, eta apirilaren 9ko 1346/1976 Errege

Dekretu bidez onartu zen Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bateginaren 43. artikuluan eta, ondorioz, 41. artikuluan ezarritakoa kontuan hartu beharko dira. Artikulu horien arabera, Plan Bereziaren erreferentziazko dokumentua lantzeko fasea amaitutakoan, eta berau formulatzea Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sail honen esku egonik, hasiera batean onartu behar da Plan Bereziaren dokumentua, eta honako espedientea jendaurrean jarri beharko da, hilabeteko epean.

7.– Era berean, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioa egiteko prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuari jarraituz, Planak ingurumenaren gainean duen eraginaren baterako ebaluazioari buruzko azterlana egin da, eta dagokion Aurretiazko Txostena eskatu da. Aurretiazko txosten hori 2006ko martxoaren 10ean egin zen, eta bertan hainbat iritzi, ohar eta zuzenketa-proposamen jaso dira. Iritzi, ohar eta proposamen horiek behin behineko onarpenaren aurretik aztertuko dira.

8.– Lurraren araubide eta hiri antolaketaren arloko presako neurriak zehazteari buruzko martxoaren 6ko 5/1998 Legearen 4.2. artikuluan xedatutakoaren indarrez, Plan Berezi hori Araba eta Bizkaiko Lurralde Historikoetako udalerrietan eragina duen Plan Berezia denez gero, Eusko Jaurlaritzak du, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sail honen bitartez, dagokion espedientea hasiera batean onartzeko eskumena.

9.– Landutako dokumentazio teknikoak Plan Berezia eratzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen ditu.

Aplikatzekoa den legeria kontuan izanik, honakoa

XEDATU DUT:

1.– Nerbioiko Parke Linealaren Plan Berezia hasiera batean onartzea.

2.– Agindu hau Arabako eta Bizkaiko Lurralde Historikoetako Aldizkari Ofizialetan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, baita Lurralde Historiko horietako bakoitzean gehien irakurtzen den egunkarietako batean ere.

3.– Plan Berezi hori eta dagokion ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioari buruzko azterlana jendaurrean jartzea hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da hilabeteko epe hori.

Epe horretan Plan Bereziaren espedientea eta dagokion ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioari buruzko azterlana honako lekuetan izango dira eskura edonork aztertzeko:

– Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzan.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila.

Donostia-San Sebastián kalea, 1 – 2. oina.

01010 Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Lurralde Bulegoan.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila.

Lehendakari Agirre, 9 – 6. oina.

48014 Bilbao.

– Urduña-Orduña, Amurrio, Aiara, Laudio, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiagako Udaletxeetan.

Edonola ere, egiten diren alegazioak adierazitako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira.

4.– Jendeaurreko epea bukatu ondoren, entzunaldia emango zaie afektatuak diren toki-erakundeei.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 27a.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala