Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2006ko apirilaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1958

63/2006 DEKRETUA, martxoaren 14koa, industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzeko dena.

Maiatzaren 17ko 175/1994 Dekretuaren bidez, txartel profesionalak lortzeko prozedura bateratu zen eta industria-segurtasunaren alorrean instalazio-lanak, mantentze-lanak edo bestelako jarduerak burutzen dituzten enpresa baimenduek bete beharrekoak definitu ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikotik eratortzen den eskumen-eremuaren babesean dago dekretu hori. Bertako 10.30 artikuluan xedatzen denez, autonomia-erkidego honen "eskumen esklusiboa da industria, salbu eta arau berezien peko industriak ezartzea, handitzea eta lekualdatzea, dela segurtasunagatik, armadaren eta osasunaren interesagatik edota eginkizunotarako legeria berezia behar dutenak eta atzerriko teknologia eskuratzeko aurretiazko kontratuak behar dituztenak".

Eskumena estatuaren arau-ahalmen propioak eta industriaren alorrean eskumen esklusiboa duten autonomia-erkidegoen ahalmen propioek mugatzen dute; lehenak "industria-segurtasunarengatik" arauak eman ditzake, eta bigarrenek estatuaren xedapenen osagarri diren xedapenak sortzeko ahalmena izango dute, arau honi erantzunez.

Txartel profesionalak eta enpresa baimenduak arautzea industria-segurtasunaren araubide propioaren alorrari dagokio, bistan denez, batik bat kontuan hartzen badugu industria-segurtasunaren helburua, batetik, arriskua aurreikusi eta mugatzea, eta bestetik, istripuen eta ezbeharren aurka babestea dela, eragile mota horren esku-hartzea industria-segurtasunaren berme eta kontrol-sistema izanik.

Bestalde, Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legeak (1992ko uztailaren 23ko BOE) xedatzen duenez segurtasunerako araudiek, besteak beste, "ekipamendu-baldintzak, baliabideak eta gaitasun teknikoa, eta proiektuan, obra-zuzendaritzan, burutzapenean, eta, hala behar bada, instalazioen eta produktu industrialen muntaketan, kontserbazioan eta mantentzean parte-hartzen duten pertsonei eta enpresei eskatutako baimenak arautuko dituzte" (12.1.d artikulua).

Era berean, 13. artikuluaren 1. puntuaren b) idatz-zatian ezartzen duenez industria-segurtasunaren alorrean arau-eskakizunak betetzea, "kontrol-erakundearen, instalatzaile edo kontserbatzaile baimenduen edo goi-mailako teknikari eskudunen egiaztagiriarekin edo aktarekin" frogatuko da, besteak beste.

Azkenik eta funtsean, "instalazio industrialen proiektuan, burutzapenean, muntaketan, kontserbazioan eta mantentzean parte-hartzen duten pertsonei eta enpresei eskumena duen autoritateak emandako baimenak estatu mailakoak izango direla" zehazten da (13.3 artikulua).

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 11. artikuluan, alde sektorialez gain, izaera orokorreko beste gai batzuk arautzeko aukera jasotzen du araubideak, prozedura, instalatzaileak edo enpresak kasu.

Azkenik, Industria Administrazioaren eragile kolaboratzaileen arautzeari buruzko 14. artikuluan, eskumena duten teknikari tituludunei eta aurreikusitako arauzko espezialitateetako baterako profesional edo enpresa baimenduei eragile kolaboratzaile kalifikazioa aitortzen zaie, eta industria gaietan eskumena duen organoari lagatzen zaio honako hauek arauz zehaztea:

a) Aipatu eragileek bete beharreko eskakizunak eta baldintzak.

b) Esku-hartze hori araudietako zein esparrutan gerta daitekeen.

c) Eragile horiek bete behar dituzten kontrol-prozedurak eta kontrol-sistemak.

Aipatu eremuaren barnean, 175/1994 Dekretua aplikatzean erdietsitako esperientziatik abiatuz eta estatuan onartutako oinarrizko araubide ezberdinak nola Europar Batasunetik datozen arau bidezko garapenak errespetatuz, autonomia-erkidego honetan, norbanakoen prestakuntzako txartelei eta enpresa baimenduei aplika dakiekeen araubide juridikoa arautu, eguneratu eta argitu nahi du dekretu honek.

Dekretu honen bidez, halaber, norbanakoen prestakuntzako txartela eskuratzeko sistema arautzen da, honela, industria-segurtasuneko beharrei mota honetako prestakuntzaren egokitzapenaren araberako ikasketen maila edo gradu arautua berariaz ezarriz; eta norbanakoen prestakuntzako txartelak eskuratzeko sistema berriak sortzen dira, zuzenean lortzekoa barne, emandako irakaskuntza arautuen errealitatearekin bat.

Arau honekin, gainera, txartel profesionalak eskuratzeko eskatutako ezagutza teoriko-praktikoen probak burutzeko prozedura bizkortu eta errazten da. Honela, prozedura hauetan prestakuntza-entitate publiko zein pribatuen esku-hartzea onartzen eta errazten duten tresnak ezartzen dira, eta administrazioari uzten zaizkio kontroleko eta ikuskaritzako egitekoak.

Era berean, industria-segurtasunaren alorreko zeregin teknikoak burutzeko ezarritako prestakuntza-beharrak kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren arteko lankidetzarako tresnak aurreikusten dira.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko martxoaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
HELBURUA, APLIKAZIO-EREMUA
ETA DEFINIZIOAK

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honen helburua honakoak arautzea da:

a) Industria-segurtasunaren alorrean profesionalek eta enpresa baimenduek bete beharreko eskakizunak eta baldintzak.

b) Norbanakoen prestakuntzako txartela eskuratzeko sistemak.

c) Profesional baimenduen prestakuntzako eta ebaluazioko ikastaroak emateko aintzatetsiak izan nahi duten entitate aintzatetsiek bete beharreko eskakizunak eta baldintzak.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoan, norbanakoaren prestakuntzako txartela eta enpresa baimenduen egiaztagiriak lortzeko, mantentzeko eta kontrolatzeko aplikatuko da dekretu hau, baita aipatu txartelak eskuratzeko ikastaroak emateko entitate aintzatetsiak baimentzeko eta kontrolatzeko ere.

3. artikulua.– Definizioak.

Profesional baimendua.– Pertsona fisikoa da, norbanakoaren prestakuntzako txartelaren bidez egiaztatuta egonik, dekretu honetan eta araudi teknikoan ezartzen zaizkion lanak eta egitekoak burutzeko baimena duen pertsona fisiko oro.

Norbanakoaren prestakuntzako txartela.– Administrazio-agiria da, titularrak jarduera profesionalerako ezagutza teoriko-praktikoak badituela eta bere espezialitateari aplika dakiokeen araudi teknikoa ezagutzen duela egiaztatzen duena, administrazioaren aurrean eta hirugarrenen aurrean instalatzaile edo profesional baimendu gisa jarduteko.

Enpresa baimendua.– Pertsona fisiko edo juridikoa da, industria-segurtasunaren alorrean jarduerak burutzeko gaitzen duen baimen administratibo egokia duena, hain zuzen ere, instalazioak egin, konpondu, mantendu, berrikusi edo kontrolatzeko jarduerak.

Enpresa baimenduaren egiaztagiria.– Administrazio-agiria da, araudi teknikoetan ezarritako industria-segurtasunarekin zerikusia duten egitekoak burutzeko, entitateak giza gaitasuna eta gaitasun teknikoa badituela egiaztatzen duena; agiri hori entitatearen izenean ematen da.

Eskumena duen teknikari tituluduna.– Pertsona fisikoa da, lehen edo bigarren zikloko unibertsitateko tituluduna, bere lanbide edo titulazioko araudiarekin bat, industria gaietan berariazko eskumenak ditu; gainera, araudi teknikoek bere esku-hartzea jasotzen dute, instalazioei edo tresna industrialei dagozkien baimen emate, martxan jartze edo kontrolatzeko prozeduretan.

Profesional baimenduak prestatzeko aintzatetsitako erakundea.– Industria gaietan prestakuntza-ikastaroak emateko eta ebaluatzeko, nola ezagutza teoriko-praktikoen probak burutzeko eskumena duen organoak baimendutako erakundea da, betiere dekretu honetan aurreikusitako eran.

Prestakuntza-ikastaro baimendua.– Prestakuntzarako lanbide-heziketako ikastetxe batek edo erakunde aintzatetsi batek emaniko ikastaroa da, behar adinako edukia izateagatik industria gaietan eskumena duen organoaren baiespena merezi duena, dekretu honen garapeneko xedapenekin bat.

4. artikulua.– Industria eta hezkuntza gaietan eskumena duten sailen arteko lankidetza.

1.– Industria eta hezkuntza gaietan eskumena duten sailek elkarrekin lan egingo dute, eskatutako txartelerako berariazko arloen gaineko eta garatu beharreko jarduerarekin lotura duen araubide teknikoaren gaineko ezagutza teoriko eta praktiko egokia bermatzeko xedearekin.

2.– Hezkuntza arloan eskumena duen sailak industria-segurtasuneko instalazioekin lotura duten titulazioen lanbide-heziketako programak industria-segurtasunaren beharretara egokitzeko beharrezko ekimenak hartu beharko ditu, horretarako sortutako Bitariko Batzordearen erabakiak aplikatuz.

5. artikulua.– Bitariko Batzordea.

1.– Industria eta hezkuntza arloetan eskumena duten sailen ordezkarien Bitariko Batzordea sortzen da; honakoak dira bere egitekoak:

a) Hezkuntza alorrean eskumena duen sailari proposamenak egitea, industria-segurtasunarekin lotura duten prestakuntza-zikloen programetan delako norbanakoaren prestakuntzako txartela eskuratzeko eskatutako edukiak barne har daitezen.

b) Lanbide-heziketako ikastetxeek burututako proben edo azterketen jarraipena egitea, baita prestakuntza-ikastaroak ematearekin zerikusia duten bestelako gaiena ere, norbanakoaren prestakuntzako txartelak eskuratzearekin lotura dutenetan.

2.– Batzorde hori honela osatuta egongo da: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aldetik, Lanbide Heziketako Zuzendaritzako kide bat, KEIko beste bat eta Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziako beste bat; eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren aldetik, industria-segurtasuna eta energia gaietan eskumena duten zuzendaritzek izendatutako hiru pertsona. Gainera, Batzordea sail bakoitzak proposatutako bi aditurekin osatu ahal izango da.

3.– Batzordearen funtzionamenduari buruz idatz-zati honetan aurreikusi ez den guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapituluan xedatutakoa aplikatuko da.

II. KAPITULUA
PROFESIONAL BAIMENDUAK

6. artikulua.– Enpresa baimenduko kide izatea.

1.– Norbanakoaren prestakuntzako txartela eskuratu ondoren, arauzko jarduerarekin lotura duen euren zeregin profesionala burutu ahal izateko, profesional baimenduek enpresa baimendu baten titular izan behar dute, edo, lan-legepeko harreman juridiko baten bidez, euren espezialitate bereko enpresa baimendu bateko langileen zerrendako parte izan behar dute.

2.– Aurreko puntuan ezarritako arau honetatik kanpo geratzen dira mantentzaileak, konpontzaileak zein kontserbatzaileak, baita enpresako langileen zerrendako parte izanik, instalazioak edo aparatuak mantendu, konpondu edo kontserbatzen dituzten operatzaileak ere.

7. artikulua.– Egitekoak eta eskumenak.

Profesional baimenduak, euren maila eta espezialitatearen arabera, dagozkien araudi teknikoetan ezarritako egitekoak burutzeko gaituta daudela iritziko da eta, batez ere, ondokoak burutzera behartuta daude:

1.– Instalazioetan:

a) Eurek bakarrik, edo zuzenean euren kontrolpean eta ardurapean dauden langileekin, euren espezialitateko instalazioak muntatu, aldatu edo handitu, mantendu eta konpontzeko lanak burutzea. Instalazioak egin, muntatu, aldatu edo zabaldu, mantendu edo konpontzearen erantzule izango dira, baita erabilitako materialak indarrean dauden araudiarekin eta instalatzeko proiektuarekin bat etortzearen erantzule ere.

b) Eurek edo euren kontrolpean burututako instalazioak egiaztatu, ikuskatu eta mantentzea, eta, entsegu eta proba egokiak egin ostean, zerbitzuaren esku uztea, eta halaber, indarrean dagoen araudiak ezarritako egiaztagiriak sinatzea jarduera burutzen duen enpresaren ordezkaritzan.

c) Agindutako ikuskatze- eta mantentze-lanak indarrean dauden araudietan jasotako eran eta epeetan burutzen direla zaintzea.

d) Segurtasun-araudian ezarritako ikuskapenetara edo administrazioaren kabuz burututakoetara bertaratzea, hala eskatzen zaionean.

2.– Ekipoetan, erabiltzeko aparatuetan edo instalazioen osagaietan:

a) Instalatzaile batek esku hartzen duenean, konexioa, muntaketa, doikuntza eta martxan ipintzea egiaztatu beharko ditu, ekoizleak ezarritako aparatuen garantia-baldintzek ezartzen dituzten mugekin.

b) Egiteko hauek ekoizleak edo honek baimendutako pertsonak egin behar dituenean, instalatzaileak aparatuaren konexioa itxita eta zigilatuta utzi beharko du eta instalazio-egiaztagirian jaso beharko du, erabiltzailearen adostasunarekin.

8. artikulua.– Espezialitateak eta mailak.

1.– Profesional baimenduen espezialitateak eta mailak araudi teknikoan edo dekretu honen garapeneko xedapenetan jasotakoak dira.

2.– Espezialitate eta maila bakoitza lortzeko eskatutako titulazioak edo prestakuntza-ikastaroak dekretu honen garapeneko xedapenetan zehaztutakoak izango dira.

9. artikulua.– Norbanakoaren prestakuntzako txartela eskuratzeko eskakizun orokorrak.

Dekretu honetan araututako norbanakoaren prestakuntzako txartela emateko, industria arloan eskumena duen lurralde-organoari eskatuko zaio, eta eskatzaileak honako eskakizun hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ezagutza teorikoak eta praktikoak badituela egiaztatzea, araudi teknikoa barne, hurrengo artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

c) Arloko araudiak eskatzen dituen bestelakoak.

10. artikulua.– Ezagutza teorikoak eta praktikoak egiaztatzea.

9. artikuluaren b) idatz-zatiak aipatzen dituen ezagutza teorikoak eta praktikoak egiaztatzeko, ondokoa hartuko da aintzat:

1.– Lanbide-heziketako ikastetxeak emandako lanbide-heziketa arautuko titulu edo ikastaro baimenduaren egiaztagiria.

a) Prestakuntza profesionaleko txartela zuzenean eskuratu ahal izango dute espezialitateko lanbide-heziketa arautuko titulua badutela egiaztatzen dutenek, dekretu honen garapeneko xedapenetan ezarritakoarekin bat.

b) Txartela zuzenean eskuratu ahal izango dute, halaber, prestakuntza-ikastaro baimendua gainditu dutenek, betiere ikastaroa lanbide-heziketako ikastetxe batek eman badu, industria-segurtasunaren eta/edo energiaren arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpenean zehazten diren gutxieneko eduki eta iraupenarekin.

Edonola ere, alderdi teknikoei dagokienez, ikastaro honetako edukiak eta lanbide-heziketa arautuan bere pareko den espezialitateko edukiak baliokideak izan beharko dute.

2.– Prestakuntzarako erakunde aintzatetsiak emandako ikastaro baimenduaren egiaztagiria.

Erakunde aintzatetsi batek emandako prestakuntza-ikastaro baimendua gainditu duten pertsonek erakunde horretan egingo den gaitasun-azterketa gainditu beharko dute, dekretu honen garapeneko xedapenetan ezarritako edukiari dagokiona, eta industriaren alorrean eskumena duen teknikari batek gainbegiratu beharko du hautaketa prozesua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegokoa ez den erakunde batek emandako lanbide-heziketa arautuko titulua edo ikastaro baimenduaren egiaztagiria.

Euskal Autonomia Erkidegokoa ez den erakunde batek emandako lanbide-heziketa arautuko titulua edo ikastaro baimenduaren egiaztagiria eskuratuta duen interesdunak, agiri horiek aurkezteaz gain, gaitasun-azterketa gainditu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntzarako entitate aintzatetsiaren aurrean, eta industriaren alorrean eskumena duen teknikari batek gainbegiratuko du hautaketa prozesua.

11. artikulua.– Norbanakoaren prestakuntzako txartela ematea.

1.– Aurreko artikuluetan aurreikusitako eskakizunak bete direla egiaztatu ondoren, industria arloan eskumena duen lurralde-erakundeak emango ditu norbanakoaren prestakuntzako txartelak.

2.– Dekretu honetan aurreikusitakoarekin bat emandako txartelak betirako balioko dute, eta ez da berriztatu beharrik izango. Titularrek, hala ere, dekretu honen 6. artikuluan aurreikusitako egoeretan soilik burutu ahal izango dituzte berentzat bereizitako egitekoak.

3.– Norbanakoaren prestakuntzako txartelek dekretu honen garapeneko xedapenetan ezartzen diren formatuak eta ezaugarriak izango dituzte.

12. artikulua.– Norbanakoaren prestakuntzako txartelen erregistroa.

1.– Industriako lurralde-organo bakoitzak erregistro bat izango du, eta bertan administrazioaren kabuz inskribatuko dira emandako norbanakoen prestakuntzako txartelak, espezialitate eta mailen arabera sailkatuak.

2.– Arau-hauste oso larriak gertatzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko Legean aurreikusitakoarekin bat, dekretu honetan eta aplikaziokoak diren araudi teknikoetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak, norbanakoaren prestakuntzako txartela baliogabetzea ekarriko du, prozedura izapidetu ondoren.

3.– Dena dela, txartela baliogabetzeari prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat izapidetuko da.

III. KAPITULUA
ENPRESA BAIMENDUAK

13. artikulua.– Enpresa baimenduen egitekoak.

1.– Enpresa baimenduek, industria-segurtasunaren alorrean, honako jardueraren bat burutuko dute, gutxienez:

a) Industria-segurtasunerako araudien pean dauden instalazioak diseinatzea eta exekutatzea.

b) Instalazioak berrikustea, ikuskatzea eta kontrolatzea.

c) Instalazioak mantentzea araudi teknikoak hala eskatzen duenean.

d) Instalazioak konpontzea, jarduera hori instalatzaile baimendu batek burutu beharrekoa denean.

2.– Enpresa baimenduak dekretu honen garapeneko xedapenetan zehaztutako motatakoak izango dira.

14. artikulua.– Enpresa baimenduen betebeharrak.

Enpresa baimenduen betebeharrak, industria-segurtasunaren alorrean, jarduerarengatik aplikatzekoak diren eta indarrean dauden xedapenetatik eratortzen direnak dira. Nolanahi ere, ondokoak bete beharko dituzte:

a) Kasuan-kasuan, industriako ekipoen, aparatuen edo produktuen ekoizteko, martxan jartzeko eta/edo erabiltzeko prozesuari dagokionez, araudi teknikoan ezarrita dagoen agiri teknikoen erabilgarritasuna egiaztatzea.

b) Agindu zaizkien lanak gaizki burutu izanari egotzitako gabeziei erantzun, baita lan hauen ondorioz sortzen direnei ere, indarrean dagoen legeriari jarraiki. Halaber, araudi teknikoak ezartzen duen aldian, edo hala ezean, bi urteko epean, jardunean dauden instalazioen funtzionamendu zuzena bermatu beharko dute.

c) Enpresa baimenduaren egiaztagiria eguneratua izatea, eta industria alorrean eskumena duen organoari baimena emateko oinarri izan ziren baldintzen edozein aldaketaren berri ematea, hilabeteko epean gehienez ere.

d) Erantzukizun zibileko aseguru-poliza beti eta behar bezala eguneratuta indarrean izatea, inskribatuta dagoen mailarako ezarrita dagoen zenbatekoarekin bat datorrena eta kontsumoko prezioen indizearen aldakuntzen arabera eguneratuko dena.

e) Esku hartzen duen bakoitzean, profesional baimenduarekin batera, zehaztutako nahitaezko instalazio-egiaztagiriak izenpetzea.

f) Bere gain dauden instalazioetan gertatutako istripuen berri ematea eskumena duen lurralde-organoari.

g) Titularrei ondokoen berri ematea: kontratatuak dituzten instalazioen ikuskapen ofizialen datak, eragiten dieten legeen aldaketak, hauetan dauden gabeziak eta hauek zuzendu ezean izango dituzten erantzukizunak.

h) Enpresa baimenduen erantzukizuna duten instalazioei dagokienean, eskumena duen lurralde-organoak eskatutako agiriak ematea.

i) Burututako eta/edo zaindutako instalazioei dagozkien agiriak gordetzea gutxienez 5 urtez.

j) Alten eta bajen eskumena duen lurralde-organoari bere mantentze-zorroaren berri idatziz ematea, eta berariazko araubideari jarraiki, eskatu ahal izango zaion mantentze-kontratuen kopia gordetzea.

k) Mantentze-liburua eguneratua izatea, hau eskatu ahal izango baitzaio, eta, mantentzean baja ematen denetik, berariazko araudiak zehazten dituen agiriak eguneratuta izatea eta urtebetez gordetzea.

15. artikulua.– Enpresa baimenduaren egiaztagiria.

1.– Enpresa baimenduaren egiaztagiria erakunde eskatzailearen helbide sozialari industria alorrean eskumena duen lurralde-organoak emango du.

2.– Aipatu egiaztagiria eskuratzeko, interesdunak ondoko eskakizunak betetzen dituela egiaztatu beharko du:

a) Industria Establezimenduen Erregistroan inskribatuta egotea eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea.

b) Bere jarduerak garatzeko baldintzak eta baliabide tekniko eta giza baliabide egokiak izatea, dekretu honen garapeneko xedapenetan edo erregelamenduzko arauetan ezarritakoarekin bat.

c) Erantzukizun zibileko poliza bat baduela egiaztatzea, dekretu honen garapeneko xedapenetan ezartzen duen zenbatekoarekin.

3.– Industria arloan eskumena duen lurralde-organoak, aurkeztutako agiriak ikusi ostean eta behar diren egiaztapenak egin ostean, gehienez hilabeteko epean, enpresa baimenduen egiaztagiria emango du.

4.– Egiaztagiri honek, dekretu honen 18. artikuluan jasotako eskakizunarekin, Autonomia Erkidego osoan industria-segurtasunarekin zerikusia duten jarduerak burutzeko gaituko du.

16. artikulua.– Enpresa baimenduaren egiaztagiria berriztatzea.

1.– Enpresa baimenduaren egiaztagiriak ematen diren egunetik aurrera bost urterako izango dira, eta iraungi baino lehen berriztatu beharko dira.

2.– Berriztatzeko, inskribatzeko behar diren agiri berak aurkeztuko dira, une horretan indarrean dagoen berariazko araudian xedatutakoaren arabera.

17. artikulua.– Enpresa baimenduak erregistratzea.

1.– Industria arloan eskumena duen lurralde-organo bakoitzak erregistro bat izango du eta bertan enpresa baimenduaren egiaztagiriaren titular diren enpresak inskribatu beharko dira.

2.– Enpresa baimendu gisa baimena ematea bideragarri egin zuten baldintzak galtzeak, edo dekretu honetan eta aplikatzekoak diren araudi teknikoetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak, arau-hauste oso larritzat hartuko balira, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko Legean aurreikusitakoarekin bat, prozedura izapidetu ostean, baliogabetu egin ahal izango du baimena, dekretu honen 12. artikuluan ezarritako era berean.

18. artikulua.– Enpresa baimenduen jarduteko lurralde-eremua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bateko enpresa baimenduek beste lurralde-historiko batean jardun ahal izango dute, lurralde-organo egokiari jakinarazi ostean, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela egiaztatu ostean.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoz kanpotik datozen enpresa baimenduek bertan jardun ahal izango dute, eskumena duen lurralde-organo egokiari jakinarazi ostean. Jakinarazpen horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Jatorriko lekuko industria alorrean eskumena duen organoaren egiaztagiria, enpresa baimendua izateko.

b) Jardun nahi duen lekuan Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela egiaztatzea.

3.– Jakinarazpen hori enpresa baimenduen erregistroan jaso beharko da, eta jatorriko autonomia-erkidegoak emandako enpresa baimenduaren egiaztagiriak duen balio-iraupen bera izango du.

IV. KAPITULUA
ESKUMENA DUTEN TEKNIKARI TITULUDUNAK

19. artikulua.– Gaia dela-eta eskumena duten teknikari tituludunek norbanakoaren prestakuntzako txartela eskuratzea.

Herri Administrazio eskudunak emandako berariazko eskuduntzak dituzten teknikari tituludunek, dekretu honen 8. artikuluan aurreikusitako eskakizunak bete behar izan gabe eskuratu ahal izango dute norbanakoaren prestakuntzako txartela; horretarako, industria alorrean eskumena duen lurralde-ordezkaritzari tituluaren kopia konpultsatua aurkeztea nahikoa izango da.

20. artikulua.– Eskumenari buruzko deklarazioa.

1.– Gaian eskumena duen teknikaria, legez edo arauz, lanbide jakin bat edo jarduera jakin batzuk burutzeko eskumena duena da, izan titulazioen esparru formalaren arabera (esleitzeko arauak), zein esparru materialaren arabera (jasotako irakaskuntzatik eratorritako gaitasunaren ondoriozkoa: ikasketa-planak).

2.– Industria alorrean eskumena duten lurralde-organoek ebatziko dituzte teknikari tituludunen eskumenarekin lotuta mahaigaineratzen diren gai guztiak, eta interesdunari gaiok ebazteko beharrezko ikusten diren agiri guztiak eskatu ahal izango zaizkio, hala nola: ikasketen egiaztagiriak, elkargo profesionalaren eskumenari buruzko deklarazioa, etab.

3.– Nolanahi ere, osagarritasun printzipioa kontuan izango da, zeinaren arabera, instalazioa edo obra nagusia diseinatzeko, proiektatzeko edo burutzeko eskumena duenak, lan osagarrietarako ere izango baitu.

21. artikulua.– Eskumena duten teknikari tituludunen betebeharrak.

Eskumena duen teknikari tituludun baten esku-hartzea beharrezko den lanez ari garenean (burutzea, martxan ipintzea, ikuskaritza, kontrolatzea edo mantentzea), aipatu lanak profesional baimenduen kontrolpean eta erantzukizunpean burutuko dira; halaber, industria-instalazioen burutzapenaren edo mantentzearen kontrolari eta ikuskaritzari dagokionez, dekretu honetan profesional baimenduei ematen zaizkien egiteko eta erantzukizun berak dagozkie.

V. KAPITULUA
PROFESIONAL BAIMENDUAK PRESTATZEKO
ENTITATE AINTZATETSIAK

22. artikulua.– Profesional baimenduak prestatzeko entitate aintzatetsiak.

1.– Dekretu honen eremuan, prestakuntza ikastaroak emateko aintzatetsiak izan ahal izango dira hiru baldintza hauetakoren bat betetzen duten entitate guztiak:

a) Lanbide-heziketako ikastetxe gisa, hezkuntza alorrean eskumena duen sailaren baimena izatea norbanakoaren prestakuntzako txartelekin lotuta dauden lanbide-prestakuntza arautuko zikloak emateko.

b) Lan-munduan txertatzeko prestakuntza-baliabideen katalogoaren eremuan, erakunde kolaboratzaile gisa, eskumena duen organoaren baimena izatea lanaren arloan eta norbanakoaren prestakuntzako txartelekin lotutako esparruetan.

c) Gainontzeko kasuetan, izan zuzenean zein era hitzartuan, gutxienez, ondoko baliabide materialak izatea:

– Ikasgela bat, ikasleko metro koadro bateko azalera duena, ez duena inolaz ere 30 metro koadro baino gutxiago izango.

– 30 metro koadroko tailer-ikasgela, aintzatesteko eskatzen den espezialitate motaren araberakoa.

– Zentroaren edukieraren araberako komun eta zerbitzu higieniko-sanitario kopuru egokia.

– Zuzendaritza, idazkaritza eta liburutegirako lekua.

2.– Hala ere, artikulu honetan ezarritakoez gain, arau teknikoek betekizun gehigarriak eskatu ahal izango dituzte.

23. artikulua.– Enpresa aintzatetsien egitekoak.

1.– Behar bezala aintzatetsitako entitateek dekretu honetan aurreikusitako eta horretarako baimena duten prestakuntza-ikastaroak emango dituzte.

2.– Behar bezala aintzatetsitako entitateek, gainera, ezagutza teoriko-praktikoen eta dekretu honen 10.2 eta 10.3 artikuluetan aurreikusitako araubide teknikoko probak burutuko dituzte.

24. artikulua.– Ezagutza teoriko-praktikoen probak.

1.– Entitate aintzatetsiek egindako probak industria-alorrean eskumena duen lurralde-organoko teknikari batek ikuskatuko ditu, zeinak galderen prestakuntzan eta proben zuzenketan parte hartuko baitu.

2.– Entitate aintzatetsiek emandako ikastaro bakoitzeko gaitasun-azterketa bakarra burutu ahal izango dute, eta gehienez ere 4 azterketa espezialitate bakoitzeko eta urteko.

25. artikulua.– Baimena emateko prozedura.

1.– Dekretu honetan eta beren garapeneko xedapenetan aurreikusitako eskakizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute aintzatetsiak izan nahi duten entitateek, eta batez ere, ondokoak:

a) Dekretu honen 22. artikuluan aipatzen diren eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

b) Entitateak dituen giza baliabideak deskribatzea, ikastaroen zuzendari teknikoaren izena eta titulazioa, eta bere esperientziaren egiaztapena barne.

c) Emango diren ikastaroak espezifikatzea, honakoak zehaztuta, batetik, ikasgaien zerrenda, gutxienez garapeneko xedapenetan jasota egongo direnak, eta bestetik, irakaskuntza-metodologia, beronen antolaketa eta aurreikusitako ebaluazio-sistemak zein izango diren aipatuz.

2.– Zentroa egiaztatzeko ebazpenak jakinarazpena egiten denetik izango ditu ondorioak, nahiz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahitaez argitaratu beharko den.

26. artikulua.– Egiaztapena berriztatzea.

1.– Prestakuntzarako entitate aintzatetsi izateko baimena 5 urterako emango da gehienez, eta epea amaitu baino lehen berriztatu beharko da, betiere bere titularrak eman zeneko eskakizunak eta baldintzak betetzen baditu.

2.– Entitateak, bestalde, dekretu honetan aurreikusitako eskakizunak betetzen jarraitzen duela egiaztatzeko, baimentzeko eskatutako agiri berak aurkeztu beharko dira, berriztatzeko eskabidearekin batera, lehenago aurkeztutakoak indarrean ez badaude.

27. artikulua.– Entitate aintzatetsien kontrola eta jarraipena.

1.– Entitate hauen kontrola eta jarraipena dekretu honetan ezarritakoarekin eta bere garapeneko xedapenekin bat burutuko da.

2.– Kontrol honek, entitateen kontrolaz gain, hauek burutzen dituzten proben edo azterketen, lortutako emaitzen eta izandako ebaluazio-irizpideen jarraipena barne hartuko ditu, norbanakoen prestakuntzako txartelak eskuratzearekin lotura duten ikastaroak ematearekin lotutako bestelako gaiez gainera.

3.– Industria alorrean eskumena duen organoak, bere ekimenez edo alderdi batek hala eskatuta, behar diren egiaztapenak burutu ahal izango ditu emandako irakaskuntza programatutako ikaskuntzara doitzen dela ziurtatzeko.

4.– Entitate baimenduek galdu egingo dute entitate baimenduaren kalifikazioa, baldin eta bete gabe uzten badituzte aipatu dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak zein aplikatu behar diren bestelako arauak.

28. artikulua.– Entitate aintzatetsien betebeharrak.

Profesional baimenduak prestatzeko aintzatetsiak diren entitateek honakoak bete beharko dituzte:

a) Dekretu honetan aipatzen diren alorretan beren jarduerak koordinatzea, profesional baimenduen prestakuntzari buruz industria arloan eskumena duen sailak emandako gidalerroei jarraiki.

b) Aintzatetsita duen espezialitate bakoitzeko ikastaro bat gutxienez ematea, gutxienez 10 eskabide daudenean betiere.

c) Proba egokiak burutu baino hilabete lehenago, hauen daten berri ematea, organo eskudunak ikuska ditzan.

d) Organo eskudunari urtero Euskal Autonomia Erkidego osoko jarduketen memoria aurkeztea, kontrola ditzan. Honakoak aipatu beharko dira gutxienez:

1) Espezialitate bakoitzean emandako ikastaro eta burututako proba kopurua.

2) Ikastaro edo proba bakoitzean parte hartu duen jende kopurua.

3) Gaitasun-probak gainditu dituzten profesionalen kopurua, espezialitate ezberdinak zehaztuko direlarik.

29. artikulua.– Ikastaroen edukia.

1.– Entitate aintzatetsiek arlo teknikoak eta ikastaroen iraupena kontuan hartuz landuko dituzte programak, dekretu honen garapeneko xedapenetan ezarritakoari jarraiki.

2.– Edonola ere, hogeita hamar izango da gehienezko ikasle kopurua ikastaroko eta espezialitateko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Lanbide-heziketako titulu baliokidea duten interesdunak.

Norbanakoaren prestakuntzako txartela eskuratzeko dekretu honen garapeneko xedapenetan eskatzen diren tituluak barik, dekretu honen 9.b) artikuluak aipatzen dituen ezagutza teorikoak eta praktikoak egiaztatzeko, baliokide diren lanbide-heziketako beste tituluren bat duten pertsonek, titulu hori aurkeztearekin batera, horri dagokion gaitasun-azterketa gainditu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntzarako aintzatetsitako entitate baten aurrean.

Bigarrena.– Zuzenean indarrean sartu baino lehenagotik lanbide-heziketako titulu egokia duten interesdunak.

Dekretu honen garapeneko xedapenetan jasotako lanbide-heziketa arautuko titulua duten pertsonek, baina 2006-2007 ikasturtea amaitu baino lehen eskuratu badute, berariazko araubide teknikoan xedatutakoarekin bat egin eta, Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntzarako aintzatetsitako entitate baten aurrean, gaitasun-azterketa gainditu beharko dute.

Hirugarrena.– Gaitasun-azterketak entitate aintzatetsirik ez dagoenean.

Norbanakoaren prestakuntzako txarteleko espezializazioren bati dagokion ikastarorik ematen ez den kasuan, industria arloan eskumena duen saileko lurralde-organoak gaitzen dira 10.2 eta 10.3 artikuluan aipatzen diren gaitasun-azterketak burutzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Egun dauden txartel profesionalak eta enpresa baimenduen egiaztagiriak.

Egun baimenduta dauden enpresen txartel profesionalak eta egiaztagiriak baliozkoak izango dira eta iraungi arte izango dituzte ondorioak. Berau ordezkatzeko, txartel profesionalen kasuan, jatorrizko txartel profesionala, eta enpresa baimenduaren kasuan, berriztatzeko une horretan indarrean dagoen berariazko araudian ezarritakoaren arabera eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Aldaketaren bat eman den espezialitateetan (maila-aldaketa, e.a.), aldatu duen arauaren erregimen iragankorrak ezarritakoari atxikiko zaio.

Bigarrena.– Etxebizitzetan egiten diren 70 kW-ko potentzia izendatuko berokuntzako eta ur bero sanitarioko eta 15 kW-ko klimatizazioko instalazioetarako instalatzaile txartela.

Aurreko xedapenean ezarritakoa kontuan hartuta ere, "Eraikinetako instalazio termikoak" espezialitatean, maiatzaren 17ko 175/1994 Dekretuan ezarritako "Etxebizitzetan egiten diren 70 kW-ko potentzia izendatuko berokuntzako eta ur bero sanitarioko eta 15 kW-ko klimatizazioko instalazioetarako instalatzaile txartela" dela-eta, estatuko araubide aplikagarrian baliokiderik ez duena, indarrean dauden txartelen titularrek aipatu txartela mantenduko dute, betiere aurreko xedapenean aurreikusi bezala ordezkatzeko egin beharrekoa betetzen badute.

Hirugarrena.– Egun prestakuntza-ikastaroak emateko aintzatetsita dauden entitateak.

Egun prestakuntza-ikastaroak emateko aintzatetsita dauden entitateek jarduera urtebetez burutu ahal izango dute euren arlo espezifikoan, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera. Aipatu epea amaitu baino lehen entitate aintzatetsi gisa euren baimena berriztatu beharko dute, dekretu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatu ostean.

Epe horretan beren baimena berriztatzen ez duten entitateei dagokienez, prozedura izapidetu eta gero, beren inskripzioa administrazioaren kabuz baliogabetuko da.

Laugarrena.– Dekretu hau argitaratu baino lehen entitate aintzatetsiek emandako ikastaroak gainditu dituzten profesionalak.

Dekretu hau argitaratu baino lehen entitate aintzatetsiek emandako ikastaroak gainditu dituzten edo jasotzen ari diren profesionalak, eta halaber, aurreko xedapen iragankorrean aipatzen diren entitateek emandako ikastaroak gainditu izanaren egiaztapena eskuratu baina gaitasun-proba oraindik gainditu gabe dutenek, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera bi urteko epea izango dute prestakuntzarako entitate baimendu baten aurrean probak gainditu dituztela egiaztatzeko.

Bosgarrena.– Araubide teknikoko probak gainditu izanaren egiaztagiria duten interesdunak.

Araubide teknikoko probak gainditu izanaren egiaztagiria duten interesdunek pareko txartel profesionalarekin trukatu beharko dute iraungipena deklaratu baino lehen, eman zirenean zegoen araudiari jarraiki.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

175/1994 Dekretua indargabetzea.

Txartel profesionalak lortzeko prozedura bateratu zuen eta bertan industria-segurtasunaren alorrean instalazio-lanak, mantentze-lanak edo antzeko jarduerak burutzen dituzten enpresa baimenduek bete beharrekoak definitu zituen maiatzaren 17ko 175/1994

Dekretua indargabetuta geratu da, baita dekretu honetan aurreikusitakoari kontra jartzen zaizkionean maila txikiagoko edo maila bereko xedapenak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erregelamendu bidezko garapena.

Dekretu honen garapenean eta industria arloan eskumena duen sailaren titularraren agindu bidez arautu beharko dira ondoko gaiak:

– Norbanakoaren prestakuntzako txartelen eta enpresa baimenduen maila ezberdinak.

– Txartel profesionalen espezialitate bakoitzerako eskatuko diren lanbide-heziketako titulazioak eta prestakuntza-ikastaro bakarra eskatuko denetan espezialitateak zehaztea.

– Profesional baimenduak prestatzeko aintzatetsitako entitateek eman beharreko prestakuntza ikastaro teoriko-praktikoen gutxieneko iraupena eta edukia.

– Enpresa baimenduentzako baliabide teknikoak eta giza baliabideak espezialitateka eta mailaka.

– Txartel profesionalaren eta enpresa egiaztagiriaren forma eta edukia.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

1.– Dekretu hau 2006ko ekainaren 1ean jarriko da indarrean.

2.– Hala ere, lanbide-heziketako ziklo arautuetako tituludunak norbanakoaren prestakuntzako txartela zuzenean eskuratzea 2006-2007 ikasturtea amaitu ondoren jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko martxoaren 14an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala