Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2005eko ekainaren 25a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3296

AGINDUA, 2005eko maiatzaren 31koa, Kultura sailburuarena, Usurbilgo (Gipuzkoa) Artzabal baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2005eko apirilaren 4ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez Usurbilgo (Gipuzkoa) Artzabal baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2005eko maiatzaren 5eko 83. zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegazioak aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Usurbilgo (Gipuzkoa) Artzabal baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.– Usurbilgo Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Espedienteko interesdunei, Usurbilgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko maiatzaren 31.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA

Mugatzea

a) Mugatzearen deskribapena.

Mugatutako eremuaren barne Artzabal baserriaz gain, eraikin horren inguruko terrazak, paseoak eta lorategiak ere sartzen dira. Horrenbestez, mugak honako hauek izango dira: Ipar-mendebaldean, baserriaren atzealdeko fatxadatik metro gutxitara aurkitzen dugun Puntapax Kaletik hurbilen dauden espaloia eta areka; Ipar-ekialdean, fatxadatik 10 m-ra dagoen lerro paraleloa; Hego-ekialdean, fatxadatik 20 m-ra dagoen lerro paraleloa; Hego-mendebaldean, fatxadatik 10 m-ra dagoen lerro paraleloa.

b) Mugatzearen justifikazioa.

Proposatutako mugak, hiriko parke baten erdian dagoen Artzabal baserriaren ingurumen eta ikusmeneko balioak babesteko premiak justifikatzen ditu. Ingurunea derrigorrez mugatu behar da ondasuna behar bezala babestu eta baloratzeko. Horrenbestez, baserriaren inguruko lurrek eta eraikinerako sarrerak okupatutako espazioak babestu behar dira, baserriaren berezko izaera gordetzeko. Horregatik, mugatze honen barne, baserriaren eraikinaz gain, bere ingurua ere hartzen dugu.

II. ERANSKINA

Deskribapena

Artzabal baserria Elizaldeko hirigunean dago.

Neurri ertaineko eta oinplano angeluzuzeneko eraikin barrokoa da. Bi solairu eta ganbara ditu, hiru isurkiko zurezko estalkia eta bizkarra, fatxada nagusiarekiko elkarzuta, Hego-ekialdera orientatua. Hareharrizko harlandu-eskantzuak ditu. Fatxada horren beheko solairua harri-hormez egina dago, eta Hego-mendebaldean karrerape irekia du. Karrerape honen erdian, sekzio zilindrikoko harrizko zutabeak zurezko baoa lehen solairutik zurkaizten du. Erdian, harlanduz inguratutako bao dintelatua, eraikineko sarrera nagusia da. Bao horren eskuinean, leiho dintelatua eta inguratua ere aurkitzen dugu, hau ere harlanduz egina dago. Lehen solairuan, zurezko balkoi luzea soliboek eusten dute. Lehen solairu honetako fatxada zurezko otaesizkoa da, eta bertako baoak adreilu zeramikoz bete dituzte. Ganbarako hormapikoa erabat zabalik dago. Bertatik irteten dira teilatu-hegal handia eusten duten besoak. Hego-mendebaldeko fatxadaren azalera osoa harri-horma zarpeatuz egina dago. Bere Hegoaldeko zatia, atari irekiko zonari dagokiona, hareharrizko harlanduz egina dago. Bertara, harlanduzko bao dintelatu inguratuaren barrena helduko gara. Bao horren gainean, harlanduz ere inguratuta dagoen leiho bat aurkituko dugu. Ipar-ekialdeko fatxada ere harri-hormazkoa da, eta beheko eta lehen solairuetan harlanduz inguratutako zenbait bao dintelatu ditu. Ipar-mendebaldeko fatxada (atzealdea) harri-hormez egina dago –lehen solairuan dagoen sarerako ate handi zahar baten baoa izan ezik– eta harlanduzko eskantzuak ditu.

Baserri honetako barne-armadura, pieza bakarreko bederatzi pilarek eusten dute. Pilare hauek habeak, gapirioak eta aho-ziriketan mihiztatutako besoak eusten dituzte. Lehen solairuko azaleraren laurdena, Ipar-mendebaldean, zementu-forjazkoa da. Zati honetan bertan eta zona berean ez du ganbararik.


Azterketa dokumentala