Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2005eko apirilaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2008

74/2005 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Zaldibarko Udalak, nahitaezko desjabetzea egiteko, “N-634 errepidetik Zaldibarko hirigunerako sarbide berria egiteko proiektuaren 1. banakatua (A fasea)” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

Zaldibarko Udalak, 2004ko azaroaren 25eko osoko bilkuran, “N-634 errepidetik Zaldibarko hirigunerako sarbide berria egiteko proiektuaren 1. banakatua (A fasea)” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak desjabetzeko espedienteari hasiera ematea eta, horretarako, ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen. Ondoren, 2005eko urtarrilaren 27an egindako bilkuran, nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; arrazoibide-idazki bat aurkeztu zitzaion eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi zen idazki hori.

Zerbitzu teknikoek adierazi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Proiektua “Industrialdeko sarbidea egiteko Arau Subsidiarioetan egindako aldaketa puntualaren” babesean idatzi zen eta bere helburua udalerriko industrialderako sarbide berria egitea da, batez ere ibilgailu astunentzat, horrela ez baitute Euskal Herria kalea gurutzatu beharko, kale hori hiriguneko bide-ardatz nagusia eta udalerriko merkataritza-bide garrantzitsua baita. Antolamendu berriari esker, egun egoitza-gunean dagoen zirkulazioa arinduko da eta horrek udalerriko bizi-kalitatea eta merkataritza-jarduera hobetzea eta industrialdearen balioa gehitzea ekarriko du.

Proiektua hiru fasetan burutuko da. A fasean, N-634 errepidea hirigunerako sarbide berriari dagokion gurutzagunearen konfiguraziora egokituko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 5ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, “N-634 errepidetik Zaldibarko hirigunerako sarbide berria egiteko proiektuaren 1. banakatua (A fasea)” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Zaldibarko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 5ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala