Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2005eko apirilaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2007

AGINDUA, 2005eko apirilaren 6koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratze arloko jarduerak egiteko diru-laguntzak arautzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan bazterkeriaren (pertsonarena, gizartekoa nahiz lanekoa) arriskuari aurrea hartzeko eta bizitza independentea aurrera eramateko beharrezko baliabiderik (pertsonarenik, gizartekorik nahiz ekonomikorik) ez dutenei gizartean sartzen laguntzeko beharrezkoak diren tresnak (gizarte arlokoak zein laguntza ekonomikoak) arautzea da Gizarte-bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen helburua.

Lege horren garapenaren ondorio zuzena izan dira, batetik, Gizarteratzeko Gutxieneko diru-sarrera arautzen duen apirilaren 20ko 198/1999 Dekretua (Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legeak xedatzen duenez, egun oinarrizko errenta esaten zaio gutxieneko diru-sarrerari) eta, bestetik, gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzeko den apirilaren 20ko 199/1999 Dekretua; izan ere, dekretu bi horien helburua diru-laguntzak ematea izanik, bien artean osatzen dute gizarte-bazterkeriaren aurkako euskal sistemako politika pasiboaren alderdia.

Bestalde, Gizarteratzeko Hitzarmenak arautzeko den urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuak ezarri zuen maiatzaren 22ko 12/1998 Legean aurreikusi ziren gizarteratzeko eta gizarte-bazterkeriari aurrea hartzeko gizarte izaerako neurrien araubide juridikoa; eta neurri horiek eratzen dute gizarte-bazterkeriaren aurkako euskal sistemako politika aktiboaren alderdia eta, era berean, sistemaren eskuartze-tresnarik garrantzitsuenak dira.

Eusko Jaurlaritzak hainbat jarduera eta programa bultzatu ditu gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokaren barruan egon behar diren politika aktiboen hedadura indartzeko, eta horietako batzuk dira administrazio publikoen arloan sustatu direnak eta aipatzea merezi dutenak: oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat lanean hasteko pizgarriak ezartzen dituen programa; bazterturik edo baztertuta izateko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko Auzolan izeneko Programa; eta, azkenik, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan errefortzuko teknikariak kontratatzeko diru-laguntzak banatzen dituen programa.

Gainera, une honetan beharrezkotzat jo da gizarteratzeko politika aktiboak indartzea gizarte zibilaren ikuspuntutik abiatuz, hau da, gizarte-bazterkeriaren aurkako prozesuetan parte hartzen duten irabazi asmorik gabeko talde eta entitateekin arituz eta oinarrizko gizarte-zerbitzuekiko lankidetza suspertuz, hartara, gizarteratze-hitzarmenak errazago eta modu dinamikoagoan izenpetu eta gauzatu daitezen. Izan ere, gizarteratze-hitzarmenak dira gizarte-bazterkeriaren aurkako politikaren giltzarria.

Justizia, Lan eta Gizarte Sailak partzuergoei, mankomunitateei, udalei eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei emango dizkien diru-laguntzak arautzen ditu agindu honek. Diru-laguntza horiekin entitateok gizarteratze-programetan jasota dauden jarduerak —aurre hartzekoak nahiz gizarteratzekoak— burutu beharko dituzte, oinarrizko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan arituz eta oinarrizko tresnatzat gizarteratze-hitzarmenak dituztela.

Agindu hau, diru-laguntzak ematekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10.12, 10.25 eta 10.39 artikuluetan, hurrenez hurren, gizarte-laguntza eta komunitate-garapen eta -sustapen arloan aitortutako eskumenen babesean ematen da.

Ondorioz, Gizarteratzeko Batzorde Iraunkorrari eta Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordeari entzun ondoren, honakoa

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua eta xedea.

1.– Agindu honen helburua da Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, partzuergoei, mankomunitateei, udalei eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei emango dizkien diru-laguntzak arautzea da. Diru-laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratze arloko programetan jasotako jarduerak 2005eko ekitaldian egiteko izango dira. Jarduerak oinarrizko gizarte-zerbitzuekin elkar lanean egingo dira eta horien oinarrian gizarteratze-hitzarmenak egongo dira.

2.– Aginduaren xedea da gizartean bazterturik geratzeko arriskuan daudenak edo bazterturik dauden pertsonei bere gisa bizitzeko baliabide pertsonal edo sozialen gabezia leuntzea.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte gizarteratze-programetan jasota egon eta helburu hauek dauzkaten jarduerak:

– Gizartean bazterturik geratzeko arriskuan dauden edo bazterturik dauden pertsona eta taldeen prebentzio soziala, bazterketaren sorburuan eraginez.

– Pobretasun edo marjinazio egoeran dauden edo, oro har, gizartean bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsona eta taldeak gizarteratzea.

2.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek joko dira gizarteratze programatzat: ahal den neurrian gizarte-beharrak asetzeko bide normalak erabiliz, gizartean baztertuta edo baztertzeko arriskuan dauden, edo sozialki bereziki babesgabe diren kolektiboetako norbanakoen edo taldeen eguneroko bizitza normaltzea xedetzat duten jarduerak eskaintzen ditu.

3.– Gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden edo bazterturik dauden pertsona edo taldeentzako programek, honako ezaugarriak bete beharko dituzte:

– Integralak eta prozesukoak izango dira: hasteko, gabezien diagnostiko osoa egin beharko da, bai eta pertsona edo talde hauek dauzkaten trebetasun eta baliabideei buruzkoa ere; eta, azkenik, gizarteratzeko prozesua zehatu beharko da.

– Aktiboak eta dinamikoak izango dira: pertsona edo talde horiek modu aktiboan hartu beharko dute parte haien egoeraren diagnostikoa egiten eta gizarteratzea erraztuko dieten elementu eta baliabideak identifikatzen.

– Malguak izango dira: besteak beste, erritmoari, edukiari eta iraupenari dagokionez, parte hartzen duten pertsona edo taldeen beharrei eta berezitasunei egokitzeko gauza izan daitezen.

– Erabilgarriak izango dira: gizarteratzea lortzeko baliagarri zaizkion elementu edo baliabideak eskuratu beharko dizkie pertsona edo talde horiei.

– Ebaluatzeko modukoak izango dira: helburu argi eta neurgarriak izango dituzte, metodologikoki ondo egituratua egongo dira, jarduerak izango dituzte, jardueren gaineko kronogramak izango dituzte eta ebaluazio-adierazleak ere bai.

4.– Artikulu honetako 2. idatz-zatian aipatzen diren jarduerak honakoak izan daitezke, besteak beste:

– Pertsona edo talde horietan antzemandako gabezien diagnostikoa egiteko jarduerak, bai eta orientabiderako jarduerak ere, gizarteratzeko norbanako edo taldeko planak eginez horretarako.

– Trebetasun pertsonal, sozial edo lanekoetan prestatzeko aldez aurretik egiten diren jarduerak, gizarteratzeko prozesu normalizatuak abian jartzea ahalbideratzen dutenak.

– Gizarteratzeko prozesuan lagun egiteko jarduerak, hau da, tutoretza, jarraipen eta ebaluazio lanak eginez pertsona edo talde horiei laguntzea gizarteratze-planak burutzen.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan jasota diru-laguntzen onuradunak:

a) Aurreko artikuluan deskribaturiko gizarteratze programak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko partzuergo, mankomunitate, eta udalak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aurreko artikuluan aipatu diren gizarte-programak egiten diharduten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuak. Entitate horiek oinarrizko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan aritu beharko dira eta Administrazio honetako Bazkuneen edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon beharko dira, edo, bestela, dagokion erregistro publikoan inskribatuta daudela egiaztatu beharko dute.

4. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntzen muga.

1.– Agindu honetan jasotakoa betetzea helburu duten baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik eratorriko dira. Aurrekontu-ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen guztizkoa ez da izango aipatutako kontsignazioa (edo, aurrekontu-aldakuntzak onartzen direnean, hori eguneratzearen emaitza) baino handiagoa, indarrean dagoen legearekin bat etorriz.

Aurrekontu-aldakuntzarik egonez gero, eta baldin eta laguntzen ebazpenak baino lehenagokoak badira, Gizarteratze zuzendariak aldakuntzen berri eman beharko du, horien gaineko ebazpen bat argitaratuz.

2.– Agindu honetan ezarritakoa betetzeko, Aginduan aurreikusitako diru-laguntzen 2005eko ekitaldiko finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak 2005eko ekitaldirako onartzen dituen abenduaren 28ko 10/2004 Legeko aurrekontu-kreditu honen kargura egingo da: 31211 programa, 31 zerbitzua, 454.99.001/Q kontu-saila. Eta horren zenbatekoa 1.214.000 eurokoa izango da.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko era eta epea.

1.– Eskabideak, araututako eske-idazkian eta kasu bakoitzari dagozkion agiriekin batera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko lurralde ordezkaritzetan edo Gizarteratze Zuzendaritzan, aurkeztu beharko dira.

Edonola ere, aplikagarri izango da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aurreikusitakoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da Aginduak ondorioak sorrarazten hasten den egunetik kontatzen hasita.

3.– Eskabidea aurkezten dutenenean egiaztatu beharko dute entitate onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela.

6. artikulua.– Agiriak.

Agindu honetan jasotzen diren laguntzak eskuratu nahi dituzten entitateek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabide-orria (agindu honekin eranskin gisa doan eskabide-orri normalizatua), gutxienez honako datuak jaso beharko dituena:

– Programaren deskripzioa, jardueraren gaineko memoria zehatzarekin eta programa garatzeko faseekin.

– Programaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu xehatu eta zehaztua.

– Helburu berarekin egin dituzten beste eskabideak edo jaso dituzten diru-laguntzak.

– Erabiliko dituzten giza baliabideak eta baliabide teknikoak.

b) Eskabideko programa oinarrizko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

c) Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia. Aurreko ekitaldiko deialdi berean diru-laguntza jaso dutenek ez dute agiri hori aurkeztu beharko.

d) Zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten egiaztagiri eguneratuak, gehienez, eskabidearen data baino hiru hilabete aurretik emandakoak; bat Foru Ogasunarena, eta bestea, hala dagokionean, Gizarte Segurantzako Lurralde Diruzaintzarena, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei buruzkoa. Hala eta guztiz ere, onuraduna derrigortuta dago diru-laguntza eman, justifikatu eta likidatzeko prozeduraren fase guztietan gai horri buruz eskatzen zaizkion egiaztapen guztiak aurkeztera.

e) Zinpeko aitorpena, sexu-diskriminazioagatik edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen ondorioz ezarritako administrazio-zigor edo zigor penalen bat dela-eta deialdi honetan parte hartzea galarazten dien debekurik jaso ez dutela adierazten duena.

7. artikulua.– Eskabidearen hutsuneak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak oso-osorik bete ezean, edo diruz lagun daitekeen egoera bakoitzeko azaldutako agiriekin batera aurkeztu ezean, hamar egunetan akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Hori egin ezean eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Administrazioak, ordea, espresuki erabaki beharko du eskabideari buruz eta horren berri eman azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera (Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

8. artikulua.– Esleitzeko irizpideak eta horien ponderazioa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu eta emateko, honako gehienezko puntuazio-baremoa hartuko da kontuan:

1.– Entitate eskatzailearekin zerikusia dutenak.

a) Aurkeztutako programako jarduerak garatu eta gauzatzeko, entitate eskatzaileak eskaintzen dituen giza baliabideak eta baliabide materialak: 10 puntura arte.

b) Baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzearen inguruan entitate eskatzaileak izan duen jardunbidea, 5 puntura arte.

2.– Proposatutako programarekin zerikusia dutenak.

a) Programak edo jarduerak agindu honetako 2. artikuluan ezarritako jarduera-eremuei eta lehentasunei egokituta egotea. Gizarteratze-hitzarmenak izenpetu dituzten edo izenpetu ditzaketen pertsonen kopurua, programak ukitutako pertsonek oinarrizko errenta jasotzen daramaten denbora eta programaren edo jardueren zabalkunde geografikoa: 25 puntura arte.

b) Zonalde bereziki behartsuetan egiten diren programak, oinarrizko errenta jasotzen duen edo gizarteratze-hitzarmena izenpetu duen pertsona kopuruaren arabera: 15 puntura arte.

c) Jarduerak emakumearen aldeko diskriminazio positiboari egiten dion ekarpena, gizarte bazterkeriaren eta pobretasunaren feminizazioa desagerrarazte aldera apustu garbia eginez: 10 puntura arte.

d) Gizarteratzeko formula berritzaileak bultzatzea gizarte-bazterkeriari era eraginkorrean aurre egiteko (Europan dauden sareetan parte hartzea, inplikatutako eragile guztien arteko elkarrizketa bultzatzea, gizarteratze prozesuetan laguntzea…), gizartean parte hartzeko era berriak sustatzeko asmoarekin: 15 puntura arte.

e) Beste instituzio batzuen parte hartzea programen finantzazioan: 10 puntura arte.

f) Programaren izaera ebaluagarria, 10 puntura arte.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko epea eta publizitate-prozedura.

1.– Gizarteratze Zuzendaritza da Agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bitartez ebatziko dira. Horregatik, Agindu honetako 8. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatu eta puntuazio altuena lortzen duten entitate onuradunei baino ez zaizkie emango diru-laguntzak. Gizarteratze Zuzendaritzak kide anitzeko organo bat izendatuko du balorazioa egiteko eta ebazpen proposamena egiteko.

Balorazio-organoa honako hauek eratuko dute:

– Lehendakaria: Gizarteratze zuzendaria.

– Kideak: Gizarte Zuzendaritzako hiru pertsona, teknikari maila dutenak. Horietako bat organoaren idazkaria izango da.

Kide anitzeko organoak egiten duen balorazioan argi zehaztu beharko da puntuazio bakoitza emateko jarraitu den prozesu logikoa, ebazpen-proposamenean ere islatuko dena.

3.– Gizarteratze zuzendariak espresuki eta banan-banan hartutako ebazpenaz eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak, eta ebazpen hori arrazoitua izango da.

4.– Diru-laguntzak emateko ebazpenetan onuradunen betebeharrak adierazi beharko dira. Betebeharrok agindu honetako 13. artikuluan daude aurreikusita. Horiez gain, berariaz adierazi beharko dute diru-laguntzen erabilera fiskalizatzeko dagozkien egitekoak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazio guztia ere eman beharko dutela.

5.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, eta espresuki eta banaka jakinaraztearen kalterik gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da —Gizarteratze zuzendariaren ebazpen bidez— xedapen honen babesean ematen diren diru-laguntzen pertsona eta entitate onuradunen zerrenda. Zerrenda horretan, halaber, jasoko diren diru-laguntzen kopuruak eta emandako diru-laguntzetan aldaketaren bat izan dituztenak jasoko dira.

6.– Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute entitate interesdunek horren aurka, Gizarteratze sailburuordearen aurrean, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Isiltasunez ukatzea.

Agindu hau indarrean sartu eta hiru hilabete igaro ondoren ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ukatutzat joko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; hala ere, Administrazioak berariazko ebazpena eman behar du.

11. artikulua.– Kopurua eta ordaintzeko modua.

1.– Aurkezten den programa bakoitzerako onartzen den aurrekontu osoaren %100eraino finantza dezake Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak.

2.– Zatika egingo da ordainketa, emakidaren unean %75 ordainduko da eta, gainontzeko %25, egin diren gastuak justifikatzen direnean. Horretarako, jatorrizko agiriak behar dira edo, salbuespenez, horien kopia konpultsatuak, jarduna amaitzen den egunetik hasi eta bi hilabeteko epe barruan aurkeztu beharko dira.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntzekin bateragarritasuna.

1.– Oro har, laguntza hauek ematea beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin bateragarria izango da. Hala ere, diru-laguntza honetan jasotzen diren eta diruz lagundu daitezkeen jarduerek ezin izango dute diru-laguntzarik jaso beste programen kontura, ez Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren programetatik, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko beste sailenetatik.

2.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharko da xede horretarako beste finantzazio iturririk baden zinpeko aitorpena, horien zenbatekoa, eta, hala bada, erantzuteke dauden laguntza eskariena. Baldin eta laguntzen eta diru-laguntzen zenbateko osoa jarduerarako onartutako aurrekontua baino handiagoa bada, eman beharreko laguntzari soberakin-kopurua kenduko zaio.

13. artikulua.– Erakunde eta entitate onuradunen obligazioak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan xedatutakoetatik kasuan kasu aplikagarriak direnez gain, honakoak dira pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak:

a) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmenki aldatzen dituzten gorabeheren berri ematea, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari lankidetza eskaintzea, jarduera horiek konprobatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

b) Era berean, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren laguntza jaso dutela espresuki erasota utzi beharko da, baldin eta laguntzaren gai izan diren jarduerak zabaldu, hedatu edo argitaratu behar badira.

c) Diru-laguntzaren zertarakoa eta nola erabili den ziurtatu beharko dute erlazio-bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez; dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Gastuak justifikatzeko, jatorrizko faktura eta ordain-agiriak eskatuko dira. Nolanahi ere, laguntzaren onuradun den pertsona fisikoak edo juridikoak jatorrizko agiriak Administrazioaren esku uztea ezinezkoa duela behar bezala egiaztatzen badu, posible izango da lehendabizi jatorrizko dokumentuak zein kopiak aurkeztea eta kopiak konpultsatu ondoren jatorrizko dokumentuak berriro bueltatzea diru-laguntzaren onuradunari.

Fakturak eta ordain-agiriak proiektuen arabera sailkatuta aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatu eta zenbakituak, eta guztien zerrenda nominala atxikiko da, gastua zein helbururekin egin den azalduz.

2.– Lan-legepeko langile kontratatuei dagozkien egiaztagiriak eredu ofizialaren araberako nominen bitartez egingo dira. Nominekin batera, Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak aurkeztu beharko dira.

3.– Aldi baterako kontratazioetan, ordain-agirietan langilearen datuak, NANa, ordaindutako jardun-mota eta PFEZrekiko atxikipenak agertu beharko dira.

4.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntza eskuratu dutenek, jarduerak burutzeko onartutako egutegiaren arabera, diruz lagundutako jarduera bukatu eta hilabeteren barruan, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Burututako proiektua edo jarduera zehazten duen txostena, honako datuak jasotzen dituena: onuradunen kopurua, diru-laguntza jaso duen programa osatzen dutenen profila (Oinarrizko Errentaren hartzaileak, Gizarteratzeko Hitzarmenen sinatzaile diren ala ez —eta ez badira, zergatik—, besteren ardurapeko adingabeak) eta horren ildotik gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko politiken sendotzea adierazten duen informazio guztia.

b) Helburu bera duten beste laguntzen aipamena, baldin eta aurretik horien berri ez bazegoen.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat jota, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz honek zein beste edozein administrazio publiko edo erakunde publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, horretarako, Gizarteratze zuzendariak kitapena egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, diru-laguntza emateko mugak eta irizpideak aplikatuaz, eta, bestelde, entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

16. artikulua.– Zerga, Gizarte Segurantza eta diru-laguntza publikoen inguruko betebeharrak betetzea.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ematea eta ordaintzea entitate eskatzaileek zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak betetzearen menpe dago, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991eko urriaren 7ko Aginduak xedatzen duenaren arabera.

2.– Halaber, entitate onuradunei laguntzak eman eta ordaintzeko, beharrezkoa izango da tramitatzen ari den edozein itzulketa edo zigor-prozedura bukatuta egotea, prozedura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru laguntzengatik hasi bada.

3.– Ezin izango dira deialdi honetara aurkeztu sexu-diskriminazioagatik edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen ondorioz ezarritako administrazio-zigor edo zigor penalen bat ezarri zaien pertsona fisiko edo juridikoak, zigor hori indarrean dagoen bitartean.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea.

Diru-laguntza jaso duten onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1. artikuluan aurreikusitako kasuan egongo balira, edo Agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan, baita diru-laguntza onartzeko ebazpenean ere, ezarritako baldintzak beteko ez balitu, Gizarteratze zuzendariak —dagokion ebazpenaren bidez— ordaintzeke leudekeen kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko luke, eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak gehi diru-laguntza ordaindu zitzaionetik sortutako legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar direla, nolanahi ere, bidezko diren bestelako egintzak ere buru daitezke, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko ditugu, dagozkien ondorio legaletarako, eta, erantzukizun erregimenari dagokionez, Euskadiko Ogasun Nagusia Antolarauei buruz indarrean dauden xedapenen testu bategineko 64. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Arauak betetzen ez badira, honako hau izango da jasotako diru-laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarteratze zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki irizten dizkion alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, ordainketak eten egingo dira.

b) Alegazioak jasota, edo epe barruan arrazoibiderik aurkezten ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Gizarteratze zuzendariaren ebazpenaz.

Dirua itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez ere 6 hilabetekoa izango da.

Ebazpen horrek arauren bat bete gabe utzi dela xedatuz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Epe hori borondatezko ordainketa egiteko alditzat hartuko da.

c) Borondatezko epean dirua itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Finantza Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, aplika daitekeen legezko arautegiak dioenaren arabera jardun dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindua garatzea.

Gizarteratze sailburuordeari ematen zaio agindu hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapenak hartu eta garatzeko aginpidea.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka badago birjarpen errekurtsoa aurkeztea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, badago administrazioarekiko auzi errekurtsoa zuzenean aurkeztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko apirilaren 6a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

ERANSKINA
GIZARTERATZEKO PROGRAMAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZETAKO ESKAERA-ORRIA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala