Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2005eko apirilaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 2 Zenbakiko Epaitegia
1848

EDIKTUA, ordainketak ez egiteagatiko iraizpenaren eta errentak erreklamatzearen gaineko 563/04 zk.ko prozeduraren ondoriozkoa.

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Epaitegia (Bizkaia).

Judizioa: L2 563/04, hitzezko judizioa, desahuzio bati buruzkoa.

Alderdi demandatzailea: José Carrete López.

Alderdi demandatua: Ismael García Ramón.

Gaia: ordainketak ez egiteagatiko desahuzioa eta errentak erreklamatzea.

Aipatutako judizioaren gainean ebazpena hartu da, eta hau dio, hitzez hitz:

zk.ko EPAIA.

Barakaldo, bi mila eta lauko azaroaren bosta.

Antonio Jesús Cubero Gómez jaunak, hiri honetako eta bere barrutiko Lehen Auzialdiko bi zenbakiko Epaitegiko epaile magistratu titularrak ikusi ditu 563/2004 zk.ko desahuzioaren gaineko hitzezko judizioaren autoak, ordainketak ez egiteagatiko errentamendu-kontratu bat indargabetzeari eta zenbateko bat erreklamatzeari buruzkoak. Auto horiek José Carrete López jaunak eskatuta jarraitu dira, Nuria Yu Martínez prokuradoreak ordeztuta eta Luis Bustamante Esparza letraduak lagunduta, Ismael García Ramón jaunaren aurka, auzi-iheslaria bera. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Demandatzailearen ordezkariak demanda bat aurkeztu zuen, 2004ko ekainaren 28an; banaketa-txandaren arabera epaitegi honi egokitu zitzaion, eta honako gertakari hauek alegatu zituen, laburbilduta: 1) Auzi-jartzailea Portugaleteko Francisco Pizarro kaleko 14 zenbakiko atariaren ezkerretik sartuta kokatuta dagoen lokalaren jabea da. 2) Alderdiek lokal horren errentamendu-kontratua izenpetu zuten 2003ko azaroaren 1ean, hileko 240,40 euroko errentarekin. 3) Bigarrena.– Demandatuak ez ditu ordaindu 2003ko abendutik 2004ko ekainera bitarteko hilabeteetako errentak. Beraz, zor osoa 1.682,80 eurokoa da. 4) Adiskidetasunezko kudeaketak alferrikakoak izan dira. 5) Hala egokituz gero, bidezkoa da desahuzioa egitea.

Aplikaziokoak iritzi zituen zuzenbideko oinarrietara jo ondoren, honako hauek jasotzen zituen epaia emateko eskatu zuen: 1.– Indargabetutzat jotzea Portugaleteko Francisco Pizarro kaleko 14 zenbakiko atariaren ezkerretik sartuta kokatuta dagoen lokalaren («Bar Carrete») errentamendu-kontratua, alderdien artean 2003ko azaroaren 1ean egindakoa. 2.– Demandatua auzi-jartzaileari 1.682,80 euro ordaintzera kondenatzea, 2003ko abendutik 2004ko ekainera bitarteko hilabeteetako errenta gisa. 3.– Demandatua kostuak ordaintzera kondenatzea.

Bigarrena.– Demanda izapideak egiteko onartu zen, 2004-07-02ko auto bidez. Jaurtiketa egiteko eguna 2004-10-04 ezarri zen, epaia errekurritzen ez bazen. Alderdiak bistarako zitatzea erabaki zen, eta 2004-07-28 eguna ipini zen bistarako. Demandatua legeak agindu bezala zitatu ez zenez, bista bertan behera gelditu zen eta 2004-09-23 eguna jarri zen, baina arrazoi berberagatik bertan behera gelditu zen hori ere eta 2004-11-02 eguna ipini zen azkenean. Demandatua ez zen egintza horretan agertu, nahiz eta legeak aginduta bezala zitatuta egon, eta horrenbestez, auzi-iheslari deklaratu zen. Auzi-jartzaileak bere demanda berretsi zuen eta adierazi zuen demandatuak 2004-09-24an itzuli zizkiola lokaleko giltzak. Adierazitzat jo ziren aurkeztutako agiriak, eta bista amaitutzat jo zen.

Hirugarrena.– Prozedura hau izapidetzerakoan, legezko aginduak bete dira.

EGITATE FROGATUAK

Lehenengoa.– Frogatutzat dago eta hala deklaratzen da, José Carrete López jaunak, errentatzailea denez, Ismael García Ramón jaunarekin errentamendu-kontratua egin zuela etxebizitzatarako ez bestelako erabilerarako, 2003ko azaroaren 1ean, Portugaleteko Francisco Pizarro kaleko 14 zenbakiko atariaren ezkerretik sartuta kokatuta dagoen lokalari buruzkoa, eta bertan hileroko 240,40 euroko errenta hizbatu zela.

Bigarrena.– Demandaren egunean, errentariak 2003ko abendutik 2004ko ekainera bitarteko errentak ordaindu gabe ditu. Beraz, zor osoa 1.682,80 eurokoa da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Auzi-jartzaileak ekintza pertsonal hauek metatuta gauzatu nahi ditu, PZL-ko 438.3.3. artikuluarekin bat: desahuzioa, etxebizitzatarako ez bestelako erabilerarako errentamendu-kontratua ordainketak ez direlako egin indargabetzea, eta errentak erreklamatzea, Hiri Errentamenduei buruzko 1994ko Legearen 27. artikuluan oinarrituta. Kontratua indargabetzea eta demandatua 1.682,80 euro ordaintzera kondenatzea nahi du.

Demandatua auzi-ihesean dago, baina PZL-ko 496.2. artikuluak adierazten duenez, horrek ez du esan nahi demandaren aurrean amore eman duenik, ez ondorioz auzi-iheslaria kondenatu behar denik ere. Auzi-jartzaileak frogatu egin behar du ekintza, hau da, beraren uzia osatzen duten egintzak, PZL-ko 217.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, errentak erreklamatzeko ekintzari dagokionez. Izan ere, PZL-ko 440.3. artikuluan xedatutakoaren arabera, demandatua agertzen ez bada, desahuzioa deklaratu behar da, bestelako izapiderik gabe. Auzi-jartzailearen arabera lokala entregatu egin zaionez, ez da bidezkoa etxetik botatzea, baizik eta PZL-ko 703.4. artikuluko eginbidea egitea, finkaren egoera egiaztatzeko.

Bigarrena.– Demanda osatzen duten egintzak egiaztatu ondoren, bidezkoa da demandatua erreklamatzen den zenbatekoa ordaintzera kondenatzea. Zenbateko horrek, gainera, PZL-ko 576. artikuluko interesak sortuko ditu, ebazpen hau ematen denetik aurrera. Interes horiek, prozesu-izaera kontuan hartuta, ofizioz aplikatu behar dira, eta horrenbestez, nahitaez, nahiz eta demandan eskatu ez eta epaitzan aipatu ere ez egin, Auzitegi Gorenaren 2003ko azaroaren 21eko epaiaren (AGE) eta 1997ko uztailaren 3ko AGE-ren arabera, beste AGE hauek ere aipatzen dutuelarik: 1990ko apìrilaren 10ekoa, 1991ko urriaren 7koa eta 1992ko otsailaren 25ekoa.

Hirugarrena.– Prozesuko kostuei dagokienez, demanda baietsi ondoren eta Prozedura Zibilari buruzko Legearen 394.1. artikuluan xedatutakoarekin bat, demandatuari ordainketa egin dezala agindu behar zaio, auzi-iheslaria ezin da eta demandari erantzun ondoren amore ematen dion demandatua baino egoera hobean egon (1989ko martxoaren 6ko Auzitegi Gorenaren epaia); eta ez egitatezko ez zuzenbidezko zalantza handirik antzematen ez denez.

Aipatutako aginduak eta oro har aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, honakoa da.

EPAITZA

Nuria Yu Martínez prokuradoreak José Carrete López jaunaren izenean eta ordez Ismael García Ramón jaunaren aurka aurkeztu duen demanda baietsi egin dudanez,

Lehenengoa.– Indargabetutzat jo behar dut eta jotzen dut 2003ko azaroaren 1ean alderdien artean izenpetutakoa errentamendu-kontratua, etxebizitzatarako ez bestelako erabilerarako, Portugaleteko Francisco Pizarro kaleko 14 zenbakiko atariaren ezkerretik sartuta kokatuta dagoen lokalari buruzkoa.

Bigarrena.– Demandatuaren desahuzioa erabakitzen dut, Portugaleteko Francisco Pizarro kaleko 14 zenbakiko atariaren ezkerretik sartuta kokatuta dagoen lokaletik. Auzi-jartzaileak legeak agindu bezala eskatu ahal izango du finkaran egoerari buruzko akta egitea.

Hirugarrena.– Kondenatu egiten dut demandatua auzi-jartzaileari mila seiehun eta laurogeita bi euro eta laurogei zentimo (1.682,80) ordaintzera, eta bai zenbateko horrek ebazpen hau ematen den egunetik hasi eta erabat ordaintzen den arte sortzen dituen legezko interesak bi puntuz gehituta ordaintzera ere.

Laugarrena.– Eta prozesuko kostuak demandatuari ezartzen zaizkiola ulertu behar da.

Epai honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke. Epaitegi honetan aurkeztutako idazki baten bitartez egin beharko da errekurtsoa, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik harako bost egun balioduneko epearen barruan. Errekurtso horretan, bestalde, errekurritzeko borondatea adierazi beharko da eta aurkatutako erabakiak zehaztu. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ebatziko du errekurtsoa. Errekurtsoa onartu ahal izateko, epemugatutako errentak eta kontratuaren arabera aurretik ordaindu beharrekoak ordainduta dituela egiaztatu beharko du demandatuak.

Eta epai hau eman, agindu eta sinatu egiten dut. Bestalde, epai honen ziurtagiria emango da autoetara, behar bezala bete dadin.

Alderdi demandatuak helbidea edo bizilekua non duen ez dakigunez, epaileak, bi mila eta bosteko martxoaren hiruko probidentzia batez, erabaki du ediktu hau epaitegiko iragarki-oholean ipintzea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, epaia jakinarazteko eginbidea burutzeko; hala agintzen da Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan.

Barakaldo (Bizkaia), 2005eko martxoaren 3a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala