Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2005eko apirilaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1844

AGINDUA, 2005eko otsailaren 28koa, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari hasierako onespena emateko dena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetako 8. kapituluan Inguru Físikoko Artezpidea garatzeko beharra xedatzen da eta horretarako beste tresna batzuen artean, EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana aurreikusten da.

2.– Alde batetik, EAEk itsasertza antolatzeko gaietan eta kostei buruzko legeriaren ondoriozkoetan dituen eskumenak eta, bestetik, euskal itsasertzari buruzko plangintza integralik eza direla eta, atzeraezina da itsasertzeko espazioarekin lotutako gertakarien, jardueren eta ezaugarrien azterlanari ekitea, eta, azterlan horretarako, itsasertza kontserbatzeko eta, agian, hura hobetu eta behar bezala erabili eta kudeatzeko antolamendu eta plangintzako berariazko tresnak jartzea.

3.– LAP honen antolamendu-esparrutzat, kostei buruzko Legean zehaztutako eragin-zona finkatu da, hots: «gutxienez 500 metroko zabalerako zerrenda, itsas erriberaren barne-mugatik neurtuta». Zona hori hedatu egiten da ibaien ertzetatik mareen eragina nabaritzen den tokiraino. EAEren kasuan, aipatutako zona itsas mailaren gainetik 5 metroko kotari dagokio. Laburbilduz, LAP honen antolamendu-esparrua honela dago mugatuta:

– Kostaren ertza.

– Itsasadarren ertzak.

– Itsas ingurunea.

4.– Antolamendu-esparruaren barruan badira zenbait azpiesparru, plangintza-tresnen bidez berariazko tratamendua jasotzen dutenak. Horien berezitasuna kontuan izanda eta helburu orokorrak Plan honetan ezarritakoekin bat datozenez, haien antolamendurako, komeni da LAP honetatik ingurumen-plangintzako edo lurralde-antolamenduko tresna horietara jotzea. Hona aipatutako azpiesparruak:

– Interes orokorreko portuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko portuak.

– Ingurumen-plangintzak edo ingurune naturalaren antolamenduak antolatu beharreko lurrak (Urdaibaiko Biosferaren Erreserba; parke natural, biotopo babestu edo zuhaitz berezi gisa deklaratutako eremua; Europako Natura 2000 Sare Ekologikoko eremuak, Txingudi).

– Lurraldearen arloko plangintzak antolatutako lurrak (EAEko Inguru Hezeak Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana, EAEko Ibaien eta Erreken ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana).

5.– LAP honen aplikazio-esparrua Plan honen informazio eta antolamenduko kartografian jaso da, 1:10.000 eskalan.

6.– Itsasertzari buruzko Europako Kartak ezarri ditu itsasertza antolatu eta babesteko politiken oinarri diren printzipioak. Lurraldearen Arloko Plan honek bere gain hartzen ditu oinarrizko printzipio horiek:

• Antolamenduaren	 xede den EAEko itsasertz-esparrua zehaztea.

• Babestu beharreko kosta-ondarearen inbentarioa egitea.

• Itsasertza antolatzea, dauden erabilera guztiak osorik antolatzeko erabilgarriak izango diren irizpideen bitartez.

• Itsasertzaren baliabide naturalak babestu eta kontserbatzea.

• Jabari eta sarbide publikoaren printzipioa babestuko duen araudia eta, era berean, eraikuntzarik gabeko itsasertz-zerrenda bat ezartzea.

• Itsasadarrei dagokien itsasertzeko lurralderako berariazko antolamendua ezartzea.

• Luzatu beharreko baimenak emateko jarraibideak zehaztea, abuztuaren 29ko 196/1997 Dekretuaren arabera. Dekretu horren bidez, itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-zonan erabilerak garatzeko eta lehorretik itsasorako isurketak egiteko baimenak emateko jardunbidea ezartzen da.

• Itsasertzarekin lotuta jardunen programa bat ezartzea, honako hauen inguruan: Administrazioaren jardunak eta koordinazioa itsas-lehorreko jabari publikoaren eta haren zortasun-zonen gainean, azpiegiturei buruzko jardunak, baliabide naturalak babestu eta hobetzea, itsasertzaren erabilera publikoa eta itsasertzeko ingurumenari buruzko ezagutza hobetzea.

7.– Planaren tramitazioari dagokionez, Lurraldearen Arloko Planaren Aurrerapena idatzi ondoren, Lurraldearen Antolamendurako 4/1990 Legearen 13.4. artikuluak aurreikusitako prozedurari jarraituz, 1999ko irailaren 10ean interesa duten Lurralde-Administrazioei igorri zitzaien, 2 hilabeteko epean egokitzat zeuzkaten iradokizun, aukera eta proposamenak aurkeztu ahal izateko.

8.– Lehenago aipaturiko izapidean aurkeztutako 17 iradokizunak aztertuta, aldaketak egin dira, horiek testuaren Aurrerapenarekin batera hasierako onarpenaren agiria osatzen dute.

9.– Itsasertzetako 22/1988 Legearen 112. eta 117.2. artikuluak betetzeko agiriari Kostaldeen Zuzendaritza Nagusiak 1999eko azaroaren 12an irizpena eman zion.

10.– Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ere eman zion irizpena 2001eko uztailaren 2an.

11.– Era berean, uztailaren 10eko 4/2001 bilkuran, Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeak aldeko txostena egin zuen.

12.– Tecna, Tecnología de la Naturaleza, SL. Enpresak, Aurrerapena egin zuenak, hasierako onarpenerako agiria prestatu zuen.

13.– Apirilaren 13ko 6/1998 Legearen Lehenengo Xedapen Gehigarriak ezartzen duen arabera, 2003ko urriaren 17an Defentsa Ministerioari txostena eskatu zitzaion. Horren erantzuna, 2003ko abenduaren 2an jaso zen eta bertan ez zegoela oztoporik esaten da, nahiz eta zenbait aipamen egin.

14.– 2004ko abenduaren 16an Itsasertzetako Zuzendaritzari berriro eskatu zitzaion txostena eta 2005eko urtarrilaren 25ean luzatu ziguten. Txosten horretan, Plana onartu aurretik, kontuan hartu beharko diren zenbait ohar egiten dira.

15.– Horrez gain, 2005eko urtarrilaren 19an, txostena eskatu zitzaion Fomentoko Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritzari, abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarriak ezartzen duena betetzeko, eta oraindik ez da erantzunik jaso.

16.– Planaren agirian egin diren aldaketak kontuan hartuta, bidezkotzat jo zen Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeak berriro aztertzea eta horrela 2005eko otsailaren 2an aldeko txostena izan du. Batzorde horretarako Garraio Azpiegitura eta Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzek txostenak egin zituzten kontuan hartu beharko direnak Plana onartu aurretik.

17.– Horrez gain, ingurumenaren gaineko baterako eraginaren ebaluazio-prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuak ezartzen duenak betetzeko Planaren ingurumenaren gaineko baterako ebaluazioaren azterketa egin da eta Aldez Arreko txostena eskatu ondoren, 2005eko urtarrilaren 24an erantzuna jaso dugu. Txosten horretan, Plana onartu aurretik aintzat hartzeko oharrak eta proposamenak egiten dira.

18.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 13.8 artikulua betetzeko eta Lehenengo Xedapen Gehigarriak hala aurreikusten duelako, Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko sailburu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari hasierako onarpena emateko eskudun da.

Aipatutako txostenak ikusita eta ezar daitekeen legediari atxikita, honako hau

XEDATU DUT:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari hasierako onespena ematea.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta Autonomia Erkidegoko gehien irakurtzen direnen arteko bi egunkarietan ere bai.

3.– Lurraldearen Arloko Plana eta berarekin batera ingurumenaren gaineko baterako ebaluazioaren azterketa jendaurrean jartzea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabeteko epean.

Epe horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren eta dagozkion ingurumenaren gaineko baterako ebaluazioaren azterketaren agiriak ondorengo lekuetan egongo dira:

– Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritza.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila

Donostia, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

–Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Lurralde Bulegoa

Agirre Lehendakaria 9, 6. solairua

48014 Bilbao

–Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Gipuzkoako Lurralde Bulegoa

Villa Begoña

Kristina Infanta 11. Ondarreta

20008 Donostia-San Sebastián

4.– Lurraldearen Arloko Plan hau Lurraldeko Administrazio Publikoei zor zaien entzunaldian jartzea, plana jaso eta bi hilabeteko epean, egokitzat dauzkaten ohar eta iradokizunak aurkeztu ahal izateko.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 28a.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala