Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2005eko apirilaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1840

EBAZPENA, 2005eko apirilaren 14koa, Turismo sailburuordearena, lurralde-mailako turismoa indarberritzeko planetarako laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia argitaratzeko dena.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko apirilaren 16ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntzen esparrua ezartzen du lurralde-mailako turismoa indarberritzeko planak egiteko (maiatzaren 21eko EHAA, 98. zk.).

Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2005eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira; ekitaldi honi dagokionez, abenduaren 28ko 10/2004 Legean dago ezarrita hori arautzeko modua.

Aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia egitea, eta, horretarako eman beharreko arauak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritako ahalmenaren arabera, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da lurralde-mailako turismoa indarberritzeko planak egiteko laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia egitea. Laguntza horiek Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko apirilaren 16ko Aginduan arautu ziren.

Helburu horretarako 2.404.047 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretara bideratutako aurrekontu-kredituaren arabera.

Laguntzetarako jarritako kopurua aldatu egin daiteke —diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik, betiere— kontuan hartuta eskatu diren laguntza guztiak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste laguntza-programa batzuen aurrekontuetan agortu gabe dituen baliabideak. Horrelakorik gertatuz gero, Turismo sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

Eskatzaileek, 2003ko apirilaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, agindu horren 3. artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte. Lurralde-mailako turismoa indarberritzeko planak burutzeko laguntzak arautu ziren agindu horren bidez.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidearen eta inprimakien ereduak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daitezke, edo web-orri honetan: www.eragintza.net.

2.– Eskatzaileek Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak. Aurkeztu, berriz, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dituzte, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2005eko maiatzaren 17an.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko apirilaren 14a.

Turismo sailburuordea,

KORO GARMENDIA GALBETE.


Azterketa dokumentala