Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2005eko apirilaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
1835

69/2005 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Euskal Autonomia Erkidegoaren parte-hartzea Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatea burutzera doan kapital-gehikuntzan 2002ko ekainaren 6an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ansion (Barakaldo) Erakustazoka berria garatzeko eta EITBren egoitza Bilbon kokatzeko izenpetutako lankidetza-hitzarmenean ezartzen da. Ondoren, lankidetza-hitzarmen hau 2002ko urriaren 30ean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak eta Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietateak izenpetutako beste hitzarmen batek garatu du.

Aipatu hitzarmen horien ondorioz, sozietate horrek finantza-entitateekin hartu dituen konpromisoei aurre egin ahal izateko Bilbao Exhibition Centre, S.A.k erabakitako kapital-gehikuntzetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 12.020.242 euroko urteko ekarpena egiteko konpromisoa hartzen du akzio-harpidetzaren bidez. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetza berdintzeko, EAEren ekarpenaren zenbatekoa 848.930 eurotan gehitzen da. Beraz, azken zabalkunderako proposamena 12.869.172 eurokoa da.

Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legeak 44.1 artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak edozein eratako sozietateak sortzeko eta horietako partaidetzak erosteko, baimena eman beharko da dekretu baten bidez, Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta enpresa menpe duen saileko sailburuak elkarrekin proposatuta.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietateko Akziodunen Biltzar Nagusiak erabakitzen duen kapital-gehikuntzaren hamabi milioi zortziehun eta hirurogeita bederatzi mila ehun eta hirurogeita hamabi euroko (12.869.172 euro) harpidetza egiteko. Halaber, baimena ematen zaio aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko ordainketa.

2. artikulua.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ondare eta Kontratazio zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 5ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala