Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 2 Zenbakiko Epaitegia
1743

EDIKTUA, ordainketak ez egiteagatiko desahuzio bati buruzko 256/04 zk.ko hitzezko judizioaren ondoriozkoa.

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Epaitegia (Bizkaia)

Judizioa: L2 256/04, hitzezko judizioa, desahuzio bati buruzkoa.

Demandatzailea: Garnie SL.

Abokatua: Fernández Castañeda, Jesus Javier.

Prokuradorea: Jesús Fuente Lavín jauna.

Demandatua: Luis Niño Aragón.

Gaia: ordainketak ez egiteagatiko desahuzioa.

Aipatutako judizioan 465/04 zk.ko Epaia eman da; ondoko hauxe da bere epaitza:

465/04 ZK.KO EPAIA

Barakaldo, 2004ko ekainaren 10a.

Epailea: Luis Acayro Sánchez Lázaro.

Demandatzailea: Garnie SL.

Abokatua:

Prokuradorea:

Demandatuak: Luis Niño Aragón.

Abokatua:

Prokuradorea:

Judizioaren gaia: desahuzioa eta errentak erreklamatzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Jesús Fuente Lavín prokuradoreak epaitegi honetan aurkeztu zuen desahuzioari buruzko hitzezko judizioaren gaineko demanda, zeukan ordezkaritza juridikoa erabilita eta banaketa-txandaren arabera epaitegi honi egokitu zitzaion idatziaren bidez. Bertan zuzenbidez egoki iritzi zuena alegatu zuen, eta azkenik, honako hau deklaratuko zuen epaia emateko eskatu zuen:

1) Errentak eta metatutako zenbatekoak ez ordaintzeagatiko errentamendu-kontratua indargabetzea bidezkoa dela.

2) Demandatua 2.191,32 euro ordaintzera kondenatzea, eta bai metatutako zenbatekoak ordaintzera ere, etxebizitza erabat uzten duen arte.

3) Kostuak demandatuari ezartzea.

Bigarrena.– 2004ko apirilaren 27ko auto bidez demanda izapideak egiteko onartu eta gero, alderdiei deia egin zitzaien hitzezko judiziorako. Legezko ohartarazpen guztiekin egin zitzaien zitazioa.

Hirugarrena.– Judizioa 2004ko ekainaren 10ean egin zen. Auzi-jartzailea behar bezala ordezkatuta eta lagunduta agertu zen; demandatua, ordea, ez zen agertu, legezko ohartarazpenak behar bezala jakinarazi zitzaizkion arren, eta horregatik, prozesuan auzi-iheslari zela deklaratu zen.

Laugarrena.– Auzi-jartzaileak demandako idatzian esandakoa baieztatu eta berretsi zuen. Frogaldia egiteko onartzeko eskatu zuen, agiri-bidezko froga erreproduzitutzat jo zuen, eta eguneratutako zenbatekoa 3.286,98 eurokoa zela adierazi zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Auzi-jartzaileak bi ekintza metatu burutzen ditu, demandatuak etxebizitzaren errentamendu-kontratutik eratortzen diren betebeharrak gauza ditzan: batetik, 2003ko uztaileko, 2003ko abenduko eta 2004ko otsaileko, martxoko, apirileko, maiatzeko eta ekainari dagokion zatiko errenta itundua eta metatutako zenbatekoak ordaintzea; eta bestetik, kontratua indargabetzea, betebehar horiek ez direlako konplitu, HEL-eko 27.2.a) artikuluaren babesean.

Bigarrena.– Kontuan hartuta demandatuak prozesuan izan duen jarrera, aurkeztutako agiriak eta PZL-ko 440.3. artikuluan aurreikusitakoa (artikulu horren arabera demandatua bistako egintzan agertzen ez bada, desahuzioa beste izapiderik gabe deklaratzen da, eta hala dago jasota bistako egintzarako zitazioaren 2. paragrafoan), demandaren oinarri diren gertakariak ez direla eztabaidagarriak izan jotzen da. Beraz, egiaztatutzat jo behar dira, eta ondorioz, bidezkoa da egikaritutako ebazpen-akzioa baiestea. Izan ere, errentatzaileak eskubide osoz indargabetu dezake kontratua errenta ez ordaintzeagatik edo, hala egokituz gero, errentatzaileak bere gain hartu duen edo berari dagokion edozein zenbateko ez ordaintzeagatik, HEL-eko 27.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.– Aurkeztutako eta autoetan dagoen agiri bidezko froga ez da inpugnatua izan, eta beraz, PZL-ko 326. artikuluko eraginak ditu, PZL-ko 319. artikuluari dagokionez. Hortik eratortzen da errentatzaileak ez dituela ordaindu, ordaintzera behartuta egon arren, 2003ko uztaileko eta abenduko hilei zegozkien errentak eta otsailari, martxoari, apirilari eta maiatzari zegozkion errentak. Zenbateko horiei aurrerantzean etxea erabat uzten den arte eratortzen direnak erantsi behar zaizkio, baina judizioaren egintzan adierazi zenez, errentatzaileak etxea utzi egin zuen maiatzaren 30ean.

Horrela, higiezina itzuli eta gero, entregatu zuenean zegoen egoera berberean baldin badago bakarrik itzuliko du itundutako fidantza.

Esandakoagatik bidezkoa da jarritako demanda baiestea, bete beharrekoak baitira HEL-eko legeria berezia eta Kode Zibileko (KZ) legeria orokorra, KZ-ko 1543. eta 1555. artikuluetan.

Laugarrena.– Interesei dagokienez, interpelazio judiziala egin denetik epai hau eman den arte 3.286,98 euroko zenbatekoari buruz itundu direnak eratorriko dira, eta bai PZL-ko 576. artikuluan zehaztutakoak ere, une horretatik ordaintzen den arte, kondenaren xedeari dagokionez. Kostuei dagokienez, eta PZL-ko 394. artikuluan ezarritakoaren indarrez, alderdi demandatuari ezartzen zaizkio. Bestalde, alderdi demandatuaren eskari guztiei uko egiten zaie.

Aipatutako legezko artikuluak eta oro har aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, honakoa da

EPAITZA

Baietsi egin dut Fuente Lavín prokuradoreak Garnie SL sozietatearen izenean eta ordez aurkeztu duen demanda, Luis Niño Aragón jaunaren aurka, eta horren indarrez, demandatua erabaki hauek betetzera kondenatzen dut:

1) Deklaratzen dut bidezkoa dela alderdiak lotzen dituen errentamendu-kontratua indargabetzea. Errentamendu-kontratua Santurtziko Cristóbal de Murrieta etorbideko 58 A zenbakian 6. solairuko E atean dagoen etxebizitzari buruzkoa eta eraikin bereko lehenengo sotoan 32 zenbakian kokatuta dagoen garaje-partzelari buruzkoa da. Higiezina kontratua egin zen unean zegoen egoera berberean baldin badago, fidantza itzuli beharko da.

2) Demandatua kondenatzen dut auzi-jartzaileari 3.286,98 euro ordaintzera, eta bai etxebizitza entregatzen den arte laugarren zuzenbideko oinarriaren arabera eratortzen diren interesak ordaintzera ere.

3) Prozesuko kostuak ordaintzera.

Jakinaraz bekie epai hau alderdiei eta aditzera eman berorren aurka apelazio-errekurtsoa jar daitekeela, epaitegi honetan, bost eguneko epean, ebazpen hau jakinarazi, eta hurrengo egunetik hasita.

Eraman bedi jatorrizkoa epaien liburura.

Eta epai hau eman, agindu eta sinatu egiten dut. Bestalde, epai honen lekukotza egingo da, jarduketekin batera jartzeko.

Luis Niño Aragón demandatuaren gaur egungo helbidea ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2. artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu batez jakinaraztea erabaki da.

Ebazpen horren aurka demandatu auzi-iheslariak apelazio-errekurtsoa aurkez dezake, Bizkaiko Probintzia Auzitegian.

Epaitegi honetan aurkeztutako idazki baten bitartez egin beharko da errekurtsoa, bost egun balioduneko epearen barruan, ediktu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtso horretan, bestalde, honako hauek adierazi beharko dira: zein ebazpen apelatzen den, errekurritzeko nahia eta zein erabaki inpugnatzen diren (PZLb; 457.2. artikulua).

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa interesdunaren esku dago, epaitegi honetako idazkaritzan.

Barakaldo (Bizkaia), 2005eko martxoaren 4a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala