Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1742

EBAZPENA, 2004ko azaroaren 21ekoa, Uren zuzendariarena; honen bidez erabakitzen da Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A Hartuneak (Bizkaia) babesteko Gernikako Unitate Hidrogeologikoaren babeseko perimetroa adieraztea.

Busturialdeko Ur Partzuergoak kudeatzen dituen Gernikako Ibarrako (Bizkaia) lurpeko uraren hartuneak Gernika-Bermeo eskualdea urez hornitzeko dagoen iturririk garrantzitsuenetako bat dira, eta barne hartzen duen eremuak 40.000 biztanle inguru ditu. Gaur egun, hartune horrek agorraldietan izaten den eskaeraren %30 baino gehiago betetzen du. Baliabide hau guztiz garrantzitsua da, eta, hortaz, ondo-ondo zaindu behar da, bai kopurua bai kalitatea, xede horretarako erabiltzen den lurpeko uraren ezaugarriak bermatze eta eskura izate aldera.

Babestu nahi diren hartuneak Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A zundaketak dira. Hona hemen haien koordenadak:

Zundaketa	UTMX	UTMY	Kota (m)	Sakonera (m)	 Eraiki zen urtea

Sondeo	UTMX	UTMY	Cota (m)	Profundidad (m)	 Construcción	

Ibarra / Vega	526667	4795761	5.63	46	 1988	

Eusko Trenbideak	526448	4796112	6.81	55	 1992	

Ajangiz-A	526893	4795389	6.28	44	1992	

Ibarra eta Eusko Trenbideak zundaketak Busturialdeko Ur Partzuergoaren hornidurako eskemaren barruan daude. Ajangiz-A zundaketa gaur egun ez da erabiltzen.

Hiru zundaketak Oka ibaiaren arroan daude, Gernikako unitate hidrogeologikoan. Unitate horretan, gehienbat, Kuaternarioko metatzeak daude, Jurasikoko kareharrizko eta dolomiazko enklabe baten edo batzuen gainean jarrita, eta alboetatik Triasikoko masa ofitikoei eta Kretazikoko gune bolkanikoari atxikita. Toki horietatik guztietatik, Jurasikoko kareharriak eta dolomiak dira interesik handiena dutenak. Material horietatik, akuifero karstiko bat sortzen da, fluxu zehaztugabekoa eta Kuaternarioko limoen artean sartuta dagoena.

Oro har, hiriguneei, industriako prozesuei, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpenari eta horrelakoei lotutako jarduera ugari dago, eta, hartara, gerta daiteke, birkargatzeko mekanismoen bidez, akuiferoetan nahi ez diren produktuak sartzea. Azaleko urak kutsatuz gero, kutsadura segituan antzematen da eta, horrenbestez, arazoa berehala konpon daiteke. Urpeko urak kutsatuz gero, berriz, gerta daiteke denbora luzea igarotzea inor horretaz ohartu gabe eta azkenean kutsadura hartuneetan azaltzea. Hori gertatzen denerako, luma kutsatzailea oso zabalduta egongo da akuiferorik. Beste alde batetik, behin kutsatuz gero, arazo tekniko larriak izaten dira lurpeko uren kalitatea lehengoratzeko, eta, gainera, horrek kostu ekonomiko handia ekartzen du. Horrenbestez, administrazio gehienek, akuiferoak babesterakoan, gehienbat aurrezaintzako neurrietan jartzen dute arreta.

Indarrean dagoen legerian lurpeko uren egoera zaintzeko jaso diren aurrezaintzako neurrien artean, seguruenik, babes-perimetroa ezartzea proposatzen duena da guztietatik eraginkorrena. Babes-perimetroen lege-figura uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Uren Legearen Testu Bateginaren 56.3. artikuluan dago jasorik, eta Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduak –apirilaren 11ko 489/1986 Errege Dekretuak eta aurrekoa aldatzen duen maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuak onetsitakoak– 173. artikuluan garatu du. Figura horren xedea da "ur-hartuneak babestea ekologia-, paisaia-, kultura- edo ekonomia-aldetik interes berezia duten herriak edo alderdiak hornitzeko".

Perimetroak ez du bestelako kategoriarik sartzen, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa arautzeko Plan Artezkarian eta lehen aipatutako udalerrien lurzoru urbanizaezinean jasotakoez gain. Era berean, ez du bestelako kalifikaziorik ez sailkapenik egiten lehen aipatutako udalerrietako hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan. Alabaina, batzuetan, zehatz mugatzen ditu jarduera edo erabilera jakin batzuk, eta EAEko Administrazio Hidraulikoaren –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren Uren Zuzendaritzaren– baimenen eta txostenen figurak sartu ditu.

Beste alde batetik, prebentzioaren esparruan ahaleginak egin arren, beti gerta daiteke noiz edo noiz kutsaduraren bat izatea, zehatza nahiz zehaztugabea; eta, horrelakoetan, esku hartzeko dauden mekanismoak jarri beharko dira abian. Hargatik, perimetroaren barruan alerta-ingurabidea izeneko dispositiboa sartu da; horren bidez, kutsadura hartuneetatik nahiko urruti dagoela antzeman ahal izango da, eta, hartara, modu eraginkorrean esku hartu ahal izango da.

Euskal Autonomia Erkidegoko barnealdeko arroen esparruan babes-perimetroak zehazteko prozedura otsailaren 18ko 33/2003 Dekretuaren 6. artikuluan dago jasota; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseilua sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Barnealdeko Arroen Plan Hidrologikoa izapidetzeko prozedura arautu da.

Gernikako unitate hidrogeologikoko babes-perimetroa 1997ko urtarrilean hasitako prozesu baten emaitza da, urte horretan idatzi baitzen "Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A (Bizkaia) hartuneak babesteko Gernikako unitate hidrogeologikoaren babes-perimetroa" izeneko agiria, Gernikako akuiferoa babesteko eta babesteko neurrien jarraipena egiteko erakundeen arteko Batzordearen barruan, eta Energiaren Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Sailak sinatu zuten lurpeko urei buruzko lankidetza-hitzarmenaren bidez.

Batzordeak 1997. urtean egin zituen bileretan agiri hori aurkeztu eta berrikusi zen; honako hauek osatu zuten Batzordea: Eusko Jaurlaritzaren Uren, Ingurumeneko Baliabideen eta Osasun Publikoko zuzendaritzetako kideek, eta Bizkaiko Foru Aldundiko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuko, Busturialdeko Ur Partzuergoko, Gernikako Udaleko, Ihobeko eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) kideek. Batzordearen ekarpenak 1997ko abenduan egindako perimetroaren idazkuntza berrian jaso ziren. Agiri hori 1998ko otsailean aurkeztu zitzaien ukitutako udalerriei.

Euskal Autonomia Erkidegoko barnealdeko arroen esparruan babes-perimetroak zehazteko mekanismoak finkatu zituen otsailaren 18ko 33/2003 Dekretua argitaratu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Uren Zuzendaritzak berriz ekin zien babes-perimetroa zehazteko egindako lanei. Horrela, bada, 2003ko abenduan, Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A (Bizkaia) hartuneak babesteko Gernikako unitate hidrogeologikoaren babes-perimetroaren proposamena egin zen. Agiri horretan, babesteko alderdiak mugatzeko eta alderdi horietan jarduerak arautzeko xedapenak jasotzeaz gain, deskribatzeko eta justifikatzeko diren idatz-zati batzuk sartu dira, eta, horietan, babestu nahi den hartunearen ezaugarriak, Gernikako unitate hidrogeologikoaren funtzionamendua, gaur egungo lurzoruen araubideak eta babes-perimetroak horietan duen eragina azalduta dago.

Ukitutako administrazio publikoei agiria bidali zitzaien, oharrak, iradokizunak, hautabideak eta proposamenak egin zitzaten. Horretarako emandako epea bukatu ondoren, egindako iradokizunak agirian jaso ziren.

Hortaz, 2004ko martxoaren 12an Uren Zuzendaritzak behin-behinean onetsi zuen agiria, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Uren Kontseiluari bidali zion, egin beharreko txostena egin zezan, otsailaren 18ko 33/2003 Dekretuak 6.4 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Euskal Autonomia Erkidegoko Uren Kontseiluak, 2004ko maiatzaren 5ean egindako ohiko bilkuran, proposamenaren aldeko txostena egin zuen.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa finkatu duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuak 15 f) artikuluan xedatutakoarekin bat, eta aipatutako araudietako xedapenak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ikusita, Eusko Jaurlaritzaren Uren zuzendariak honakoa

EBATZI DU:

1. artikulua.– Babes perimetroa adieraztea.

Erabakitzen da Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A hartuneak babesteko Gernikako unitate hidrogeologikoaren babes-perimetroa adieraztea; horrek barne hartzen dituen babes-alderdiak eta erabilerak eta jarduerak arautzeko matrizea Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan daude jasota.

2. artikulua.– Babestu nahi diren hartuneak.

Babestu nahi diren hartuneak honako zundaketa hauek dira: Ibarra (koordenadak: UTMX 526667, UTMY 4795761), Eusko Trenbideak (koordenadak: UTMX 526448, UTMY 4796112) eta Ajangiz-A (koordenadak: UTMX 526893, UTMY 4795389).

3. artikulua.– Babes perimetroaren alderdiak.

Babes-perimetroak lau alderdi ditu; hona hemen zein diren eta bakoitzak dituen helburu zehatzak:

– 1. alderdia edo aldameneko babes-alderdia. Honen bidez, hartunea eta instalazioak babestu nahi dira eguraldi txarretik, animaliengandik eta gizalegerik gabeko jendearengandik, eta, era berean, neurriak hartu nahi dira hartuneko obrak eta lursailak elkar ukitzean zuzeneko infiltraziorik eta isurketarik egon ez dadin.

– 2. alderdia edo babes fisikoko alderdia. Honen bidez, gehienbat galarazi nahi da kontrolatu gabeko kutsatzaile fisikoak akuiferoan sartzea, eta, hortaz, azaleraren eta haren artean konexio hidraulikorik egotea; horrenbestez, kanpoko kutsatzaileak Jurasikoko akuiferora sartzea galarazi nahi da. Bigarren helburua da hartuneetan dagoen ur-kopurua behar beste izatea bermatzea.

Alderdi honen helburu nagusia ikusita, bera mugatzean, kontuan izan da Gernikako unitate hidrogeologikoko Kuaternarioko materialen azaleratzeek uzten duten ingurunea.

– 3a alderdia edo hurbileko birkargako alderdia. Honen bidez, hartuneetatik gertuen dagoen akuifero nagusiko birkargako eremuak kutsaduratik babestu nahi dira. Horretarako, baldintzak edo mugak ezarri behar dira azaleko edo lurpeko urak zuzenean edo zeharka kutsa ditzaketen jarduerak alderdi honetan jartzeko.

3a alderdia definitzerakoan, ondo identifikatu eta mugatu dira, babestu nahi diren hartuneetara isurketaren bat eginez gero, arrisku gehien izango duten unitate hidrogeologikoko alboko birkargako arloak.

– 3b alderdia edo urrutiko birkargako alderdia. Honen bidez, hartuneetatik atera daitezkeen ur-partikulen eremua babestu nahi da, eta lehen definitutako alderdietan sartu ez den birkargako azalera guztia hartuko du barne. Alderdi honetan baldintzak edo mugak jarri behar dira azaleko edo lurpeko urak zuzenean edo zeharka kutsa ditzaketen jarduerak jartzeko, baina 3a alderdian baino murrizketa gutxiago eginda.

Alderdi honek aurreko alderdietan sartu ez den unitate hidrogeologikoko birkargako eremua hartzen du barne.

– Alerta-ingurabidea. Lurpeko uren kalitatea zaintzeko gailu honek zundaketa hauek hartuko ditu: Tole (UTMX 526625, UTMY 4795856), Ajangiz-3 (UTMX 526617, UTMY 4795147), Ajangiz-2 (UTMX 526889, UTMY 4795412), Malta (UTMX 526547, UTMY 4795788). Lagina hilabetean behin hartuko da, eta haietako bakoitzean analisi fisiko-kimiko osoa egin beharko da.

4. artikulua.– Babes-alderdiak mugatzea.

1. alderdia:

1.– Ibarra zundaketarako zehaztu den 1. alderdia lau angeluko itxura duen poligono bat da, eta barne hartzen ditu Ibarrako zundaketa eta aldameneko piezometroa. Azalera honek 20 m2 inguru ditu, eta bat dator Gernika-Lumoko Hiri Ordenazioko Plan Orokorrean ur-hornidurako sistema orokor gisa kalifikatuta dagoen azalerarekin.

2.– Eusko Trenbideak zundaketan zehaztutako 1. alderdia 27 m2ko lau angeluko poligono bat da, eta bat dator Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos-ek 2000. urtean Busturialdeko Ur Partzuergoari lagatako erabileraren lursailarekin. Azalera hau bat dator Gernika-Lumoko Hiri Ordenazioko Plan Orokorrean ur-hornidurako sistema orokor gisa kalifikatuta dagoen azalerarekin.

Alderdi hauen mugak I. eranskineko xehetasuneko 3. orrian daude jasota.

2. alderdia:

Alderdi honen mugak I. eranskineko 3, 4, 8 eta 9. orrietan daude jasota.

3a alderdia:

Alderdi honen mugak I. eranskineko 1etik 4ra bitarteko eta 6tik 9ra bitarteko orrietan daude jasota.

3b alderdia:

Alderdi honen mugak I. eranskineko 5etik 20ra bitarteko orrietan daude jasota.

5. artikulua.– Erabilerak eta jarduerak arautzea.

Gernikako unitate hidrogeologikoaren babes-perimetroko erabileren eta jardueren arautzea sarrera bikoitzeko matrize baten bidez finkatu da; matrize horretan, erabileren eta jardueren zerrendak agertzen dira, hainbat kategoriatan multzokatuta, eta babes-alderdiei dagozkien zutabeetan banatuta. Matrize horrek Ebazpen honen III. eranskina osatzen du, eta, haren arabera, erabilerak eta jarduerak honela daude sailkatuta:

1.– Babes-alderdi zehatz batzuetan perimetroko zehaztapenek arautu ez dituzten erabilerak. Arautzeko matrizean "+" ikurrarekin agertzen dira.

2.– Baldintzapeko erabilerak. Babes-alderdietan baimendu ahal diren erabilerak dira, betiere erabilera edo jarduera bakoitzeko ezarri diren eta urak kutsatzeko arriskua gutxitzea bermatzen duten baldintza bereziak betetzen badira.

Baldintzak hiru era hauetan ezarriko dira:

– Administrazio hidraulikoaren baimena behar duen erabilera edo jarduera (Uren Legearen Testu Bateginaren 56.3. artikulua, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 173.1. artikulua), beste administrazio batzuen baimenak alde batera utzita. Arautzeko matrizean "A" letrarekin agertzen da.

– Arloan eskumena duen administrazioak baimendutako erabilera edo jarduera, betiere Administrazio Hidraulikoaren aginduzko txosten loteslea egiten bada (Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 173.5-6 artikulua). Arautzeko matrizean "Ipv" letrekin agertzen da.

– Arloan eskumena duen administrazioak baimendutako erabilera edo jarduera, betiere Administrazio Hidraulikoaren loteslea ez den aginduzko txostena egiten bada (Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 173.5-6 artikulua). Arautzeko matrizean "Ip" letrekin agertzen da.

Administrazio Hidraulikoak edozein unetan eskatu ahal izango dio txosten hidrogeologikoa egiteko jarduerako sustatzaileari; txosten hori eskumena duen profesional batek egin beharko du, eta, bertan, lurpeko uren kalitatea eta kopurua kutsatzeko arriskua gutxitzea bermatze aldera proiektuan ezarritako neurriak jaso beharko dira.

3.– Debekatutako erabilerak: Arautzeko matrizean "-" ikurrarekin agertzen dira. Babes-alderdietan, honako kasu honetan baizik ez dira jarduerak bazter utziko:

– Erabilerak bateraezinak badira uren kalitateari eta kantitateari eusteko bermearekin.

6. artikulua.– Aipatutako plangintzak egokitzea.

Babes-perimetroa indarrean jarri ondoren, ezarritako baldintzak kontuan izan beharko dira udal-plangintzako agirietan edo ukitutako lursailaren ordenazioko agirietan, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 173. artikuluan jasotakoarekin bat.

7. artikulua.– Babes perimetroaren agiriaren edukia

Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A hartuneak (Bizkaia) babesteko Gernikako unitate hidrogeologikoaren babes-perimetroak honako agiri hauek ditu:

Agiri idatziak:

– Informazioko memoria osoa.

– Erabilerak eta jarduerak arautzeko matrizea (Adierazpenaren II. eranskina).

Agiri grafikoak (kartografia):

– Babes-alderdiak mugatzeko planoak (Adierazpenaren I. eranskina).

Arautzeko matrizeak zehaztapen lotesleak edo zuzenean aplikatzeko diren zehaztapenak (arauak) ditu. Mugatzeko planoek izaera arauemailea dute. Txosten osoan jasotako gainerako agiriak informatzeko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea agortzen duen ebazpen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko salan, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denenetik hasita.

Bigarrena.– Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko azaroaren 21a.

Uren zuzendaria,

ANA OREGI BASTARRIKA.

I. ERANSKINA
IBARRA, EUSKO TRENBIDEAK ETA AJANGIZ-A HARTUNEAK (BIZKAIA) BABESTEKO GERNIKAKO
UNITATE HIDROGEOLOGIKOAREN

BABES-PERIMETROA

MUGATZE PLANOAK

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
IBARRA, EUSKO TRENBIDEAK ETA AJANGIZ-A HARTUNEAK (BIZKAIA) BABESTEKO GERNIKAKO
UNITATE HIDROGEOLOGIKOAREN BABES-PERIMETROA
ERABILERAK ETA JARDUERAK ARAUTZEKO MATRIZEA

Erabilera edo jarduera	Gune 1	Gune 2	Gune 3a	 Gune 3b

Nekazaritza-, arrantza- eta basogintza-jarduerak			 	

Gordailuak jartzea eta ongarri eta produktu fitosanitarioak banatzea. 	-	Ipv	Ipv	+

Ongarritze intentsiboa (1)	-	A	A	+

Hondakin-urekin edo araztegiko lohiekin ongarritu edo ureztatzea	-	Ipv	Ipv	Ipv

Produktu fitosanitarioen erabilera intentsiboa (2)	-	 A	A	+

Abeltzaintza-ustiapen intentsiboa (3)	-	A	A	+

Parasitoak kentzeko tratamendu zoosanitario kontrolatuak	 -	-	A	+

Basa-ustiategietan produktu fitosanitarioak erabiltzea	 -	-	Ip	Ip

Nekazaritza-helburuak dituzten drenaiak	-	A	+	 +

Industria- eta Indusketa-jarduerak				

Ezbeharrezko nahiz ohiko isuriak egin ditzaketen Industria- eta

meategi instalazioak 	-	A	+	+

Aire zabaleko meatze ustiategiak	-	A	+	+

Lurpeko meatze ustiategiak	-	A	+	+

Eraikuntzako erabilerak eta jarduerak 				

Indusketa beharreko eraikuntza jarduerak, industria, bizitegi edo nekazaritza

eta abeltzaintzako eraikinak barne.	-	A	+	+

Lurpeko garajeak	-	A	+	+

Pilotajeak	-	A	+	+

Drainadura geoteknikoak	-	Ipv	Ipv	+

Azpiegiturak eta ekipamendua				

Garraiobideak (autopistak, autobideak, errepideak, trenbideak)	-	A	A	+

Tunelak	-	A	+	+

Hilerriak	-	Ipv	Ipv	+

Gasolindegiak	-	-	A	+

Ibaiak dragatu, ubideratu eta moztea	-	A	A	A

Argindarrarentzako eta lurperatutako komunikabide-sareentzako zangak.	-	A	+	+

B motako zerbitzu tekniko ez linealen instalazioak (5)	 -	A	+	+

Ura hartzeko putzu berriak	-	A	A	A

Jabari publiko hidraulikoko lur gaineko ur-hartuneak 	 -	A	A	A

Hondakin eta substantzia arriskutsuak tratatu, isuri, biltegiratu eta garraiatzea.				

Hondakin uren araztegiak eta hari lotutako ponpaketa estazioak	-	Ipv	Ipv	+

Hondakin inerte eta inertizatuen zabortegi kontrolatua	 -	-	Ipv	+

Hiri-hondakin solidoen eta antzekoen zabortegi kontrolatua 	-	-	Ipv	+

Industriako hondakinen zabortegi kontrolatua	-	-	 -	Ipv

Hondakin erreaktiboen zabortegi kontrolatua 	-	-	 -	-

Ur beltzen putzuak, hobi septikoak eta arazketa biologikoko putzuak 	-	A	A	A

Saneamendu-kolektoreak 	-	Ipv	Ipv	Ipv

Erabilera edo jarduera	Gune 1	Gune 2	Gune 3a	 Gune 3b

I. Zerrendako (6), Lehentasunezko II. Zerrendako (7) eta Lehenetsitako

zerrendako (8) substantziak isurtzea. 	-	-	-	 A

II Zerrendako (6) substantzia kutsatzaileak isurtzea, lehentasunezkoak

izan ezik. 	-	A	A	A

Substantzia arriskutsuak hodietan zehar garraiatzea: petrolioa, erregai likidoak,

etab.	-	Ipv	Ipv	+

I. Zerrendako (6), Lehentasunezko II. Zerrendako (7), eta Lehenetsitako

Zerrendako (8) substantziak dituzten likidoen lurpeko gordailuak. 	-	-	Ipv	Ipv

II. Zerrendako (6) substantziak dituzten likidoen lurpeko gordailuak,

lehentasunezkoak izan ezik (7) (8). 	-	-	Ipv	 +

I. Zerrendako (6), Lehentasunezko II. Zerrendako (7) eta Lehenetsitako

zerrendako (8) substantziak dituzten lur gaineko gordailuak. 	-	Ipv	Ipv	Ipv

II. Zerrendako (6) substantziak dituzten likidoen lur gaineko gordailuak,

lehentasunezkoak izan ezik (7) (8)	-	Ipv	+	+

Aisialdia				

Kanpalekuak	-	Ipv	Ipv	+

Golf-zelaiak	-	-	Ipv	+

Gernika Unitate Hidrogeologikoaren perimetroko babestutako aldeetan erabilerak eta jarduerak arautzeko matrizea.

	

(-) Debekatutako erabilera edo jarduera

(+) Alderdian perimetroak arautu ez duen erabilera edo jarduera

(A) Ur Administrazioaren baimena behar duen erabilera edo jarduera. (Uren Legea, 56.3; Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, 173.1)

(Ipv) Loteslea izango den Ur Administrazioaren aginduzko txostena behar duen erabilera edo jarduera. (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, 173.5-6)

(Ip) Loteslea ez den Ur Administrazioaren aginduzko txostena behar duen erabilera edo jarduera. (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, 173.5-6)

	

(1) Ongarritze intentsiboa izango da, azaroaren 22ko 390/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzen duenean, ongarritze nitrogenaturako gomendatutako dosiak gainditzen dituena.

(2) Produktu fitosanitarioen erabilera intentsiboa izango da, Landareen osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legean jasota dauden borroka integraturako printzipioak betetzen dituena.

(3) Abeltzaintza intentsiboa izango da, azienda ustiategi motaren arabera Ha-ko ezarritako ganadu-buru kopurua berdindu edo gainditzen duena. Behiak = 40; txerriak = 50; ardiak eta ahuntzak = 240; hegaztiak = 5000; untxiak= 2000. Atalase hori komeni den ganadu-kargaren analisian oinarrituta dago.

(4) Isuria izango da, isuriaren izaera eta erabilitako teknika edo prozedura edozein dela ere, ur kontinentaletara nahiz gainerako Jabari Publiko Hidraulikora zeharka edo zuzenean egiten den isuri oro (Uren Legea, 100.1).

(5) Dorreak, antenak, irrati eta telebista hartzaileak edota antzeko beste estazio batzuk.

(6) Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduko III. eranskinean begietsitako substantziak.

(7) Ekainaren 2ko 995/2000 Errege Dekretuan begietsitako substantziak.

(8) 2000/60/CE Uraren Esparru-Zuzentarauko X. eranskinean begietsitako substantziak. 	


Azterketa dokumentala