Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1741

EBAZPENA, 2005eko otsailaren 25ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Aiako (Gipuzkoa) Mañarinzelai baserria monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Aiako Mañarinzelai baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Aiako (Gipuzkoa) Mañarinzelai baserria monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Aiako (Gipuzkoa) Mañarinzelai baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendeaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Aiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 25a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA
Mugatzea

a) Mugatzearen deskribapena.

Mugatutako eremuaren barnean daude, alde batetik, eraikina bera eta, bestetik, bere ingurunea. Horrenbestez, mugak honako hauek izango dira: Iparraldean, fatxada nagusitik 24 m-ra dagoen lerro paraleloa; Hegoaldean, fatxadatik 30 m-ra dauden ubideen elkargunea; Ekialdean, fatxadatik 15 m-ra —zati zabalenean— eta 9 m-ra —zati estuenean— dagoen errepide probintzialaren ertza; eta Mendebaldean, baserriaren fatxadatik 45 m-ra —zati zabalenean— eta 16 m-ra —zati estuenean— dagoen ubidearen ibilgua.

b) Mugatzearen justifikazioa.

Proposatutako mugak, Mañarinzelai baserriaren ingurumen eta ikusmeneko balioak babesteko premiak justifikatzen ditu. Ingurunea derrigorrez mugatu behar da ondasuna behar bezala babestu eta baloratzeko. Horrenbestez, baserriaren inguruko lurrek eta eraikinerako sarrerak okupatutako aldameneko espazioak babestu behar dira, baserriaren berezko izaera gordetzeko. Horregatik, mugatze honen barnean baserriaren eraikinaz gain, bere ingurua ere sartzen dugu.

II. ERANSKINA

Deskribapena

Mañarinzelai, San Pedro errekako ibarraren erdialdean dago. Bertatik 250 metrora Ipar-ekialderantz, Mañarinzelairen orubearen barnean zegoen Manarinerrota aurkituko dugu, XVII. mendearen amaieran eraikia; 250 metro Hegoalderantz, Segurolako orube zaharra dago.

20 m x 20 m neurriko oinplano karratuko eraikina da, bi isurkiko zurezko estalkia eta fatxada nagusiarekiko bizkar elkarzuta ditu. Bi solairu eta ganbara ditu. Fatxada nagusia Ekialderantz begira dago eta harlandu gotikoarekin eraikita dago. Fatxada horren beheko solairuan dagoen sarrera nagusiak erdi-puntuko arkua dauka, dobela luze eta erregularrekin. Bestalde, erdi-puntuko arkua duen leiho gotiko bat du. Zementuz duela gutxi egindako kanpora ateratako balkoiak, hainbat dobelaren goialdea estaltzen du. Fatxada honetan bertan, kanpotik etxebizitzara zuzenean sartzeko zementuzko eskailera dago. Etxebizitza, eraikinaren Ekialdeko lehen solairuan dago. Beste fatxadak ere harlandu gotikoarekin egin zituzten. Mendebaldeko fatxada, atxikitako elementuek estaltzen dute ia osorik: eraikinaren barruko lastategira zuzenean sartzeko hormigoi armatuko arrapalak, eta hormigoiz ere eraikita dagoen terrazak; barruan, garajea eta oilategia daude. Eranskin horiek, sarrerako arku puntaduna eta erdi-puntuko bi leiho gotiko itxi dituzte.

Barruko egitura, beheko solairuan, hormigoizkoa da. Lehen solairuak eta ganbarak, pieza bakarreko hamabi pilarek eusten duten jatorrizko zurezko egitura dute. Dolare gotiko bateko hiru pilare ditu. Lotzen dituzten pilare eta petraletan beso bikoitzak ditu, enarabuztanetan mihiztatuak. Dolare gotikoaren goialdeko uztarriak lotzen dituen bizkar bikoitza du. Era berean, jatorrizko gapirioak ditu. Fatxada nagusira atxikitako eranskinak, eskailera, balkoia eta atxikitako eranskina eta Mendebaldeko fatxada hartzen duen arrapala monumentutik kanpo geratzen dira.


Azterketa dokumentala