Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1735

AGINDUA, 2005eko otsailaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Artikulu horietan aurreikusitakoa betetzeko, Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Orokorrak eta Osasun Sailak —den lanbidea izanik, eskumena baitu— derrigorrezkoak diren txostenak egin dituzte.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa legearen araberakoa dela egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onarpena.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa onartzea.

2. artikulua.– Argitalpena.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa agindu honen eranskin gisa argitara dadin agintzea.

3. artikulua.– Inskripzioa.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egin den aldaketa Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba dadin agintzea, elkargoa formalki osatzen den unean.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarrean jartzea.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 14a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

2005EKO OTSAILAREN 14KO AGINDUAREN ERANSKINA

Lehenengo artikulua.– Ezabatu egiten da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko ekainaren 27ko Aginduz onartutako Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko estatutuetako 5. artikuluko laugarren paragrafoa.

Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko ekainaren 27ko Aginduz onartutako Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko estatutuetako 34. artikuluko bigarren paragrafoa. Erredakzio hau izango du aurrerantzean:

"Urtero aurkeztu beharko du Diruzaintzako Kontu Orokorra. Kontu hori, bai Gobernu Batzordeak, bai Batzar Orokorrak, onartu beharko du."

Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko ekainaren 27ko Aginduz onartutako Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko estatutuetako 36. artikuluko hirugarren paragrafoa. Erredakzio hau izango du aurrerantzean:

"Deontologia Batzordearen eginkizuna Gobernu Batzarrari aholkuak ematea denez, berak edozein gairi buruz hartutako emaitzak eta irizpenak ez dira lotesleak izango Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzarrarentzat."

Laugarren artikulua.– Aldatu egiten da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko ekainaren 27ko Aginduz onartutako Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko estatutuetako 61. artikuluko hirugarren paragrafoa. Erredakzio hau izango du aurrerantzean:

"3. – Ordezkatzen dituen kideen eskubideak eta izen ona aldeztea, baldin eta horiek laidotu, kaltetu edo gutxietsi badituzte eta laidook, kalteok edo gutxiespenok Gipuzkoan bertan egin badira. Lan intrusismoarekin zerikusia duten auziak salatu eta aztertzea."

Bosgarren artikulua.– Aldatu egiten da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko ekainaren 27ko Aginduz onartutako Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko estatutuetako 81. artikuluaren lehenengo paragrafoko 1. zatia. Erredakzio hau izango du aurrerantzean:

"1.– Elkargoko organoen ebazpenen eta prozedurarekin jarraitzea ezinezko bihurtzen duten edo defentsa gabezia sortzen duten egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Sendagileen Elkargoko Euskal Kontseiluan edo, han egin ezean, Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusian. Horretarako hogeita hamar egun izango dira."

Seigarren artikulua.– Aldatu egiten da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko ekainaren 27ko Aginduz onartutako Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko estatutuetako 83. artikuluko bigarren paragrafoko e) idatz-zatia. Erredakzio hau izango du aurrerantzean:

"e) Sendagile lanaren moralaren, begirunearen, duintasunaren, izen onaren eta ohorearen edo elkargoko kideek sor duten begirunearen aurka doazen egintzak, baita elkargoko gobernu organoen aurkako nahita egindako indiziplina oldartzeak eta, oro har, edozein huts larri ere."

Zazpigarren artikulua.– 89 bis artikulua gehitzen zaie Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko ekainaren 27ko Aginduz onartutako Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko estatutuei:

"89 bis artikulua.– Gaixotasunagatik lanbide-jarduna etetea.

1.– Antzemandako eraldaketa organiko eta psikikoak edo mendekotasun toxikoak nabarmenak badira eta ezgaitu egiten badute mediku legetxe lan egiteko, gaixotasunean oinarritutako etete prozedura ofizioz edo alderen batek eskatuta hasiko da.

2.– Gobernu Batzarrak, egoera horren berri izan eta kasua aztertu ondoren, mediku baten txosten-irizpena eska dezake, zeina ez baita loteslea izango. Txosten hori eta aurkeztutako txosten medikuak aztertu eta gero, espedientea artxibatzea edo berarekin jarraitzea eska dezake. Kasu horretan, gutxienez hiru medikuk eta gehienez bostek osatutako epaimahai bat izendatuko du. Epaimahaia nahitaez osatuko dutenak: psikiatra batek, espezialitateko mediku batek eta Gobernu Batzarreko kide batek. Gobernu Batzarrak izendatuko ditu, behar izanez gero, gainerako bi kideak.

3.– Epaimahaiko kideen kopurua eta izenak Gobernu Batzarrak ebatziko ditu, zeinek ezingo baitiote uko egin parte hartzeari, non eta ahaidetasunezko, menpetasunezko, adiskidantzako edo etsaitasuneko arrazoi nabarmen eta justifikatuak ez dauden.

4.– Epaimahai izendatuak burutuko dituenak: bidezkotzat jotako berrikuskapenak, egoki derizkion txosten eta froga medikoak eta medikuen zein Elkargoaren Aholkulari Juridikoaren aholkularitza. Izapide hori ez da 60 egunetik gorakoa izango, non eta epaimahaiak denbora gehiago behar duela uste ez duen; orduan Gobernu Batzarrari jakinaraziko dio, luzatzea (edo ez) erabaki dezan.

5.– Bere burua nahiko trebatutzat eta informatutzat jotzen badu epaimahaiak, interesatuari, Deontologia Batzordeari eta Gobernu Batzarrari bidaliko zaion proposamena taxutuko du. Interesatuak, bidezkotzat joz gero, alegazioak aurkeztu eta egokiak derizkion frogak proposa ditzake 10 eguneko epean, horiek onartzea edo ukatzea Gobernu Batzarrari dagokiola.

6.– Frogak, onartu eta gero, 15 eguneko gehienezko epean gauzatuko dira. Ondoren Epaimahaiari bidaliko zaizkio, proposamen berria egin edo aurrekoa sendetsi dezan.

7.– Jarduera guztiak Gobernu Batzarrari igorrita, ebazpena emango du horrek, gehienez ere hilabeteko epean.

8.– Gobernu Batzarraren ebazpenari errekurtsoa aurkez dakioke Sendagileen Euskal Kontseiluaren aurrean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera 15 eguneko epean. Errekurtsoa Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren egoitzan aurkeztu beharko da, handik, txosten medikua erantsita, Sendagileen Euskal Kontseiluari bidaltzeko, ebatzi dezan.

9.– Sendagileen Euskal Kontseiluak ez badu ebazpenik ematen jasotzen duenetik aurrera 30 egun balioduneko epean, errekurtsoa ezetsi egin dela joko da isiltasun negatiboaren indarrez eta, ondorioz, agintaritza judizial eskumendunarengana jo dezake administrazioarekiko auzi-bidean.

10.– Gobernu Batzarrak uste badu sorospena jasotzen ari diren herritarrek kalte larria izan dezaketela espedientea izapidetzen ari den bitartean, medikuaren jardun profesionala behin-behinerako eten dezake, harik eta espedientea ebatzi arte edo espedienteari hasiera emateko erabilitako arrazoia desagertu arte.

11.– Ebazpena irmoa izan eta, ezgaikuntza diraueino, horretarako jarritako arrazoiak desagertu egiten badira, proposamena eman zuen Epaimahaiak edo Gobernu Batzarrak izenda dezan beste batek berraztertu dezake espedientea eta, froga berriak ikusi ondoren, proposamena egingo dio Gobernu Batzarrari, aurreko ebazpena sendetsi edo indargabetu dezan."


Azterketa dokumentala