Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1734

EBAZPENA, 2004ko urriaren 5ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD2-01097/04 espedientean Oscar Blanco Laso jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– 2004ko urtarrilaren 22an Oscar Blanco Laso jaunak eta Ana María Icaseta Icaseta andreak etxebizitza eskatzaileen erregistroan sartzeko egindako inskripzio-eskabidearekin batera hasi ziren jarduera hauek.

2.– Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 2004ko apirilaren 1eko Ebazpenaren bidez, ezezkoa eman zitzaion babes ofizialeko etxebizitza eskatzaileen erregistroan sartzeko eskabideari, diru-sarrerak egiaztatu ez zirelako.

3.– Oscar Blanco Laso jaunak, 2004ko apirilaren 20an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuzen ebazpen horren aurka, berarekin bat ez baitzetorren. Eskabidearekin batera bere eta bikotekidearen lan-kontratuen kopia eta nomima aurkeztu zituen. Aldi berean, babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan eskabideari alta emateko eskatu zuen.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da errekurtso hori ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan.

2.– Errekurtso-egileak interesduna dela egiaztatu du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandakoaren ondorioetarako, eta errekurtsoa lege horren 114. eta 115. artikuluetan finkatutako epean eta moduan aurkeztu du. Artikulu horiek urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zituen.

3.– 2003ko abenduaren 16ko Aginduak aldatutako 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 2. artikuluak ezartzen du zein baldintza bete behar diren bizikidetza-unitateen edo pertsona fisikoen eskabideei babes ofizialeko etxebizitzen erregistroan alta emateko. Honakoak hain zuzen ere:

a) Babes ofizialeko etxebizitzaren geroko titularren bat Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean beharko da bizi.

b) Bizikidetza-unitateko kide guztiek ez dute euren jabetzako etxebizitzarik eduki behar, ezein jabetza, azalera-eskubide edo usufrukturik babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan sartzeko eskabidea egiten den egunean.

c) Babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko eta gehieneko diru-kopuruen arteko diru-sarrerak dituela egiaztatu behar du bizikidetza-unitateak. Horretarako, kontuan hartuko den zerga-aldia honako hau izango da: behin pertsona fisikoen errentaren gaineko aitorpena aurkezteko epea amaituta, Erregistroan alta emateko eskariaren dataren aurre-aurrekoa dena.

Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 18. artikuluak, bere aldetik, azaroaren 25eko 290/2003 Dekretuan emandako idazkera berrian dioenez, etxebizitzak jabetzan, azalera-eskubidean edo alogeran (erosteko aukerarekin) uzten direnean urteko diru-sarrera ponderatuak 33.100 eta 9.000 euroren artekoak izango dira. Erosteko aukerarik gabe alokatzeko hartzeko utzitakoentzat, berriz, diru-sarrerak ez dira 3.000 eurotik beherakoak izango.

Eskuartean dugun honetan, administrazio-espedientean jasotako agiriak aztertu ostean, egiaztatu egin da errekurtsogileak eta bere bikotekideak 2002. urtean ez zituztela jaso babes ofizialeko etxebizitza bat eskatzeko gutxieneko diru-sarrerak. Egia da, alde batetik, haien egoera ekonomikoa hobetu egin dela; baina, beste aldetik, indarrean dauden arauek agintzen dutenez, ezin dira baloratu urte horren aurreko edo geroko ekitaldiak. Beraz, ezetsi egin behar da aurkeztutako errekurtsoa.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta oro har aplikagarriak diren gainontzekoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Bizkaiko Lurralde ordezkariak SD2-01097/04 espedientean hartutako ebazpenaren aurka Oscar Blanco Laso jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan alta emateko eskabidea ezetsi zen ebazpen horretan. Ebazpena, beraz, sendetsi behar da, zuzenbidearekin bat baitator.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian. Ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da horretarako epea.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko urriaren 5a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala