Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1732

AGINDUA, 2004ko urriaren 25ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Enrique Julián Sesma Roca jaunak eta María Jesús Rodríguez Rodríguez andreak 2004ko abuztuaren 27ko Aginduaren aurka aurkeztutako gora-jotzeko errekurtsoa ebazten duena. Agindu horretan lehentasun-eskubideaz baliatu zen Administrazioa Donostiako udalerriko Intxaurrondo Auzoko Dolores Goia enparantzako 7ko 3. solairuan dagoen etxebizitza erosteko.

Aurrekariak

1.– Enrique Julián Sesma Roca jaunak eta M.ª Jesús Rodríguez Rodríguez andreak 2004ko abuztuaren 5ean salerosketa-kontratua aurkeztu zuten Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan. Bertan, Donostiako udalerriko Intxaurrondo Auzoko Dolores Goia enparantzako 7ko 3. solairuan dagoen etxebizitza Daniel Alfonso Barrera jaunari eta Sandra Liliana Cuenca Pineda andreari saltzeko asmoa erakutsi zuten, laurogeita zortzi mila zazpiehun eta hogei (48.720) eurotan. Kontratuan, Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 6ko 103/1997 Dekretuaren 3.2 artikuluan aipatzen den klausula jasotzen da; beraz, kontratua aurkezteak jakinarazpen fede-emailearen izaera du, Agintaritza-babespeko etxebizitzen jabe-aldaketetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak duen erosteko lehentasun-eskubideari buruzko Eusko Legebiltzarraren apirilaren 15eko 7/1988 Legearen 1. artikuluaren ondorioetarako.

2.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak aldez aurreko proposamena egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erosteko lehentasun-eskubideaz baliatzeko, babes ofizialeko etxebizitzaren eskualdaketetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak duen erosteko lehentasun-eskubideari buruzko maiatzaren 6ko 103/1997 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera. Bestalde, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (VISESA) enpresak eskubide horren onuradun izan nahi zuela adierazi zuen, dekretu horren Bigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren indarrez.

3.– Etxebizitza eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez, lehentasun-eskubidea erabili zen Donostiako udalerriko Intxaurrondo Auzoko Dolores Goia enparantzako 7ko 3. solairuan dagoen etxebizitza berrogeita zortzi mila zazpiehun eta hogei (48.720) eurotan erosteko. Eskubideaz baliatzen zen Administrazioak bere gain hartu zituen kontratuan finkatutako baldintzak; beraz, VISESAk, lehentasun eskubidearen onuradun zenez, berrogeita zortzi mila zazpiehun eta hogei (48.720) euro ordaindu behar zizkien saltzaile ziren Enrique Julián Sesma Roca jaunari eta Jesús Rodríguez Rodríguez andreari.

4.– Enrique Julián Sesma Roca jaunak eta M.ª Jesús Rodríguez Rodríguez andreak, 2004ko urriaren 7an, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu zuten agindu horren aurka. Bertan adierazten dute orain ez dutela etxebizitza hori saltzeko asmorik, senide batzuk zorrak ordaintzeko laguntza eman dietenez, ez dagoela etxebizitza galtzeko arriskurik. Beren ustez, gainera, Eusko Jaurlaritzak ez dauka erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideaz baliatzeko eskumenik, eskumen hori Estatuarena berarena baita.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

Zuzenbideko oinarriak

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua da berraztertze-errekurtso hori ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan.

2.– Maiatzaren 6ko 103/1997 Dekretuak honela dio 4. artikuluan: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo berari atxikitako Erakunde-Administrazioko beste edozein Erakunderen aldeko eroslehentasun eskubideaz baliatzea, dagokion Lurralde ordezkariak proposamena egin eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Ingurumen sailburuaren Aginduz egingo da, itundutako eskualdaketaren jakinarazpen fede-emailea egin eta 30 eguneko epearen barruan". Agindu hori eskualdaketa itundu duten aldeei epe berean eta Zuzenbidean onartutako edozein bideri jarraituz jakinarazi beharko zaie.

3.– Arau horri darionez, Administrazioak 30 eguneko epea dauka eskubide horretaz baliatzeko eta, epe horren barruan, eskualdaketa-egilea lotuta dago, legezko epea baita eta ezin baita salbuespenik egin. Beraz, lehentasun eskubidea ezin da geratu eskualdeketa-egilearen irizpidepean. Borondate-aitorpena egindakoan hasi egiten da eroslehentasun-eskubidearen titularra eskubideaz baliatzeko epea eta eskubide hori ezin da inolaz ere bertan behera utzi epea iragan arte. Eskualdaketa jakinarazi ostean jaio egiten dira epe bat eta eroslehetasunaz baliatzeko legezko eskubide bat, eta epe horretan baliatu ezean bakar-bakarrik gera daitezke indarrik gabe; hau da, ez dago beste inolako arrazoirik kontratua bertan behera uzteko; are gehiago, eroslehentasuna kontratu-egileen borondateen gainetik dago.

Guzti horren ondorioz, ezin da onartu berraztertzeko errekurtsoa, Administrazioari eskubide horretaz baliatzeko ematen zaion 30 eguneko epea ezin delako moztu etxebizitzaren jabeak orain iritziz aldatu duelako.

Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Enrique Julián Sesma Roca jaunak eta M.ª Jesús Rodríguez Rodríguez andreak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2004ko abuztuaren 27ko Aginduaren aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa ezestea, Agindua Zuzenbidearekin bat baitator. Agindu horretan lehentasun-eskubideaz baliatu zen Administrazioa Donostiako udalerriko Intxaurrondo Auzoko Dolores Goia enparantzako 7ko 3. solairuan dagoen etxebizitza erosteko.

Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko urriaren 25a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala