Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1731

AGINDUA, 2005eko martxoaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, "Eduardo Chillida" 3. Olinpiada Matematikorako dei egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ustetan, matematika-problemak ebatzi edo askatzeko lana lehen mailako prestakuntza-jarduera da ikasleen adimen-garapenerako. Gainera, nazioarteko azken ebaluazioek agerian utzi dutenez, gai honek garrantzi handia du matematikaren irakaskuntzan eta landu egin behar da ikasgeletan. Ondorioz, "Eduardo Chillida" Olinpiada Matematikorako deia egiten zaie DBHko 2. mailako ikasleei, honako helburu hauekin:

– Sormena, erabakiak hartzeko gaitasuna, pentsaera dibergentea, eta egoera berriei aurre egiteko trebezia eta ez-ohiko problemak ebazteko ahalmena sustatzea.

– Problemen ebazpenaren bidez Matematikarako zaletasuna bizkortzea ikasleengan.

– Matematika arloa jendarteratzea, irakasle eta ikasleentzat hezitzaile eta jostagarri den jarduera batekin.

– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza maila horretako ikastetxeen eta Matematikako irakasleen, eta, jakina, ikasleen arteko harremana eta ezagutza sustatzea.

Horiek horrela, ondokoa

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– "Eduardo Chillida" 3. Olinpiada Matematikorako dei egitea, 2004-2005 ikasturterako.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xederako bideratuko diren baliabide ekonomikoen guztizko zenbatekoak 10.000 euro egiten du.

2.– Zenbateko hori gehitu ahal izango da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuen exekuziotik atera daitezkeen agortu gabeko eskuarte ekonomikoen arabera, baina deialdia ebatzi aurretik, betiere. Halakorik gertatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

3. artikulua.– Batzorde antolatzailea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Berritzeguneetako Matematika aholkulariek osatuko dute Olinpiadako batzorde antolatzailea.

4. artikulua.– Onuradunak.

Ondoko ikasleek izango dute deialdi honetan parte hartzea: 2004-2005 ikasturtean EAEko ikastetxeren batean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan ari direnek.

5. artikulua.– Parte hartzea.

1.– Ikastetxearen bidez egingo da parte hartzea. Ikastetxeak irakasle bat izendatu beharko du, eta hori izango da batzordearen eta ikastetxearen arteko solaskidearen arduraduna.

Izena emateko behar diren datuak eta Olinpiadari buruzko informazio guztia web orri honetan eskura daitezke: www.saretik.net/mateolinpiada.

6. artikulua.– Olinpiadaren garapena.

1.– Olinpiadak bi aldi edo fase izango ditu:

Lehenengo aldia.

1.– Ikastetxe bakoitzeko ikasleak hautatzea. Ikastetxe bakoitzak gehienez 2 ordezkari hautatuko ditu bere ikasleen artean. Zeregin hori errazteko, batzordeak 4 problemaz osaturiko proba bidaliko die hala eskatzen duten ikastetxe guztiei. Hautaketa, beraz, proba horren bidez egin ahal izango da.

2.– Hautaketa egin ondoren, maiatzaren 4a baino lehen, ikastetxe bakoitzeko arduradunak ikasle hautatuen izenak bidaliko dizkio batzorde antolatzaileari; bidali ere, www.saretik.net/mateolinpiada web orriaren bidez, edo zuzenbidean onartutako beste edozein eratan.

Bigarren aldia.

1.– Lurraldekako aldia (maiatzaren 14a).

Lehen aldi edo fasean hautatutako ikasleak arituko dira aldi honetan. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan garatuko da bigarren aldi hau, bere garaian adieraziko diren tokietan.

Maiatzaren 14an egingo da, goizez, eta batzorde antolatzaileak Matematikako 4 problema proposatuko ditu, parte hartzaileek ebatzi edo askatu ditzaten.

2.– Problemak euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztuko dira, orri berean.

Parte-hartzaileek marrazteko tresnak eta kalkulagailua erabiltzeko aukera izango dute, baina eurek ekarri beharko dituzte.

7. artikulua.– Ebaluazio-batzordea eta ebaluatzeko irizpideak.

1.– Olinpiadako batzorde antolatzaileak osatuko du ebaluazio-batzordea. Beharrezkotzat jotzen badu, Bigarren Hezkuntzako matematika-irakasleen laguntza eska dezake, irakasle horiek ikasle parte hartzaileek egindako lanik ez badute ebaluatzeko.

Aurkeztutako lanak puntu batetik 30era kalifikatuko dira ondoko irizpideak kontuan hartuta:

– Sormena eta originaltasuna problemei heldu eta ebazpena ematerakoan. 10 puntura arte.

– Problema ebazteko erabili diren prozesuen azalpen arrazoitua eta argia. 10 puntura arte.

– Kalkuluen zehaztasuna. 5 puntura arte.

– Ordena eta txukuntasuna lanaren eta emaitzen aurkezpenean. 5 puntura arte.

8. artikulua.– Deialdia ebaztea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebatziko du deialdia, batzorde antolatzaileak proposamena egin ondoren, agindu hau EHAAn argitaratzen denetik sei hilabeteko epean.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Ebazpena, eragina izan dezan eta jakinarazpenaren ondorioetarako.

9. artikulua.– Sariak.

1.– Lurraldekako aldian parte hartu duten ikasle guztiei emango zaie parte hartze hori egiaztatzeko diploma bana.

2.– Ondoko sariak emango zaizkie sailkapeneko aurreneko 12 ikasleei:

a) Sailkapeneko lehenengo 4rei: 4 asteko egonaldi familia batekin eta hizkuntza ikastaro bana, Europar Batasuneko herrialderen batean egitekoa.

b) Bosgarren eta seigarren sailkatu diren ikasleei: kamera digital bana.

c) Zazpigarren postutik hamabigarrenera sailkatu direnei: kalkulagailu grafiko bana.

3.– Parte hartu duen ikastetxe bakoitzari jakinaraziko zaio sailkapeneko lehenengo hamabiren izen-zerrenda, eta, gainera, ondoko web orrian argitaratuko da, maiatzaren 25etik aurrera: www.saretik.net/ mateolinpiada.

Saririk eskuratzen duten ikasleek espresuki adierazi beharko dute onartzen dutela, eta, atzerriko egonaldiei dagokienez, aita, ama edo tutorearen nahitaezko baimena aurkeztu.

4.– Sailkapeneko lehen eta bigarren ikasleek estatuko fasean parte hartzeko aukera izango dute, Madrilen egingo baita, ekainaren bukaera aldera.

Joan-etorrietan, beharrezkoak balira, irakasle batek lagunduko die, eta gastuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren kontura izango dira.

10. artikulua.– Arauak onartzea.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar deialdia arautzen duten oinarriak guztiz onartzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Oinarri-arauek jardunbide kontuan aurreikusi gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena.– Deialdia, oinarri-arauak eta horien ondoriozko egintza administratiboak inpugnatu ahal izango ditu interesatuak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioko Legean ezarritako epean eta eran.

Hirugarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 16a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala