Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1722

34/2005 DEKRETUA, otsailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren barruan Bilboko metropoliko eta zenbait udalerritako trenbidearen antolamenduari buruzko aldaketa behin betiko onartzeko dena.

Otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana behin betiko onartu zen.

Arloko lurralde-antolamendua indarrean sartu ostean, antolamendu horren lehenengo aldaketa edo berrazterketaren egin beharra ikusi da, Autonomia Erkidegoko trenbide-sareetan jarduera edo aldaera berriak sartzeko, bereziki Bilbo Metropolitarreko eremu funtzionalean eta Bizkaiko zenbait udalerritan. Aldaketak egiteko bi arrazoi nagusi daude: batetik, sare ezberdinen gainean eskumena duten administrazioek berrikusi egin dituzte beren jarduketa-programak, eta, bestetik, lurzoruaren antolamendurako proposamen eta erabakien zehaztasun eta lotarazpen-maila areagotu beharra dago.

Aldaketak agiri hauetan jaso dira:

I.– Memoria.

II.– Lurzoruaren Antolamenduari buruzko Erabakien 19. artikuluaren aldaketa.

III.– Planoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeren 13. artikuluan ezarritako prozedurari jarraitu zaio, hain zuzen ere testu arauemaile horren Lehenengo Xedapen Gehigarriak hara bidaltzen baitu erabilgarri dena. Hasierako onarpena eman baino lehen, 2003ko uztailaren 29an eman baitzitzaion, "Bilboko metropoliko Trenbide Sarea" aurrerapen-agiria lurralde-administrazio publiko interesdun guztiei igorri zitzaien eta Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak aldeko txostena egin zuen. Azkenik, jendaurrean eta lurralde-administrazio publikoen eta gainontzeko erakunde interesdunen entzunaldian jarri zen, eta horren ondorioz, hasierako onarpenari funtsezkoak ez ziren aldaketa batzuk erantsi zitzaizkion. 2004ko uztailaren 19ko Aginduaren bidez behin behingoz onartu zen. Azkenik, Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak, irailaren 30eko 3/2004 bilkuran, eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak, 2004ko irailaren 17an, aldeko txostena eman zioten.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren eta Garraio eta Herrilan sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko otsailaren 22an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren barruan Bilboko metropoliko eta zenbait udalerritako trenbidearen antolamenduari buruzko aldaketa behin betiko onartzea, eta Dekretu honen eranskin gisa, agiri hauek argitaratzea: II.– Lurzoruaren Antolamenduari buruzko Erabakietako 19. artikuluaren aldaketa eta III.– Planoak.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko otsailaren 22an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Garraio eta Herrilan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.

Otsailaren 22ko 34/2005 DEKRETUAREN

I. ERANSKINA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO

TRENBIDE SAREAREN LURRALDEAREN

ARLOKO PLANAREN ALDAKETA

II.– LURZORUAREN ANTOLAMENDUARI BURUZKO ERABAKIETAKO 19. ARTIKULUAREN ALDAKETA

Eragindako lurzoruaren antolamenduari buruzko erabakietako 19. artikulua honela geratuko da:

19. artikulua.– Jite teknikoko zehaztapenak.

1.– Lur berdinketa lurraren berezko topografia aldarazi den lur-zerrendari —plataforma deituta eta, linearen tipologiaren arabera, zabalera aldagarrikoa dena— deritzo; beraren gainean eraikitzen da burdinbidea eta bertan kokatzen dira haren elementu funtzionalak eta instalazioak.

2.– Lur berdinketaren kanpoko ertza lubetako ezpondaren oinaren edo lubakiaren edo ebakitako baso zatiaren tontor lerro edo, kasu bada euspen murruena eta berezko lubetaren elkarguneari deritzo.

3.– Trenbidearen elementu funtzionalak eta instalazioak haren kontserbaziora edo trenbide zerbitzu publikoaren ustiaketara iraunkorki zuzendutako ondasun, bitarteko eta gune guztiak dira, hala nola pasealekuak, bermak, arekak, seinaleak, itxiturak, trenbide pasaguneetarako irispideak, langak eta langa-erdiak, transmisioak, konektoreak, lur gaineko, lur azpiko nahiz airetiko kanalizazioak, etxolak, kutxatilak, transformadoreak, azpi-estazioak, elikapen lineak, airetiko kontaktu linea eta antzekoak.

4.– Zubi, zubibide eta antzeko egitura eta obren kasu berezietan, obrek lurrarekiko eratzen duten proiekzio lerro bertikala hartuko da kanpoko ertzatzat. Halakorik izanez gero, egiturek euskarrien kanpoko ertzak hartuko dira aintzat. Egituraren euskarriek hartzen duten lurra jabari publikokotzat hartuko da kasu orotan.

5.– Tunelen kasu berezietan, jabari publikoko esparruak eta horren segurtasun esparruak zehazteko xedez, haien egituraren kanpoko lerroa hartuko da lur berdinketaren lerrotzat.

Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorra zehaztean, haien sarrera eta irteeraren aldameneko guneak baino ez dira hartuko jabari publikokotzat, irizpide geoteknikoen arabera segurtasuna bermatzeko moduko distantzia aldagarrian eta luzetara ("LD"), kasu bakoitzean dagokion trazadurarekiko.

Orokorrean, lur gainean egin beharreko jarduketetarako, "ereduzko" irizpidea izango da "LD" distantzia hori, lurraren berezko sestraren eta burdinbidearen sestraren artean, gutxienez tunelaren egituraren kanpoaldeko neurriaren halako bi izatea ("H").

Era berean, lurpean egin beharreko jarduketerako "ereduzko" irizpidea izango da "LD" distantzia, lurpeko jarduketaren mailaren eta burnibidearen sestraren artean, tunelaren egiturak kanpoaldetik duen neurriaren halako bi izatea ("H").

Nolanahi ere, bai lur gainean egin beharreko jarduketetan, bai lurpekoetan, lurraren ezaugarri teknikoak aintzat hartu beharko dira, azpiegituraren segurtasuna bermatuko duen distantzia ("LD") zorrotz ezarri ahal izateko.

Otsailaren 22ko 34/2005 DEKRETUAREN

II. ERANSKINA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TRENBIDE SAREAREN LURRALDEAREN ARLOKO PLANAREN ALDAKETA
III. PLANOAK

Antolamendu-planoak. Trenbide Sare Berriaren antolamendurako A planoak sartzen dira hemen, otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez onartutako Erabakien 5.2. artikuluak ezarritako ondorioetarako lotarazpen zuzena daukate.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala