Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2004ko azaroaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 Zenbakiko Epaitegia
6072

EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzio baten gainean burututako 54/04 prozeduraren ondoriozkoa.

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia (Bizkaia)

Judizioa: L2 54/04, adostasunik gabeko dibortzioa.

Alderdi demandatzailea: María de la O Pérez Rafael.

Alderdi demandatua: Said Manai Smahri.

Gaia: adostasunik gabeko dibortzioa.

Aipatu judizioaren gainean ebazpena hartu da. Hau dio, hitzez hitz:

555 EPAIA

Barakaldon, 2004ko urriaren 5a.

Nik, Jose Gabriel Álvarez Lópezek, Barakaldoko Lehen Auzialdiko (Familia) 5 zenbakiko Epaitegiko magistratu-epaile naizen aldetik, ikusi ditut 54/04 autoak. María de la 0 Pérez Rafael andrearen izenean eta ordez eta Carlos Eduardo de Aza Barazón letratuak lagunduta, María Carmen Ulibarrena Bellido prokuradoreak demanda bat aurkeztu du Said Manai Smahri jaunaren aurka —auzi-iheslaria bera—, eta demanda horren ondorioz izapidetu dira, hain zuzen, auto horiek (adostasunik gabeko dibortzioa, PZLb). Fiskaltzak parte hartu du. Erregearen izenean eta Konstituzioak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, ondoko epaia eman dut.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Demandatzailearen ordezkariak banaketa-demanda bat aurkeztu zuen demandatuaren aurka, 2004ko urtarrilaren 22an. Hauek dira aurrekariak: 2000ko apirilaren 1ean ezkondu ziren eta alaba bat izan zuten, gaur egun adingabea dena. 2002ko uztailaren 18an epaia eman zen, banatzeko prozeduraren barruan. 2003ko apirilaren 30ean neurriak aldatzeko prozedura erabiliz epaia eman zen eta egokitzat jo zituen zuzenbideko oinarrien ondoren, egokiak diren izapideak egin eta gero ezkontideen dibortzioa deklaratzeko epaia ematea eskatzen zuen; kostuak berariaz demandatuari ezartzea eskatzen zuen, halaber. Epaia Barakaldoko Erregistro Zibilera bidali zen, ezkontzaren inskripzioan xedapenak jasotzen zituen idatzoharra jartzeko. Banaketa arautzen duen hitzarmenean kontsignatutakoak hartu ziren behin betiko neurritzat, 1.085/02 prozeduran, 2003ko apirilaren 30eko epaian ezarritako aldaketarekin. Prozedura horrek Aisha adingabearen mantenu-pentsioa aitaren diru-sarrera garbien %23a izango dela ezartzen du.

Bigarrena.– 2004ko urtarrilaren 28ko auto batez, aurkeztutako demanda-izapideak egiteko onartu zen, eskumena eta prozesuko gainerako betekizunak egiaztatu ondoren. Gero, demandatuari eta Fiskaltzari bidali zitzaion, legez jarritako epean erantzun ziezaioten. Demandatuaren epatzeak emaitzarik eman ez zuenez, zitazioa ediktu bidez egitea erabaki zen, 2004ko martxoaren 12ko probidentzia batez.

Hirugarrena.– 2004ko otsailaren 5eko idazkiz Fiskaltza agertu zen demandari erantzunez eta demandaren aurka eginez; izan ere, ez daude frogatuta, bere ustez, oinarri legez aurkezten diren egitateak.

Laugarrena.– 2004ko uztailaren 30eko probidentzia batez, demanda erantzuntzat jo zen. Demandatua azaldu ez zenez, auzi-iheslari zela deklaratu zen; alderdi biei deia egin zitzaien 2004ko urriaren 1ean judizioa egiteko.

Bosgarrena.– Alderdiei zitazioa legeen arabera egin ondoren, demandatzailea, prokuradore batek ordezkatuta eta letratu batek lagunduta, eta Fiskaltza agertu ziren. Eta, egoki iritzitako alegazioak egin ondoren, probaldia egiteko eskatu zuten eta eskaera onartu egin zen. Demandatzaileak agiri-bidezko lau eta aldearen galdeketa proposatu zituen, eta denak onartu zitzaizkion. Frogaldia egin ostean —autoetan dago emaitza—, amaitutzat jo zen judizioa.

Seigarrena.– Prozedura hau izapidetzeko, legezko aginduak bete dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gainerako erabakiak baino lehenagoko eskabidea da ezkonduen dibortzio deklarazioa —Kode Zibileko 86,2. artikuluan oinarritutakoa—, non urtebete igarotzea eskatzen baita banatzeko demandaren eta dibortzio demandaren artean; betiere banaketa irmoa bada. Kode Zibilaren 86.1. artikulua aplikaziokoa dela ulertzen da, hasierako adostasunezko banaketa 2002ko maiatzean aurkeztu baitzen, eta dibortzio-demanda 2004ko urtarrilaren 22an. Beraz, bidezkoa da auzilarien arteko dibortzioa dekretatzea.

Bigarrena.– Auzi-jartzailea banaketa zuzendu duten neurriek jarraitzearen alde azaldu da, demandatuak ordaindu beharreko mantenua ordaintzeari dagokionez egindako aldaketarekin. Ez dago aldaketa justifikatzen duen gorabeherarik. Beraz, lehengoari eutsi behar zaio, ez baitago ordena publikoaren aurkako edo adingabearen kalterako xedapenik.

Hirugarrena.– Prozedura Zibileko Legearen 755. artikulua aplikatuz, bidezkoa da epai hau Zamorako Erregistro Zibilean sartzea, hori baita ezkontzaren inskripzioa jasotzen duena.

Laugarrena.– Gaia garaipen objektiboaren irizpidetik kanpo dagoela uste denez, kostuak ez zaizkio alderdi bati ere ezarriko.

Aipatutako artikuluak eta oro har aplikagarriak diren gainerakoak ikusita.

EPAITZA

Said Manai Smahri jaunaren aurka, María de la O Pérez Rafael andrearen izenean eta ordez María Carmen Ulibarrena Bellido prokuradoreak aurkeztutako dibortzio-demandaren zati bat onetsi egiten dut, eta hala dekretatu behar-eta auzilarien arteko dibortzioa dekretatzen dut, legezko ondorio guztiekin eta ondoko neurriekin:

a) Emazteari izendatu zaio alabaren babespea. Guraso-ahala, berriz, aitak eta amak edukiko dute. Babespea ez duen gurasoa alabarekin harremanetan egon ahal izango da, txandakako asteburuetan, zapatuko 12:00etatik domekako 20:00etara. Gabonetako, Aste Santuetako eta udako oporren erdiak ere aitarekin egingo ditu. Gurasoak ados jartzen ez badira, alaba aitarekin egongo da urte bakoitietako oporretako lehenengo erdian eta urte pareetakoen bigarren erdian. Senarrak adingabea senar-emazteen etxetik hartu beharko du eta toki berean entregatu beharko dio amari. Senarrak bisita-eskubidea gauzatzen duen bitartean ezingo du adingabearekin atzerrira joan, emazteak aldez aurretik baimenik ematen ez badio.

b) Amari izendatu zaizkio ezkontza-egoitzaren erabilera eta gozamena (Sestaoko Antonio Trueba kalea, 12 zk., 3. solairua, ezkerra). Emazteari dagokio alokairua ordaintzea. Senarrak dagoeneko atera ditu bere gauzak.

c) Aitak diru-sarreren %23az lagundu beharko du Aisha Cristina alabaren elikagaiei dagokienez. Hilero ordaindu beharko du, hilaren lehenengo bost egunetan. Adingabearen aparteko gastuak erdibana ordainduko dituzte guraso biak.

d) Aitak hilero 90 euroko pentsio osagarria ordaindu beharko du. Zenbateko hori emazteak horretarako izendatzen duen kontuan sartu beharko da, hilero, hilaren lehenengo egunetan, eta emazteak Gizarte Ongizateari eskatutako laguntza jasotzen duen unean amaituko da.

Ez da kosturik ezarriko.

Epai hau irmoa egin ostean, horren testigantza egin eta Zamorako Erregistro Zibilera igorri, dagokion idazpena egiteko.

Epai honen berri eman alderdiei, eta jakinarazi ez dela irmoa eta horren aurka apelazio-errekurtsoa aurkez dezaketela. Epaitegi honetan aurkeztu beharko dute, bost eguneko epearen barruan, zeinaz Probintzia Auzitegia arduratuko baita.

Eta epai honen bitartez erabaki, agindu eta sinatu egiten dut.

Argitalpena.– Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen epaile magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, idazkari naizenez, horren guztiaren fede ematen dut.

Alde demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legeko 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriaz, ediktu hau Epaitegiko iragarki oholtzan argitaratu da, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.

Barakaldo (Bizkaia), 2004ko urriaren 6a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala