Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2004ko azaroaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6065

217/2004 DEKRETUA, azaroaren 16koa, Tolosako (Gipuzkoa) Hirigune Historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko eta haren babes-araubidea onartzeko den Dekretuari aldaketa egitea xedatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Urriaren 17ko 450/1995 Dekretuak Tolosako hirigune historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasuna deklaratu zuen eta bere babes erregimena ezarri zuen.

Tolosako Udalak 2004ko uztailaren 9ko idazki baten bidez oso aldaketa zehatza eskatu zuen egun gauzatzen ari den Birgaitze Plan Bereziak ukitzen duen eremu batean. Izan ere, 450/1995 Dekretuan tratamendu berezi bat duen inguruan, bertan hirigintza aldetik, sozial eta arkitektonikoki hondatze maila handia aitortzen zaio. Udalak eremuaren berriztapena azaltzen du, eta eskatu dena hau da: aipatu den 450/1995 Dekretuaren 16.2 artikuluan ezartzen den atzekaldearen lerrokadura kentzea.

Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek 2004ko uztailaren 19an txostena egin zuten, eta bertan onartzen da 450/1995 Dekretuak ezarritako lerrokadura Tolosako Hirigune Historikoaren babes zurrunago edo malguagorako ardurarik ez duela. Beraz, aldaketaren aldekoa da.

Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2004ko abuztuaren 3ko Ebazpenaren bidez, Tolosako Hirigune Historikoaren gaineko urriaren 17ko 450/1995 Dekretuaren aldaketa egiteko espedienteari hasiera eman zitzaion, era berean jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidea emanez (irailaren 9ko 173. zenbakiko EHAA).

Espedientea jendaurrean jartzeko izapidea eta interesdunen entzunaldia burutu ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu izan.

Hori guztia dela-eta, Euskal Kultura Ondarearen Legeari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoari jarraituz eta Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, Kultura sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko azaroaren 16ko bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Tolosako Hirigune Historikoa Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasuna izendatu zuen 450/1995 Dekretua aldatzea, ezarrita den babes erregimenaren 16.2 artikuluaren idazkerari dagokionez.

"Gorriti plaza, Agintari kaleko 33 zenbakitik Gorriti plazarainoko tartea, Santa María kaleko bukaera eta Oria ibaiko ezker aldea hartzen duen eremua hirigintzari eta arkitekturari dagokienez nahiko hondatua dagoenez, bertako hiri-ehuna araberritzera bideratutako bidezko iharduerak egiteko baimena emango da, horretarako ondoko baldintza hauek bete beharko direlarik:

– Agintari kalean eraikitako frentearen lerrokadura mantentzea, gutxienez frentea Gorriti plazara daukaten Kale Nagusiko 35 eta 46 zenbakidun etxeetako luzapen lerroraino.

– Gorriti Plazako 1. zenbakidun etxea mantentzea (ez haren beheko solairuan dauden eranskinak) edo, hala badagokio, hura dagoen lekuan berri bat eraikitzea, plazak hartzen duen gaur egungo espazioa ere mantendu beharko delarik, ibaiari itxita.

– Medianera artean eraikitzea, Agintari kalean dagoenarekin jarraitzeko.

– Agintari kalearen eta Santa Maria Kalearen artean komunikabide publiko bat egongo da beheko solairuaren mailan.

– Hirigune Historikoarenak diren elementu eta irudiak erabiltzea, zati hau hirigune historikoan sartzen baita."

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Tolosako Hirigune Historikorako urriaren 17ko 450/1995 Dekretuak ezarritako babes-araubidearen aldaketa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du.

Bigarrena.– Kultura Sailak Dekretu honen berri emango dio Tolosako Udalari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari ere jakinaraziko die.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betetzearren Kultura Sailak honako hau eskatuko dio Tolosako Udalari: udal-hirigintzako araudia Hirigune Historikoa babesteko araudiaren arabera egokitzea eta moldatzea.

Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea jende guztiak honen berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Udal planeamendua Dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen ez zaion bitartean eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak aldeko txostena egiten ez duen bitartean, eraginda dauden eremuetan egin behar diren lanak dagokion Foru Aldundiko organo eskudunek onartu beharko dituzte. Foru Aldundiaren baimena udalaren baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1. artikuluak ezartzen duen moduan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean. Epeak Dekretu hau azkeneko argitaratzen den egunaren biharamunetik hasiko dira kontatzen.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko azaroaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala