Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2004ko azaroaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Osasun Saila
6060

3220/2004 EBAZPENA, urriaren 26koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Gorlizko Ospitaleko zuzendari mediko lanpostua betetzeko deialdi publikoa egiten duena (Bizkaiko Osasun Barrutia).

Gorlizko Ospitaleko zuzendari mediko lanpostua (Bizkaiko Osasun Barrutia) hutsik dago. Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, zuzendaritza nagusi honek, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa egitea erabaki du. Hona hemen horretarako

OINARRIAK:

Lehenengoa.– Gorlizko Ospitaleko zuzendari mediko lanpostua betetzeko ebazpen honen bitartez egiten den deialdira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeei atxikitako langile finkoak (funtzionario, estatutario nahiz lan-kontratuko langile finkoak) nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioak aurkeztu ahal izango dira, eta ondoko baldintzak betetzen dituen beste batzuk:

1.– Medikuntzan eta kirurgian lizentziaduna izatea.

2.– Administrazio- eta kudeaketa-lanetan esperientzia izatea.

Bigarrena.– Interesa dutenek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Erakunde Zentraleko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan aurkeztuko dituzte eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 10 egun balioduneko epean. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz ere bidali ahalko dira.

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskabidearekin batera, honako hauek adierazten dituen curriculum vitaea aurkeztu beharko dute:

– titulu akademikoak.

– betetako lanpostuak.

– lanbide-esperientzia eta kudeaketa sanitarioan eskarmentua.

– ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta azaltzeko moduko beste edozein merezimendu.

Izangaiek, eskatzen diren betekizun eta aurkeztutako merezimenduei buruzko agiriak aurkeztu beharko dituzte eskariarekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkeztu ahal izango dituzte.

Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko urriaren 26a.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JOSU I. GARAY IBÁÑEZ DE ELEJALDE.


Azterketa dokumentala