Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2004ko azaroaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
5964

160/2004 DEKRETUA, 2004ko uztailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana Behin Betiko onartzen duena.

Hezeguneak edo, oro har, inguru hezeak, kostaldekoak zein barrualdekoak, biosferako ekosistemarik aberats eta berezienetakoak, eta aldi berean ahulenetakoak, dira.

Hezeguneak garrantzi handiko unitate funtzionalak dira, haien baitan gertatzen diren prozesu hidrologikoen eta ekologikoen ondorioz. Funtsezkoak dira biodibertsitateari eusteko, eta betetzen duten erregulazio hidrikoko funtzioa garrantzi handikoa da (akuiferoak berriro betetzen dituzte, uholdeak arintzen dituzte...). Bestalde, hezeguneek zenbait prozesu orokorretan duten eginkizunak (hala nola materia organikoa produzitzea, sare trofikoari eustea eta mantenugaiak birziklatzea) eragin zuzena izango du edateko uraren horniduran eta, oro har, uren ekosistemaren kalitatean.

Mendeetan, aitzitik, hezeguneak lur marjinaltzat hartu dira, drainatu eta nekazaritzarako edo hirigintza-hazkunderako "berreskuratu" beharreko lur gisa hartu izan dira.

Hezeguneen zereginari buruzko jarrera aldatzearen ondorioz, "Nazioartean garrantzitsuak diren hezeguneei buruzko hitzarmena" edo Ramsar-eko Hitzarmena sinatu zuten Ramsar-en (Iran), 1971ko otsailaren 2an.

Ramsar-eko Hitzarmenean nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrenda jaso zen, hain zuzen ere, ekologiaren, botanikaren, zoologiaren, limnologiaren edo hidrologiaren aldetik ezaugarri bereziak dituzten hezeguneen zerrenda. Euskal Autonomia Erkidegoko sei hezegune sartu ziren Ramsar-eko Hitzarmenean, espainiar estatuko hezeguneen artean. Hauek dira dituzten ezaugarrien ondorioz nazioarte mailan bereizgarriak diren EAEko hezeguneak: Urdaibai (zerrendan 1993an sartu zen), Laguardiako (1996) eta Txingudiko urmaelak, Uribarri-Ganboako urtegien muturreko zatiak eta Gesaltza, Arreo-Caicedo Yuso lakua eta Salburua (azken hirurak 2002. urtean sartu ziren). Prozesu horrek argi eta garbi islatzen du euskal administrazioak hezeguneak babesteko eta leheneratzeko egiten ari diren ahalegina.

Baina, gune berezi horiez gain, hezeguneak nahiko ugariak dira EAEn. Gure lurraldean, batetik, itsasaldeko zerrenda bat dago, eta ibaiaren eta itsasoaren arteko tarte horretan, gutxi-asko garatutako estuarioak osatzen dira. Bestetik, klima nagusiki euritsua izateak eta substratuak eta orografiak erraztu egiten dute ur-masak pilatzea; hartara, lurralde osoan zehar sakabanatuta hainbat eratako lakuak, aintzirak, urmaelak eta putzuak sortzen dira. Hezegune natural horiez gain, putzu artifizial ugari dago, batzuk aspaldiko meatzaritza-ustiapenen inguruan (batez ere, Bizkaiko meatzaritzagunean) eta besteak Arabako Lautadako sailak ureztatzeko eraikitakoak; Araban, gainera, urmael asko dago, eta azalera handia hartzen dute. Kasu batzuetan, gune horietan gertatutako naturalizazio-maila dela eta, hezeguneen ezaugarri berdintsuak dituzte.

Hezegune-multzo horiek guztiek askotariko habitat-multzoa osatu dute EAE osoan zehar. Hezegune horiek kontserbazio-maila desberdineko natur sistemak diren arren, elementu komun batzuk dituzte: leku horietako faunak eta florak balio ekologiko handia du, paisaia berezia dute, funtzionatzeko dinamika bereizgarria eta interes handikoa dute eta lur gaineko eta lurpeko sistema hidrikoen artean erlazio estua dute. Azken finean, EAEko bereizgarri paisajistiko bat dira.

Hezeguneek, beren natur baliabideen dibertsitateari eta berezitasunari esker, gizartean interes handia pizten dute, eta, gainera, normalean kokaleku pribilegiatu batean daude. Hori dela eta, leku horietan joera handia dago lurzorua neurririk gabe erabiltzeko, bai eta maiz ingurumena degradatzeko prozesuekin lotuta egon diren jarduerak bertan kokatzeko ere. Ekosistema horiek arriskuan izan dira sarritan natur baliabideen ustiapen intentsiboaren ondorioz, industrializazioaren eta turismoaren ondorioz eta inguru jakin batzuk urbanizatzeko prozesuen eta garapen teknologikoen ondorioz. Horiek guztiek faunako eta florako espezieen birsorkuntza-ahalmena kaltetu dute, eta oreka ekologikoari atzeraezinezko ondorioak eta eraldaketak eragin dizkiote.

Kostaldeko hezeguneak, barnealdeko hezeguneak eta hezegune kontinentalak hondamen-arazo larriak jasaten ari dira, giza jardueraren presioaren ondorioz batik bat. Kostaldeko hezeguneen degradazio-arazoa oso larria da, horietan askotariko presioak gertatzen baitira. Hezegune horien guztien inguruan, hiriguneak, arrantza eta kirolerako portuak, jarduera turistikoak, kirol-jarduerak eta industria-jarduerak garatu dira, eta, horien eraginez, larritasun-maila desberdineko hondamena gertatu da urteek aurrera egin ahala; zenbaitetan, gainera, padura desagertzea eragin dute. Barrualdeko hezeguneen multzoa hezegune naturalek zein artifizialek osatzen dute. Hezegune horiek ere hondatzen ari dira giza jardueren presioaren eraginez, normalean nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerengatik eta zenbaitetan jarduera turistiko jakin batzuengatik. Komeni da jarduera horiek berriro antolatzea, sortzen duten degradazioa atzeraezina bihurtu baino lehen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen zioen azalpenen arabera, Lurralde Antolamendurako politikaren bidez natur baliabideen zentzuzko kudeaketa eta ingurumenaren babesa bilatu behar da. Lege horren bitartez, Lurralde Antolamendurako Arauak gerora egin beharreko plangintza guztien erreferentziazko esparrua dira.

EAEko Lurralde Antolamendurako Arauak, ingurune fisikoaren antolamendua planteatzean, diagnostiko batean oinarritu ziren. Diagnostiko horren arabera, natur sistema garrantzitsuen degradazioaren eta galeraren ondorioz, desiragarriak ez diren fenomenoak gertatzen dira (poluzioa, higadura...). Degradazio eta galera hori, bestalde, giza jarduerak jarduera horiek kokatzen diren ingurune fisikoarekin ez lotzearen emaitza dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Arauetako 8. kapituluko 7.C atalean (otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren arauak) adierazten da Hezeguneak Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak izan behar duela Ingurumen Fisikoaren norabidea garatzeko baliabideetako bat.

Horrenbestez, EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plan honek Lurralde Antolamenduko Arauen zehaztapenak garatzen ditu, EAEko hezeguneen inbentarioaren eta sailkapenaren bidez eta antolakuntza espezifikoa behar duten hezeguneetan gune horien gaitasunaren araberako erabilerak eta jarduerak arautzearen bidez. Halaber, LAPk gomendio eta irizpide orokor batzuk ematen ditu, inbentariatutako hezegune guztiak babesteko.

EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana lantze-prozesu luze baten ondorioa da, eta formalki 1998ko martxoaren 16an abiatu zen; Aurrerapena idatzi eta COTPV txostena prestatu ziren orduan. Dokumentuaren bideratze-prozesuan zehar, txosten ugari eskatu dira eta 100 alegazio eta iradokizun baino gehiago aztertu dira.

Beraz, gaur egungo dokumentua azterketa-prozesu baten eta beste sektoreetako interesekin eta aurreikuspenekin bateragarri bihurtzearen ondorioa da, eta helburu zehatza EAEko hezeguneak babestea bada ere, dokumentu integratzailea da, behin betiko onartutako lurralde-plangintzarekin bateragarria eta bideratzen ari diren lurralde-plangintza partzialarekin bat datorrena.

EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana 2003ko maiatzaren 19ko Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren agindu bidez onartu zen behin-behinean. Halaber, 2002ko ekainaren 4ko Gobernu Kontseiluan onartu zen 2002-2020rako Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategiak eta 2002-2006rako Ingurumen Esparru Programak dokumentu honen onarpena gehiago ez atzeratzea eskatzen dute.

Hori dela eta, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenaz, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko uztailaren 27ko bileran eztabaidatua eta onartua, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– EAEko Hezeguneen LAPa behin betiko onartzea. Horren testu artikulatua Dekretu honekin batera dator eranskin gisa.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko uztailaren 27an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

ERANSKINA, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana Behin Betiko onartzen duen 2004ko uztailaren 27ko 160/2004 Dekretuarena.

EAE-KO HEZEGUNEEN LAP-A

TESTU ARTIKULATUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Hezeguneen definizioa.

Lurraldearen Arloko Plan honen ondorioetarako, EAEko Hezegune edo Leku Hezetzat honako hauek hartzen dira: padurak, multzo zingiratsuak edo putzuz betetzen direnak, lokatz-multzoak eta zohikatz-multzoak –naturalak edo artifizialak, iraunkorrak edo iragankorrak– eta ura gelditu edo biltzen den eremua edo ur-lasterrak dauden lekuak, ur geza, gazikara nahiz gazia izan, gatzetan duen edukia edozein delarik ere. Halaber, eta ondorio berberetarako, Hezegunetzat hartzen dira itsasbeheran 5 metrotik gorako sakontasuna ez duten itsasoko ur-multzoak. Horrez gain, Hezeguneen barruan sartzen dira alboko ibaiertzeko edo kostaldeko guneak ere, irlak edo itsasoko ur-eremuak barne, baldin eta itsasbeheran 5 metroko sakontasuna baino handiagoa izan arren hezegunearen barruan badaude.

Sailkapen horretatik kanpora geratzen dira ibai-ubideak, eta horiek, antolamendurako dokumentu berezi bat izango dute: Ibai eta Erreka Bazterren Lurraldearen Arloko Plana.

2. artikulua.– EAE-ko hezeguneen lurraldearen arloko planaren helburuak.

EAEko Hezeguneen LAParen antolamendu-helburuak hauek dira: 1.– Hezegune bakoitzaren balio ekologikoak, paisajistikoak, produktiboak eta zientifiko-kulturalak kontserbatuko direla bermatzea, hauen bidez:

a) Hezeguneen eta horien ingurunearen erabilera eta hango jarduerak erregulatuz, bereganatze-gaitasunaren arabera.

b) Natura, paisaia, zientzia, kultura eta/edo produkzioari dagokionez interes handikotzat jotzen diren hezeguneak babestuz, horretarako, hirigintza-plangintzan beharrezkoak diren parametroak sartuz, ahal den neurrian, babes-arauak herri mailako arau eta ordenantzekin bateratzeko.

c) Udal-barruti bat baino gehiago hartzen duten hezeguneen edo hezegune-multzoen antolamendua eta babesa koordinatuz.

d) Hezeguneen eragin-eremuetako tradiziozko jarduerak eta biztanleria eremu horien kontserbazioarekin lotuz, natur baliabideen zentzuzko ustiapenaren bidez.

e) Baliabide hidrikoa eta horrekin lotutako lurraldea –eta baleude, baita akuiferoak ere– babestuz, babes-neurri batzuk izendatuko zaizkien guneak finkatuta.

2.– Tokiko egiturarekin eta bereganatzeko gaitasunarekin bateraezinak diren jarduerengatik edo eraso puntual negatiboengatik degradatuta dauden hezeguneetako paisaia, fauna, flora eta landaretza hobetu, berreskuratu eta birgaitu dadila ahalbidetzea, hauen bidez:

a) Babespekotzat hartzen diren eremuetako baliabide eta/edo prozesu ekologikoen irautea galarazten duten erabilera guztiak debekatutzat joz.

b) Lurzoruaren erabilera-aldaketak ahalbidetuz, Lurraldearen Arloko Planaren helburuekin bat etorriz.

c) Hezeguneetako eragin-eremuen erabilera eta hango jarduerak erregulatuz, eremu horiekin lotutako baliabide hidrikoaren eta ekosistemen kalitatea pixkanaka berreskuratu ahal izateko.

3.– Natur baliabideei balioa ematea ahalbidetuko duten ekintza-lerroak finkatzea, ekintza hauek sustatuz eta bultzatuz:

a) Bazterreko lurretan erabilera alternatiboak ezarriz.

b) Aisialdi eta astialdirako guneak eta ibilbideak eskainiz.

c) Jarduera zientifiko-kulturalak eta ingurumen-hezkuntzakoak ezarriz, aisialdiko jarduerekin eta ingurumenaren babesarekin bateratuta.

3. artikulua.– LAP-aren lurralde-esparrua.

LAP honen lurralde-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoa da, eta horren barruan, EAEko Hezeguneen Inbentarioan sartuta dauden eta etorkizunean sar litezkeen hezeguneak ere sartzen dira, testu artikulatu honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

EAE-KO HEZEGUNEEN ANTOLAMENDURAKO ESPARRU OROKORRA

4. artikulua.– EAE-ko hezeguneen inbentarioa.

1.– Inbentarioa sortzea.

Hezeguneen garapena ezagutzeko eta, hala dagokionean, beharrezko babes-neurriak adierazteko asmoz, EAEko Hezeguneen Inbentarioa sortu da, hezeguneei buruzko informazioa eman eta haiek zaintzeko izaera irekiko tresna gisa.

2.– Mantentzea eta eguneratzea.

Hezeguneen Inbentarioa mantentzea eta eguneratzea Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari dagokio. Ondorio horietarako, Biodibertsitatearen Zuzendaritzari atxikita geldituko da Inbentarioa.

3.– Inbentarioko inskripzioak edo baztertzeak.

3.1.– Edozein pertsona fisiko edo juridikok –publikoa zein pribatua– eskatu ahal izango dio Eusko Jaurlaritzari hezegune jakin bat inbentarioan sartzea, babesteko moduko natur balioak dituela uste badu. Alderantzizkoa ere, kanpoan uztea alegia, eska lezake.

Eskabideak ondo arrazoitutakoa izan beharko du bi kasuetan, eta hezegunearen garrantzia justifikatzen duen informazio tekniko eta zientifikoa erantsi beharko da.

3.2.– Inbentarioan inskribatzeko edo bertatik kanpo uzteko agindua Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak emango du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion lurralde historikoko aldizkarian argitaratuko da.

3.3.– Hezegune bat inbentarioan sartzea onartzen duen aginduak, gutxienez, zehaztapen eta alderdi hauek zehaztuko ditu:

– Babestu beharreko balioak eta kontserbatzearen eta babestearen helburuak.

– Zuzenean eragiten dioten xedapen eta planak.

– Inbentarioan sartu nahi den gunearen mugatze kartografikoa eskala egokian.

4.– Inbentarioa aldatzea.

Inskribatutako hezeguneei buruzko zuzenketak sartzeko Inbentarioan egiten den aldakuntza oro, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren ebazpen bidez egingo da, interesatuei entzun ondoren.

5.– Inbentarioaren edukia

5.1.– EAEko Hezeguneen Inbentarioak, hasiera batean, 1. eranskinean jasotako Hezeguneak biltzen ditu bere baitan.

5.2.– Inbentarioak berarekin lotutako datu-base bat izango du, eta han, EAEko hezeguneei buruzko era guztietako informazio garrantzitsua bilduko da.

5. artikulua.– Hezeguneen sailkapena.

Antolamendu-proposamenaren garapen-maila eta kasu bakoitzean aplikatuko zaion araudia zehazteko asmoz, Lurraldearen Arloko Plan honen xede diren hezeguneak multzo hauetan sailkatuko dira:

• I. multzoa:

Multzo honetan sartzen dira gaur egun natur gune babestutzat jotzen diren hezeguneak, nahiz parke naturalak nahiz biotopo babestuak izan. Urdaibaiko Biosfera Erreserba ere hemen sartzen da. Hezegune horien antolamendua ez da izango Lurraldearen Arloko Plan honen xedea, hori bakoitzaren berariazko araudiaren araberakoa izango baita. Hona hemen multzo honetako hezeguneak:

– Urdaibai (A1B3). Honek 1993ko abuztuaren 3an onartutako Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Plana’ dauka. Plan hori otsailaren 11ko 27/2003 Dekretuak aldatzen du, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteko eta Antolatzeko uztailaren 6ko 5/1989 Legeak garatzen duena.

– Inurritzako biotopo babestua (A1G3) (otsailaren 25eko 40/1997 Dekretu bidez deklaratua) eta haren babeseko eremu periferikoa.

– Guardiako aintziren biotopo babestua (irailaren 19ko 417/1995 Dekretuaren bidez deklaratua eta irailaren 29ko 255/1998 Dekretuak aldatua. Horrek, Carralogroño (B8A2), Carravalseca (B8A3) eta Prao de la Paul aintzirak (FA64) biotopo babestu gisa aitortzen dituen dekretua aldatu du, bere lurralde-esparruan Musco aintzira (B8A6) barne hartzeko.

– Urkiolako istingak (B11B2), Urkiolako Parke Naturalaren barnean sartutakoak.

– Valderejoko putzuak (GA16), Polledoko istingak (B11A133), Valderejoko Parke Naturalaren barnean sartuak.

– Altubeko putzuak (B4A1), Gorbeiako aintzira I (EA8), Gorbeiako aintzira II (EA9), Yondegorta presa (EB8), Lamiogingo putzua (GA11), Saldropoko zohikaztegia (B1B1), Verdeoespesoako zohikaztegia (B1B2), Areatzako istingak (B11B3), Gorbeiako Parke Naturalaren barnean sartutakoak.

– Lareoko urtegia (EG5), Aralarko Parke Naturalaren barnean sartutakoa.

– Bianditz putzua (B3G2), Añarbeko urtegia (EG12), Aiako Harria Parke Naturalaren barnean sartutakoak.

– Apinanizeko ureztaketarako urmaela (EA1), Korreseko urtegia (EA5), Kintanako ureztaketarako urmaela (FA35), Urturiko ureztaketarako urmaela (FA36), Arrizuloko zohikaztegia (B1A1), Los Rios gunea (B11A134), Izkiko Parke Naturalaren barnean sartutakoak.

– Usabelartzako zohikaztegia (B1G1), Billabonako ihitokiak (B11G2), Leitzarango biotopo babestuaren eremu periferikoaren barnean sartutakoak.

• II. Multzoa:

Multzo honetan bi hezegune-mota bildu ditugu:

– Lurzoruaren Erregimenari eta Hiri Antolamenduari buruzko legeriari jarraiki hirigintza-plangintza bereziak babesten dituenak.

– LAP honek xehetasunez antolatutako hezeguneak (8 kostaldekoak eta 11 barrualdekoak).

Hona hemen II. multzoko hezeguneak:

– Txingudi (A1G6), "Txingudi Alorreko Baliabide Naturalak Babesteko eta Eratzeko Plan Berezia" duena. Hori Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren erabakiz onartu zen behin betiko 1994ko uztailaren 29an, Irungo udal-barrutiko eremuari dagokionez eta 2001eko irailaren 26an Hondarribiako udal-barrutiko zatiari dagokionez.

– Barbadunen itsasadarra (Pobeña eta Hareako hondartza) (A1B1).

– Butroeren itsasadarra (Plentzia) (A1B2).

– Learen itsasadarra (Lekeitio) (A1B4).

– Artibairen itsasadarra (Ondarroa) (A1B5).

– Debaren itsasadarra (A1G1).

– Urolaren itsasadarra (Zumaia) (A1G2).

– Inurritzaren itsasadarra (Zarautz) (A1G3) (40/1997 Dekretuak biotopo babestu deklaratu ez duen eremua, eta haren babeseko eremu periferikoan ere sartu ez duena).

– Oriaren itsasadarra (A1G4).

– Santa Barbarako putzua (B2G2).

– Olandinako urmaela (Birgara) (B6A1).

– Arreo-Caicedo Yuso lakua (B6A2).

– Bikuñako aintziratxoa (B7A1).

– Nabaridasko urmaela (B8A9).

– Salburuako hezeguneak (B9A3).

– Lacorzanako urmaela (B10A1).

– Astrabudua ibarreko hezegunea (B10B1).

– Bolue bailarako putzuguneak (B10B3).

– Gesaltza (CA1).

– Etxerreko putzua (DB4).

• III. Multzoa:

Inbentarioan jasota dauden eta aurreko multzoetan agertzen ez diren gainerako hezeguneak biltzen ditu.

6. artikulua.– Hezegune babestuen katalogoa.

1.– Katalogoa sortzea.

Hezegune Babestuen Katalogoa Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi gehien duten hezeguneak babesten direla bermatzeko sortu da. Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren zeregina izango da katalogoa zaintzea eta eguneratzea. Horretarako, Biodibertsitatearen Zuzendaritzari atxikiko zaio.

2.– Katalogoan sartzea.

2.1.– Edozein pertsona fisiko edo juridikok –publikoa zein pribatua– eskatu ahal izango dio Eusko Jaurlaritzari inbentarioko hezegune jakin bat katalogoan sartzea, garrantzizko natur balioak dituela uste badu.

2.2.– Eskabideak ondo arrazoitutakoa izan beharko du, eta hezegunearen garrantzia zehazten duen informazio tekniko eta zientifikoaren bidez justifikatu beharko da.

2.3.– Katalogoan sartzea Eusko Jaurlaritzak erabakiko du dekretu bidez, aurrez jendaurrean horren berri eman ondoren eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenaz. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion lurralde historikoko aldizkarian argitaratuko da.

2.4.– Hezegune bat katalogoan sartzea onartzen duen dekretuak gutxienez alderdi eta zehaztapen hauek adieraziko ditu:

– Babestu beharreko balioak eta kontserbatzearen eta babestearen helburuak.

– Zuzenean eragiten dioten xedapen eta planak.

– Zonifikazioa adieraziko duen babes-erregimena.

– Katalogoan sartu nahi den gunearen eta zonifikazioaren mugatze kartografikoa eskala egokian.

3.– Inskribatzea.

Hezegune Babestuen Katalogoaren barnean Hezeguneen LAPko I. eta II. multzoetako hezeguneak sartuko dira hasiera batean.

4.– Babes-erregimena.

Katalogoko hezeguneen babes-erregimena honako hau izango da: I. multzoko guneentzat berariazko antolamendu-tresnetan zehaztutakoa, eta II. multzokoentzat testu honen 14. eta 15. artikuluetan zehaztutakoa.

SEKTORIZAZIOA ETA ERABILEREN ERREGULAZIOA

7. artikulua.– Antolamenduaren eta sektorizazioren esparrua.

Lurraldearen Arloko Planaren antolamendu-esparrua II. multzoko hezeguneei dagokie. Horien mugatzea ez da irizpide berdinei jarraiki egingo, bereizi egingo baitira itsasaldekoak eta barrualdekoak.

1.– Kostaldeko hezeguneak.

Antolamendu-esparrua Foru Aldundien 1/5.000 kartografiako 5 metroko kotak mugatzen duena da, eta gaur egun kota horren gainetik dauden lurrak estuario-sistemaren zati dira eta/edo dinamika horren ezaugarri bereizgarriak dituzte.

Oro har, sektoreen banaketarako jarraibide hauek finkatzen dira:

– Dunak eta hareak.

– Itsaslabarrak.

– Padurak (landaredunak).

– Lokatzez eta hondarrez osatutako marea arteko eremuak.

– Beste eremu interesgarri batzuk, bereziki, ibar landatuak eta haltzadiak.

2.– Barrualdeko hezeguneak.

Antolamendu-esparrua 100 m-ko lur-zerrendak mugatzen duena da, ur-laminatik edo hezegunearen kubetatik neurtzen hasita, eta honako sektorizazio hau ezartzen da hezegune horrekiko zentrokideak diren eraztunen modura antolatua:

– Ur-laminaren gunea eta urertzak (kubeta): Hezegunean eta urertzetan pilatutako uraren gehienezko maila da. Bere egitura, neurri eta tipologiaren arabera, lamina ur libreek osatzen dute, inolako gorabeherarik gabe, edo azaleratutako landaretzak iraunkorki edo urtaro jakin batean estalitako guneak izaten ditu. Egoera hori kubetaren ertzean ere ager daiteke. Gune batzuk azpigunetan banatzen dira, erabilera eta jarduerak behar bezala erregulatzeko.

– Hurbileko zerrendaren gunea: Honen baitan sartzen da kubetaren inguruan dagoen koroa zirkular bat, gutxi gorabehera 50 m-ko zabalera duena. Bere zabalera, aztergai den lurraldeak eskainitako baldintza topografikoetara egoki daiteke, baita gorabehera artifizialetara ere (errepideak, pistak, erretenak, zatitutako lursailen sektoreak, etab.). Zerrenda hori azpigunetan banatzen da, erabileren eta jardueren erregulazioan zehaztasun handiagoa lortzearren.

– Inguruneko gunea: Aurreko gune horren mugaren eta kubetarekiko zentrokide den zirkuluaren arteko koroak osatzen du, berorren ertzetik 100 m-ra. Hurbileko zerrendan bezalaxe, azpikategoriak finkatzen dira erabileren eta jardueren erregulazioa zehazteko.

8. artikulua.– Lurraren erabileraren eta jardueren definizioa.

Lurraldearen Arloko Plan honetako erabilera eta jardueren erregularizazioa LAAk haiekiko zehaztutako definizio eta sistematizaziotik abiatuz egiten da. Dena den, Plan honen helburuak eta antolatutako guneen berariazko ezaugarriak kontuan hartuta, kasu batzuetan zehaztapena egiten da.

A) Ingurumenaren babesari buruzkoak:

A.1.– Kontserbazioa.

Ezaugarriak eta egungo egoera zaintzea.

A.1.1.– Kontserbazio zorrotza. Egungo egoera eta ezaugarriak zaintzea gizakiaren esku-hartzerik gabe, edo zientziaren edo kulturaren esku-hartzearekin soilik. Hobekuntza-ekintza txiki batzuk onartzen ditu.

A.1.2.– Kontserbazio aktiboa Egungo erabilerarekin jarraitzea, gizakiaren esku-hartze aktiboaren bidez eta garapen iraunkorreko dinamika batean.

A.2.– Ingurumen-hobekuntza.

Gunea bere jatorrizko egoerara edo oreka ekologikoko beste egoera baliotsuagoetara birbidera dezaketen tratamenduak. Nagusiki, inguru horren edo bertako sektore baten natur landaretza propioa berregitea dute xedetzat, bere bilakaera propioa ahalbidetuz edo birlandatze zuzendua, oihaneztapena eta sastraka, lar edo larreen garapena bultzatuz, lur gaineko drainatze-sarea berritu edo hobetuz, eta lur-higidura arinak edo bestelako jarduera arin batzuk gauzatuz, helburu horiek lortzearren.

A.3.– Jarduera zientifiko-kulturalak.

Ingurunea zientziako esperientzia eta ikerkuntzetarako erabiltzea, ikerlanak errazteko behar bezala egokitutako instalazio ez-iraunkorrak barne hartzen dituela, hala nola behaketa-lekuak, laginak biltzeko puntuak edo ontzien zirkulazioa; hori guztia azterketa eta behaketa errazteko.

B) Aisialdiari eta astialdiari dagozkionak.

B.1.– Erabilera publiko estentsiboa.

Natur ingurunea aisialdi, turismo, hezkuntza edo interpretazio helburuekin erabiltzea, jarduera bigunetan oinarrituz, eta ekipamendu garrantzitsurik gabe: ingurune fisikoan eragin handirik ez duten ibilaldiak eta behaketa, oinezkoen joan-etorri soila barne. Horrek ez du eskatzen inolako azpiegitura edo egokitzapenik, mendi-ibilaldi, behatoki eta abarretarako bidexkak hobetzeko eta zaintzeko lan txikiak izan ezik, paisaiarekiko artatsuak eta bertan integratuak egoten direla esan ohi baita.

B.2.– Erabilera publiko intentsiboa.

Natur ingurunea aisialdi, turismo, hezkuntza edota interpretazio helburuetarako erabiltzea, aisialdi eta/edo harrera ekipamenduetan oinarrituz, espazio mugatu bat hainbat jolas-jardueratarako egokitu behar bada ere.

B.2.1.– Aisiarako eremu kontzentratua. Leku jakin bat aisiarako eremu kontzentratu baterako egokitzea eta zenbait ekipamendurekin hornitzea, hala nola mahaiak, eserlekuak, erretokiak, iturriak, osasun-zerbitzua, paper-ontziak, jolaslekuak edo tamaina txikiko eraikuntzaren bat.

B.2.2.– Igeriketa eta uretako jarduerak Ur-bazterrean lursailak egokitzea jarduera horiek burutu ahal izateko.

B.2.3.– Kanpinak. Kategoriaren arabera, zuzkidura eta zerbitzu aldakorrak dituzten instalazioak dira, eta ingurumena zuzenean eraldatu eta inguruneari presioa egiten diote.

B.2.4.– Motordun ibilgailuen zirkulazioarekin lotura duten jarduerak. Motordun ibilgailuen zirkulazioari dagokio.

B.2.4.1.– Landan barrena edo interes orokorreko bideetatik zirkulatzea, errepide nagusiak izan ezik, hau da, pista, bide eta antzekoetatik.

B.2.4.2.– Bereziki egokitutako zirkuituen kokapena.

B.2.5.– Golf-zelaiak Kirol honetan aritzeko bereziki egokitutako lursailak, horiekin loturik joan litezkeen eraikuntza edo hirigintza-obrak inola ere barruan sartu gabe.

B.2.6.– Aire libreko kirol instalazioak Futbol-zelaiak, teniserako pistak, igerilekuak eta abarren instalazioak.

B.2.7.– Ura erauztea. Bi alderdi hauek hartzen ditu kontuan: ur-laminan eragina izan dezakeen hezegunearen eragin-eremutik edo ingurunetik ur-lamina zuzenean erauztea edo lur azpiko urak erauztea.

B.3.– Ehiza eta arrantzako jarduerak.

B.3.1.– Ehiza. Jarduera honetan aritzea, arautzen duen estatu edo autonomia mailako araudiaren barruan.

B.3.2.– Arrantza. Jarduera honetan aritzea, arautzen duen estatu edo autonomia mailako araudiaren barruan.

B.3.2.1.– Itsaski-bilketa. Itsaski-bilketan aritzea, indarrean dagoen legeriaren arabera, merkataritza- eta/edo industria-asmorik gabe.

C) Lehen mailako baliabideen ustiapenari buruzkoak.

C.1.– Nekazaritza.

Lurraren prestakuntzarako jarduerak, hura laboratzeko, eta horien barruan sartuko lirateke uzta bildu, aukeratu eta sailkatzeko jarduerak, ondoren biltegiratu edo kontsumitzeko asmoz garraiatuak izateko moduan antolatuz.

C.1.1.– Nekazaritzako ustiapenarekin lotutako eraikuntzak.

C.1.1.1.– Nekazaritzako tresnak eta produktuak biltegiratzeko eta gordetzeko eraikuntzak.

C.1.1.2.– Nekazaritzako produktuen lehen eraldaketarako edo haiek merkaturatzeko edo eskuz eraldatzeko eraikuntzak (nabeak eta biltegiak).

Edonola ere, eraikitako azalera horrek ustiapenaren edo ustiapenen ekoizpen-ahalmenarekin harremana gorde behar du ekoizle elkartuen kasuan.

C.1.1.3.– Nekazaritzako ustiapen batekin loturik, laborariaren bizileku izateko familia bakarreko edo biko etxebizitzetarako eraikuntzak, zuzeneko ustiapenarekin zorrotz loturik, eta aurrez horren premia frogatu ondoren.

C.1.1.4.– Ureztaketa bidezko nekazaritzako obra eta instalazioak.

C.1.2.-Nekazaritzako ustiapenarekin loturiko jarduerak. Lurren laborantza esan ohi dena ahalbidetu edo erraztera bideratutako jarduerak.

C.1.2.1.– Ura erauztea. Bi alderdi hauek hartzen ditu kontuan: ur-laminan eragina izan dezakeen hezegunearen eragin-eremutik edo ingurunetik ureztatzeko ur-lamina zuzenean erauztea edo lur azpiko urak erauztea.

C.1.2.2.– Landaretza erretzea.

C.1.2.3.– Zuhaitz-mozteak eta adar-kimatzeak.

C.1.2.4.– Produktu fitosanitarioak erabiltzea.

C.1.2.5.– Luberritzeak.

C.1.2.6.– Lursailak prestatu eta nekazaritza-ustiapenetarako egokitzeko, garbitu ondoren ateratzen diren harri eta zaborrak pilatzea.

C.1.2.7.– Kubetan betelana eginez edo hezegunetik ura erauziz, hezegunea erabat edo partzialki lehortzea, zuzenean edo zeharka, bertako funtzionamendu hidrogeologikoari eragiten diolako.

C.2.– Berotegiak.

Instalazio iraunkorrak, eskuraerrazak eta itxiturak dituztenak, laborantza-zikloko fase guztiak edo batzuk garatzeko.

C.2.1.– Berotegi jarduerekin loturiko eraikuntzak.

C.2.1.1.– Lanabesak eta produktuak biltegiratu eta gordetzea.

C.2.1.2.– Produktuen lehen eraldaketarako eraikuntzak. Edonola ere, eraikitako azalera horrek ustiapenaren edo ustiapenen ekoizpen-ahalmenarekin harremana gorde behar du ekoizle elkartuen kasuan.

Edonola ere, eraikitako azalera horrek ustiapenaren edo ustiapenen ekoizpen-ahalmenarekin harremana gorde behar du ekoizle elkartuen kasuan.

C.3.– Abeltzaintza.

Larrea eta bazka lortzeko eta artzaintzarako lurra prestatzeko jarduerak.

C.3.1.– Abeltzaintzako jarduerekin loturiko eraikuntzak.

C.3.1.1.– Itxiturak, bordak.

C.3.1.2.– Askak.

C.3.1.3.– Produktuen lehen eraldaketarako eraikuntzak. Edonola ere, eraikitako azalera horrek ustiapenaren edo ustiapenen ekoizpen-ahalmenarekin harremana gorde behar du ekoizle elkartuen kasuan.

Edonola ere, eraikitako azalera horrek ustiapenaren edo ustiapenen ekoizpen-ahalmenarekin harremana gorde behar du ekoizle elkartuen kasuan.

C.3.2.– Ura erauztea. Bi alderdi hauek hartzen ditu kontuan: ur-laminan eragina izan dezakeen hezegunearen eragin-eremutik edo ingurunetik ureztatzeko ur-lamina zuzenean erauztea edo lur azpiko urak erauztea.

C.4.– Basogintzako erabilera.

Zuhaitz-espezieak landatu edo ereitea, helburua babes ekologikoa edo paisajistikoa, edo, nagusiki, ekoizpena izanik.

C.4.1. Babeserako basogintzako erabilera. Zuhaitz-espezieak landatu edo ereitea, helburua babes ekologikoa edo paisajistikoa izanik.

C.4.2.– Ekoizpenerako basogintzako erabilera. Zuhaitz-masen aprobetxamendu ekonomiko eta iraunkorra.

C.4.3.– Basogintzako erabilerarekin loturiko eraikuntzak

C.4.3.1.– Masak maneiatzeko instalazioak.

C.4.3.2.– Lanabesak eta produktuak biltegiratu eta gordetzea.

C.4.3.3.– Produktuen lehen eraldaketarako eraikuntzak.

Edonola ere, eraikitako azalera horrek ustiapenaren edo ustiapenen ekoizpen-ahalmenarekin harremana gorde behar du ekoizle elkartuen kasuan.

C.5.– Nekazaritzako industriak.

Xede hauetarako eraikuntzak:

C.5.1.– Abeltzaintzako aprobetxamendu intentsiboak Animalia-mota ororen zainketa eta/edo hazkuntza intentsiborako zuzenduak, ukuiluratze-erregimen iraunkorrean eta gune irekien xedapen osagarria errespetatuz.

Autokontsumorako direnak eta nekazaritza-ustiapenarekin loturikoak salbuesten dira, eta ez dira inola ere gaindituko ustiapen-mota horren premiak.

C.5.1.1.– Produktuen lehen eraldaketarako eraikuntzak.

C.5.2.– Ustiapenarekin zuzenean loturik ez dauden lehen eraldaketako nekazaritzako elikagaien industriak.

C.5.3.– Ura erauztea. Bi alderdi hauek hartzen ditu kontuan: ur-laminan eragina izan dezakeen hezegunearen eragin-eremutik edo ingurunetik ureztatzeko ur-lamina zuzenean erauztea edo lur azpiko urak erauztea.

C.6.– Arrain-hazkuntza.

Ur gezatako eta ur gazitako arrain-espezieen ekoizpen eta hazkuntzarako eta lehen eraldaketarako instalazioak.

C.7.– Itsaski- eta alga-bilketa.

Jarduera horiek gauzatzea eta horiekin loturiko instalazioak, industria- eta/edo merkataritza-helburuekin.

C.8.– Erauzketa-jarduerak.

Baliabide mineralak erauzteko jarduerak, baita horrekin zuzenean loturiko jarduera osagarriak ere. Halaber, gune horretan bertan dauden baliabide geologikoen erauzketarako eta lehen eraldaketarako eraikuntzak eta instalazioak dira. Meatze-baliabideak aztertzeko eta ikertzeko lanak ez dira kontuan hartzen.

C.8.1.– Legarrak eta hareak erauztea.

C.8.2.– Dragatzeak.

C.9.– Arrantza-industriak.

Kontserba-industriak, lantegi izoztaileak, arrain-eratorrien eraldatzaileak eta ekoizleak eta abar, horiek biltegiratzeko eta banatzeko instalazioak barne.

D) Azpiegiturei buruzkoak.

D.1.– Garraiobideak.

Autopistak, autobiak, errepideak, trenbideak eta horien instalazio osagarriak. Halaber, komunikatzeko beste bide edo kanal batzuk ere sartzen dira, antzeko eragina duten pertsona edo merkantzien garraioan aritzen direnak.

D.1.1.– Zerbitzuguneak. Garraiobideekin loturik dauden erregaia saltzeko instalazioak eta horien biltegiratze-tangak.

D.2.– Aireko lineak.

Energia elektrikoa garraiatu edo banatzeko sareak eta bestelako helburuak dituzten aireko lineak, sarearen euskarri eta instalazio osagarriak barne.

D.3.– Lurpeko lineak.

Gasa, petrolioa eta produktu deribatuak eta ura garraiatzeko eta banatzeko sareak, saneamendurako eta telekomunikaziorako sareak eta lur azpiko beste azpiegitura-sare batzuk, instalazio osagarriak barne.

D.4.– A motako zerbitzuen instalazio tekniko ez-linealak.

D.4.1.– Ibilgailuak kanpoan aparkatzeko azalera handiak 50 ibilgailutik gora aparkatzeko lekua dutenak.

D.4.2.– Ura tratatzeko eta edateko bihurtzeko instalazioak, urtegiak edo ur-biltegi handiak.

D.4.3.– Energia elektrikoa sortzeko zentralak, 100 m2 baino azalera handiagoko eraldaketa-zentroak eta gasa aurkitu edo sortzeko zentralak.

D.4.4.– Araztegiak, ur-biltegi handiak eta hondakin solidoak tratatzeko instalazioak.

D.5.– B motako zerbitzuen instalazio tekniko ez-linealak

Satelite bidezko irrati-, telebista-, komunikazio-dorre, -antena eta -estazio igorle-hartzaileak; faroak, irrati-faroak eta antzeko eragina duten beste komunikazio-instalazio batzuk.

D.6.– Hondakin solidoen zabortegi eta hondakindegiak

Hiriko edo industriako hondakin solidoen zabortegiak.

D.7.– Tamaina txikiko aparkalekuak Ibilgailuen kanpoko aparkalekuak, 50 aparkaleku edo gutxiago dituztenak.

D.8.– Sarbideak.

Hiriko sarbide-azpiegiturak.

D.9.– Bideratzeak eta kanalizazioak.

Ubideen ibilbidea aldatzea eta haien bazterrak eta hegiak iragazkaiztea, hormak eta dikeak eraikiz.

D.10.– Lezoiak eraiki eta konpontzea.

Inguru putzutsuak isolatzeko lezoiak sortu eta lehendik daudenak egokitzea, beren dinamika naturaletik isolatuz.

D.11.– Dartsenak eta kirol-portuak.

Kirol-ontziak amarratzeko eta horrekin lotutako zerbitzuetarako instalazio iraunkorrak.

D.12.– Itsas pasealekuak eraikitzea.

Ur-bazterreko hiri-pasealekuak oinezkoentzat.

E) Hiri-hazkuntzari eta eraikuntza-jarduera isolatuei buruzkoak

E.1.– Lehendik dauden guneetan oinarritutako hazkuntzak.

Lehendik dauden hirigune edo landa-nukleoen hazkuntza gisa jotzen diren hirigintza-garapenak dira, haien garrantzia edozein izanik ere, baita Euskal Herrian ohikoak diren populatze-formak ere, hots, baserri-itxurako eraikuntza-talde txikiak, betiere, oinarritzat hartzen dituzten guneekiko egitura eta tipologia egokia mantenduz.

Erabilera honek modu berezian jasotzen ditu lehendik dauden landa-nukleoen hazkuntzak. Nukleo edo gune horien kasuan, hazkuntzak lehendik dagoen guneak baino hirigintza-aprobetxamendu handiagoa sortzen badu, hurrengo puntuan aztertzen den kategoriako lurzoruaren erabilera gisa ulertuko da garapen hori.

E.2.– Lehendik dauden guneetan oinarritzen ez diren garapenak.

Etxebizitza, industria edo zerbitzuetara zuzendutako hirigintza-jarduerak dira, beren izaerarekin loturiko ekipamendu, zuzkidura eta erabilera osagarri guztiak onar ditzaketenak, eta lehendik dauden hirigune edo industria-guneetatik bereizitako esparruetan garatzen direnak, edo bestela, oinarritzat hartzen duten elementuak zuena baino hirigintza-aprobetxamendu handiagoa dakartenak.

E.2.1.– Hirugarren sektoreko erabilera Establezimendu komertzialak, ostalaritza, etab.

E.3.– Erabilera publikoko eta gizarte-intereseko eraikinak.

Gizarte-ekipamendu publiko edo pribatuetarako eraikuntza eta instalazioak dira, eta eskaintzen dituzten zerbitzuen izaera eta ezaugarriak direla medio, landa-ingurunean kokatuta egon behar dute nahitaez, baldin eta aurrez erabilera publikoko edo gizarte-intereseko eraikuntzatzat deklaratu badira.

E.3.1.– Harrera- eta informazio-zentroak, ekomuseoak eta antzekoak.

E.3.2.– Hondartza eta aisiarako eremuetako zerbitzu-ekipamenduak, hala nola salbamendurako instalazioak, ontziak gordetzekoak, etab.

E.4.– Lurzoru urbanizaezineko etxebizitza isolatua.

Lurzoru urbanizaezinean oinplano berriko etxebizitza isolatua eraikitzea, nekazaritza eta abeltzaintzako baliabideen ustiapenarekin loturarik ez duena. Familiabakarreko etxebizitza isolatutzat joko dira karabanak, mobilhome-ak edo etxe aurrefabrikatuak, baldin eta kanpin-izaera ez duten lursailetan kokatuta badaude, Euskal Herriko kanpinen antolamenduari buruzko 178/1989 Dekretuan (41/1981 Dekretua aldatzen duena) zehaztutakoaren arabera.

E.5.– Industria edo biltegiratze arriskutsuak.

Beren izaera, ezaugarri edo manipulatutako materialengatik arrisku larriak sorraraz ditzaketen substantzia eta ekoizpen-prozesuak biltegiratu eta garatzea. Arrisku horien ondorioz, ez da baimenik ematen hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurretan barneratzeko.

E.6.– Itsasoko eta lehorreko jabetza publikoarekin loturiko industriak, hala nola ontziolak, dragatze-enpresak, etab.

E.7.– Parkeak eta lorategiak.

Biztanleriaren aisialdi eta atsedenerako eta zuhaiztiak eta landaretza ezartzeko hiriguneko eremuak.

9. artikulua.– Erabilera eta jardueren erregulazioa.

Erabilera faboratutzat jotzen dira izendatutako antolamendu-kategoriari dagokion helburua erdiesteko positiboki eragiten dutenak edo eragin dezaketenak. Erabilera onargarritzat, berriz, negatiboki eragiten ez dutenak hartzen dira. Azken horiek baldintzatuta daude, izan ere, horien eraginak ez du erabilera faboratu orokorra arriskuan jarriko, ezta gunearen ezaugarriak ere.

Espezifikoki adierazten dena kontuan hartu gabe, erabilera faboratuetan eta onargarrietan sartzen ez diren erabilerak erabilera debekatutzat hartuko dira, horiek eragin negatiboa izango bailukete hezegunearen bilakaeran, eta ondorioz, ez bailitzateke beteko erdietsi nahi den helburua.

10. artikulua.– Antolamendu-kategoriak.

LAP honen xede den lurzoru urbanizaezinetarako lurralde-eredua LAAk ezarritakoa da, eta Ingurune Fisikoaren Artezpidean zehaztutako antolamendu-kategoriak hartzen ditu oinarritzat. Dena den, Hezeguneen LAPak, ekosistema hauen ezaugarrien berezitasuna kontuan izanik, Antolamenduaren Azpikategoria gehigarriak finkatu eta sartzen ditu kasu batzuetan, gune edo sektore bakoitzaren erabileraren eta haietako jardueren erregulazioa beren bereganatze-gaitasunaren eta berezitasunen araberakoa izan dadin.

• Babes berezia (EP)

1.– Definizioa.

Antolamendu-kategoria hau aplikatzen zaie ongi kontserbatutako baso autoktonoei, itsasadar eta estuarioei, hondartzei, barrualdeko hezeguneei, itsasbazterreko amildegiei, goreneko inguruei edo landaretza berezikoei eta, oro har, ekologiaren, kulturaren, paisaiaren edo horien guztien ikuspegitik baliotsuak diren elementu guztiei.

Babes bereziko guneak:

a) Kostaldeko hezeguneak:

– Kontserbazio-egoera onean dauden padurak, dunak eta hareatzak.

– Kontserbazio-egoera onean dauden marea azpiko guneak eta marearteko lokatzak.

– Kontserbazio-egoera onean dauden ibarrak.

b) Barrualdeko hezeguneak. Kasu honetan, erabilerak eta jarduerak behar bezala erregulatu ahal izateko, antolamendu-kategoria hau zatitu egiten da.

– EP1. Berez ur-laminak direnak sartzen dira honen barnean.

– EP2. Uretako landaretzaguneak eta iraunkorki edo maiztasun jakin batekin urez beteta dauden guneak.

– EP3. Ihitokiak eta belardi hezeak.

– EP4. Kontserbazio-egoera onean dauden landaretzagune naturalak. Oro har, hariztiak, pagadiak, artadiak eta/edo sastrakadiak, normalean, ur-laminaren hurbileko zerrendakoak.

2.– Irizpide orokorra.

Area hauetan antolamendu-irizpidea esku-hartze antropikoaren muga da, lehendik dagoen egoera mantentzera mugatuz, eta gune hori aprobetxamendu baten menpe badago, aprobetxamendu hori modu iraunkor batez bultzatzera mugatuz, erabilitako baliabidea berrituko dela eta inguruneko balioak zainduko direla bermatuz.

• Ingurumen-hobekuntza (MA)

Baso degradatuei, sastrakaguneei eta bazterretako lurrei aplikatzen zaie, betiere, barrualdean edo balio handiagoko inguruen aldamenean duten kokapena dela eta, kalitate-maila handiagoetara garatzea onuragarritzat jotzen denean. Ondorengo azpikategoriak sartzen dira bere baitan:

– Ekosistemen hobekuntzarako inguruneak (MA1):

1.– Definizioa.

Horrelakotzat joko dira garrantzizko balio ekologikoak, ingurumenekoak eta/edo paisajistikoak izanik, era eta maila desberdineko aldakuntza antropikoak jasan dituzten baina izaera itzulgarria duten guneak.

LAPak honako hauek sartzen ditu azpikategoria honetan:

a) Kostaldeko hezeguneak:

– Padurak, dunak eta hareatzak, gehiago edo gutxiago degradatuak edo esku-hartzeen xede izan direnak.

– Marea azpiko guneak eta marearteko lokatzak, degradatutako guneak eta esku-hartzeen xede izan direnak barne.

– Berreskuratze-prozesuan dauden ibar eta laborantzagune abandonatuak.

– Marearteko lokatzezko ibaiertzak.

b) Barrualdeko hezeguneak:

– Landaretzagune naturalak, gutxiago edo gehiago degradatuak, normalean, ur-laminaren edo kubetaren hurbileko zerrendakoak.

– Berreskuratzeko gai diren larre, bazka, sastrakadi eta/edo otalur abandonatuak, normalean, hurbileko zerrendako guneetan eta urertzean.

2.– Irizpide orokorra.

Ingurune hauetan berreskuratze-lanak egingo dira, mota desberdineko lanetan oinarrituz, interesa duten ekosistema funtzionalak berreskuratzeko.

– Berreskuratu beharreko ingurune degradatuak (MA2):

1.– Definizioa.

Horrelakotzat jotzen dira ingurune degradatuak, landazabal erruderalizatuak, paduretako egitura-zatiekin egindako beteguneak, haltzadiak, etab.; zabortegiak eta/edo ingurune erdi edo erabat finkatuak (golf-zelaiak, mintegiak, etab.) hezegunearen ingurunean kokatuak eta beste ingurune batzuetarako (hiriguneak eta hezegunearen zuzeneko eraginetik kanpo dauden inguruak) igarobide direnak.

2.– Irizpide orokorra.

Ingurumena berreskuratzeko tratamendua, nagusiki, ingurune hauek hezeguneari aurre egiteko indargabetzegune gisa finkatzera zuzenduta dagoena.

• Lur gaineko uren babesa (S)

1.– Definizioa.

Kubeta drainatzen duten ubide eta iturburuak, drainatze-ubideak, erretenak, ezpondak eta ur-lamina nagusiaren edo hezeguneko kubetaren kanpoaldeko putzuguneak.

2.– Irizpide orokorra.

Gune hauetan jarduteko irizpidea, uren kalitatea zaintzea, ubide eta ur-hegiak okupatu edo eraldatu daitezela eragoztea eta arrisku naturaletatik sortutako kalteak gutxitzea da.

• Nekazaritza eta abeltzaintzako gunea eta landazabala (AG)

1.– Definizioa.

Maila honetan, gaitasun agrologiko handia eta kontserbazio-interes handiena duten lurzoruak sartzen dira, hala nola Kantauri aldeko landazabalaren mosaikoak, ureztatutako lursailak edo baratze-erabilera dutenak, Arabako Errioxako mahastiak eta Arabako Lautadako nekazaritza estentsiborako guneak.

Horrela, LAP honetan honako hauek sartzen dira:

a) Kostaldeko hezeguneak: egun aktiboak diren landazabaleko guneak eta paduren ondoko ibarrak.

b) Barrualdeko hezeguneak: laborantza-lurrek okupatutako hurbileko zerrendako guneak eta hezegunearen ingurukoak, beren inguruneko paisaian txerta daitezen babestea beharrezkoa dutenak, ingurunearen heterogeneotasuna mantentzeko jokatzen duten paperagatik eta/edo kubetarekiko duten kokapen estrategikoagatik.

2.– Irizpide orokorra.

Maila honen tratamendu-irizpidea, lurzoruen gaitasun agrologikoa mantentzea da, baita nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerena eta, horiekin bateragarriak izanik, landa-inguruneko ekosistemak eta paisaiak zainduko direla bermatzen duten beste haiena ere. Nolanahi ere, gainerako erabilera onargarriek, basokoa barne, nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileren menpe egon beharko dute. Arreta berezia eskaini beharko zaio balio agrologiko handiko lurzorua okupatzen duten azpiegiturak egiteko eta ezartzeko prozesuak kontrolatzeari, baita nekazaritzaguneen zatiketa eta isolaketa eragiten duten prozesuei ere, bertan garatzen diren jardueretarako ondorio kaltegarriak baitituzte.

• Basogintza (F)

Maila honetan sartzen dira, beren egungo erabileragatik eta/edo izan duten erabileragatik (malda, arriskuak, arroen babesa, etab.) basogintzako erabilerarako joera garbia erakusten duten lurrak. Maila hau bi azpikategoriatan banatzen da:

– Basogintza zaintzailea (FP)

1.– Definizioa.

Azpikategoria honetako inguruneetan bertako baliabideak aprobetxatzeko orduan funtsezkoak dira alderdi hauek: higadura-eragileen eta irristatze-arriskuaren aurrean basoak duen eginkizun zaintzailea, baliabide hidrikoen erregulazioan duen papera edo balio ekologiko edo paisajistikoa.

2.– Irizpide orokorra.

Aplikatu beharreko irizpidea, tradiziozko erabilera eta aprobetxamenduak mantentzea da, baliabideen kontserbazioa eta basoaren eginkizun zaintzailea bermatzeko beharrezkoak diren mugekin.

– Basogintza intentsiboa (FI)

1.– Definizioa.

Azpikategoria honetan sartzen dira baso-baliabideen aprobetxamendu iraunkorrerako dauden eta basogintzan erabil daitezkeen inguruneak.

2.– Irizpide orokorra.

Basogintzako erabilera modu antolatu eta mugagabean bermatzea, masen produkzio iraunkorra ziurtatuz.

11. artikulua.– Baldintzatzaile gainjarriak.

Ondorengo multzoetan sartutako gainazalak, horiek zehazten dituzten baldintzatzaileen menpe daude, eta horiek beren aurretik dauden mailei gainjarriz dihardute, horietan jarduera jakin batzuk zein eratara gara daitezkeen mugatuz, kasu bakoitzean dagoen arrisku-motaren arabera.

1.– Akuiferoen poluzioa paira dezaketen inguruneak

1.1.– Definizioa.

Poluitzeko arrisku handia duten lur azpiko akuiferoen kargatze-inguruneak dira (maila altua eta oso altua), ‘Poluzioaren arriskupean leudekeen EAEko akuiferoen mapa’-ko (1995) irizpideen arabera.

1.2.– Irizpide orokorra.

Poluitzaileak lurzorura isur ditzaketen jarduerak ez kokatzea ingurune honetan; ezinbesteko arrazoiengatik jarduera-mota bertan kokatu behar bada, lur azpiko urei kalterik ez sortzea bermatzeko eskatuko da.

2.– Ingurune higagarriak edo higatzeko arriskua dutenak.

2.1.– Definizioa.

Beren ezaugarri litologikoak eta erliebekoak direla medio, fenomeno higatzaileak agertzeko joera handia duten inguruneak dira, eta bat datoz EAEko Mapa Geomorfologiko Sintetikoan zehaztutako irizpideekin.

2.2.– Irizpide orokorra.

Zuhaitz-estalkia mantentzea, baldin badago, edo bestela, lurzoru soilak baldin badaude, zuhaitzak sartu eta zabaltzea, fenomeno higatzaileen aurkako funtsezko babes-neurri gisa.

3.– Ingurune urperagarriak

3.1.– Definizioa.

Honako hauek hartzen dira ingurune urpergarritzat: uholdeetan urek lortuko lituzketen maila teorikokoek mugatutakoak, errepikatze-aldi estatistikoa 500 urtekoa delarik, baldin eta, administrazio eskumendunak dokumentu jakin batean zehazten ez badu kasu bakoitzean korrontearen laminaren portaerarekiko egokiena den muga. Eusko Jaurlaritzaren Uholdeen Prebentziorako Plan Integralean zehaztutako irizpideak eta gomendioak hartuko dira erreferentzia gisa.

3.2.– Irizpide orokorra.

Urak libreki zirkula dezala bermatzea, ubideak eta gainezkabideak moztu eta ixtea eragotziz, eta gainezka egindako urek eraginda gerta litezkeen instalazio, azpiegitura eta eraikinen kalteak aurreikusiz.

4.– Natur gune babestuak eta urdaibaiko biosferaren erreserba.

4.1. Definizioa.

Gune babestuen sarea da: Parke naturalak, biotopoak, zuhaitz bereziak, biosferaren erreserba, bai gaur egun horrela deklaratuta daudenak eta bai etorkizunean horrela deklara daitezkeenak, baita beren inguruko babesguneak ere.

4.2. Irizpide orokorra.

Dagozkion antolamendu- eta kudeaketa-planek ezarritakoak, eta halaber, horien osagarri gisa, ingurunearen kontserbazioan laguntzen duten beste guztiak, bai ingurumenaren ikuspegitik eta bai paisaiaren eta kulturaren ikuspegitik ere, baita gune edo eragin-esparru horietan zeresanik duten herrien garapen iraunkorrari laguntzen diotenak ere.

12. artikulua.– Erabilera eta jardueren erregulazio-matrizea.

Erabilera eta jardueren erregulazioa sarrera bikoitzeko matrize baten bidez finkatzen da, eta bertan, erabilera- eta jarduera-zerrendak eta antolamenduko kategoriak eta azpikategoriak zehazten dira. 1, 2 eta 3 zenbakiek erabilera faboratu, onargarri eta debekatuak dituzte aztergai, hurrenez hurren. Erabilera debekatuak, matrizeetan espresuki hala adierazitakoez gain, erabilera faboratu eta onargarrietan sartuta ez daudenak dira.

"c" letraz adierazten diren erabilera onargarriak udal-plangintzak erregulatuko ditu, betiere, LAP honek ezarritako irizpide eta helburu orokorren arabera.

Kostaldeko hezeguneen kasuan, ‘a’ edo ‘b’ letrarekin lotuta dauden erabilera onargarriak, antolamendu espezifikoaren matrizean zehaztutakoaren arabera onartuko dira (14. artikulua). ‘a’ letrak adierazten du erabilera kostaldeko hezegunearen sektore jakin batean onargarria dela, hala zehazten bada sektore horren matrize espezifikoan. ‘b’ letrak, berriz, erabilera onargarria dela adierazten du, baldin eta espresuki debekatuta dagoela adierazten ez bada.

Izartxoaz (*) seinalatutako erabilerak eta jarduerak lur azpiko uren poluitzaile potentzialak dira, eta 13. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera garatuko dira. Bi izartxoekin (**) seinalatutako erabilerak eta jarduerak debekatutzat hartuko dira poluitzeko arrisku handia edo oso handia duten akuiferoak dauden guneetan sartuta dauden kategoria eta azpikategoriatan.

Egurkoren hegoaldeko betegunea. Gaur egun laboreek betetzen dute, eta marea gaineko padura-zerrenda txiki bat du oraindik.

3.– Erabilera eta jardueren erregulazioa.

(Ikus .PDF)

Inurritzaren Itsasadarra (Zarautz) (A1G3):

(40/1997 Dekretuak Biotopo babestu deklaratu ez duen eremua, eta haren babeseko eremu periferikoan ere sartu ez duena.)

1.– Erreferentzia.

– Inbentario-kodea: A1G3.

– Eragindako herriak: Zarautz.

2.– Zonifikazioa eta antolamendu-kategoriak.

Inurritzaren itsasadarraren antolamendu-esparrua sektoretan sailkatzen da, eta horiei antolamendu-planoan ageri diren antolamendu-kategoriak ezartzen zaizkie:

+ Ingurumen-hobekuntza:

– Ekosistemen hobekuntzarako inguruneak:

MA1-1: Biaduktuaren iparraldea.

– Berreskuratu beharreko ingurune degradatuak:

MA2-1: Sakonetako gunea.

MA2-2: Asti.

MA1-1. Biaduktuaren iparraldea.

Erabiltze eta birsortze-gaitasun handiko mosaikoa, betetako lurzoruen gainean, goi-padurako ingurune naturalez (lezkadiak, ihitokiak), landutako lurrez eta gehiago edo gutxiago erruderalizatutako betegunez osatua. Ibaiaren eragina nabarmena da, eta osotasunean hartuta, degradazio-prozesu aurreratuan sartuta dago.

MA2-1. Sakonetako gunea.

Landatutako zelaien eta betelanen gunea. Horietan oso urria da padurako landaretza.

MA2-2. Asti.

Biaduktuaren hegoaldea. Jatorriz, aurreko sektorearen antzeko ezaugarriak ditu, baina hemen –erretenak izan ezik– galdu egin dira hezeguneak, beteguneek aurrera egin baitute, garai batean ingurune hori osatzen zuen nekazaritzako landazabala bereganatu dutenean.

3.– Erabilera eta jardueren erregulazioa.

(Ikus .PDF)

Oriaren Itsasadarra (A1G4):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: A1G4.

	Eragindako herriak: Aia, Orio, Usurbil.

2.– Zonifikazioa eta antolamendu-kategoriak

Oriaren itsasadarraren antolamendu-esparrua sektoretan sailkatzen da, eta horiei antolamendu-planoan ageri diren antolamendu-kategoriak ezartzen zaizkie:

+ Babes berezia:

EP-1: Santiagoko padura.

EP-2: Donparnasako padura.

EP-3: Olaberrietako padura.

EP-4: Altxerriko ibarrak eta padurak.

EP-5: Santiagoko ibarrak eta padurak.

EP-6: Itzaoko ibarrak eta padurak.

EP-7: Saria mendebaldeko ibarrak eta padurak.

+ Ingurumen-hobekuntza:

– Ekosistemen hobekuntzarako inguruneak:

MA1-1: Torretxoko hareatzak.

MA1-2: Marearteko lokatzak. Kanpoaldea.

MA1-3: Marearteko lokatzak. Erdialdea.

MA1-4: Marearteko lokatzak. Aurrealdea.

MA1-5: ‘Cerrado de Motondo’-ko ibarrak eta padurak.

– Berreskuratu beharreko ingurune degradatuak:

MA2-1: Altxerriko ibarra.

MA2-2: Txanga.

+ Nekazaritza eta abeltzaintzako gunea eta landazabala.

AG-1: Erriberako ibarra.

AG-2: Sariako ibarra.

AG-3: Izoztegiko erribera.

AG-4: Marrotako ibarra.

EP-1. Santiagoko padura.

Marearteko padura heldua, marearen drainatze-kanalekin, itsasadarraren ezkerraldean kokatua; babes bereziko sektoretzat hartzen da.

EP-2. Donparnasako padura.

Padura landareduna (gutxi aldatua) eta marearteko lokatzekin, izen bereko erretenaren bokalean eratua, eta itsasadarraren ezkerraldean (erdialdeko zatia) kokaturik.

EP-3. Olaberrietako padura.

Jatorrizkoaren oso antzeko egoeran iraun duena, bertara iristea zaila da eta kalitate handikoa da. Jasandako eragin bakarra trenbideak ahoaren zati bat itxi izana da.

EP-4. Altxerriko ibarrak eta padurak.

Altxerriren ezkerraldeko marearteko padurak.

EP-5. Santiagoko ibarrak eta padurak.

Santiagoko paduraren ezkerraldean kokatutako ur-bazterreko basoa eta nekazaritzako ustiapenak biltzen ditu; eskuinaldean larreak.

EP-6. Itzaoko ibarrak eta padurak.

Bere baitan biltzen ditu nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ubideari irabazitako ibar zabal bat, bertan, erdigunea hartuz, abeltzaintzako erabilerak itxuratutako ihi-zelaiak nagusi diren ingurune batean, marearteko padura gune garai bat dagoelarik, erdi utzita dauden fruta-sailak eta uzta-zelaiak.

EP-7. Saria mendebaldeko ibarrak eta padurak.

Saria ibarrak duen egoera utziaren ondorioz, padurako forma garaiak (bazterreko lezkadiak) eta ihi-zelai hezeak hazi dira, horiek osatzen dutelarik sektore hau.

MA1-1. Torretxoko hareatzak.

Hondartzaren aurreko zatiko kolonizatutako hareatza txikia eta labore batzuk.

MA1-2. Kanpoaldeko marearteko lokatzak.

Ibaiaren bokalearen eta Orioko zubiaren artean, ubidearen bi bazterretan azaleratzen diren marearteko lokatz-hondartzak dira.

MA1-3. Erdialdeko marearteko lokatzak.

Orioko zubiaren eta Olaberrietako errekaren bokalearen artean, lupetzezko hondartza luzeak ditu ubidearen bi bazterretan, batez ere, ezkerraldean.

MA1-4. Aurrealdeko marearteko lokatzak.

Olaberrietaren bokalearen eta Sariako meandroaren artean. Marearteko lokatzen zerrenda estu bat osatzen dute, batez ere ezkerraldean.

MA1-5. ‘Cerrado de Motondo’-ko ibarrak eta padurak.

Marearteko padurak, landatutako lehengo piezen drainatze-kanal batzuetara murriztua; marea gaineko geruzen garapena eragin du, hedatzen ari diren lezkadi eta ihi-tokiak nagusituz. Paduraz gain, badira beteguneak (hondar, lur eta industria-hondakinekin), landaretza klimazikoa duen haltzadia –itsasaldien jarioaren itxierak jarraitzen badu–, ustiapen aktiboan dauden zelaiak eta berriki dragatua eta desoihandua izan den erreten bat, esparru hori hegoaldetik eta mendebaldetik inguratzen duelarik. Motondo Oria itsasadarreko gune zabalenetakoa da, eta berreskuratzeko aukera handienetakoak ditu.

MA2-1. Altxerriko ibarra.

Erretenaren eskuinaldean kokatutako ibarra (Altxerriko industrialdearen hegoaldean); hor daude laboreak, haltzadiak eta beteguneak, eta ibarraren iparraldean kokatutako marearteko padura eta lokatzen zatia.

MA2-2. Txanga.

Erreten txiki baten bokalean kokatutako padura-zatia. Horrez gain, alboko ibaiertzeko haltzadia eta labore-zerrenda txiki bat daude. Anibarko-Portuaren eta itsasadarraren arteko beteguneak –gehiago edo gutxiago finkatuak–, sastrakaz eta sasiz betetako guneekin.

AG-1. Erriberako ibarra.

Nekazaritzako erabilerarako lurrak, Orioko hirigunearen eta itsasadarraren artean; oraindik ere, drainatze-kanalak dituen itsas pasealekua bereizten da itsasadarretik.

AG-2. Sariako ibarra.

Sarikola baserriaren ondoko landutako landazabal atlantiko batek eta ihi-zelai hezeek osatzen dute.

AG-3. Izoztegiko erribera.

Zelai-zerrenda batek eta ibaiertzeko baso natural eta berroihaneztatuen masek (makaldiak eta hostozabal mistoak/haltzadiak) osatzen dute.

AG-4. Marrotako ibarra.

Nekazaritzako ibarra. Hemen laborantza estentsiboak nagusitzen dira, Donparnasako paduraren iparraldean kokatutako zelai eta fruta-arbolen ondoan.

3.– Erabilera eta jardueren erregulazioa.

(Ikus .PDF)

15. artikulua.– Barrualdeko hezeguneak.

Ondorengo antolamendu-planoetan adierazten diren barrualdeko hezeguneentzat ezarritako antolamendu-kategoriak. Gune bakoitzeko erabileren eta jardueren erregulazioa barrualdeko hezeguneen erabilera eta jardueren erregulazioko matrizean zehaztutakoa da (12. artilulua).

– Santa Barbarako Urmaela (B2G2):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B2G2.

Tipologia: B2. Kareharriekin loturiko urmaela (klima-erritmo atlantikoa).

Eragindako herriak: Hernani

2.– Antolamendu-helburua.

Helburua balio geomorfologikoa babestea da, buztin-substratu batek iragazkaiztutako dolina batean sortutako urmael naturalaren izaera kontuan izanik.

Santa Barbarako urmaela antolamendu-multzo zabalago batean sartzea proposatzen da; harrobiaren eremua ere bere baitan hartuko luke eta olgetarako eta kulturarako parke bat osatu.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Dolinako kubetaren hondoa eta ur-bazterreko ezponda.

2 Gunea. Hurbileko zerrenda.

65 m-ko sestra-kurbak mugatua, errepidea hegoaldetik inguratuz.

3 Gunea. Ingurunea.

100 m-ko erradioa duen zerrenda perimetrala, ur-bazterraren mugatik hasita; lurzoruaren egungo topografiara eta okupaziora egoki daiteke.

– Olandinako Urmaela (B6A1):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B6A1.

Tipologia: B6. Diapiroekin loturiko aintzirak eta urmaelak (klima-erritmo mediterraneoa eta trantsiziokoa).

Eragindako herriak: Arraia-Maeztu.

2.– Antolamendu-helburua.

Aintziratxoaren eta bere inguruaren kontserbazioa eta babesa bermatzea, ezaugarri hidrogeomorfologiko bereziak kontuan izanik; izan ere, ezaugarri horiek direla eta, Maeztuko bailaran dagoen azken kokagune diapirikoa da urmael hau. Nabarmena da urmaelean garatutako ur-landare komunitatearen balio zientifikoa, kokagune honen antolamendua kontserbazioko helburu zientifikoetarantz bultzatzen baitu.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Kubetaren ur-hondoa eta ur-bazterreko ezpondak sartzen dira bere baitan. Basoak gorabehera garrantzitsuak jasaten ditu bere ur-mailan, eta eskualdean berezitasuna duten landare-espezieak bizi dira bertan. Ur-bazterreko ezponda kaltetuta dago gaur egun, harriek eta zaborrak etengabe betetzen ari duelako; basoko landaretza-orla, berriz, nekazaritzako errekuntzen ondorioz hondatua dago.

2 Gunea. Hurbileko zerrenda.

Ia ez dago, edo atal lineal batzuetara mugaturik dago, laborantza-lurren presioagatik. 50 m-ko zerrenda perimetral bat sortu beharko da, egungo soroen kontura berreskuratua, jatorrizko harizti naturala birsortzeko, eta errepideko erretena eta hurbileko zuhaiztiak lotuko dituzten korridore landaredunak sortzeko.

3 Gunea. Ingurunea.

Laborantza intentsiboko lurrez okupatua dago, eta horietan, ustiapen-teknikak kontrolatuko dira, eta basoko bizitzarako erakargarriak diren heskaien sare bat sortuko da, urmaelarekiko lotura erraztuz. Bere erradioa 200 m-koa da, ur-bazterretik neurtzen hasita.

– Arreo-Caicedo Yuso Lakua (B6A2):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B6A2.

Tipologia: B6. Diapiroekin loturiko aintzirak eta urmaelak (klima-erritmo mediterraneoa eta trantsiziokoa).

Eragindako herriak: Lantaron, Erribera Goitia.

2.– Antolamendu-helburua.

Ingurunearen kontserbazioa bermatzea, uraren betetze-ziklo naturalei eutsiz eta laku-sistemaren raupenerako beharrezkoa den ingurunea bateratuz; horretarako egungo endekapen-prozesua geldiarazi behar da.

Arreo-Caicedo Yusoko lakua eta Gesaltzako gatzagak, bakoitza bere inguruneekin, antolamendu-multzo bakarrean bateratzea proposatzen da, Lakuko Amaren ermita barne. Bi hezegune horiek jatorri diapiriko berbera dute (Gesaltzako diapiroa) eta kulturalki eta ekologikoki ondare berezia osatzen dute.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Lakuaren gaur egungo mugak hartzen ditu bere baitan, eta ur-lamina iraunkorrari uraren maila desberdina duten ur-bazterrak gehitzen dizkio.

2 Gunea. Hurbileko zerrenda.

Ur-bazterretik abiatuta, 50 m-ko erradioa duen zerrenda perimetral batek osatzen du, eta horrentzat, kanpoko eraginak arintzeko eta landaretza berrezartzeko helburuak xedatzen dira, habitata anizkoitzagoa bihurtzeko. Aldi berean, ingurumenaren azterketa, behaketa eta hezkuntzarako egitura egokiak ere jar daitezke bertan. Zerrenda honek erretenak eta urez bete daitezkeen sakonuneak biltzen ditu, hegoaldean tokiko errepidearen ertz-ertzetik doalarik.

3 Gunea. Ingurunea.

Laborantzako lursailek eta aurreko zerrenda hori inguratzen duen mendi natural zuhaiztuak osatzen dute, 100 m-ko erradioan, ur-bazterretik neurtzen hasita.

– Bikuñako Aintziratxoa (B7A1):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B7A1.

Tipologia: B7. Mendi ertaineko diapiroekin lotu gabeko aintzirak eta urmaelak (klima-erritmo mediterraneoa eta trantsiziokoa).

Eragindako herriak: Donemiliaga.

2.– Antolamendu-helburua.

Aintziratxoaren eta bere ingurunearen kontserbazioa eta babesa bermatzea, neurri txikikoa izanda ere, balio zientifiko handiko ezaugarri biologikoak baititu, eta horri esker, eskuragaitza eta gutxi ibilia den paraje batean kokatuta egotearekin batera –titulartasun publikokoa–, bere egoera naturalean mantentzeko baldintza ezin hobeak ditu.

Bikuñako Aintzira, LAAetan jasota dagoen "Entziako Mendizerraren Parke Naturala"ren etorkizuneko proiektuan bateratzea proposatzen da.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Urte-sasoiaren eta urteko klimatologiaren arabera neurri oso desberdinak dituen istila da; bertan, hidrofiten (uretako landaretza), higrofiten (hezeguneetako landaretza) eta interes handiko anfibioen komunitateak agertzen dira.

2 Gunea. Hurbileko zerrenda. 50 m.

3 Gunea. Ingurunea.

100 m bitarteko zerrenda, pagadi kaltzikolako baso-geruza zabal batek eta garbitutako belardi naturalek eratua.

– Nabaridasko Urmaela (B8A9):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B8A9.

Tipologia: B8. Ebroko Haraneko sistemak. Sedimentazio-arroak (klima-erritmo mediterraneoa eta trantsiziokoa).

Eragindako herriak: Nabaridas, Leza, Uriona.

2.– Antolamendu-helburua.

Urmaelaren babesa, kontserbazioa eta lehengoratzea bermatzea, gaur egun eraldaketa handia jasan baitu bere ezaugarrietan eta dinamikan, baina oraindik egoera itzulgarrian dago.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Kubetaren ezpondan du bere kanpoaldeko muga, eta babes-neurri zorrotzenetan proposatzen da gune honen antolamendua.

2 Gunea. Hurbileko zerrenda.

Ur-bazterren hurbileko zerrendak bere naturaltasuna itzuliko dioten nolabaiteko jarduera morfologikoak behar ditu, gaur egun lehorreko laborantza-lurrek okupatzen baitute.

3/4 Guneak. Ingurunea.

100 metroko babes-zerrenda, batez ere, laborantzako lurrez osatua. Horietan, kubetako uraren kalitatea ziurtatu behar da.

– Salburuako Hezeguneak (B9A3):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B9A3.

Tipologia: B9. Arabako Lautadako sistema hidrologikoak. Sedimentazio-arroak (klima-erritmo mediterraneoa eta trantsiziokoa).

Eragindako herriak: Gasteiz, Arrazua-Ubarrundia.

2.– Antolamendu-helburua.

Gune hau osatzen duten hezeguneen (urte-sasoiko istilak, aintziratxoak, aldapan dauden lehorreko guneak eta meandro-itxurako errekak) balio naturalak kontserbatu eta berreskura daitezela bermatzea, jatorrizko hidrologia berreskuratzeko jarduera zehatzen bidez. Arabako Lautadan garatutako hezegune naturalen tipologia baten azken kokagunea osatzen dute, gaur egun oso eraldaturik egon arren.

Gasteizko Udaleko Ingurumen Azterketarako Zentroak azken urteotan egindako lanei esker, ingurune horretako ezaugarrien eraldaketa sakona egin ahal izan da: Betoño eta Arkauteko urmaleak lehengoratzea, gunea ingurumen-balio handiko espeziekin eta landaretza eta animalien komunitateekin kolonizatzea, etab. Dokumentu honetan Ingurumen Azterketarako Zentroak proposatutako mugaketa eta antolamendua adierazten dira.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Betoño eta Arkauteko ur-laminek eta urmaelaren inguruko landaretzak (lezkadiak, karize handiak, ihitokiak eta belardi hezeak) babes bereziko guneak osatzen dituzte ondo kontserbatutako landaretza naturaleko guneekin batera. (harizti eutrofikoak).

2 Gunea. Hurbileko zerrenda (erabilera estentsiboa).

Gune horietako inguruak ekosistemen hobekuntzarako inguruneak osatzen ditu.

3. Gunea. Ingurunea.

Garrantzizko ur-lasterrak gainazaleko uren babestzat jotzen dira. Gune honetako hegoaldeko eta ekialdeko mugak ingurunearen hirigintzako errealitatearekin bat datoz.

– Lacorzanako Urmaela (B10A1):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B10A1.

	Tipologia: B10. Ibai-sistemak. Sedimentazio-arroak (klima-erritmo mediterraneoa).

Eragindako herriak: Aramiñon.

2.– Antolamendu-helburua.

Jatorrizko ur-ingurunearen babesa eta berreskurapena bermatzea, eskualde mailan tipologia berezikotzat hartzen baita. Oso-osorik jabetza pribatuko izateaz gain, degradazio-maila aurreratuan dago –lehortu eta laborantzarako erabili da–; hala ere, hezegunearen ezaugarriak ditu oraindik ere.

Proiektu hau, Burgosko lurraldean jatorri beretsukoak diren beste inguru-mugakide batzuetara eraman beharko litzateke, eta Ebroren ibaiertzeko sistema osagarrietara ere heda liteke, osotasun horren kontserbazioa bilduko lukeen programa baten bidez. Antolamendu batreratua garrantzitsua da gure erkidegoan formazio paregabekoa (deflazio eolikoa ibai-terrazetan) den gunearentzat.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Drainatze-kanal baten ondorioz, urmael hau lehortu egin da eta kubetaren hondo laua laborantza-lurrek okupatu dute. Kubetaz gain, bere perimetroaren zati bat hartzen duen ezponda ere honen barruan sartzen da.

2 Gunea. Hurbileko zerrenda.

Lehengoratu beharreko zerrenda perimetrala, 50 m-koa, hezegunearen bazterra hartu duten laborantzako lurren kontura.

3 Gunea. Ingurunea.

100 m-rainoko zerrenda, ur-bazterretik hasita, oso-osorik zereal-soroek hartua. Gune horren zati bat Burgos probintziakoa da.

– Astrabudua Ibarreko Hezegunea (B10B1):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B10B1.

Tipologia: B10. Ibai-sistemak.

Eragindako herriak: Erandio, Leioa.

2.– Antolamendu-helburua.

Ibai-sistemaren babesa eta berreskurapen funtzional eta morfologikoa bermatzea tipologia hau apenas geratzen den eskualde batean, guztiz hiritartua baitago ingurune hori.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Ur-bazterretako istila eta ezponda leuna, hegoaldeko perimetroan baratzeen etengabeko aurrerapenak okupatua. Lohiz betetze-prozesu sakonak ur libreen lamina desagerrarazi egin du, hezegune hori lezkadi bilakaraziz.

2 Gunea. Hurbileko zerrenda.

Neurri aldakorrekoa, kontuan izanik iparraldeko gune perimetralak hiri-ingurune ase batekin topo egiten duela, eta hegoaldekoak babes-zerrenda bat berreskura dadila onartzen duela, gaur egun baratze familiarreko lurretarako erabilia.

3 Gunea. Ingurunea.

Hezegunea hiri-ingurunean erabat barne hartzeak inguru guztian eragingo duen zerrenda diseinatzea eragozten du. Urmaela hornitzeko, uraren kalitatea hobetzeko, hondakinak kentzeko, ibaiertzak leheneratzeko eta korridoreen bidez hezegunea goi-ibarrarekin lotzeko, babes-jarduerak bertatik hurbil dauden hiriguneen garapenarekin batera koordinatuta definitu beharko dira.

– Bolue Bailarako Istilak (B10B3):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: B10B3.

Tipologia: B10. Ibai-sistemak.

Eragindako herriak: Berango, Getxo.

2.– Antolamendu-helburua.

Hezegunearen kontserbazioa eta bertan jada hasita dagoen jarduera berrezarlearen jarraipena eta behin betiko finkatzea bermatzea, Bolue errekak eta hiriko presiopean desagertu edo eraldatu den Gobelas errekak osatutako padura-multzoaren lekukoa baita, horri eusteak piztu duen interesa aprobetxatuz eta, aldi berean, bultzatuz.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Bolueren ibilgu nagusia, bigarren mailako ubideak, ur-bazter zuhaiztuak eta betetzear dauden plataformetako lezkadi eta larretokiak.

2 Gunea. Hurbileko zerrenda.

50 m-ko zabalera duen babes-zerrenda, iparraldean eta ekialdean, landazabaleko inguruneko eta Uribe-Kostako korridoreak eragindako guneetan.

3 Gunea. Ingurunea.

Aurrekoarekiko zerrenda zentrokidea, 100 m-koa. Lurrazala elikatzen duen azpiarroa kontuan hartu behar da hezegunea hornitzeko ziklo naturalak ziurtatzeko.

– Gesaltzako Gatzagak (CA1):

1. Erreferentzia.

Inbentario-kodea: CA1.

Tipologia: C. Diapiroekin loturiko ingurune artifiziala.

Eragindako herriak: Añana.

2.– Antolamendu-helburua .

Gesaltzako gatzagetan dugun ondare kultural-etnografiko berezia babestu eta kontserba dadila bermatzea. Bere jatorri geologikoa Gesaltzako diapiroaren iturburu gazi bat da, Arreo-Caicedo Yuso lakuan bezalaxe.

Arreo-Caicedo Yuso Lakua eta Gesaltzako gatzagak, bakoitza bere inguruneekin, antolamendu-multzo bakarrean bateratzea proposatzen da, Lakuko Amaren ermita barne. Bi hezegune horiek jatorri diapiriko berbera dute (Gesaltzako diapiroa) eta ondare kultural eta etnografiko berezia osatzen dute.

3.– Zonifikazioa.

1 Gunea. Iturburu gazia.

Iturburuak berak eta instalazio gehigarriek osatzen dute.

2 Gunea. Gatz-larrainak.

Hiru zatitan banaturik daude, sakanaren isurialdeei dagozkienak, eta erretenek bereizita daude.

3 Gunea. Sakanaren hondoko erretenak.

Ustiapeneko soberakinen drainatzea bideratzen dute, eta gatzagetara iristeko tradiziozko bideak izan dira.

4 Gunea. Ingurunea.

Gatzaga dagoen sakanaren isurialdeen goiko zatiak osatua, 100 m-ko erradioan. Pista-sare batek, sestra-kurbei jarraituz, magalak zeharkatzen ditu, larre zakartuez eta sastrakez osatutako landaretza ezaugarri izanik.

– Etxerreko Putzua (DB4):

1.– Erreferentzia.

Inbentario-kodea: DB4.

Tipologia: D. Meatzetako putzu eta urmaelak.

Eragindako herriak: Basauri, Zaratamo.

2.– Antolamendu-helburua.

Inguru hau hiri-inguruneko parke gisa finkatzea proposatzen da, uretako komunitate batzuei ostatu emateko gaitasuna izanik.

3.– Zonifikazioa.

Putzu hauen berezitasuna kontuan izanik, beren jatorria Etxerreko harrobiaren ustiapena izan baitzen (putzu-zuloaren sakonera handia, horma bertikalek osatutako labarra), guneen sailkapenak ez du irizpide orokorrik jarraitzen.

1 Gunea. Ur-lamina eta ur-bazterrak.

Etxerreko harrobiaren ustiapenak zulatutako kubeta zaharraren hondakinak biltzen ditu bere baitan, gaur egun nabarmenki gutxituta badaude ere, zati batean betelana egin delako.

2. Gunea. Ingurunea.

Harrobiaren labarra eta kubetari berreskuratutako lursailak hartzen ditu, eta komunitate erruderalek eta bazterreko inguruetatik etorritako faunak, baita inguruko labore-lur eta belardi atlantikoek ere, kolonizatu dute.

APLIKAZIO-ARAUAK ETA PLANGINTZAKO BESTE TRESNA BATZUEKIKO LOTURA.

16. artikulua.– Dokumentuen edukia eta arauen irismena.

1.– EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana dokumentu hauek osatzen dute:

Idatzizko dokumentazioa:

– Informazio-txostena.

– Justifikazioko memoria.

– Antolamendu-memoria.

– Aplikazio-arauak.

– Ekintza-proposamenak.

– Eranskinak (Planeamenduarekiko eraginak, Esparru juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko hezeguneen inbentarioa, Bibliografia).

Dokumentazio grafikoa (kartografia):

– Antolamendu-planoak.

– EAEko hezeguneen banaketa-mapa (inbentarioa).

Justifikazioko memoriak eta Antolamendu-memoriak zehaztapen lotesleak edo aplikazio zuzenekoak (arauak) dituzte, baita jarraibideak eta gomendioak ere, eta Aplikazio-arauekin batera testu artikulatu hau osatzen dute. EAEko Hezeguneen Inbentarioa eranskin gisa dator (1. eranskina).

2.– Antolamendu-planoek izaera arau-emailea dute.

3.– Gainerako dokumentuak informatzaileak dira, eta ez dira testu artikulatu honen barruan sartzen.

17. artikulua.– Lurraldearen arloko planaren zehaztapenen eta xedapenen izaera.

EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planean agertzen diren zehaztapenak eta xedapenak, beren eraginkortasun juridikoaren arabera, honela sailkatzen dira:

– Aplikazio zuzeneko arauak. Lurraldearen Arloko Plan hau indarren sartu bezain laster izaera loteslea izango dute.

– Jarraibideak, materiaren arabera, dagokien administrazio publikoei zuzenduak. Hauek ere izaera loteslea dute, baina zeharkako eraginkortasuna, jarraibideak betetzea erakunde eskumendunen arabera egongo baita.

– Gomendio ez-lotesleak. Hauen helburua erakunde publikoen eta partikularren ekintzak zuzentzea da, Lurraldearen Arloko Planean araututako xedeari dagokionez. Beren xedea, Planaren helburu orokorretarako zehaztapen gomendagarri eta positiboei buruz orientabide batzuk ematea da, baina horien garapena eta aplikazioa, edonola ere, beste era bateko tresna juridiko eta administratiboei dagokie.

2.– Lurraldearen Arloko Plan honen zehaztapen edo xedapen bakoitzaren izaera honako hau da:

• Hasierako onespenik gabeko garapen-plangintza (plan berezia, plan partziala) duen hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian, LAPera egokituko dira.

• Hasieran onartutako garapen plangintza duen gainerako hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian, LAPak jarduera jakin batzuk bakarrik gomendatuko ditu.

• Urbanistikoki urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruetan, LAPren xedapenek LAPa bera onartzean hor zehaztutako izaera izango dute:

– I. multzoko hezeguneei beren araudia aplikatzen zaie.

– II. multzoko hezeguneei LAPeko araudia aplikatzen zaie zuzenean, eta araudi hori loteslea da udaleko hirigintza-plangintzarentzat (Txingudi izan ezik).

– III. multzoko hezeguneen kasuan, udal-plangintzak zehaztuko du talde horretako zein hezegunek dituzten ingurumen-, natur eta/edo paisaia-balioak, eta azterketa xehatu bidez, gune horien babesa eta ingurunearen erabilerak zehaztu ahal izango ditu, horretarako LAP honetan zehaztutako antolamendu-kategoriak izendatuz, 1. eranskinean jasotzen diren tipologien arabera.

18. artikulua.– Udal-plangintzaren egokitzapena.

1.– EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana indarrean sartzen denetik urtebeteko epean, udaleko hirigintza-plangintza bertan agertzen diren zehaztapenetara egokitzeko prozedurei ekin beharko die udalerriek.

2.– Dena den, Lurraldearen Arloko Plana indarrean sartzen denetik, II. multzoko hezeguneren batek eragindako Autonomia Erkidegoko udalerriek plangintza orokorraren berrikuspena onartu ahal izateko, hezegune horien egokitzapena (LAP honetako zehaztapenekiko) gehitu beharko dute.

3.– Lurzoru urbanizaezinentzako, udal-plangintzak ezarriko du sektore desberdinen kalifikazioa, LAP honen araudi orokorrean eta berariazkoan zehaztutakoarekin bat etorriz, eta azpikategoria gehigarriak eratu ahal izango dira dagokion lurraldearen berezitasunen arabera. LAP hau onartzean indarrean dagoen Hirigintza Erregimenari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legera egokitutako plangintzarik gabeko udalerrien kasuan, zehaztapen horiek guztiak izango dira aplikatu beharrekoak, plangintza berria onartzen ez den bitartean.

4.– Udal-plangintza orokorrak hezeguneen mugak egokituko ditu, lurraldean behar bezala txertatzeko beharrezko doikuntzak eskala zabalagoan eginez.

5.– Garapen-plangintzak baldintzatzaile gainjarriek eragindako guneak mugatuko ditu, eta arriskuren bat dakarten jarduerei lizentzia emateko irizpideak eta baldintzak zehaztuko ditu. Arrisku horiek alderdi hauei dagozkienak izango dira: lurzoruen egonkortasuna eta kontserbazioa, lur azpiko uren kalitatea, uholdeen kontrola edo hezeguneentzako LAP honetan zehaztako helburuen gauzatzea. Hori guztia ondoren aipatzen diren alderdientzat jarduerek eragin negatiborik ez dutela ziurtatzen duten behar adina berme tekniko edukitzeko: hezeguneen dinamika naturala edo erregimen hidrikoa, arrisku naturalen kontrola, babestu nahi diren baliabideen kalitatearen zaintzea edo natur gune babestuei eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbari esleitutako babes-funtzioen, landa-garapenaren eta erabilera publikoaren gauzatzea.

6.– Antolamendugunea udalerri bati baino gehiagori dagokionean, akordioren bat egon beharko du hezegunearen plangintza orokorki aztertzeko, babes berezia ezarriz, kontuan hartu gabe horren garapenean dagokion udalerrian dagoen plangintzari gune bakoitzaren antolamendua gehitzen zaion edo ez.

19. artikulua.– Lurraldearen arloko planeamenduarekiko bateragarritasuna.

1.– EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planaren aurreikuspenak portuetako jabari publikoko guneetan garatzen direnean, aurreikuspen horiek Portuetako Lurraldearen Arloko Planean edota dagokion arloko legerian ezartzen diren zehaztapenei egokitu beharko dira. Jabari publiko hidraulikoari edo itsas-lehorrekoari eragiten dioten EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planaren zehaztapenak dagokien arloko legediaren baldintzapean egongo dira (Uren Legea eta Kostaldeen Legea, hurrenez hurren).

2.– Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plan hau eta Ibai eta Erreketako Bazterren Antolamendurako Lurraldearen Arloko Plana lotzeari dagokionez, ibai edo erreken ibilguarekin muga egiten duten II. multzoko hezeguneak aipatutako azken Plan horretan zehaztutako ‘natur interes hobetsiko guneen bazterren’ barnean sartzen dira.

20. artikulua.– Lurraldearen arloko planaren indarraldia.

1.– Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planak indarraldi mugagabea izango du, baina hura berrikusteko aukera izango da indarraldiko lehen lau urteak igaro ondoren. Era berean, gertaerek hala eskatzen dutenean ere berrikusi ahal izango da Plana, betiere, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak egoki deritzon moduan.

2.– Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planaren berrikuspentzat joko da hezegun guztien edo haietako zati garrantzitsu baten antolamendu eta babesari buruz irizpide berriak hartzea, edo maila altuagoko xedapenak onestea, horrela behar izanez gero. Berrikuspenean informazio-fase zehatz bat sartuko da, eta bertan, Lurraldearen Arloko Planean jasotako hezegune guztien egoera jaso, aztertu eta haren diagnostikoa egingo da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Ekintza-proposamen orokorrak.

Hezeguneentzako jarraibide orokorrak osatzen dituzten ekintza hauek proposatzen dira:

1.– Antolamendu- eta kudeaketa-tresna espezifikoak lantzea hezegune bakoitzarentzat, haientzako ezaugarri eta helburu espezifikoetan oinarrituz.

2.– Hezeguneen funtsezko sistemen eta prozesu ekologikoen dinamikan eta funtzionamenduan oinarritutako babes- eta kontserbazio-ekintzak. Bereziki:

– Ekosistemen funtzionaltasun ekologikoa zaintzea, multzoaren biodibersitatea kanpoko erasoetatik babestuz.

– Dragatze-lanak kontrolatzea eta planifikatzea.

– Isurketei baldintzak jartzea eta kontrolatzea, itsasadarren eta biotopoen ezaugarri bereziak kontuan hartuz. Kontrol hori zorrotzagoa izango da hiriguneetan, industriaguneetan bereziki.

– Erabili ohi diren produktu fitosanitarioak eta nekazaritzako teknikak kontrolatzea.

– Higadura kontrolatzea.

3.– Leheneratze-ekintzak. Ekintza horien helburua batzuetan jatorrizko morfologia berreskuratzea izaten da, eta besteak beste, alderdi hauek kontuan hartzen dituen proiektu espezifikoetan zehaztu behar dira:

– Paisaia berreskuratzeko lan orokorrak (linea elektrikoak, hondakinak, etab.) eta bereziki ingurune degradatuenak berreskuratzekoak.

– Duna-sistemak eta haiekin lotutako landaretza berreskuratzea.

– Leheneratze morfologikoa, birlandatzea eta ibaiertzak hobetzea.

– Ur-bazterrak eta drainatze naturaleko sarea arteztea. Bazterreko ezponda eta muinoetako lurren mugimenduak, jatorrizko egoera beste erabilera batzuetarako (nekazaritza, basogintza, azpiegiturak) aldatu den lursailetan.

– Landaretza (uretakoa zein hezeguneko orlakoa) leheneratzea eta berreskuratzea. Hor sartzen dira estrategikoki kokatutako guneen oihaneztatzea eta birlandatzea, baso-bizitzaren prozesu naturala eta erakartze-prozesua bizkortzeko eta errazteko funtzioak dituzten guneena.

– Hiri-lurzoruekin muga egiten duten babes bereziko eta ingurumen-hobekuntzako guneetan trantsizioguneak sortzea proposatzen da, kanpoko erasoak arintzeko.

– Ubideetara isuritako hiri-isurketak saneatzea itsasadar osoan.

– Ibaiertzak leheneratzea gune urbanizatuenetan.

– Kostaldeko hezeguneetan, gune itzulgarrietako marea-dinamika berreskuratzea ingurune fisikoan aldaketa puntualak eginez.

– Kostaldeko hezeguneetan, laborantzako guneetan egoera txarrean dauden lezoiak egokitzea, edo padurako gune jakin batzuen kontserbazioak hala gomendatzen duenean.

– Barrualdeko hezeguneetan, kargatze-ziklo hidrogeologikoa leheneratzea, drainadura artifizialak kenduz.

4.– Guneen erabilera publikoa sustatzeko eta erregulatzeko ekintzak. Horretarako, hau proposatzen da:

– Itsasadarreko natur gunerik adierazgarrienak ezagutzera emateko olgeta- eta kultura-guneen sistema diseinatzea.

– Ingurumen-hezkuntzarako eta naturaren interpretaziorako planak garatzea, herritarrei hezeguneen garrantziaren berri emateko eta hori uler dezaten. Besteak beste, hezeguneen bilakaera historikoaren eta haien eduki eta balio natural errepikaezinen dibulgaziorako programak eta sentsibilizazio-programak garatzea proposatzen da hirigintzak presio handia eragiten duen guneetan.

– Hezegune batek aisialdirako jardueretarako duen bereganatze-gaitasuna zehaztutakoan, horren kontrola arautu beharko da, ekosistema horiek oso hauskorrak baitira.

– Erabilera publikorako kudeaketa-programak egitea, guneek aisialdiko jardueretarako duten bereganatze-gaitasuna handitu ez dadin. Herritarrei zuzendutako hezeguneen garrantziari buruzko sentsibilizazioak ez du haiekiko giza presioa bultzatu behar bereizketarik egin gabe.

5.– Katastroa eguneratzea.

6.– Itsasoko eta lurreko jabari publikoaren eta jabari publiko hidraulikoaren mugak onartzea, indarrean dagoen kostaldeen eta uren legerian zehazten denaren arabera. Barrualdeko hezeguneentzat honako hau proposatzen da: eskumena duen erakundeak lurraldeak hezegunetzat zehazteko, mugatzeko eta adierazteko espedienteak administratiboki bideratzean kontuan hartu behar du kubetaren eta/edo hezegunearen laminaren inguruan dagoen 50 metroko hurbileko zerrendari dagokion gunea.

7.– Lurzoruaren eskuratze publikoa.

8.– Hezeguneak ‘gune sentikorren’ artean sartzea, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruz indarrean dagoen araudia aplikatzeko eta Autonomia Erkidegoan gai horri buruz garatuko den legeriari dagokionez.

9.– Azterketak eta ikerketak. EAEko hezeguneen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ikerketa sustatu beharko da. Hain zuzen, helburu hauek dituzten ikerketak bultzatuko dira:

– Zehaztutako funtzio-mota bakoitzeko gainazal hezeen galeren tasa karakterizatzea, degradazio hori azaltzen duten arrazoi historikoak eta gaur egungo arrazoiak aztertzeko.

– Estuarioen dinamika eta funtzionamendua aztertzea.

– Zehaztutako tipologien funtzioak eta balioak karakterizatzea eta kuantifikatzea, epe luzerako ikerketa-programen bidez.

– Arroen hidrologiari buruzko informazioa ikerketen bidez osatzea, oraindik aztertu ez diren hezeguneetan.

– Zehaztutako funtzio-mota bakoitzean sartutako hezeguneen mugak zehazteko oinarri zientifikoak eta praktikoak garatzea.

– Oinarri zientifiko-teknikoak garatzea, zehaztutako funtzio-moten kudeaketa-planak eta segimendu-planak garatzeko, betiere, haien funtzioak eta nortasun ekologikoa zaintzeko.

– Hezeguneetan LAPa aplikatzearen ondorioz nekazaritza-kudeaketan egindako aldaketak nekazaritzako lurren produktibitatean sortzen dituen inpaktuak identifikatzea eta baloratzea.

– Santurtziko superportuak korronteen aldaketan duen eragina aztertzea eta, ondorioz, baita itsasadarreko hondar-pilaketan eta Barbaduneko padurako dinamikan duen eragina ere.

– Oriaren itsasadarraren azterketa xehatua egitea eta haren ingurumen-balioak dibulgatzea. Itsasadar horren berreskuratzearekin zerikusia duten erakundeen arteko koordinazioa.

10.– Hezeguneen eta azpiarroen inguruko lurzoruen jabeentzako diru-laguntzak edo beste pizgarri batzuk sustatzea, gune horien nortasun ekologikoan eragina duten jardueren garapena murrizteko eta/edo ezabatzeko.

Bigarrena.– Barrualdeko hezeguneetarako gomendioak, beren tipologiaren arabera.

Inbentarioan dauden baina modu xehatuan antolatuta ez dauden hezeguneen kontserbazioa bermatzeko, zehaztutako tipologien eta antolamendu-kategorien arteko erlazioa zehazten du gomendio gisa Lurraldearen Arloko Planak. Erlazio hori tipologia bakoitzaren ezaugarrien (gaur egun duen egoera eta izan ditzakeen inpaktuak) araberakoa izango da. Udal-plangintzak antolamendu-kategoria horiek aplikatu ahal izango ditu.

B1. Zohikaztegiak: Babes Berezia (EP).

B2. Kareharriekin lotutako urmaelak eta putzuak: Ekosistemen Hobekuntzarako Inguruneak (MA1).

B3 Ebaporita eta akuiferoekin lotu gabeko urmael eta putzuak: Ekosistemen Hobekuntzarako Inguruneak (MA1).

B4 Diapiroekin loturiko urmaelak eta putzuak: Babes Berezia (EP).

B5. Kareharriekin loturiko putzuak: Babes Berezia (EP).

B6. Diapiroekin loturiko aintzirak eta urmaelak: Babes Berezia (EP).

B7. Diapiroekin lotu gabeko aintzirak eta urmaelak: Babes Berezia (EP).

B8. Ebroren Haraneko sistema endorreikoak: Babes Berezia (EP).

B9. Arabako Lautadako sistema hidrologikoak: Ekosistemen Hobekuntzarako Inguruneak (MA1).

B10. Ibai-sistemak: Lur gaineko uren babesa (S).

B11. Garrantzi gutxiko ur-landaretzaren sistemak: Ekosistemen Hobekuntzarako Inguruneak (MA1).

D. Meatzetako urmaelak eta putzuak: Berreskuratu beharreko ingurune degradatuak (MA2).

E. Urtegiak: Lur gaineko uren babesa (S).

F. Ureztaketarako urmaelak: Lur gaineko uren babesa (S).

G. Urmaelak-Mendiko aziendentzako ur-askak: Lur gaineko uren babesa (S).

Hirugarrena.– Kostaldeko hezeguneetako hiri-lurzoruen guneetarako gomendioak.

LAPren antolamendu-esparruan dauden eta jarduera jakin batzuk gomendatzen zaizkien hiri-lurzoruko sektoreak hauek dira:

Barbadun:

U1. Pobeñako gunea. Pobeñako hirigunea barnean hartzen duen sektorea, itsasaldiaren eraginpeko kotak mugaturik.

U2. La Arenako gunea. La Arenako gune finkatuak osatua.

U3. Industria-instalazioak Petronorren findegiak hartzen ditu barnean, Barbadunen lehengo estuarioaren eskuinaldeko zati nagusia hartzen dutelarik, duna eta paduraz osatuak izan ziren lurretan.

U4. Somorrostroko gunea Itsasadarraren aurreko tartean kokatzen den hiri-sektoreak osatua, oraindik eraikuntzarako finkatu gabeko area beteak hartuz bere barnean.

Gune horietarako gomendioak hauek dira:

– Isurketak kontrolatzea, batez ere, industrialdekoak, eta legedia zorrozki aplikatzea.

– Babeserako eta hurbileko berdeguneetan, ibaiertzak leheneratzea eta landaretza naturala berreskuratzea, birlandatzea eta ibaiertz eta erretenetako ingurumena hobetzea.

Butroe:

U1. Plentziako hirigunea. Plentziako portua.

Honela osatua dago: finkatutako hirigunea, Plentziako erietxearen pareko hondartzan itsasoratzen den erreteneko beteguneak eta, horien gainetik, landazabal txiki bat (zelaiak) eta portu osoa.

U2. San Telmoko erdigunea. San Telmoko auzoaren erdigunea, Txipios ibarrarekin muga egiten duena.

U3. Geltokiko auzoa-Txakurzulu. Bi auzoetako gune urbanizatuak elkarrekin lotu eta biltzen dituen sektorea, Txipios ibarrean finkatutako lurzoruak barne.

U4. Ardatxa. Ibarreko gune urbanizatua, iparraldeko kirol-zelaiaren beteguneak barne.

U5. Isuskiza. Isuskiza klubeko lorategiak, azpiegiturekin.

Gune horietarako gomendioak hauek dira:

– Ardatxako erretena ibairatzen den lekuan betelanak eta isurketak kontrolatzea.

– Isuskiza Klubaren lursailetako lorategien egiturari eustea.

– Oraindik finkatu gabeko lurzoru urbanizatuko gune estrategikoetan 5 m-ko kota azpiko lurzoruaren erosketa publikoa.

Lea:

U1. Hiri-lurzorua eta portua. Isuntzako hondartzaren mendebaldean kokatutako portuak eta ezkerraldeko hiri-lurzoruaren zatiak (Loibekuaren aurrean) osatzen dute.

Gune horretarako gomendioak hauek dira:

– Isurketak kontrolatzea.

– Ibaiertzak lehengoratzea.

Artibai:

U1. Ondarroako portua. Portua osatzen duen paduraren kanpoko aldea; gaur egun instalazioen egokitzapen- eta zabaltze-lanak egiten ari dira.

U2. Ondarroako hirigunea. Itsasadarraren bi bazterretan kokatua; Zaldupe aldean egin berri diren betelanak eta Goitiz eta Santa Anarako aurreikusitako hirigune berriak ere sektore honetan sartzen dira.

U3. Errenteria auzoa. Landa-eraikuntzak eta industria-pabilioiak bateratzen dituen gune urbanizatua.

Gune horietarako gomendioak hauek dira:

– Ubidera egindako industria-isurketak zaintzea.

– Itsasadarretik gertu dauden hiriguneak estetikoki eta paisajistikoki leheneratzea, zuhaizti-pantailen eta landaretza naturalaren bidez.

– Ibaiertzak leheneratzea eta hirigune berrietan ingurumen-tratamenduak egitea.

Deba:

U1. Debako hirigunea. Debako hirigunearen zati batek eta Mutrikuko udalerriaren barruan dagoen ezkerraldean kokaturiko eraikuntza-ilarak osatua.

U2. Arnazabalgo hirigunea. Arnazabalgo hirigunearen zati batek eta trenbidearen eta N-634 errepidearen artean eratzen den arteka urbanizatuak osatzen dute.

Gune horietarako gomendioak hauek dira:

– U1-ean, ezkerraldeko eraikinak estetikoki eta paisajistikoki egokitzea, horietako batzuk erortzeko zorian baitaude.

– Itsas pasealekuak estetikoki egokitzea.

Urola:

U1. Zumaiako hirigunea. Bokalearen ezkerraldean eraikitako hiriguneak eta Narrondo aldera ezarritakoak osatzen dute, azken hori finkatutako industrialdeez osatua, batik bat.

U2. Gorostiagako ibarra. Eskuinaldeko betelanak bere osotasunean hartzen ditu, udal-araudiak Hiri Lurzoru Industrial gisa sailkatutako lurretan, eta Gorostiaga Poligonoa bertan eratzeko prestaturik dago. Utzita egoteak lezkadiak eta haltzadiak sorrarazi ditu ekialdeko muturrean.

Gune horietarako gomendioak hauek dira:

– Industrialdeen mugetan zuhaizti-pantailak jartzea.

– Itsasadarra eta kostaldearen aurrealdea paisajistikoki txukuntzea.

– Ubide-ertzetako artefaktuak garbitzea eta kentzea.

– Itsasadarraren jatorrizko dinamika berreskuratzea.

Inurritza:

U1. Zarauzko hirigunea. Iparraldean hondartzako pasealekuak egiten du muga eta hegoaldean Abendañoko hiri-inguruak. Sektore hori guztia dunen barra zahar batek betetako lurretan finkaturik dago. Barra horrek Zarauzko badia mugatzen zuen hegoaldetik.

U2. Hegoaldeko hiri-ingurua. Bilbo-Behobia autopistaren iparraldeko gune laboratuek eta Zarauzko hiriguneak hegoaldera egindako hiri-hedapenaren ondorioz finkatutako guneek osatutako ingurunea; hedapen horrek azkenerako guztia hartuko du. Arau subsidiarioen aurrerapenean, industrialdea hedatzeko aurreikusitako lurrak ere sektore horretan sartzen dira.

Gune horietarako gomendioak hauek dira:

– Berdeguneak diseinatzea, hiri-eremuan integratzeko.

– Isurketak kontrolatzea, industrietakoak, batik bat.

– Ibaiertzak lehengoratzea.

Orio:

U1. Hiri-lurzorua/Hirigunea Orioko gune osoa eta itsasadarrean zehar sakabanatutako hiriguneak biltzen ditu.

U2. Hiri-lurzoru industriala. Industrialde gisa finkatutako hiri-lurzoruak osatua. Kategoria berean sartzen dira Altxerri eta Santiagoko guneetako hiri-lurzoruak.

Gune horietarako gomendioak hauek dira:

– Isurketak kontrolatzea, industrietakoak, batik bat.

– Ibaiertzak lehengoratzea.

Laugarrena.– EAEko Portuetako Lurraldearen Arloko Plana behin betiko onartu artean eta dekretu honen 19. artikuluan aurrikusitako moldaketa egin ahal izateko xedez, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak Euskal Autonomia Elkartean portuen arloan eskuduna den organoari lurraldearen antolamendurako arloko plan honen garapen eta aplikazioaren berri emango dio.

(Planimetria. Ikus .PDF)

1. ERANSKINA

EAE-KO HEZEGUNEEN INBENTARIOA

Hurrengo zerrendetan, lurralde historikoen arabera antolatutako hezegune inbentariatu guztiak agertzen dira.

Hezeguneen kode identifikatzaileen esanahia honako hau da:

– Lehen letrak eta zenbakiak adierazten dute hezegunea zein tipologiaren barnean sartzen den.

– Hurrengo letrak adierazten du hezegunea zein lurralde historikotan dagoen.

– Azken zenbakia, berriz, tipologia eta lurralde historiko bakoitzeko hezegune bakoitzari esleitutako ordena-zenbakia da. Zenbaki hori, kasu gehienetan, honela ordenatuta dago: barrualdeko hezegunea bada, alfabetikoki, udalerriaren arabera sailkatuta; kostaldeko hezegunea bada, berriz, kokaleku geografikoari dagokio zenbakia (mendebaldetik ekialdera, 1 mendebaldeen dagoen kostaldeko hezegunearentzat eta 6 ekialdeen dagoenarentzat).

Hezegunearen kokalekua UTM koordenatuetan adierazten da eta hura kokatuta dagoen 1:25.000 koadranteari (parentesi arteko zenbakia) ere erreferentzia egiten zaio.

Tipologien kodeak:

Hezegune naturalak:

A.– Kostaldekoak.

A1.– Itsasadarren/paduren sistemak.

B.– Barrualdekoak.

Klima-erritmo atlantikoa.

B1.– Zohikaztegiak.

B2.– Kareharriekin lotutako urmaelak eta putzuak.

B3.– Ebaporitekin eta akuiferoekin lotuta ez dauden urmaelak eta putzuak.

B4.– Diapiroekin lotutako urmaelak eta putzuak.

B5.– Kareharriekin lotutako putzuak.

Klima-erritmo mediterraneoa eta trantsiziokoa.

– Goi-mendia.

– Erdi-mendia.

B6.– Diapiroekin lotutako aintzirak eta urmaelak.

B7.– Diapiroekin loturik ez dauden aintzirak eta urmaelak.

– Sedimentazio-arroak.

B8.– Ebro haraneko sistema endorreikoak.

B9.– Arabako lautadako sistema hidrologikoak.

B10.– Ibai-sistemak.

B11.-Garrantzi gutxiko ur-landaretzaren sistemak.

Hezegune artifizialak:

C.– Diapiroekin lotutako ingurune artifizialak

D.– Meategietako putzuak eta urmaelak

E.– Urtegiak

F.– Ureztaketarako urmaleak

G.– Urmaelak/mendiko aziendentzako ur-askak

ARROEN KODEAK:

1.– Bidasoa	8.– Lea	15.– Galindo 		22.– Inglares 2.– Oiartzun	9.– Oka	16.– Barbadún 		23.– Araia 3.– Urumea	10.– Butrón	17.– Agüera 		24.– Ega 4.– Oria	11.– Gobelas	18.– Karrantza 		25.– Errioxa

5.– Urola	12.– Asua	19.– Omecillo 		26.– Ebro 6.– Deba	13.– Nervión-Ibaizabal	20.– Bayas

7.– Artibai	14.– Kadagua	21.– Zadorra

LURRALDE HISTORIKOEN ARABERAKO HEZEGUNEEN INBENTARIOA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala