Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2004ko azaroaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
5943

197/2004 DEKRETUA, urriaren 13koa. Honen bidez, Arabako Foru Aldundiak, "Trespuentesera sartzeko A-4359 errepidean plataforma zabaltzeko, trazadura hobetzeko eta sendotzeko eta, orobat errepide horrek A-3302 errepidearekin duen elkargunea hobetzeko eraikuntza-proiektua" burutzeko jabetza nahitaez kentzeari begira beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak hartzea premiazkoa dela deklaratzen da.

Arabako Foru Aldundiaren Herrilan eta Garraio Sailaren 2004ko maiatzaren 17ko Foru Aginduaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hasteko, "Trespuentesera sartzeko A-4359 errepidean plataforma zabaltzeko, trazadura hobetzeko eta sendotzeko eta, orobat, errepide horrek A-3302 errepidearekin duen elkargunea hobetzeko eraikuntza-proiektua" burutzeko jabetza nahitaez kentzeari begira beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2004ko uztailaren 30ean egin zen bilkuran, Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak erabaki zuen jabetza nahitaez kentzeari begirako ondasun eta eskubideak premiaz hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Premiaz hartu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean hartarako jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezko datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, hainbat arrazoi-idazki aurkeztu ziren eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren arrazoibide-idazki horiek.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

A-4359 errepidea auzoko sarearen zati bat da, A-3302 errepidearekin duen elkargunean hasten da eta Trespuentesko hirigunean bukatzen da, hiri horretara sartzeko bidea baita, eta, guztira, 1’26 km-ko errepide-zatia hartzen du.

Gaur egun, errepide horrek duen plataforma nahiko estua da, eta ez da batere egokia, bertatik ibilgailu ugari ibiltzen delako, eta horietako asko, gainera, ibilgailu astunak direlako. Era berean, errepidearen trazaduraren toki batzuetan, gehienbat errepide ertzetan, hainbat akats daude, esate baterako, erradioak murriztuta daude, bira egokirik ez da, eta elkargune bat bideratu gabe dago. Hori guztia arazo larria da bide-segurtasunaren aldetik. Beste alde batetik, errepidearen bide-zorua guztiz higatuta dago.

Proiektu honek A-4359 errepidean obrarako behar den luzera osoa hartu du barne, A-3302 errepidearekin duen elkargunea eta beste elkargune bat egin ahal izateko azken errepide horretan eraberritu beharko litzatekeen tartea ere bai. Izan ere, elkargunea eraberritu beharko litzateke, errepidearen ezaugarri geometrikoak eta egitura egokituz, Trespuentesen harrobi bat dagoelako eta, horren ondorioz, bertatik ibilbide ugari ibiltzen direlako eta horietako asko, gainera, ibilgailu astunak direlako. Kontuan izan behar da, bestalde, Trespuentesko Administrazio Batzarrak behin eta berriro eskatu duela errepide hori hobetzeko.

Hori guztiarekin bat etorrita, Arabako Foru Aldundiaren Herrilan eta Hirigintza Sailak erabaki du premiaz arduratu behar duela errepide horretaz; hain zuzen, honakoa egin behar da: zeharkako sekzioa luzatu behar da, 6/7 metrokoa izan dadin, trazadura hobetu behar da diseinuko parametro egokien arabera eta A-3302 errepidearekin elkargune berria egin behar da, ibilgailuen zirkulazioa segurua eta erosoa izan dadin.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak premiaz hartu beharrekoak direla adieraztea, jabetza nahitaez kentzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko urriaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, "Trespuentesera sartzeko A-4359 errepidean plataforma zabaltzeko, trazadura hobetzeko eta sendotzeko eta, orobat, errepide horrek A-3302 errepidearekin duen elkargunea hobetzeko eraikuntza-proiektua" burutzeko jabetza kentzeari begira beharrezko ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak premiaz hartu beharrekoak direla adieraztea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banan banaka ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko urriaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala