Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2004ko uztailaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3853

137/2004 DEKRETUA, uztailaren 6koa, Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea sortzeko dena.

Ekoizpen-prozesuarekin erlazionatutako pertsonen eta langileen osasuna, osotasun fisikoa eta bizitza bermatzeko beharrezko egintzak burutu behar dituzte botere publikoek.

Euskal Autonomia Erkidegoko eremu orotan laneko osasunari eta segurtasunari dagokienez kontrol-, sustapen- eta heziketa-jarduerak burutuaz, langileak euren lanpostuetan babestearena kontrolatu eta sustatzeko erantzukizuna esleiturik du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak.

Laneko istripuek pertsonen eta familien egoera mingarriak eragiten dituzte, eta, bestalde, hainbateko kostu ekonomikoa eta soziala dakarte; bada, laneko istripuei aurre egin behar zaiela beharrezko dela kontuan izanik, 2003-2006 Laneko Osasun eta Segurtasunerako Plan Zuzentzailea prestatu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak. Plan hori Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen, 2003ko uztailaren 29an egindako bileran, hain zuzen ere.

Europar Batasunaren markoan definitutako printzipio eta norabideekin bat etorriaz eta 2003-2006 Laneko Osasun eta Segurtasunerako Plan Zuzentzaileak proposatzen dituen arlo estrategikoen eta jarduketa-lerroen barruan, istripu gehien dituzten sektoreei erantzuteko jarduketa sektorialeko neurriak diseinatzen ditu Planak.

Ildo horretan, estatistikek etengabe agertzen dutenez, eraikuntza-sektorea da istripu gehien dituena, ez bakarrik kopuruari dagokionez, istripuen larritasunari dagokionez ere bai.

2003-2006 Laneko Osasun eta Segurtasunerako Plan Zuzentzailea Eusko Legebiltzarrari aurkeztu zitzaion, eta legebiltzar horrek eztabaidatu egin zuen, 2003ko azaroaren 20an egindako bilkuran eztabaidatu ere.

Herri-administrazioek kopuru handiak kontratatzen dituzte, horrek sektoreko agente garrantzitsu bihurtzen ditu, eta ondorioz, batetik, istripuak gutxitzen eragin dezakete, eta, bestetik, lan-metodo eta –era osasungarriago eta seguruagoan onartzearen alde egin dezake; bada, guzti hori eta eraikuntza-sektorearen istripu kopuru handia kontuan izanik, aipatu bilkuran eztabaidatu ostean, Eusko Legebiltzarrak, besteak beste, ondoko ebazpena onartu zuen:

"Administrazioek sustatutako edo titularitate publikopeko obretan segurtasuna hobetzeko beharrezko baldintzak ezartzeko helburuarekin, erakundeen arteko batzorde bat eratzeko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta gainontzeko herri-administrazioei Eusko Legebiltzarrak."

Horrenbestez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko uztailaren 6an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua, izaera eta atxikipena.

1.– Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea sortzen da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikitako kide anitzeko organo gisa eta helburu honekin: Administrazioek sustatutako edo titularitate publikopeko obretan segurtasuna hobetzeko beharrezko baldintzak ezartzearren, alegia.

2.– 2003-2006 Laneko Osasun eta Segurtasunerako Plan Zuzentzaileari dagokion epean izango da indarrean Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea.

2. artikulua.– Egitekoak.

Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordearen funtzioak honako hauek dira:

a) Administrazioek sustatutako edo titularitate publikopeko obretan lan-segurtasunari eragiten dioten politiken koordinazioa ezartzea.

b) Obra publikoetan segurtasun-baldintzak hobetzeko diren ekimenei dagokienez laguntza ematea eta txostenak egitea.

c) Obra publikoen arloan laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez indarreango araudia betetzea zaindu eta sustatzea faboratzen duten neurriak proposatzea.

d) Arlo honetan herri-administrazioen lankidetza bultzatzeko neurriak proposatzea.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak honako kideak izango ditu:

a) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea, zeinak lehendakari gisa jardungo baitu.

b) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria.

c) OSALAN, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendari orokorra.

d) Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ordezkari bat.

e) Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren ordezkari bat.

f) Garraio eta Herri Lan Sailaren ordezkari bat.

g) Foru Aldundien ordezkari bana.

h) EUDELen ordezkari bat.

i) OSALAN, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendariorde teknikoa, zeinak idazkari gisa jardungo baitu.

Gutxienez zuzendariaren eta edo antzekoaren maila izango dute Batzordeko kideek, eta eurak hartzen dituzten erakundeen edo administrazio-organoen titularrek izendatuko dituzte.

2.– Bilkurako aztergaiek berariaz eragiten dien entitate edo erakundeen ordezkariak, batzarretara etor daitezen, dei ditzake lehendakariak.

3.– Zuzendariordetza Teknikoaren bitartez, OSALAN, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari dagokio Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeari laguntza teknikoa ematea, hain justu ere dokumentazioaren eta gaien gaineko prestakuntza- eta programazio-funtzioak garatuaz.

4. artikulua.– Proiektuak garatzeko taldeak.

1.– Ekimenak eta proposamenak garatzeko, Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak lan-talde bereziak eratu ahalko ditu. Euren eskumen-arloaren arabera taldeen osaeran parte hartzen duten sail eta erakunde bakoitzak izendatutako teknikari adituek parte hartu ahalko dute taldeotan.

2.– Euren eskumenen barruan, bakoitzari dagokion parteari dagokionez, sail eta erakundeei dagokie aipatu ekimenak eta proposamenak onartzea eta ondoren gauzatzea. Hartarako, aipatutakoen batera gauzatzeko eskumendun erakundeek egindako akordioak eta hitzarmenak formalizatu ahalko dira

3.– Esleitutako proiektua prestatu ostean lan-taldeak ezeztatu egingo dira.

5. artikulua.– Bilkurak deitzea.

Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak bi bilkura egingo ditu urteko, gutxienez. Lehendakariaren ekimenez ezohiko bilkurak ere egin ahalko dira.

6. artikulua.– Funtzionamendu-gastuak.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-kredituen kargura izango dira Herri Lanetarako Erakunde Arteko batzordearen funtzionamendu-gastuak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erregelamendua garatzea.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko uztailaren 6an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana