Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2004ko uztailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Garraio eta Herri Lan Saila
3763

ERABAKIA, 2004ko ekainaren 1ekoa, Euskadiko Garraio Agintaritzaren Antolaketa eta Jarduteko Moduaren Erregelamendua onartzeko dena.

Nik, Aitor Uriarte Unzalu jaunak, Euskadiko Garraio Agintaritzaren idazkaria naizen aldetik, hau

EGIAZTATZEN DUT:

Euskadiko Garraio Agintaritzak 2004ko ekainaren 1ean egindako Osoko Bilkuran, besteak beste, honako erabakia hartu zuela:

"Euskadiko Garraio Agintaritzaren Antolaketa Eta Jarduteko Moduaren Erregelamendua Onartzea".

Eta dagozkion ondorioak izan ditzan, egiaztagiri hau ematen dut, Gasteizen, bi mila eta lauko ekainaren hamaseian.

Euskadiko Garraio Agintaritzaren idazkaria,

AITOR URIARTE UNZALU.

Euskadiko Garraio Agintaritzaren buruaren O.E.,

ÁLVARO AMANN RABANERA.

EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZAREN
ANTOLAKETA ETA JARDUTEKO MODUAREN ERREGELAMENDUA
I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK.

1. artikulua.– Erregelamenduaren helburua.

2. artikulua.– Erregelamenduaren eremua.

II. KAPITULUA
EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZAREN
ANTOLAKETA

3. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren antolamenduaz.

4. artikulua.– Osoko Bilkuraren osaera.

5. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzako kideen eskubideak eta betebeharrak.

6. artikulua.– Osoko Bilkuraren eginkizunak.

7. artikulua.– Buruaren eginkizunak.

8. artikulua.– Buruordearen eginkizunak.

9. artikulua.– Idazkaritza Teknikoa.

10. artikulua.– Idazkariaren eginkizunak.

11. artikulua.– Osoko Bilkurako atalak.

12. artikulua.– Txosten-batzordeak.

III. KAPITULUA
EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZAREN
JARDUTEKO MODUAREN ARAUBIDEA

13. artikulua.– Osoko bilkuretarako deia.

14. artikulua.– Gai-zerrenda taxutu eta deialdia egitea.

15. artikulua.– Osoko Bilkuraren eraketa.

16. artikulua.– Osoko Bilkurarako gaien inguruko eztabaidak eta bozketak.

17. artikulua.– Osoko bilkuretako aktak.

18. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzako atalen eta txosten-batzordeen jarduteko modua.

19. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren ekintzen prozedura.

20. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren txostenez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erregelamendu honetan araututa ez dauden kontuetan.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZAREN
ANTOLAKETA ETA JARDUTEKO MODUAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Erregelamenduaren helburua.

Erregelamendu honen helburua da Eusko Legebiltzarraren Euskadiko Garraio Agintaritzaren abenduaren 15eko 5/2003 Legea garatzea, eta Legearen 12. artikuluan, Euskadiko Garraio Agintaritzak bere burua antolatzeko duen ahalmena baliatuz idatzi da.

2. artikulua.– Erregelamenduaren eremua.

Erregelamendu honek, garraioaren antolamenduaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren aholku- eta koordinazio-organo gorena den Euskadiko Garraio Agintaritzaren antolaketa eta jarduteko modua arautzen ditu, abenduaren 15eko 5/2003 Legean aurreikusitako eskumen eta eginkizunekin, eta eskumenak ematen dizkion beste legezko edo arauzko edozein xedapenetan aurreikusitakoekin.

II. KAPITULUA
EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZAREN
ANTOLAKETA

3. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren antolamenduaz.

1.– Euskadiko Garraio Agintaritza Osoko Bilkuraren, atalen eta txosten-batzordeen bidez jardun ahal izango da.

2.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkurako burua, buruordea eta idazkaria kide bakarreko organoak izango dira.

4. artikulua.– Osoko Bilkuraren osaera.

1.– Osoko Bilkura honela osatuko da:

a) Burua: Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburua.

b) Buruordea: Garraio eta Herri Lan sailburuordea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren 8 ordezkari, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak izendatuak.

d) Foru-aldundi bakoitzaren bi ordezkari, kasuan kasuko organoak izendatuak.

e) Bilbo, Donostia-San Sebastián eta Vitoria-Gasteizko udalen ordezkari bana, udal bakoitzeko kasuan kasuko organoak izendatuak.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko udal gehien ordezkatzen dituen udalen elkarteak, bere estatutuei edo, halakorik izan ezean, elkartea arautzen duten beste arau batzuei jarraikiz aukeraturiko ordezkari bat.

2.– Euskadiko Garraio Agintaritzako kideen izendapenek ez dute epe-mugarik izango; nolanahi ere, eta Euskadiko Garraio Agintaritza osatzen duten erakundeen arauek bestelakorik ezartzen ez badute behintzat, izendapena noiznahi baliogabetu ahal izango da, eta beste ordezkari bat izendatu.

3.– Osoko Bilkurak idazkari bat hautatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren ordezkarien artetik.

4.– Buruak, aztertu beharreko gaiaren inguruan jakintza handia duten edo gai horretan nabarmentzen diren beste pertsona batzuk edo beste erakunde batzuetako ordezkariak gonbidatu ahal izango ditu, Agintaritzaren osoko bilkuretan hitzarekin eta botorik gabe parte hartzera.

5. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzako kideen eskubideak eta betebeharrak.

Euskadiko Garraio Agintaritzako kideen eskubideak eta betebeharrak honako hauek dira:

a) Bilkurarako deia, bilkura egin baino gutxienez bi egun baliodun lehenago jasotzea, eta aztertu beharreko gaiei buruzko agiriak eskura izatea, Erregelamendu honen 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutako eran.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, bidezko iritziz gero, beren boto partikularra ematea, eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.

d) Osoko bilkurarako deia Erregelamendu honen 13.1 artikuluan ezarritako eran egitea eskatzea.

e) Norberari emandako eginkizunak betetzeko behar den informazioa lortzea.

f) Lege- edo erregelamendu-mailako xedapenen bidez ezartzen diren gainerakoak.

6. artikulua.– Osoko Bilkuraren eginkizunak.

1.– Euskadiko Garraio Agintaritzari esleitutako eginkizunak garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzea.

2.– Osoko Bilkurak Euskadiko Garraio Agintaritzaren buruaren, buruordearen edo beste organoen esku utzi ahal izango ditu kudeaketa-eskumenak. Eskumen horiek besteen esku uzteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, edo horren ordez edo hura osatzeko ematen diren arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

7. artikulua.– Buruaren eginkizunak.

1.– Osoko Bilkurako buruari honakoak dagozkio:

a) Euskadiko Garraio Agintaritzaren ordezkari izatea.

b) Osoko bilkuretarako deialdia egitea, bilkuretan buru izatea eta gai-zerrenda ezartzea; baita kide anitzeko organo bateko buruari dagozkion eginkizunak betetzea ere, hala nola bozetan berdinketa gertatzen bada kalitateko bozarekin ebaztea.

c) Garraioaren lurralde-agintaritzekiko harremanak zuzentzea, bai eta, Garraio Agintaritzaren eginkizunen eremuko gaietan, herri-administrazioetako organo betearazleekiko harremanak ere.

d) Euskadiko Garraio Agintaritzaren administrazio-jarduera eta jarduera teknikoa zuzendu eta gainbegiratzea.

e) Euskadiko Garraio Agintaritzaren antolaketaren eta jarduteko moduaren erregelamendua proposatzea, onar dezan.

f) Lege- edo erregelamendu-mailako xedapenen bidez esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.

g) Euskadiko Garraio Agintaritzak, Erregelamendu honen 6. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, haren esku uzten dituen eskumenak erabiltzea.

2.– Buruak Euskadiko Garraio Agintaritzaren buruordearen edo Osoko Bilkurako edozein kideren esku utzi ahal izango ditu bere eskumenak, artikulu honen aurreko idatz-zatiko b) eta g) hizkietan aipatutakoak izan ezik. Eskumen horiek besteren esku uzteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, edo horren ordez edo hura osatzeko ematen diren arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

8. artikulua.– Buruordearen eginkizunak.

Burua kanpoan edo gaixo bada, buruordeak egingo ditu Osoko Bilkurak edo buruak, Erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiz, haren esku utzitako lanak.

9. artikulua.– Idazkaritza Teknikoa.

1.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren Idazkaritza Teknikoa Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailean gai horren inguruko eskumena duen Zuzendaritzari dagokio.

2.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren Idazkaritza Teknikoari dagokio gaiak prestatzea eta, hala behar balitz, abenduaren 15eko 5/2003 Legearen 5. artikuluan aipatutako txosten-proposamenak egitea, non eta eginkizun hori ez den berariaz txosten-batzorde baten edo Euskadiko Garraio Agintaritzaren beste organoren baten gain utzi, gaiaren berezitasunagatik.

10. artikulua.– Idazkariaren eginkizunak.

Idazkariaren eginkizunak honakook dira:

a) Osoko bilkuretara joatea.

b) Buruak aginduz gero, deialdia egin eta Osoko Bilkurako kideei jakinaraztea.

c) Osoko Bilkurako kideen eta organo horren arteko komunikazio-ekintzak hartzea.

d) Bilkuretako aktak idaztea eta akta horien fede ematea.

e) Emandako aholku, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.

f) Lege- edo erregelamendu-mailako xedapenen bidez esleitzen zaizkion gainerakoak.

11. artikulua.– Osoko Bilkurako atalak.

1.– Osoko Bilkurak atalak sortu ahal izango ditu. Atal horiek Osoko Bilkurako hainbat kidek osatuko dute, eta atala sortzeko erabakian zehaztuko da zeintzuk osatuko duten.

2.– Atalek, deskontzentrazio-araubidearen barruan sorrera-erabakiak esleitzen dizkieten eginkizunak izango dituzte. Nolanahi ere, Osoko Bilkurak, egoki iritzi dionean, atal bati dagokion gai bat bereganatzeko aukera izango du.

3.– Atala sortzeko erabakian bertan zehaztuko da zein izango den atal-burua eta zein idazkaria.

12. artikulua.– Txosten-batzordeak.

1.– Osoko Bilkurak txosten-batzordeak sortu ahal izango ditu. Txosten-batzorde horiek Osoko Bilkurako hainbat kidek osatuko dute, eta batzordea sortzeko erabakian zehaztuko da zeintzuk osatuko duten.

2.– Txosten-batzordea sortzeko erabakian bertan zehaztuko da zein izango den batzorde-burua eta zein idazkaria.

3.– Txosten-batzordeak, sorrera-akordioaren arabera Idazkaritza Teknikoak Osoko Bilkurara igorri beharreko gaiei buruzko txostenak egingo ditu, edo, kasuaren arabera, Idazkaritza Teknikoaren ordezko gisa proposamenak egingo ditu, Erregelamendu honen 9.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

III. KAPITULUA
EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZAREN
JARDUTEKO MODUAREN ARAUBIDEA

13. artikulua.– Osoko bilkuretarako deia.

1.– Osoko Bilkura hiru hilabeterik behin bilduko da gutxienez, Osoko Bilkurako buruak deituta edo Osoko Bilkurako kideen laurdenek eskatuta. Bilkuretarako deiarekin batera, mintzagai izango diren gaien zerrenda bidaliko da, behar besteko xehetasunekin, bai eta bilkura horretan onartzeko aurkeztuko diren aurreko bilkuretako akten zirriborroak ere.

2.– Bilkura-deia, gai-zerrenda eta akten zirriborroak Osoko Bilkurako kide guztiei jakinarazi beharko zaie, beren helbidean edo, jakinarazpen kontuetarako adierazi duten lekuan.

3.– Aurreko puntuan adierazitako jakinarazpena egiten denetik bilkura egin arte, gutxienez bi egun baliodun igaro beharko dira. Bilkurarako deia kideek eskatuta egiten bada (gutxienez kideen laurdenak eskatu beharko du), eskaria aurkezten denetik astebeteko epean egin beharko da deia, eta bilkura bera ezin izango da eskaria aurkezten denetik hilabete baino gehiago atzeratu.

4.– Gai-zerrendan sartutako gaien inguruko agiri guztiak deia egiten den unetik bertatik Osoko Bilkurako kide guztien esku izango dira Euskadiko Garraio Agintaritzaren Idazkaritzan.

14. artikulua.– Gai-zerrenda taxutu eta deialdia egitea.

1.– Osoko bilkuretarako gai-zerrenda buruak finkatuko du Idazkaritza Teknikoaren laguntzarekin, eta hark proposaturiko gaiak edo, Erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiz, txosten-batzordeek proposatu eta txostenean landutako gaiak jasoko ditu.

2.– Deia egin, eta gai-zerrenda eta aurreko bilkuretako aktekin batera Osoko Bilkurako kideei jakinarazteko lana Osoko Bilkuraren idazkariak egingo du, buruak aginduta.

15. artikulua.– Osoko Bilkuraren eraketa.

1.– Osoko Bilkura behar bezala eratzeko, burua edo, bestela, haren ordezko lanak egingo dituen buruordea eta gutxienez kideen erdiak bildu beharko dute, ordezkari bidez bada ere. Osoko Bilkurako idazkaria bilkuran ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkarietatik zaharrenak egingo du haren lana.

2.– Euskadiko Garraio Agintaritzako kideek Agintaritzako beste edozein kide izendatu ahal izango dute beren ordezkari izateko, eta, beraz, buruak Osoko Bilkura behar bezala osatutzat jo beharko du kideen erdiak bertan badira, kideak berak nahiz ordezkari bidez.

3.– Ezin izango da gai-zerrendan ez datorren gairik eztabaidatu edo erabaki; hala egiteko, Osoko Bilkurako kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki, aztergaia presakoa dela.

16. artikulua.– Osoko Bilkurarako gaien inguruko eztabaidak eta bozketak.

1.– Bilkura hasteko, deiarekin batera banatutako aurreko bilkuretako akten gainean inork ezer esan nahi duenetz galdetuko du buruak. Inork oharrik egin nahi ez badu, onartutzat joko dira. Inolaz ere ezin izango da une horretan bertan aktetan jasotako akordioen edukia aldatu, eta errakuntza materialak edo egitezkoak bakarrik zuzendu ahal izango dira.

2.– Gai guztiak, gai-zerrendan ezarritako hurrenkerari jarraikiz eztabaidatu eta bozkatuko dira. Nolanahi ere, buruak eskubidea izango du gaien hurrenkera aldatzeko edo gairen bat zerrendatik kentzeko, baldin eta gai hori hobeto prestatu beharra dagoela iruditzen bazaio.

3.– Bertaratutakoen botoen erabateko gehiengoa beharko da erabakiak hartzeko.

17. artikulua.– Osoko bilkuretako aktak.

1.– Osokoaren bilera guztietako akta egingo du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek jaso behar dira: zeintzuk bildu diren, gai-zerrenda zein izan den, bilera noiz eta non izan den, eztabaidetan erabilitako argudio nagusiak eta zer erabaki den.

2.– Osoko Bilkurako kideren batek hala eskatzen badu, aktan, honako datu hauek ere azalduko dira: hartutako akordioak izandako kontrako botoak, abstentzioak eta horren arrazoiak edo aldeko botoa emateko arrazoiak. Kide guztiek eska dezakete, halaber, norberaren berbaldia edo proposamena osorik jasotzeko, baina, horretarako, berbaldiaren testu osoa aurkeztu behar dute, bilkura horretan bertan edo buruak jarritako epean. Testu hori aktan idatzi behar da, edo, bestela, horren kopia erantsi.

3.– Kideek boto partikularra eman dezakete idatziz, gehiengoaren erabakiarekin bat ez badatoz; hori egiteko berrogeita zortzi ordu izango dituzte, eta onartutako erabakian jasoko da.

18. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzako atalen eta txosten-batzordeen jarduteko modua.

Erregelamendu honen 11. eta 12. artikuluei jarraikiz sortutako atal eta txosten-batzordeen jardunbide-araubidea, horiek sortzeko erabakietan arautuko da. Hala arautzen ez bada, Erregelamendu honetan Osoko Bilkurarentzako ezarritako arauak aplikatuko dira, analogiaz.

19. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren ekintzen prozedura.

1.– Euskadiko Garraio Agintaritza Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako prozedurari lotuko zaio bere jardunean.

2.– Euskadiko Garraio Agintaritzak aztertu behar duen gaiak zuzenean ukitzen duen orok eskubidea izango du erakunde horrek entzun dakion. Buruaren bidez, Euskadiko Garraio Agintaritzak aztergai dituen gaietan gaitasun tekniko nabarmeneko organo eta pertsonak gonbidatu ahal izango dira Agintaritzari, hitzez nahiz

idatziz, gai horren inguruko informazioa emateko.

3.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren jarduna beste administrazio-organo batek izapideturiko administrazio-prozeduraren barruan sartzen denean edo izaera orokorreko xedapen bat egiteko denean, buruaren bidez, egoki irizten dituen aurrekari, txosten eta froga guztiak eskatu ahal izango dizkio beste organo horri, eta kasuan kasuko gaiaren inguruan gaitasun tekniko nabarmena duten erakunde eta pertsonen iritzia ere eskatu ahal izango du.

20. artikulua.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren txostenez.

1.– Euskadiko Garraio Agintaritzaren aholku-lanak egitekoan aurreko artikuluan ezarritako prozedura-arauak aplikatu beharraren kaltetan gabe, Agintaritzaren txostenak aginduzkoak eta ez-lotesleak izango dira, eta eskatzen direnetik aurrera hiru hilabeteko epean egin beharko dira. Nolanahi ere, txosten-eskarian, premiazko arrazoiengatik, txostena epe laburragoan egiteko ere eska daiteke.

2.– Txostena ez bada ezarritako epean egiten, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 83. artikuluan aurreikusitakoa aplikatu beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erregelamendu honetan araututa ez dauden kontuetan, Euskadiko Garraio Agintaritza Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari lotuko zaio.

Bigarrena.– Erregelamendu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala