Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2004ko uztailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3762

121/2004 DEKRETUA, ekainaren 15ekoa, Enpleguaren Euskal Kontseilua eta Enpleguaren Lurralde Kontseiluak sortzeko, arautzeko eta haien funtzionamendua ezartzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003-2006ko Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Plana onartu zuen 2003ko uztailaren 22ko bilkuran. Datozen urteetan Eusko Jaurlaritzak enpleguan eta formakuntzan burutuko duen jardunbidearen ardatza eta konpromisoa da plan hori. Plan horrek honako orientabide orokorrak jasotzen ditu, enplegu-politika aktiboak sustatzeko:

– Enplegu-politika Eusko Jaurlaritzak zuzendu behar du.

– Enplegu-politikak banan-banan langabetu bakoitzari egokitutako jarduera izan behar du.

– Enplegu-ekintzek elkar-loturik egon behar dute.

– Lehentasuna izango dute prebentziozko neurriek.

– Lanerako orientabidea enplegu-politikaren muina izango da.

– Sisteman sartzeko bide bateratua (leihatila bakarra) egongo da.

– Enplegu-politiketan kontuan hartuko dira kolektiboen beharrizanak, eta gizon-emakumeen arteko desoreken aurka jardungo da.

– Tokian tokiko ingurunean egokitu eta txertatuko dira.

– Politiken jardunbidean homogeneotasuna eta ekitatea erabiliko dira.

– Beste agente publiko batzuekin elkarlanean politika bateratuak bultzatuko dira, laneratzea eta gizarteratzea lortzeko.

– Enplegu-politikak enpresa-politikekin koordinatuko dira.

– Enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea bultzatuko da.

– Enplegu zerbitzu berezkoa sortuko da.

Enpleguaren Euskal Kontseiluak aintzat hartuko ditu orientabideok bere ekinbidean. Izan ere, 2003-2006ko Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planak jada jasotzen du Enpleguaren Euskal Kontseilua sortzea, enplegu-politika aktiboen alorrean hiru aldetako erakundeen arteko organo aholkulari eta bateratzaile gisa: Eusko Jaurlaritza, erakunde publikoak eta gizarte-eragileak.

Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planetik abiatuta, Enpleguaren Euskal Kontseilua bi mailatan egituratzen da:

– Izaera politikoa duen Enpleguaren Euskal Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoa eremutzat hartzen duena eta hiru alde besarkatzen dituena (administrazioa, ugazabak eta sindikatuak).

– Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Enpleguaren Lurralde Kontseiluak. Enpleguaren Euskal Kontseiluak dituen funtzio berberak dituzte, baina lurraldean lurraldeko eremura mugatua. Lurralde Kontseilu hauek erakunde teknikoak dira, hirualdekoak eta ez paritarioak.

Dekretu honen bitartez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita gelditzen dira bai Enpleguaren Euskal Kontseilua bai Enpleguaren Lurralde Kontseiluak; halaber, kontseiluon osaera eta funtzionamendua ezartzen da, kontseilukideen eskumenak finkatzen dira, eta honako funtzio hauek zehazten dira:

– Europako lan-merkatuaren egoerari buruzko informazioa aztertzea, bai eta bertan finkatzen eta aplikatzen diren politikak ere.

– Erakundeek ematen dituzten arauak aztertzea eta ebaluatzea, bereziki Enpleguaren Legea, Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planak (2003-2006) jasotzen duena.

– Erakundeei proposatzea, eta ebaluatzea, enpleguari lotutako ekimenak, esaterako: arau-garapenari buruzkoak, erakunde arteko kooordinazioiari buruzkoak (lehengo Enpleguko Institutu Nazionala –orain Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa– barne).

– Planaren koordinazio-bideak ebaluatzea eta berrikustea, eta hobekuntzak proposatzea.

– Enplegua sustatzeko erakundeen arteko hitzarmenen ondorioz sor daitezkeen kontzertazio-organoetan gerta daitezkeen aurrerapenak jarraitzea.

– Arloko batzarretan egiten diren proposamenak, bai Gobernu Zentralak egindakoak bai Eusko Jaurlaritzak egindakoak, aztertzea eta ebaluatzea.

– Enplegu-politika aktiboen jardunbide lerro nagusietan gomendioak eta hobekuntzak diseinatzea eta proposatzea, eta horien garapena ebaluatzea.

– Enpleguaren Lurralde Kontseiluek ematen dituzten txostenak aztertzea eta ebaluatzea.

– Enplegu- eta prestakuntza-programen segimendua egitea.

Jatorria Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planean (2003-2006) duen Enpleguaren Euskal Kontseilua sortzearen ondorioz, dekretu honek indargabetu egiten du aurreko maiatzaren 2ko 75/2001 Dekretua, Enpleguaren Euskal Kontseilua sortzen duena, zeinaren jatorria Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planean (2000-2003) baitzegoen.

Horrenbestez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko ekainaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
HELBURUA

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honen helburua da Enpleguaren Euskal Kontseilua eta Enpleguaren Lurralde Kontseiluak sortzea eta haien funtzioak, osaera eta funtzionamendua arautzea.

II. KAPITULUA
ENPLEGUAREN EUSKAL KONTSEILUA

2. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseilua.

Enpleguaren Euskal Kontseilua sortzen da enplegu-politika aktiboen alorrean hiru aldetako erakundeen arteko organo aholkulari, paritario, parte-hartzaile eta bateratzaile gisa: Eusko Jaurlaritza, erakunde publikoak eta gizarte-eragileak.

3. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluaren egoitza.

Enpleguaren Euskal Kontseiluaren egoitza Eusko Jarlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Gasteizko bulegoetan izango da.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Enpleguaren Euskal Kontseiluko lehendakariaren erabakiz bilkurak Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein lekutan egin ahalko dira.

4. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluaren funtzioak.

Hauek dira Enpleguaren Euskal Kontseiluaren funtzioak:

– Europako lan-merkatuaren egoerari buruzko informazioa aztertzea, bai eta bertan finkatzen eta aplikatzen diren politikak ere.

– Erakundeek ematen dituzten arauak aztertzea eta ebaluatzea, bereziki Enpleguaren Legea, Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planak (2003-2006) jasotzen duena.

– Erakundeei proposatzea, eta ebaluatzea, enpleguari lotutako ekimenak, esaterako: arau-garapenari buruzkoak, erakunde arteko kooordinazioari buruzkoak (lehengo Enpleguko Institutu Nazionala –orain Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa– barne).

– Planaren koordinazio-bideak ebaluatzea eta berrikustea, eta hobekuntzak proposatzea.

– Enplegua sustatzeko erakundeen arteko hitzarmenen ondorioz sor daitezkeen kontzertazio-organoetan gerta daitezkeen aurrerapenak jarraitzea.

– Arloko batzarretan egiten diren proposamenak, bai Gobernu Zentralak egindakoak bai Eusko Jaurlaritzak egindakoak, aztertzea eta ebaluatzea.

– Enplegu-politika aktiboen jardunbide lerro nagusietan gomendioak eta hobekuntzak diseinatzea eta proposatzea, eta horien garapena ebaluatzea.

– Enpleguaren Lurralde Kontseiluek ematen dituzten txostenak aztertzea eta ebaluatzea.

– Enplegu- eta prestakuntza-programen segimendua egitea.

5. artikulua.– Laguntza-baliabideak.

1.– Dagozkion funtzioak bete ahal izateko Enpleguaren Euskal Kontseiluak bere esku izango ditu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak enpleguaren arloan dituen baliabide eta euskarriak, bereziki Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren euskarria. Beraz, besteak beste, hauek baliatu ahal izango ditu:

– Lan-merkatuaren behatoki bat.

– Ebaluazio zerbitzu bat.

– Enpleguaren Lurralde Kontseiluek ematen dituzten txostenak.

2.– Lan-merkatuaren behatokiak honako eginkizunak izango ditu:

– Lan-merkatuari buruzko datuak biltzea (biztanleria, kolektiboak, lurralde-eremuak, ekoizpen-sarea), Planaren jardun-esparrua ongi ezagutzeko eta Europakoarekiko alderatu ahal izateko.

– Estatistika eragiketak proposatzea, Planaren jardun-esparrua hobeto ezagutzeko eta hartzen diren erabakiak oinarri sendoagoak izateko.

– Urtero txosten bat egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuaren berri jakiteko.

– Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planaren barruan Enpleguaren Euskal Kontseiluak agintzen dizkion beste eginkizun guztiak.

3.– Ebaluazio zerbitzuak honako eginkizunak izango ditu:

– Urtero txosten bat egitea, Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planaren helburuak zenbateraino bete diren jakiteko.

– Proposamenak egitea, erakundeen arteko koordinazioa hobetze aldera.

– Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planaren barruan Enpleguaren Euskal Kontseiluak agintzen dizkion beste eginkizun guztiak.

4.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluek aldian-aldiko txostenak (maiztasuna Kontseiluek berek zehaztuko dute) bidaliko dizkiote Enpleguaren Euskal Kontseiluari, horrek bere funtzioak egokiago bete ditzan.

6. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluaren atxikipena eta kideak.

Enpleguaren Euskal Kontseilua Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita egongo da, eta kide hauek izango ditu: kontseilu-burua, kontseilariak eta idazkaria.

7. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluaren burua eta bere eskumenak.

1.– Justizia, Lan eta Gizare Segurantza sailburua izango da Enpleguaren Euskal Kontseiluaren buru. Haren ordezko, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak jardungo du.

2.– Hauek dira Enpleguaren Euskal Kontseiluko buruaren eskumenak:

a) Kontseilua ordezkatzea, haren eleduna izango baita.

b) Bilkura ohikoak eta ohiz kanpokoak egiteko deialdia erabakitzea; baita horien gai-zerrenda zehaztea ere, kontseilariek aldez aurretik eta garaiz egindako eskariak kontuan harturik.

c) Bilkuretan buru izatea, bilkurak amaitzea, eta Kontseiluan gertatzen diren eztabaidak bideratzea.

d) Aktei oniritzia ematea.

e) Dekretu honetan xedatutakoa betetzen dela ziurtatzea.

f) Organo kolegiatu baten buruari berez dagozkion beste eginkizun guztiak.

8. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluaren kontseilariak eta beren eginkizunak.

1.– Hauek dira Enpleguaren Euskal Kontseiluaren kontseilariak.

a) Administrazio Publikoen aldetik:

– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren hiru ordezkari; kargu hauek alegia:

– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua. Haren ordezko, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak jardungo du.

– Enplegu eta Prestakuntza zuzendaria.

– Gizarte Ekonomiako zuzendaria.

– Enplegu eta prestakuntza alorrean ardura daukan foru diputatu bat, bere erakundearen ordezkari gisa. Aldundien ordezkaritza hori urtero txandakatuko da hiru Foru Aldundien artean. Lehenengo urtea langabetu gehien dituen lurraldeko aldundiari egokituko zaio; beraz, kontseilariaren izendapena Bizkaiko Foru Aldundiko foru-diputatuarekin hasiko da; horren aginte-aldia bukatutakoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua hasiko da, eta azken horrena bukatutakoan, Arabako Foru Aldundiko diputatuak jardungo du.

– Euskal Autonomia Erkidegoko udalen ordezkari bat. Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) izendatuko du.

b) Euskal Enpresarien Konfederazioaren (Confebask) bost ordezkari. Haien organo eskudunek izendatuko dituzte.

c) Erakunde eta konfederazio sindikalen bost ordezkari. Ordezkari horiek ordezkaritza handieneko erakunde eta konfederazio sindikaletakoak eta ordezkaritza handikoetakoak izango dira. Azken horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-batzordeetako kideen eta langileen artetik eta Herri-Administrazioetako era horretako organoetatik %10 edo gehiagoko ordezkaritza izan beharko dute.

2.– Hauek dira Enpleguaren Euskal Kontseiluko kontseilarien eginkizunak:

a) Garaiz jasotzea bilkuraren deialdia, bertako gai-zerrenda eta aztergai horien gaineko informazioa.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Galderak eta eskaerak egitea.

d) Esleitu zaizkion funtzioak ongi betetzeko behar duen informazioa lortzea.

e) Kontseilariei berez dagozkien gainerako funtzio guztiak.

9. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluko kideak izendatzea eta beren aginte-aldia.

1.– Behin dekretu hau indarrean jarri eta gero, Enpleguaren Euskal Kontseiluko kideak izendatuko dira.

2.– Enpleguaren Euskal Kontseiluko kideen izendapenak beste Enpleguaren Euskal Kontseilu berri bat osatu arte (enplegua sustatzeko erakunde arteko hurrengo plana onartzearen ondorioz) iraungo du. Horrek ez du kentzen, ordea, kontseilariak hurrengo kontseilu berrian berrizendatu ezin direnik.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, erakunde publikoek, Enpresarien Euskal Konfederazioak edo erakunde eta konfederazio sindikalek haien ordezkari gisa izendatu dituzten titular zein ordezkoak kendu eta beste batzuk jarri ahal izango dituzte. Izendatzen den pertsona berriak kendu dena ordezkatuko du harik eta aurreko paragrafoan adierazitako epeari dagokionez ordezkatuari gelditzen zitzaion denbora amaitzen den arte.

10. artikulua.– Ordezkoak.

Titularrekin batera, haiek ez daudenean eskubide osoz jarduteko, erakundeek, ugazabek eta sindikatuek titularren ordezkoak izendatuko dituzte.

Erakunde publikoek, Enpresarien Euskal Konfederazioak eta erakunde eta konfederazio sindikalek, bakoitzak bere ordezkari titularrak eta ordezkoak izendatzeko, idatziz bidali beharko dute horren komunikazioa Enpleguaren Euskal Kontseiluaren Idazkaritzara.

11. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluko kontseilari izateari uztea.

Enpleguaren Euskal Kontseiluko kontseilari izateari honelakoetan utziko zaio:

a) Kargu-uztea dagokion erakundeak, Enpresarien Konfederazioak (Confebask) edo erakunde eta konfederazio sindikalak erabakita.

b) Hautatua izatea eragin zuen kargua uzten badu.

c) Epaitegiko erabaki irmo baten bidez kargu publikoetarako desgaitzen bada edo aldi baterako kargu publikorik gabe uzten bada.

d) Karguari uko egiten badio.

e) Heriotza gertatzen bada.

12. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluaren idazkaria eta bere eginkizunak.

1.– Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzako Enplegu Zerbitzuko funtzionario arduraduna izango da Enpleguaren Euskal Kontseiluaren idazkaria.

2.– Hauek dira Enpleguaren Euskal Kontseiluko idazkariaren eginkizunak:

a) Kontseilu-buruaren aginduz, Enpleguaren Euskal Kontseiluaren bilkura-deialdiak egitea, bai eta kontseilu-kideentzako zitazioak ere.

b) Jasotzea Enpleguaren Euskal Kontseiluko kideen komunikazio-ekintzak, datu-eskaerak, zuzenketak edo jakingarriak diren beste edozein idazki.

c) Gaiak bideratzeko eta bilkuretako aktak idaztea eta baimena ematea.

d) Kontsulta eta irizpenen ziurtagiriak ematea.

e) Idazkariari berez dagozkion gainerako funtzio guztiak.

13. artikulua.– Enpleguaren Euskal Kontseiluaren funtzionamendua.

1.– Enpleguaren Euskal Kontseilua bilkura osoan arituko da. Kontseilu-buruak, kontseilariek eta idazkariak osatzen dute Osoko Bilkura.

2.– Osokoa lehenengo deialdian eratzeko behar den quoruma hauxe izango da: kontseilu-burua, idazkaria eta kideen erdia (kideen artean Administrazioaren ordezkariak, ugazabenak eta sindikatuenak nahitaez egon behar dute).

Osokoa bigarren deialdian eratzeko, nahikoa izango da Administrazioaren ordezkariren bat, ugazabena eta sindikatuena egotea.

14. artikulua.– Bilkuren, deialdien eta gai-zerrenden araubidea.

1.– Enpleguaren Euskal Kontseilua urtean gutxienez bi aldiz bilduko da ohiko izaeraz. Bilkura horiek ekitaldiaren lehenengo eta azkeneko hiruhilabetean egingo dira, edo kontseilu-buruak erabakitzen duenean.

Ohiko bilkurak kontseilu-buruak deituko ditu. Deialdia gutxienez hamabost egun lehenago egingo da, premiazko kasuetan salbu. Aurreko bilerako akta eramango da, bai eta gai-zerrenda, kideek egindako eskariak kontuan hartuta eginda. Eskariak, bestalde, bilera egin baino 48 ordu lehenago egin beharko dira.

2.– Kontseilua, halaber, ezohiko bilkuran ere bil daiteke, lehendakariak edo kideen heren batek gutxienez hala eskatuz gero. Deialdia egiten denetik hilabeteko epean egin beharko da gehienez. Ezohiko bileretako gai-zerrenda gutxienez astebete lehenago bidaliko zaie kontseiluko kideei. Presako arrazoiak daudenean, hala ere, gutxienez 48 ordu lehenago bidaliko zaie, betiere lehendakariak arrazoiak aztertu ondoren.

III. KAPITULUA
ENPLEGUAREN LURRALDE KONTSEILUAK

15. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluak.

Enpleguaren Euskal Kontseilua, lurraldeka, honela eratuko da: Enpleguaren Arabako Lurralde Kontseilua, Enpleguaren Bizkaiko Lurralde Kontseilua eta Enpleguaren Gipuzkoako Lurralde Kontseilua.

Enpleguaren Lurralde Kontseiluak sortzen dira enplegu-politika aktiboen alorrean hiru aldetako erakundeen arteko organo aholkulari, parte-hartzaile ez paritarioa gisa. Bertan ordezkaturik daude Eusko Jaurlaritza, erakunde publikoak eta gizarte- eta ekonomia-eragileak.

16. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluen egoitza.

Enpleguaren Lurralde Ordezkaritzen egoitza Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzaren lurralde ordezkaritzetan egongo da, lurraldean lurraldeko egoitzetan alegia.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Enpleguaren Lurraldeko Kontseiluko lehendakariaren erabakiz bilkurak Lurralde Kontseiluaren egoitzatik kanpoko edozein lekutan egin ahalko dira.

17. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluen funtzioak, laguntza-baliabideak eta bertan ordezkaturiko erakundeak.

Enpleguaren Lurralde Kontseiluen funtzioak eta laguntza-baliabideak dekretu honetako 4., 5.2 eta 5.3 artikuluetan Enpleguaren Euskal Kontseiluarentzat ezarritakoak dira.

Kontseilu hauetan honakoak egongo dira ordezkatuta: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, udalak, Enpleguko Institutu Nazionala eta gizarte- eta ekonomia-eragileak.

18. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluaren atxikipena eta kideak.

Enpleguaren Lurralde Kontseiluak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita egongo dira, eta kide hauek izango dituzte: kontseilu-burua, buruordea, kideak eta idazkaria.

19. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluaren burua eta bere eskumenak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Prestakuntza zuzendaria izango da hiru Enpleguaren Lurralde Kontseiluen buru.

2.– Hauek dira Enpleguaren Lurralde Kontseiluetako buruaren eskumenak:

a) Kontseiluak ordezkatzea, haien eleduna izango baita.

b) Bilkura ohikoak eta ohiz kanpokoak egiteko deialdia erabakitzea; baita horien gai-zerrenda zehaztea ere, kontseilariek aldez aurretik eta garaiz egindako eskariak kontuan harturik.

c) Bilkuretan buru izatea, bilkurak amaitzea, eta Kontseiluetan gertatzen diren eztabaidak bideratzea.

d) Dekretu honetan xedatutakoa betetzen dela ziurtatzea.

e) Organo kolegiatu baten buruari berez dagozkion beste eginkizun guztiak.

20. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluaren buruordea eta bere eskumenak.

1.– Enpleguaren Arabako Lurralde Kontseiluaren buruordea Arabako Foru Aldundiko enplegu edo prestakuntzaren alorreko zuzendari arduraduna izango da; Enpleguaren Bizkaiko Lurralde Kontseiluaren buruordea Bizkaiko Foru Aldundiko enplegu edo prestakuntzaren alorreko zuzendari arduraduna izango da, eta Enpleguaren Gipuzkoako Lurralde Kontseiluaren buruordea Gipuzkoako Foru Aldundiko enplegu edo prestakuntzaren alorreko zuzendari arduraduna izango da. Buruorde hau erakundeak izendaturiko kontseilarien arteko bat izango da (dekretu honen 21.1.b artikulua).

2.– Hauek dira Enpleguaren Lurralde Kontseiluetako buruordearen eskumenak:

a) Buruaren eskumen guztiak bereganatzea, buruaren kargua hutsik badago, gaixorik badago edo kanpoan badago.

b) Organo kolegiatu baten buruordeari berez dagozkion beste eginkizun guztiak.

21. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluetako kontseilariak eta haien eginkizunak.

1.– Honakoak izango dira Enpleguaren Lurralde Kontseiluetako bakoitzaren kontseilariak:

a) Eusko Jaurlaritzaren aldetik:

– Enplegu eta Prestakuntza zuzendaria.

– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzako bi teknikari.

b) Foru Aldundien aldetik:

– Enplegu edo prestakuntzaren alorreko zuzendari arduradun bat.

– Enplegu edo prestakuntzaren alorreko teknikari arduradun bat.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko udalen bi ordezkari. Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) izendatuko ditu.

d) Euskal Enpresarien Konfederazioaren (Confebask) bost ordezkari. Haien organo eskudunek izendatuko dituzte.

e) Erakunde eta konfederazio sindikalen bost ordezkari. Ordezkari horiek ordezkaritza handieneko erakunde eta konfederazio sindikaletakoak eta ordezkaritza handikoetakoak izango dira. Azken horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-batzordeetako kideen eta langileen artetik eta Herri-Administrazioetako era horretako organoetatik %10 edo gehiagoko ordezkaritza izan beharko dute, lurralde historiko bakoitzean.

f) Egailan-Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Akziokako Baltzu Publikoaren ordezkari bat.

g) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren ordezkari bat.

h) Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren bi ordezkari.

i) Asle-Euskadiko Lan Sozietateen Taldearen ordezkari bat.

j) Merkataritza ganberen ordezkari bat.

2.– Hauek dira Enpleguaren Lurralde Kontseiluetako kontseilarien eginkizunak:

a) Garaiz jasotzea bilkuraren deialdia, bertako gai-zerrenda eta aztergai horien gaineko informazioa.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Galderak eta eskaerak egitea.

d) Esleitu zaizkion funtzioak ongi betetzeko behar duen informazioa lortzea.

e) Kontseilariei berez dagozkien gainerako funtzio guztiak.

22. artikulua.– Enpleguaren Lurraldeetako Kontseiluko kontseilariak izendatzea eta beren aginte-aldia.

1.– Behin dekretu hau indarrean jarri eta gero, Enpleguaren Lurraldeetako Kontseiluko kontseilariak izendatuko dira.

2.– Enpleguaren Lurraldeetako Kontseiluko kontseilarien izendapenak beste Enpleguaren Lurraldeko Kontseilu berri bat (Eusko Jaurlaritzaren Jaurlaritzaren Kontseilauk enplegua sustatzeko erakunde arteko hurrengo plana onartzearen ondorioz) osatu arte iraungo du. Horrek ez du kentzen, ordea, kontseilariak hurrengo kontseilu berrian berrizendatu ezin direnik.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, erakunde publikoek, Enpresarien Euskal Konfederazioak, erakunde eta konfederazio sindikalek, Asle-Euskadiko Lan Sozietateen Taldeak eta merkataritza ganberek haien ordezkari gisa izendatu dituzten titular zein ordezkoak kendu eta beste batzuk jarri ahal izango dituzte. Izendatzen den pertsona berriak kendu dena ordezkatuko du harik eta aurreko paragrafoan adierazitako epeari dagokionez ordezkatuari gelditzen zitzaion denbora amaitzen den arte.

4.– Enpleguaren lurralde kontseilu ezberdinetan pertsona berak egon daitezke izendaturik kontseilari gisa.

23. artikulua.– Ordezkoak.

Titularrekin batera, haiek ez daudenean eskubide osoz jarduteko titularren ordezkoak izendatuko dituzte erakundeek, ugazabek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, Asle-Euskadiko Lan Sozietateen Taldeak eta merkataritza ganberek.

Erakundeek, ugazabek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, Asle-Euskadiko Lan Sozietateen Taldeak eta merkataritza ganberek, bakoitzak bere ordezkari titularrak eta ordezkoak izendatzeko, idatziz bidali beharko dute horren komunikazioa Enpleguaren Lurralde Kontseiluaren Idazkaritzara.

24. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluko kontseilari izateari uztea.

Enpleguaren Lurralde Kontseiluko kontseilari izateari honelakoetan utziko zaio:

a) Kargu-uztea dagokion erakundeak, Enpresarien Konfederazioak (Confebask), Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak edo erakunde eta konfederazio sindikalek erabakita.

b) Hautatua izatea eragin zuen kargua uzten badu.

c) Epaitegiko erabaki irmo baten bidez kargu publikoetarako desgaitzen bada edo aldi baterako kargu publikorik gabe uzten bada.

d) Karguari uko egiten badio.

e) Heriotza gertatzen bada.

25. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluen idazkariak eta beren eginkizunak.

1.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluen idazkariak lurraldean lurraldeko ordezkaritzako enplegu eta prestakuntza alorrean ardura daukaten funtzionario tekniko arduradunak izango dira.

2.– Hauek dira Enpleguaren Lurralde Kontseiluetako idazkarien eginkizunak:

a) Kontseilu-buruaren aginduz, Enpleguaren Lurralde Kontseiluaren bilkura-deialdiak egitea, bai eta kontseilu-kideentzako zitazioak ere.

b) Jasotzea Enpleguaren Lurralde Kontseiluetako kideen komunikazio-ekintzak, datu-eskaerak, zuzenketak edo jakingarriak diren beste edozein idazki.

c) Gaiak bideratzeko eta bilkuretako aktak idaztea eta baimena ematea.

d) Kontsulta eta irizpenen ziurtagiriak ematea.

e) Enpleguaren Euskal Kontseiluaren eskariz, Enpleguaren Lurralde Kontseiluek egindako txostenak bidaltzea bertara.

f) Idazkariari berez dagozkion gainerako funtzio guztiak.

26. artikulua.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluen funtzionamendua.

1.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluak bilkuran osoan arituko dira. Kontseilu-buruak, kontseilariek eta idazkariak osatzen dute Osoko Bilkura.

2.– Osokoa lehenengo deialdian eratzeko behar den quoruma hauxe izango da: kontseilu-burua, idazkaria eta kideen erdia (kideen artean Administrazioaren ordezkariak, ugazabenak eta sindikatuenak nahitaez egon behar dute).

Osokoa bigarren deialdian eratzeko, nahikoa izango da Administrazioaren ordezkariren bat, ugazabena eta sindikatuena egotea.

27. artikulua.– Bilkuren, deialdien eta gai-zerrenden araubidea.

1.– Enpleguaren Lurralde Kontseiluak urtean gutxienez bi aldiz bilduko da ohiko izaeraz edo kontseilu-buruak erabakitzen duenean.

Ohiko bilkurak kontseilu-buruak deituko ditu. Deialdia gutxienez hamabost egun lehenago egingo da, premiazko kasuetan salbu. Aurreko bilerako akta eramango da, bai eta gai-zerrenda, kideek egindako eskariak kontuan hartuta eginda. Eskariak, bestalde, bilera egin baino 48 ordu lehenago egin beharko dira.

2.– Kontseiluak, halaber, ezohiko bilkuran ere bil daitezke, lehendakariak edo kideen %25ek gutxienez hala eskatuz gero. Deialdia egiten denetik hilabeteko epean egin beharko da gehienez. Ezohiko bileretako gai-zerrenda gutxienez astebete lehenago bidaliko zaie kontseiluko kideei. Presako arrazoiak daudenean, hala ere, gutxienez 48 ordu lehenago bidaliko zaie, betiere lehendakariak arrazoiak aztertu ondoren.

IV. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

28. artikulua.– Aktak.

1.– Bilkura guztien aktak egingo dira. Bertan, partaideak, gai-zerrenda, aztertutako gaiak eta parte-hartzeen laburpena jasoko dira.

2.– Aktak idazkariak sinatuko ditu, kontseilu-buruak oniritzia emango die, eta Kontseiluaren hurrengo bilkuran onartu beharko dituzte Kontseiluko kideek.

3.– Bilkuren aktetan honakoak joasoko dira:

a) Bertaratutakoen izen-abizenak, arrazoirik eman gabe bertaratu ez direnenak eta arrazoia emanda agertu ez direnenak.

b) Bilkuraren tokia eta eguna.

c) Bilkura ohikoa edo ohiz kanpokoa den.

d) Bilkuraren gai-zerrenda.

e) Aztergaiak eta eztabaidetako puntu nagusiak.

4.– Kontseiluetako kideek nahi badute aktan beren parte-hartzeak hitzez-hitz jaso daitezen, ahoz adierazi beharko dute eskari hori, edo parte-hartzearen transkripzio literala idazkariari eman diezaiokete zuzenean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da Enpleguaren Euskal Kontseilua sortzen eta arautzen duen maiatzaren 2ko 75/2001 Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan jaso ez diren gorabeherei dagokienez, organo kolegiatuei buruz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.– Dekretua garatzea.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa ezarri eta betetzeko behar diren xedapenak emateko.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko ekainaren 15ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala