Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2004ko maiatzaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2586

AGINDUA, 2004ko maiatzaren 3koa, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuarena, hondakin inerteen isurtegiak ezartzea, handitzea edo aldatzea helburutzat dituzten inbertsioak burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Udalei, Mankomunitateei eta beste Toki Erakunde batzuei dirulaguntzak ematea arautzen duen Agindua 2004ko ekitaldian aplikatzeko egokitzen duena.

Abenduaren 27ko 8/2002 Legeak onartutako 2003. urteko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan aurrekontu-sail bat dago hondakin inerteen isurtegiak ezartzea, handitzea edo aldatzea helburutzat dituzten inbertsioak burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Udalei, Mankomunitateei edo beste Toki Erakunde batzuei dirulaguntzak ematera zuzendua.

Ildo honetan, 2003. urtean sail honek adierazitako dirulaguntzetarako deialdia egin zuen Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren 2003ko maiatzaren 14ko Aginduaren bidez. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 104. alean argitaratu zen, 2003ko maiatzaren 29koan.

Adierazitako 2003ko maiatzaren 14ko Aginduak indarrean jarraitzen du 2004. urtean aurrekontu luzapenaren ondorioz, hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntza eta dirulaguntzak arautzen dituzten zenbait xedapenen indarraldia luzatzeari buruzko abenduaren 23ko 317/2003 Dekretuan. Horrenbestez, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluan araututako luzamendu-erregimenaren arabera, 2004. urteari dagozkion dirulaguntzetarako deialdia egin daiteke.

Hori dela-eta, "Jaurlaritzaren Legeari" buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak ematen dizkidan eskumenekin bat etorriz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuarekin loturik, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Hondakin inerteen isurtegiak ezartzea, handitzea edo aldatzea helburutzat dituzten inbertsioak burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Udalei, Mankomunitateei edo beste Toki Erakunde batzuei dirulaguntzak ematea arautzen duen Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren 2003ko maiatzaren 14ko Aginduan (EHAAren 104. alea, 2003ko maiatzaren 29koa) aurreikusitako dirulaguntza deialdian partehartzeko 2004ko urteko eskabideak Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epearen barruan aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak helbide honetara bidali beharko dira: Ingurumen Sailburuordea, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila, Donostia-San Sebastián kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Sail horretako Erregistro Orokorrean edo Sail horren Lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira, bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein lekutan aurkeztuko dira.

2.– Eskabideekin batera Hondakin inerteen isurtegiak ezartzea, handitzea edo aldatzea helburutzat dituzten inbertsioak burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Udalei, Mankomunitateei edo beste Toki Erakunde batzuei dirulaguntzak ematea arautzen duen Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren 2003ko maiatzaren 14ko Aginduaren (EHAAren 104. alea, 2003ko maiatzaren 29koa) 7. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

3. artikulua.– Aurrekontu-hornidura.

2004ko ekitaldian Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematera zuzenduko den aurrekontu-hornidura gehienez ere bostehun mila (500.000) eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu partidaren kargura eta xedapen gehigarrian ezarritakoaren kalterik gabe.

4. artikulua.– Errekurtsoak

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuari hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, edo, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan adierazitako zenbateko osoa aldatu egin daiteke, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren aurrekontu luzatua betearaztean agortu gabe gera daitezkeen aurrekontu-erabilgarritasunen arabera, eta betiere laguntzak ebatzi aurretik. Honen berri Ingurumen sailburuordeak horretarako hartutako ebazpen baten bitartez emango da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 3a.

Lurralde Antolamendu 			 		eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala