Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2004ko maiatzaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2583

81/2004 DEKRETUA, maiatzaren 11koa, Alegria-Dulantziko (Araba) hirigune historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko egin zitzaion espedientetik bereizteko eta bere deklarazio propioa egiteko den Dekretua aldatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen kultura-ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Ekainaren 4ko 126/2002 Dekretuak (ekainaren 17ko EHAA, 113 zk.) Alegria-Dulantziko hirigune historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasuna izendatzeko deklarazioa bereiztu zuen, babes-erregimena ezarriz.

2003ko urriaren 29an Eusko Jaurlaritzako Erregistroan Alegria-Dulantziko Udalak bidalitako txosten teknikoari sarrera eman zitzaion. Txosten horretan, kale Nagusiko 33. zk.an den eraikinaren interes kulturala zehazteko eskatu zuen. Aipatutako eraikina ekainaren 4ko 126/2002 Dekretuaren oinarrizko babesa duten elementuen 3. zerrendan dago.

Udalak, eraikina larriki narriaturik zegoela iragarri zuen bere txosten teknikoan, eta, zentzu horretan, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek 2003ko abenduaren 12an egindako txostenean, eraikinak barrualdean interes kulturala galdu duela onartu zuten. Beraz, aipatu den Dekretuaren 3. zerrendaren aldaketa proposatu zuten, hau da, oinarrizko babesean fatxada baino ez mantentzea.

Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egin dituzten txostena eta proposamena ikusirik, eta uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultura Ondareari buruzko den Legeko 11. eta hurrengo artikuluekin bat etorriaz, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2004ko otsailaren 27ko Ebazpenaren bidez, Alegria-Dulantziko Hirigune Historikorako 126/2002 Dekretuak ezarri zuen babes-erregimenaren 3. zerrenda aldatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion, era berean jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidea emanez (martxoaren 29ko EHAA, 60 zk.).

Espedientea jendaurrean jartzeko izapidea eta interesdunen entzunaldia burutu, eta ez da alegaziorik aurkeztu epearen barruan.

Hori guztia dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen Legeari buruzko 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoari jarraituz eta Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, Kultura sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko maiatzaren 11ko bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Alegria-Dulantziko (Araba) hirigune historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko eta haren babes-araubidea onartzeko den ekainaren 4ko 126/2002 Dekretuan xedatutako babes-araubidearen 3. zerrenda aldatzea. Honekin batera doan eranskinean ezartzen da aldaketa hori.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.– Kultura Sailak Alegria-Dulantziko hirigune historikorako ekainaren 4ko 126/2002 Dekretuak ezarritako babes-araubidearen aldaketa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako sailkatutako kultura-ondasunen erregistroan inskribatuko du.

Bigarrena.– Kultura Sailak dekretu honen berri emango die Alegria-Dulantziko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari.

Hirugarrena.– Uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betetzearren, Kultura Sailak honako hau eskatuko dio Alegria-Dulantziko Udalari: udal-hirigintzako araudia hirigune historikoa babesteko araudiaren arabera egokitzea eta moldatzea.

Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak honen berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Udal-planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen ez zaion bitartean eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak aldeko txostena egiten ez duen bitartean, eraginda dauden eremuetan egin behar diren lanak dagokion foru-aldundiko organo eskudunek onartu beharko dituzte. Foru-aldundiaren baimena udalaren baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 29.1. artikuluak ezartzen duen moduan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari bi hilabeteko epean. Epeak dekretu hau azkenekoz argitaratu zen egunaren biharamunetik hasiko dira kontatzen.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko maiatzaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

ERANSKINA (81/2004 DEKRETUARENA)

126/2002 Dekretuaren III. eranskinean ezarri zen babes-araubidearen 3. zerrendari ematen zaion idazkera berria.

3. Zerrenda

(Oinarrizko babesa)

– Kale Nagusia, 1, 2, 3, 6, 9, 13, 21, 45 eta 47 erakinak; eta 33 eta 37 eraikinetako fatxadak.

– Gotorlekuko kalea, 1 eta 5 (fatxadak), 7 eta 8.

– Gotorlekuko malda, 1.

– Herriko Plaza, 3.

– Euskal Herria, 8.

– Arrabal, 10, 12, 14 eta 18.


Azterketa dokumentala