Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2004ko apirilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
2139

64/2004 DEKRETUA, apirilaren 6koa, zeinaren bidez onartu baita euskal autonomia erkidegoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna, eta iradokizunen eta kexen araubidea.

Urriaren 18ko 5/1996 Legeak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, herritarrek gizarte-zerbitzuetarako eskubidea dutela ezarri du, eta Eusko Jaurlaritzari ezarri dio Gutun bat egin eta onartzeko betebeharra; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak jasoko dituen gutuna.

Agindu hori betez, Dekretu honetan zerrendatu, definitu eta arautzen dira sistematikoki eskubide-betebehar horiek, zerbitzu horien erabiltzaile zein profesionalei dagozkie eta.

Funtsean, gizarte-zerbitzuetako profesional zein erabiltzaileei dagozkien bermeak sistematizatu egin nahi dira, gizarte-zerbitzuen alorrean aktiboki esku hartzen dutenei jarduteko irizpideak emateko, eskubide horiek benetan bete daitezen.

Arau horien ezinbesteko osagarri gisa, Dekretuak barne hartu ditu bere artikuluetan jasotako eskubideak erabili eta betebeharrak bete ahal izatea bermatzeko bideak, eta iradokizunak eta kexak aurkezteko prozedura arautu du.

Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, dagokien kontsulta-organoei entzun ondoren, Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko apirilaren 6an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaile eta profesionalei dagozkien eskubide eta betebeharren Gutuna ezartzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotako agindua betez.

2.– Era berean, dekretu honen xede da bide bat irekitzea pertsonek gizarte-zerbitzuen funtzionamenduan parte har dezaten, kexa eta iradokizunak aurkeztearen bitartez.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeak ezarri duenaren arabera, dekretu hau ondokoei aplikatzen zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko eta itundutako titulartasun pribatuko gizarte-zerbitzuetako erabiltzaile eta profesionalei.

2.– Itundutako titulartasun pribatuko gizarte-zerbitzuen kasuan, horiek sinatutako itunaren edukia Dekretu honek ezarritakoari egokituko zaio.

3.– Administrazioarekin itun bidezko loturarik ez duten titulartasun pribatuko gizarte-zerbitzuei dagokienez, dekretu honek izaera informatzailea izango du.

3. artikulua.– Definizioa eta interpretazioa.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, herritar oro da gizarte-zerbitzuetako erabiltzaile, baldin eta gizarte-zerbitzuak eskuratzea eskatu edo eskuratzen baditu, izaera horretako zerbitzu edo prestazioren baten zuzeneko onuradun gisa, horretarako ezarri diren bideak erabilita.

2.– Dekretu honen ondorioetarako, gizarte-zerbitzuetako profesional dira lanbide edo jardun profesionalaren xede gizarte-zerbitzuen sistemaren prestazioen kudeaketa edo gauzatzea dutenak.

3.– Dekretu hau eta bere geroko garapenak interpretatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean jasotako espiritua, oinarrizko printzipioak eta xedapenak, eta indarrean dagoen gainerako ordenamendu juridikoan xedatzen dena; bereziki, Giza Eskubideen Aldarrikapena (1948), Europako Gutun Soziala (1996), eta konstituzio-jurisprudentziak landutako terminologia eta definizioa.

4.– Hala bada, Dekretu honek jasotzen dituen eskubide eta betebeharrak egokitu egingo dira, erabiltzerakoan, ordenamendu juridikoak ezgaitasun-deklarazioari eta adingabetasunari buruz ezarri duenaren arabera.

4. artikulua.– Eskumena.

1.– Herri-administrazioei, euren eskumenen esparruan, eta gizarte-zerbitzuak ematen dituzten erakunde pribatuei dagokie dekretu honetan aldarrikatzen diren eskubideak erabili eta betebeharrak betetzeko baldintzak sustatzea, baita benetan men egiten zaiela begiratzea ere.

2.– Zerbitzu edo zentro bakoitzak izaera pribatu zein publikoa izan, zuzendaritza edo kudeaketaren ardura dutenei dagokie dekretu honetako xedapenetan jasotzen diren eskubideak errespetatzen direla zaintzea, betebeharrak bete eta betearaztea, eta dekretuaren IV. kapituluan aurrez ikusi diren iradokizun- eta kexa-bideetara benetan iritsi ahal izatea sustatzea, eskubideak erabili ahal izatearen berme gisa.

II. KAPITULUA
GIZARTE ZERBITZUEN ERABILTZAILEEN
ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
Lehenengo Atala

Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak

5. artikulua.– Duintasuna.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek duintasunerako eskubidea dute, eta halakotzat hartuko da pertsonen berezko balioa onartzea, edozein egoeratan, bakoitzaren norbanakotasunari eta beharrei zor zaien errespetu osoz.

2.– Eskubide horren erabilera eraginkorrak ondokoa dakarkie erabiltzaileei:

a) Errespeturik handienaz, gizalegez eta gogo onez onartuak izatea, hala ahozko harremanetan, nola, hala bada, eguneroko jardueretan aritzeko behar dezaketen laguntza fisikoan, eta tratu txar fisiko edo morala ekarriko duen tratu laidogarri edo lotsarazlerik ez jasotzea;

b) Banakako arreta jasotzea, norberari egokitutakoa;

c) dituzten beharrei eta, ahal den neurrian behintzat, zaletasun edo lehentasunei errespetu osoa ematea, kultura- eta erlijio-alderdiei begiratuz, batez ere; era berean, inongo diskriminaziorik ez jasatea sexua, sexu-orientazioa, egoera zibila, adina, arraza, sinesmena edo ideologia, gutxiengo etniko edo linguistikoren bateko partaide izatea, maila ekonomikoa, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala edo beste edozein gorabehera pertsonal edo sozialagatik.

d) Segurtasun- eta higiene-baldintza egokietan jasotzea arreta;

e) Arreta arrazoizko epeetan jasotzea, Dekretu honek ezarri dituen gehieneko epeak errespetatuz.

6. artikulua.– Pribatutasuna eta konfidentzialtasuna.

1.– Erabiltzaileek eskubidea dute pribatutasuna eta dagokien informazioaren konfidentzialtasuna errespeta diezazkieten.

2.– Pribatutasunerako eskubidetzat hartuko da pertsonak norbere intimitatea eta harremanetarakoa gordetzeko duena, zuzen-zuzenean eta berari bakarrik dagozkion gaietan inoren interferentziarik jaso gabe; horren barruan dago, jakina, bakoitzaren nortasunaren babesa, informazioaren tratamenduaren aurrean gordetzeko eskubidea dago eta.

3.– Konfidentzialtasunerako eskubidearen ondorioz, datu pertsonalak, dagokien espedientean edo edozein dokumentutan daudenak, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (datu pertsonalen babesari buruzkoak) aurrez ikusi duena erabat errespetatuz tratatu behar dira; horren barruan dago, halaber, profesionalek behar bezalako zuhurtziaz tratatzea gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileei buruz jakin dituzten datuak.

7. artikulua.– Autonomia.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek autonomiarako eskubidea dute, eta halakotzat hartuko da bakoitzak bere kasa jardun eta pentsatzeko duen aukera, nolabaiteko arrisku-maila kalkulatua hartzeko gogoa barne dela.

2.– Eskubide horren erabilera eraginkorrak ondokoa dakarkie erabiltzaileei:

a) Bakoitzak bere bizimodua aukeratu ahal izatea, zuzen edo zeharka eragiten dieten erabakietan parte hartu ahal izatea, eta bakoitzaren hautuak edo aukerak errespetatuak izatea;

b) Eragin diezazkieketen gai guztiei buruzko informazio osoa izatea, ulertzeko moduan idatzia, eta, hala bada, bakoitzaren premietara egokitua;

c) Jarduera, zerbitzu edo tratamenduetan parte hartzeari uko egin ahal izatea; nolanahi ere, informazio egokia eman beharko zaie aurretik, jarduera, zerbitzu edo tratamenduetan parte hartzeak ala ez hartzeak dakartzan eskubide, betebehar, abantaila, desabantaila edo arriskuei buruz.

d) Iradokizunak eta kexak aurkezteko bideetara iritsi ahal izatea, baita indarreko legeriak aurrez ikusitako errekurtso administratibo eta judiziala aurkezteko beste edozeinetara ere;

e) Zerbitzua utzi ahal izatea, hala nahi izanez gero.

8. artikulua.– Informazioa.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek informaziorako eskubidea dute, eta halakotzat hartuko da behar besteko informazioa eskueran izateko eskubidea, gizarte-babeserako sarearen -eta bereziki gizarte-zerbitzuen sistemaren- zerbitzu eta prestazioetara iristeko, ahalik eta egokien eta ondoen erabiltzeko moduan.

2.– Eskubide horren erabilera eraginkorrak informazio zehatza eta argia jasotzea dakarkie erabiltzaileei, ondokoak direla-eta:

a) Euren eskubideak eta betebeharrak;

b) Herri-administrazioek jarduera-alor honetan dituzten eskumenak;

c) Jarduera-alor honetan zer beharrei erantzuten zaien;

d) Eskueran dauden zerbitzuak eta prestazioak;

e) Zerbitzu eta prestazioetara iristeko bideak, eta, hala bada, horretarako behar diren formulario edo idazkiak;

f) Zerbitzuak eskuratu ahal izateko irizpideak;

g) Zerbitzuaren izaera edo mota, eta zerbitzuaren maiztasuna eta intentsitatea noraino aukera dezaketen;

h) Zerbitzuei ezarritako tarifak edo prezioak, eta horiek nola kalkulatzen diren;

i) Administrazio eskumendunek erabiltzailearen beharrak ebaluatu beharra, eta hala bada, arretarako norbanako plana egitea;

j) Larrialdirik gertatuz gero, eskueran izan ditzakeen zerbitzua, arreta-orduetatik kanpo, batez ere;

k) Arreta egiten dioten pertsonen izen-abizenak;

l) Zerbitzuek ikuskapenetan eta kalitate-ebaluazio berrienetan ateratako emaitzak;

m) Bere beharren ebaluazioaren emaitzak eta beharrizan horientzako egokien irizten zaien zerbitzu eta prestazio-sorta;

n) Bere espedientearen edukia. Gizarte-zerbitzuetako zerbitzu eta zentro publikoen kasuan, horietan dauden artxibo eta erregistroetara zabaltzen da eskubidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluak ezarri duenaren arabera.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den informazioak guztiz eskuragarri behar du, eta ondoko baldintzak beteko ditu horretarako:

a) Gizarte-zerbitzuetako profesionalek ahoz, egoki eta zehatz eman beharko dute;

b) Idatziz ere eman beharko da, foileto edo liburuxken bidez, baita erabiltzaileek izan ditzaketen premia bereziei egokituriko beste formatu edo euskarritan ere;

c) Norbanakoari edo pertsona bakoitzari dagokion informazioa denean, erraz ulertzeko moduan idatzitako dokumentuen bidez emango da.

4.– Artikulu honetako 2. paragrafoko a eta b idatz-zatiek aipatzen duten informazioak berehala eskuratzeko eta erabiltzeko moduan egon beharko du.

5.– Artikulu honetako 2. paragrafoko a eta j bitarteko idatz-zatiek aipatzen duten informazioak eskueran egon beharko du gizarte-zerbitzuetako zentro eta zerbitzuetan, artikulu bereko 3. paragrafoak aurrez ikusitako moduan.

9. artikulua.– Beharrak ebaluatzea.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek ondoko eskubidea dute: arrazoizko epe batean, euren beharren ebaluazioa egin dadin, premia horiei ondoen egokitzen zaizkien zerbitzu eta prestazioak eskuratu ahal izatea bermatzeko, hala bada.

2.– Erabiltzaileen beharrak ebaluatzeak honako hauek dakartza:

a) Erabiltzaileek euren beharrei eta horiei erantzuteko moduei buruz egiten duten deskripzioa kontuan hartzea;

b) Hala bada, laguntza emateko sare naturaleko zaintzaileek erabiltzailearen premiei eta horiei erantzuteko moduei buruz egiten duten deskripzioa kontuan hartzea;

c) Hala bada, laguntza emateko sare naturaleko zaintzaileek eman dezaketen laguntza kontuan hartzea, baita zer maiztasunarekin eman dezaketen eta laguntza hori emateko gaitasuna ere;

d) Hala bada, beste zerbitzu publikoren batzuk izan dezaketen informazioa eskatzea, erabiltzaileei behar gabeko eragozpenak eta administrazio-lanak birritan egitea saihesteko; beti ere, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren aurreikuspenak errespetatuta;

e) Erabiltzaileei informazioa ematea euren beharren ebaluazioan ateratako emaitzei buruz, gizarte-zerbitzuek esku hartzeko edo ez hartzeko proposamenaren arrazoiei buruz, eta, ebaluazio horren emaitzekin bat ez etorriz gero, kexa eta erreklamazioa egiteko bideei buruz.

3.– Erabiltzaileek eskubidea dutenez euren premiak ebalua diezazkieten, gizarte-zerbitzuek, eskubide hori bermatzeko, esku hartzeko arrazoizko epeen barruan burutu beharko dute euren jarduna, eta inolaz ere ez da gaindituko 7 egun balioduneko gehieneko epea lehen harremanaren eta gizarte-zerbitzuetako profesionalarekin izandako lehen elkarrizketaren artean, ezta 40 egun balioduneko gehieneko epea ere, elkarrizketaren eta ebaluazioaren amaieraren artean.

Premia larrietan, hasierako harremanaren eta ebaluazioaren amaieraren arteko aldiak inola ere ez du gaindituko 15 egun balioduneko epea, epe horretan izan daitezkeen oinarrizko beharrei berehala erantzuteko behin-behineko irtenbideak gauzatu behar badira ere.

10. artikulua.– Arretarako banakako plana.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek ondoko eskubidea dute: arrazoizko epe batean arretarako banakako plan bat izateko, ebaluazioan hautemandako beharrei egokitua; betiere, premia horiei erantzuteko esku-hartzeari ezinbesteko irizten bazaio, eta erabiltzaileak bere adostasuna ematen badu.

2.– Arretarako banakako plana egiteak berarekin dakar:

a) Plana idatziz diseinatzea, erraz ulertzeko moduan, eta, hala behar izanez gero, erabiltzaileen beharrizan bereziei egokituta;

b) Erabiltzaileei arreta egiteko banakako planaren kopia eskuratzea, eta erabiltzaileek baimena emanez gero, laguntza emateko sare naturaleko zaintzaileei ere;

c) Arretarako zerbitzuak, prestazioak eta pertsonak zehaztea, baita horietako bakoitzari dagokion zeregina eta esku hartzeko unea ere;

d) Erreferentziako profesional bat izendatzea, esku-hartzeen koordinazio egokiaz arduratuko dena;

e) Harremanetarako telefonoa adieraztea, estualdietan bertara jo ahal izateko;

f) Premien ebaluazioa eta arretarako banakako plana noiz berrikusiko diren zehaztea, egokiak diren egiaztatzeko; baita erabiltzaileei, eta, hala bada zaintzaileei, bide bat ematea berrikusteko prozedura horri hasiera eman ahal izan diezaioten aurrez ikusitako egunaz bestelakoan.

g) Hala bada, dagozkion tarifen zenbatekoa adieraztea, baita tarifa nola kalkulatu den eta ordaintzeko izan daitezkeen moduak ere.

3.– Erabiltzaileek eskubidea dutenez arretarako banakako plana izateko, gizarte-zerbitzuek esku hartzeko arrazoizko epeen barruan burutu beharko dute euren jarduna, eta inolaz ere ez da gaindituko 30 egun balioduneko gehieneko epea beharren ebaluazioaren amaiera eta arretarako banakako plana egiten amaitzearen artean.

4.– Arretarako banakako plan oro berrikusi ahal izango da kasuaren ardura duen erreferentziako profesionalak egoki irizten badio, erabiltzaileari arreta egokia bermatzeko. Era berean, erabiltzaileak eskatzen duen guztietan berrikusi beharko da, eta, nolanahi ere, urtean behin.

11. artikulua.– Zerbitzuaren kalitatea.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek ondoko eskubidea dute: eskueran dituzten zerbitzu eta zentroek baldintza materialak, funtzionalak eta langileen aldekoak bete ditzaten, aplikagarri zaizkien arauetan ezarritakoaren arabera.

2.– Eskubide hori benetan erabili ahal izango dela bermatzeko, erabiltzaileek ondokoak eskatu ahal izango dizkiete zerbitzuak ematen dituzten herri-administrazioei eta erakunde pribatuei:

a) Indarreko legeriak ematen dizkien zereginak bete ditzatela, baimenak emateari, erregistroari, homologazioari eta ikuskapenari dagokienez, eska dakizkiekeen baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak betetzen direla bermatzearren;

b) zerbitzuek bete beharreko baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak argitara eman ditzatela, erraz ulertzeko moduan idatzitako foileto edo liburuxketan, baita erabiltzaileek izan ditzaketen premia bereziei egokituriko beste formatu edo euskarritan ere;

c) Zerbitzuen kalitatea hobetzea bultza dezatela, barruko eta kanpoko ebaluazioak eginez;

d) Ikuskaritza- eta ebaluazio-prozeduretan ateratako emaitzak argitara ditzatela, herritarrek, oro har, eta erabiltzaileek, bereziki, gizarte-zerbitzuen funtzionamendu eta kostuaren berri izan dezaten, eta gizarte-zerbitzuei eska dakizkiekeen baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak betetzen diren ala ez jakin.

e) Erabiltzaileen gaineko erabakiak euren beharretan, eta ahal den neurrian, euren lehentasun edo zaletasunetan oinarrituz har ditzatela;

f) Baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak etengabeko berrikuspen-prozesuan daudela jotzea, beti hobetu daitezkeelakoan.

12. artikulua.– Parte-hartzea.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek parte hartzeko eskubidea dute. Halakotzat hartuko da zuzenean edo ordezkarien bidez esku hartzeko eskubidea, zuzen edo zeharka, banaka edo taldeka eragiten dizkieten erabakietan, eta erabiltzen dituzten gizarte-zerbitzuen antolamenduan eta funtzionamenduan.

2.– Eskubide hori benetan erabili ahal izango dela bermatzeko, erabiltzaileek euren esku dute:

a) Euren premien ebaluazioan parte hartzea, beharrizan horiek eta horiei erantzuteko zerbitzurik egokienak zeintzuk diren zehaztuz, euren iritziz.

b) Hala bada, ezarriko zaien arretarako banakako plana egiten parte hartzea;

c) Erabiltzen dituzten zerbitzuen antolamenduan eta funtzionamenduan parte hartzea, partaidetzarako organoen bidez;

d) Zerbitzuen antolamenduan eta funtzionamenduan parte hartzea, iradokizunak eta kexak aurkezteko prozeduren bidez;

e) Zentroen eta zerbitzuen funtzionamenduari buruzko salaketak aurkeztea, ikuskatze-prozedurari ekitea ala ez erabakitzeko eskumena duen organoak azter ditzan, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautu dituen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuarekin bat etorriz; prozedura horietan entzunaldia emango zaie, eta zerbitzuak aldian-aldian ebaluatzeko prozesuetan ere hartuko dute parte.

13. artikulua.– Eskubideak ezagutu eta defendatzea.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek euren eskubideak ezagutu eta defendatzeko eskubidea dute, eta horren ondorioz, informazioa izateko, parte hartzeko, iradokizunak eta kexak aurkezteko bideetara iristeko eskubidea, eskubideak benetan erabili ahal izateko

2.– Hori bermatzeko, erabiltzaileek ondokoak dituzte eskubide:

a) Idatziz eta ahoz informazioa jasotzea –bakoitzaren ulermenari egokituriko hitzekin, eta, hala behar izanez gero, premia berezietara egokituriko euskarri edo formatuarekin–, ondokoak direla-eta: dekretu honek aitortzen dituen eskubideak, dekretua aplikatzeko eta garatzeko arauetan jasotakoak, eta gizarte-zerbitzuetako zentro eta zerbitzuen funtzionamendurako estatutu eta arauetan ezarritakoak.

b) Hala bada, idatziz eskuratu ahal izatea arretarako banakako plana, eta plan horretan definitzen diren zerbitzuak jasotzeko modua eta baldintzak;

c) Beharrak edo premiak ebaluatzeko eta arretarako banakako plana lantzeko egiten diren elkarrizketetan, aholkua emateko gai den konfiantzazko pertsona baten edo gehiagoren laguntza izatea ala ez;

d) Dekretu honek arautu dituen iradokizun- eta kexa-prozedurei buruzko informazioa jasotzea, baita indarreko araudiak aurrez ikusi dituen errekurtsoei buruzkoa ere, horiek aurkezteko formularioak eskueran izatea, eta eskumena duen Administrazioarengandik erantzuna jasotzea, kasu bakoitzean egokitzen den epearen barruan;

e) Eskubideak defendatzeko konfiantzazko pertsona bat idatziz izendatzeko eskubidea, edo eginkizun horretarako ordezkaria izendatzeko eskubidea dutela informa diezaieten.

Bigarren Atala

Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen betebeharrak

14. artikulua.– Informazioa ematea.

Erabiltzaileek egiazko eta beharrezko informazioa eman behar diete gizarte-zerbitzuei, beharrak edo premiak ebaluatu, eta, hala bada, arretarako banakako plana egin dezaten.

15. artikulua.– Barne-araubidea betetzea.

Erabiltzaileek ezagutu eta bete egin behar dute baliatzen dituzten gizarte-zerbitzuetako zentro edo zerbitzuen antolamendua eta funtzionamendua erregulatzen dituzten arauek diotena.

16. artikulua.– Elkarbizitza-arauak betetzea.

Erabiltzaileek bete egin behar dituzte elkarrekin bizitzeko eta elkarri errespetatzeko arauak gizarte-zerbitzuen zentro eta zerbitzuetan.

17. artikulua.– Pertsonak errespetatzea.

1.– Erabiltzaileek errespetatu egin behar dituzte dekretu honek aitortzen dituen eskubide guztiak, eta bereziki, gizarte-zerbitzuen zentro eta zerbitzuetako gainerako erabiltzaileei eta profesionalei zor zaizkien duintasun eta pribatutasun eskubideak, baita, edozein arrazoi dela medio, eskuratu duten informazioaren konfidentzialtasuna gordetzekoa ere.

2.– Erabiltzaileek, beste erabiltzaileekiko eta profesionalekiko harremanetan, diskriminaziorik gabe jokatuko dute, sexua, sexu-orientazioa, egoera zibila, adina, arraza, sinesmena edo ideologia, gutxiengo etniko edo linguistikoren bateko partaide izatea, maila ekonomikoa, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala edo beste edozein gorabehera pertsonal edo sozialak direla eta.

18. artikulua.– Instalazioak errespetatzea.

Erabiltzaileek errespetatu eta behar bezala erabili behar dituzte gizarte-zerbitzuetako zentroetako ondasun higigarriak eta instalazioak.

19. artikulua.– Zerbitzu-datak errespetatzea.

Erabiltzaileek errespetatu egin behar dituzte eurei zerbitzua emateko esandako edota adostutako ordu-egunak, eta aurretiaz abisatu behar dute aurrez ikusitako datari ezin badiote eutsi, zerbitzuari eragozpenik ez sortzeko.

III. KAPITULUA
GIZARTE ZERBITZUEN PROFESIONALEN
ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
Lehenengo Atala

Gizarte-zerbitzuetako profesionalen eskubideak

20. artikulua.– Duintasunerako eskubidea.

1.– Gizarte-zerbitzuetako profesionalek, euren jardun profesionalean, duintasunerako eskubidea dute, hau da, pertsona gisa duten berezko balioa aitor diezaieten.

2.– Eskubide horren erabilera eraginkorrak berekin dakar errespeturik handiena, gizalegea eta gogo ona jasotzea, hala zerbitzuen arduradunengandik eta gainerako profesionalengandik, nola erabiltzaileengandik eta haien laguntzaileengandik.

21. artikulua.– Laneko eskubideak.

Gizarte zerbitzuetan diharduten profesionalek ondoko eskubide guztiak dituzte lan-eremuan edo funtzio publikoarenean: aplikatzeko diren legeriak eta hitzarmen kolektiboek edo lan-baldintzak arautzeko akordioek aitortzen dizkietenak.

22. artikulua.– Prestakuntza.

1.– Gizarte-zerbitzuetako profesionalek eskubidea dute hasierako informazioa eta orientabidea jasotzeko, zerbitzuaren edo zentroaren berezitasunetara errazago egokitu daitezen; era berean, etengabeko lanbide-heziketa jasotzeko eskubidea dute, jardunean dauden bitartean.

2.– Eskumena duten herri-administrazioek, sektoreko enpresa- eta sindikatu-erakundeekin batera, etengabeko prestakuntzarako planak eta beste neurri batzuk sustatuko dituzte, profesionalen birziklatzea ahalbidetu, ezagupenak hobetu, eta profesionalen gaitasunak hobeto egokitzeko arreta jasotzen duen biztanleriaren ezaugarriei eta sektorean egindako azterlan eta ebaluazioen emaitzei.

23. artikulua.– Parte hartzea.

1.– Gizarte-zerbitzuetako profesionalek parte hartzeko eskubidea dute.

2.– Eskubide hori benetan erabili ahal izango dutela bermatzeko, profesionalek bere esku dute:

a) Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak aurrez ikusi dituen aholku eta partaidetza organoetan edo/eta sor daitezkeen beste batzuetan parte hartzea.

b) Zerbitzu eta zentroen funtzionamenduari buruzko salaketak aurkeztea. Eskumena duen organoak aintzat hartu beharko ditu, eta ikuskapen-prozedurari ekitea ala ez erabaki, martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuak aurrez ikusi duenarekin bat. Dekretu horrek, gogoratu, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautu ditu.

24. artikulua.– Zerbitzuaren kalitatea.

1.– Gizarte-zerbitzuetako profesionalek ondoko eskubidea dute: beharrezko baliabideak eskueran izatekoa, zerbitzua arauek eskatzen dituzten kalitate-irizpideen arabera eman ahal izango dutela bermatzeko.

2.– Eskubide hori benetan erabili ahal izango dela bermatzeko, profesionalek ondokoak eskatu ahal izango dizkiete zerbitzuak ematen dituzten herri-administrazioei eta erakunde pribatuei:

a) Indarreko legeriak ematen dizkien zereginak bete ditzatela, baimenak emateari, erregistroari, homologazioari eta ikuskapenari dagokienez, eska dakizkiekeen baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak betetzen direla bermatzearren;

b) Zerbitzuari aplika dakizkiokeen baldintza material, funtzional eta langileei buruzkoen berri eman diezazkietela, behar bezala;

c) Lanbide-jardun egokiari buruzko eskuliburuak eskura diezazkietela, euren zereginak behar bezala betetzeko, eta erabiltzaileekiko, haien laguntzaileekiko eta gainerako profesionalekiko harremanetan zuzen jokatzeko jarraibideak erakusteko.

d) Zerbitzuen kalitatea hobetzea bultza dezatela, barruko eta kanpoko ebaluazioak eginez;

e) Ikuskaritza- eta ebaluazio-prozeduretan ateratako emaitzak argitara ditzatela, gizarte-zerbitzuen funtzionamendua, kostua eta dagozkien baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak betetzen diren ala ez jakin ahal izateko.

f) Baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak etengabeko berrikuspen-prozesuan daudela jotzea, beti hobetu daitezkeelakoan.

3.– Aurreko bi paragrafoetan ezarritakoak inola ere ez die gizarte-zerbitzuetako profesionalei zilegitasunik ematen esku-hartzeari uko egiteko.

Bigarren Atala

Gizarte-zerbitzuetako profesionalen betebeharrak

25. artikulua.– Lan-betebeharrak.

Gizarte-zerbitzuetan diharduten profesionalek ondoko betebehar guztiak dituzte, lan-eremuan edo funtzio publikoarenean: aplikatzeko diren legeriak eta hitzarmen kolektiboek edo enplegu-baldintzak arautzeko akordioek ezartzen dizkietenak.

26. artikulua.– Jakinarazi beharra.

Gizarte-zerbitzuetan diharduten profesionalek eskumena duen agintariari jakinarazi behar diote edozein gorabehera, baldin eta, profesionalen iritziz, eta eskueran dituzten balorazio-elementuez baliatuz, eskubideak urratzea ekar badezake, indarreko legerian aurrez ikusitakoaren arabera; bereziki, Adingabekoaren Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren arabera (Lege horrek Kode Zibila eta Prozedura Zibilari buruzko Legea ere aldatu zituen)

27. artikulua.– Gizarte-zerbitzuei buruzko arauak eta barne-araubidea betetzea.

Profesionalek ezagutu eta bete egin behar dituzte gizarte-zerbitzuen alorrean indarrean dauden arauak, eta, bereziki, lanean diharduten gizarte-zerbitzuetako zentro eta zerbitzuen antolamendua eta funtzionamendua arautzen dutenak.

28. artikulua.– Elkarbizitza-arauak betetzea.

Profesionalek bete egin behar dituzte elkarrekin bizitzeko eta elkarri errespetatzeko arauak, bai gizarte-zerbitzuak ematen dituzten zerbitzu eta zentroetan, bai euren jarduerekin zerikusia duen beste edozein tokitan ere.

29. artikulua.– Pertsonak errespetatzea.

1.– Profesionalek errespetatu egin behar dituzte dekretu honek aitortzen dituen eskubide guztiak, eta bereziki, gizarte-zerbitzuen gainerako profesionalei eta erabiltzaileei zor zaizkien duintasun- eta pribatutasun-eskubideak, baita eginkizunak betetzea zein beste edozein arrazoi dela medio eskuratzen duten informazio pertsonalaren konfidentzialtasuna gordetzekoa ere. Erabiltzaileari buruzko informazioa arduraz erabili beharko dute, baita hura eskuratzeko errespetuz jokatu ere, beharrezkoa dela justifikatuz eta erabiltzeko baimena eskatuz, esku-hartze koordinatuak eta eraginkorrak hala eskatzen duenean; hori guztia, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak aurrez ikusi duenaren arabera.

2.– Profesionalek beste profesionalekiko eta erabiltzaileekiko harremanetan, diskriminaziorik gabe jokatuko dute, sexua, sexu-orientazioa, egoera zibila, adina, arraza, sinesmena edo ideologia, gutxiengo etniko edo linguistikoren bateko partaide izatea, maila ekonomikoa, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala edo beste edozein gorabehera pertsonal edo sozialak direla eta.

3.– Profesionalek errespetatu egin behar dituzte erabiltzaileen edo haien legezko ordezkarien iritzi, irizpide eta erabakiak.

4.– Profesionalek parte hartzea erraztu behar diete erabiltzaileei, egin beharreko esku hartze profesionalaren definizioan.

5.– Erabiltzaile bat beste zerbitzu batera edo batzuetara bidali behar bada, profesionalak beti jokatuko du erabiltzailearen alde, esku-hartzeak jarraikortasuna izan dezan ahaleginduz.

30. artikulua.– Instalazioak errespetatzea.

Profesionalek errespetatu eta behar bezala erabili behar dituzte lanean diharduten gizarte-zerbitzuetako zentroetako ondasun higigarriak eta instalazioak, baita euren jarduerekin zerikusia duen beste edozein tokitakoak ere.

31. artikulua.– Irregularitateen berri ematea.

Profesionalek zerbitzuaren arduradunari jakinarazi behar dizkiote –edo, beharrezko irizten badiote, zerbitzua atxikita dagoen saileko arduradunari, edo ikuskaritza-eginkizuna bere eskumen duen unitateari- zentroaren funtzionamenduan, antolamenduan edo instalazioetan hautemandako irregularitateak.

32. artikulua.– Esku hartzeko egunak eta epeak errespetatzea.

1.– Profesionalek errespetatu egin behar dituzte erabiltzaileei esandako edota haiekin adostutako ordu-egunak, elkarrizketa egiteko edo zerbitzua emateko, eta aurretiaz abisatu behar dute aurrez ikusitako datari ezin badiote eutsi, erabiltzaileei alferrikako eragozpenik ez sortzeko.

2.– Profesionalek errespetatu egin behar dituzte arretarako banakako planek esku-hartzeetarako ezarri dituzten epeak, eta, betiere, Dekretu honek aurrez ikusi dituen gehienezko epeei jaramon egin.

IV. KAPITULUA
IRADOKIZUNAK ETA KEXAK AURKEZTU,
IZAPIDETU ETA EBAZTEA

33. artikulua.– Iradokizunak eta kexak.

1.– Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek aukera izan behar dute zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzeko, etengabe edo noizean behin, parte hartzeko bide formaletara jo beharrik gabe, iradokizunak eta kexak aurkeztearen bitartez. Parte hartzeko bide hori, halaber, beste pertsona batzuentzako ere egongo da irekita; alegia, zerbitzuen erabiltzaile izan gabe ere, zerbitzu horietara nolabait iristen direnentzat, dela bisitari edo laguntzaile gisa, dela euren lanbidea betez.

2.– Dekretu honen ondorioetarako, iradokizuntzat joko da zerbitzu baten dotazioaren, prozeduren, antolamenduaren, funtzionamenduaren edo lanbide-praktiken alderdiren bat aldatzeko proposamena; betiere, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko asmoz.

3.– Dekretu honen ondorioetarako, kexatzat joko da zerbitzu baten dotazioaren, prozeduren, antolamenduaren, funtzionamenduaren edo lanbide-praktiken alderdiren bat aldatzeko proposamena; hain zuzen ere, uste izateagatik aldatu nahi den alderdiak erabiltzaileek euren eskubideez baliatzeari kalte egiten diela, zuzen edo zeharka.

4.– Ez dira onartuko ondoko xedeak dituzten kexak:

a) Gizarte-zerbitzuen eskumenez kanpoko gaiak;

b) Gorabeherak edo ekintzak kexa aurkeztu eta hamabi hilabete baino lehenago gertatu badira, ondoko salbuespenekin: ondorioek irauten badute, edo ohiz kanpoko kasuak badira, duten larritasunagatik edo erabiltzaileei eragin diezazkieketen kalteengatik esku hartzeko bidea ematen dutenak;

c) Epai- edo administrazio-ebazpena izan duten jarduerak, halakoren baten zain daudenak, edo Administrazioan zein jurisdikzio-ordenan salatu direnak.

5.– Kexa onartu ezin delako deklarazioa arrazoi eta guztizkoa izango da beti, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ez onartzeko arrazoia aurreko paragrafoaren a idatz-zatian oinarritzen bada, organo eskumendunari bidaliko zaio kexa, eta erabiltzaileari ere jakinaraziko zaio hala egin dela.

34. artikulua.– Iradokizunak eta kexak aurkeztea.

1.– Erabiltzaileek ondoko bideak izango dituzte euren esku iradokizunak eta kexak aurkezteko:

a) Gizarte-zerbitzuetako zentro bakoitzean dauden iradokizun- eta kexa-kutxak; erraz ikusteko moduko lekuetan egongo dira, idatzizko eskariak uzteko eran;

b) Zeregin horietarako bereziki izendaturiko unitateak, erabiltzailearentzako arreta-unitate izenekoak; iradokizunak eta kexak aurkeztu nahi dituztenei arreta egiteko ardura izango dute, prozedurari buruzko informazioa emateko, eta eskaria erregistratu eta izapidetzeko, Dekretu honen 37. artikuluak aurrez ikusitakoaren arabera;

c) Iradokizunak eta kexak, postaz, posta elektronikoz edo faxez bidaltzeko aukera.

2.– Gizarte-zerbitzuetako zerbitzu eta zentro publikoei buruzko kexak eta iradokizunak zerbitzu edo zentro horietan bertan aurkeztu ahal izango dira, edo gizarte-zerbitzuen beste edozein zentro edo zerbitzu publikotan. Nolanahi ere, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aurrez ikusi dituen tokietan ere aurkeztu ahal izango dira.

35. artikulua.– Iradokizunak eta kexak bideratzea.

1.– Gizarte-zerbitzuetako profesionalek, iradokizunak edo kexak jasotzen badituzte, erabiltzailearentzako arreta-unitateetara bideratuko dituzte, eta interesatuei dagozkien formularioak eskuratuko dizkiete, baita unitate horretara iristeko behar diren azalpen edo ohar guztiak eman ere.

2.– Gizarte-zerbitzuetako zerbitzu edo zentro publikoren batean aurkeztutako kexa beste zerbitzu edo zentro publiko bati buruzkoa baldin bada, erabiltzailearentzako arreta-unitateak kexa erregistratu egingo du, eta kexa zer zerbitzu edo zentrori buruzkoa den, hango erabiltzailearentzako arreta-unitatera bidaliko du, izapidetu dezaten.

3.– Titulartasun pribatuko itundutako zerbitzu edo zentroren batean aurkeztutako kexak ez baldin badakar urratutako oinarrizko eskubidea bereoneratzea, erabiltzailearentzako arreta-unitateak kexa hori bidaliko dio eskumena duen herri-administrazioaren erabiltzailearentzako arreta-unitateari, izapidetu dezan.

36. artikulua.– Iradokizunak eta kexak aurkezteko modua.

1.– Gizarte-zerbitzuetako zerbitzu eta zentroek erabiltzaileen esku jarriko dituzte formularioak, erabiltzaileek egoki iritzitako iradokizunak edo kexak jar ditzaten diseinatuak; nolanahi ere, erabiltzaileek euren esku izango dute, iradokizun-kexa horiek idatziz, beste euskarri batean, edo ahoz aurkeztea.

2.– Aurreko paragrafoak aipatutako formularioek gizarte-zerbitzuetako zerbitzu eta zentro guztien harrera-lekuetako erakusmahaietan eta, hala bada, itxarongeletan egon beharko dute, eskuragarri.

3.– Formulario horien idazkera argia izango da, hizkuntza errazean egina, eta erabiltzaile guztiek ulertzea errazteko moduko formatu eta euskarritan egongo dira.

4.– Iradokizunak edo kexak gizarte-zerbitzuen zerbitzu edo zentro publikoetan aurkezten badira, edozein bide erabili ahal izango da, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoak barne, benetakotasuna egiaztatzeko modua bada, betiere. Hori dela-eta, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 45. artikuluak xedatu duena aplikatuko da.

37. artikulua.– Erabiltzailearentzako arreta-unitatea.

1.– Gizarte-zerbitzuetako zentro edo zerbitzu bakoitzari izendatuko zaio erabiltzailearentzako arreta-unitate bat, iradokizunak eta kexak jaso eta izapidetzeko ardura izango duena. Izendapen hori gizarte-zerbitzuetako zentro edo zerbitzu beraren barruko unitateren bati egokitu dakioke, edo unitate horretaz kanpoko bati; kasu bietan, dagoeneko badiren unitateak izan daitezke, baina, betiere, dituzten zereginak, izaeraz eta profesionalen eta erabiltzaileen arteko harreman-motaz, bateraezinak ez badira iradokizunak eta kexak izapidetzeko eginkizunarekin. Unitate horiek pertsona bakarrekoak izan daitezke.

2.– Erabiltzailearentzako arreta-unitateek ondoko eginkizunak izango dituzte:

a) Eskatzen duen orori beharrezko informazio guztia ematea iradokizuna edo kexa aurkeztu ahal izateko; hala bada, dagokion formularioa betetzen laguntzea horretarako zailtasuna erakusten duten erabiltzaileei;

b) Aurkezten den iradokizun eta kexa orori arreta egitea, eta tramitazioa eta bultzada ematea;

c) Hala bada, administrazio- edo jurisdikzio-errekurtsoen bidea aukeratzea komenigarriago izan daitekeela jakinaraztea;

d) Iradokizuna edo kexa dagokion zerbitzuari helaraztea, izapidetu dezan, bezeroarentzako arreta-unitateak, iradokizun edo kexa hori hartu ondoren, administrazio-errekurtso irizten badio;

e) Erabiltzaileek zerbitzuaren edo zentroaren kalitateari buruz duten iritziaren berri izaten ahalegintzea, elkarrizketak eginez edo galdetegiak bidaliz. Zuzendaritzari ere eman beharko zaio horren berri.

38. artikulua.– Iradokizunak izapidetu eta ebazteko prozedura.

1.– Erabiltzailearentzako arreta-unitateak ondoko erantzukizunak ditu: iradokizunak aztertu, bideragarritasuna zehaztu eta dagokion proposamena zerbitzuko edo zentroko Zuzendaritzari helaraztea. Horretarako, zentro edo zerbitzuko beste erabiltzaile edo profesional batzuen iritzia ere eska dezake, eta, hala bada, partaidetza-organoei kontsultatu, baita beste erakunde edo instantziara batzuetara jo ere, jarduteko jarraibide deontologikoei buruzko aholkurik behar izanez gero.

2.– Aurkeztutako iradokizunei emandako erantzuna erabiltzaileari edo erabiltzaileei jakinarazi behar zaie, 30 balioduneko epearen barruan, gehienez ere, proposamena jaso zenetik kontatzen hasita.

3.– Iradokizunak onartzearen ondoriozko aldaketak onartu eta berehala, bidezko izapideak hasiko dira ondokoak aldatzeko, hala bada: zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko araudia eta zerbitzuaren erabiltzaile eta profesionalen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua.

4.– Zerbitzu bakoitzak artxibo bat osatu behar du betetako iradokizun-formularioekin, eta horietako bakoitzaren edukia jaso egingo da horretarako erregistro batean, ondokoak adierazita: eskatzailearen nortasuna, aurkezpenaren eta ebazpenaren datak, azterketan parte hartu dutenen nortasuna, eta onartu den ala ez.

39. artikulua.– Kexak izapidetu eta ebazteko prozedura.

1.– Kexa aurkeztu zaion erabiltzailearentzako arreta-unitateak ondoko erantzukizuna du: kexa jaso duela adierazita uztea, erregistro-zenbakia eta sarrera-data agerian jarrita.

2.– Kexa hartu duen erabiltzailearentzako arreta-unitatea kexa izapidetzeaz arduratuko da, eta 20 egun balioduneko epea izango du horretarako, gehienez ere. Izapidetzeak, bestalde, ondoko jarduerak har ditzake:

a) Bitartekotza-proposamenak egitea, kexaren gaiaren izaerak horretarako bide ematen badu, eta kexa aurkeztu duenak hala onartzen badu. Halakoetan, ahozko jakinarazpenaren bidez eman ahal izango zaio amaiera izapidetzeari; betiere, zerbitzuaren jarduerek eta emandako azalpenek guztiz gogobete badute erreklamazioa aurkeztu duen erabiltzailea.

b) Kexaren gai diren egintzak eta gertakariak zehatz-mehatz ikertzea, zerbitzu edo zentroaren zuzendaria edo arduraduna aintzat hartuta betiere. Halakoetan, txostena egin beharko da, datu aipagarri edo esanguratsuak jasota, eta interesgarritzat jotako frogak erantsita.

c) Planteaturiko gatazka konpontzeko hartu beharreko neurriak proposatzea.

3.– Izapidetzea bukatu ondoren, erabiltzailearentzako arreta-unitateak jarduera guztiak helarazi beharko dizkio Zerbitzu edo Zentroaren zuzendari edo arduradunari.

4.– Kexa aurkeztu eta 30 egun balioduneko epean, dagokion zerbitzu edo zentroko zuzendari edo arduradunak jakinarazpen idatzia bidali beharko die interesatuei, aurkeztu duten kexa zer izapidetan dagoen adierazteko, eta, hala balitz, hartutako irtenbidearen berri emateko, erabakia egokitzat jotako arrazoi edo kontsiderazioetan oinarrituz. Era berean, zuzenean ukitutako langileei ere bidali beharko zaie jakinarazpena, hartutako irtenbidearen berri emateko.

Ahozko jakinarazpena erabili ahal izango da jakinarazpen idatziaren ordez, zerbitzuaren jarduerek eta emandako azalpenek guztiz gogobete badute erreklamazioa aurkeztu duen erabiltzailea

5.– Kexetan jasotako egintzak egiaztatu ondoren, zerbitzu edo zentroko zuzendari edo arduradunak beharrezko neurriak hartuko ditu, azaldu diren irregularitateak konpontzeari ekiteko.

6.– Kexa izapidetzearen ondorioz agerian geratzen bada egintzak oso larriak direla, administrazioko arau-hausteren bat izan daitekeela edo dekretu honetan jasotako eskubideak urratu egin direla, erabiltzailearentzako arreta-unitateak kasu bakoitzean ikuskatzeko eskumena duen administrazio-unitateari helaraziko dizkio ordura arteko jarduketak.

Era berean, egoki irizten dion guztietan, ikuskaritza-eginkizunez arduratzen den administrazio-unitateak jarduketak bidaltzea eskatu ahal izango dio erabiltzailearentzako arreta-unitateari, baldin eta kexagairen baten berri izan badu.

7.– Langileen jardueren edo jarreren aurkako kexak ezar daitezkeen diziplina-arau berezien arabera ebatziko dira, egintzek erakar ditzaketen erantzukizunen kaltetan gabe.

8.– Erabiltzailearentzako arreta-unitateak artxibo bat osatu behar du betetako kexa-formularioekin, baita izapidetzerakoan sortutako dokumentazioarekin ere, eta horien edukia zehatz-mehatz jaso beharko du horretarako erregistro batean, ondokoak adierazita: erreklamazioa egin duenaren nortasuna, aurkezpenaren data, kexaren xedea, kexa ebazteko erabilitako prozedura, eta ebazpenaren edukia eta data. Dokumentazio hori ikuskaritza-eginkizunez arduratzen den administrazio-unitatearen esku utzi beharko da, hark eskatzen baldin badu, ikuskaritza-eginkizuna behar bezala bete ahal izan dezan, martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuaren 38.2.c eta 45 artikuluek aurrez ikusi dutenaren arabera. Dekretu horrek, gogoratu, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautu ditu.

40. artikulua.– Erreklamazioa egiteko beste bide batzuk.

Kexak aurkezteak ez du administrazio- edo jurisdikzio-errekurtsoaren prozedura-bidea ordezkatzen, ezta indarreko legeriak xedaturiko beste edozein erreklamazio-bidea erabiltzeko finkatu diren legezko epeak eteten ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.– Gizarte-zerbitzuetako zerbitzu edo zentro mota bakoitza erregulatzeko arauak.

Administrazioaren baimena jasotze aldera, gizarte-zerbitzuetako zentro eta zerbitzuei eskatzen zaizkien betebehar materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak erregulatzen dituzten arauek ondokoak ere arautuko dituzte: erabiltzaileei eta profesionalei dagozkien eskubide eta betebeharrak, zerbitzu bakoitzaren izaeraren arabera, eta Dekretu honetan azaltzen direnak errespetatuz, betiere.

Bigarrena.– Gizarte-zerbitzuetako profesionalek iradokizunak eta kexak aurkeztea.

Gizarte-zerbitzuetako profesionalek aukera izango dute dekretu honetan arautzen diren prozedurak erabiltzeko, zerbitzuaren antolamenduan eta funtzionamenduan izan daitezkeen akatsei buruzko iradokizun eta kexen bidez.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Gizarte-zerbitzuetako zerbitzu eta zentroak dekretu honen aurreikuspenetara egokitzea.

Gizarte-zerbitzuetako zerbitzu eta zentroek urtebeteko epea izango dute, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, euren instalazioetan, antolamenduan eta funtzionamenduan aldaketak egiteko, hala egokitzen bada, behintzat, dekretuan aurrez ikusitako xedapenak errespetatzen direla bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Araudizko garapena.

Esku ematen zaio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko apirilaren 6an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala