Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2004ko martxoaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1358

EBAZPENA, 2004ko otsailaren 16koa, Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, asoziazionismoa sustatzeko eta emakumeek Euskal Autonomia erkidegoko esparru guztietan duten parte hartzea bultzatzeko diru-laguntzak arautzen dituen Ebazpena egokitzeko dena, 2004ko jardunaldian aplikatu ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen testu bategineko IX. tituluaren babesean, abenduaren 23ko 317/2003 Dekretua eman zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten xedapen batzuen indarraldia luzatzeari buruzkoa. Horiek 2004. ekitaldian aplikatu ahal izateko, epeak, baldintzak eta betekizunak egokitu ditzakete Jaurlaritzak, sailek eta erakunde autonomoek.

2003. ekitaldian, Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren apirilaren 15eko Ebazpena eman zen, Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan emakumeen elkarte-mugimendua sustatzeko eta haien partaidetza bultzatzeko 2003. urtean diru-laguntzak arautzen dituena, eta EHAAren 91. zenbakian, maiatzaren 12koan, argitaratu zena. Horrenbestez, bidezkoa da epe eta baldintza batzuk aldatzea, aipatutako ebazpena 2004. ekitaldian aplikatu ahal izateko.

Horren arabera, honako hau

XEDATU DUT

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

2003ko apirilaren 15eko Ebazpenaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan emakumeen elkarte-mugimendua sustatzeko eta haien partaidetza bultzatzeko diru-laguntzak arautu dira. Bada, 2004ko ekitaldian, Ebazpen horrek ezarritako laguntza-deialdira biltzeko eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

Ebazpen honetan zehazten diren laguntzen eskatzaileek Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari zuzenduko dizkiote eskabideak, 2003ko apirilaren 15eko Ebazpenaren eranskinetan jasotzen diren ereduen arabera eta eskatutako dokumentazioarekin batera (Manuel Iradier kalea, 36, (01005) Vitoria-Gasteiz). Aipatutako 2003ko apirilaren 15eko Ebazpena eranskinean agertzen da. Eskaerak zuzenean zein azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, aurreikusitako edozein modutan egingo dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Ebazpen honetan araututako laguntzak finantzatzeko berrehun eta laurogeita hemeretzi mila (299.000,00.-) euro erabiliko dira Aurrekontuaren IV. Kapituluan esleitu diren kredituak zehazten dituzten mugen barruan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio bidea. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Ebazpena aldizkari ofizial horretan argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 16a.

Zuzendaria,

TXARO ARTEAGA ANSA.


Azterketa dokumentala