Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2004ko martxoaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
1208

33/2004 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, erlezaintza antolatzeari buruzkoa.

Erlezaintzaren sektorea oso garrantzitsua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ekoizpenean. Izan ere, batzuek erlezaintza lanbide ez badute ere, beste askok bai, modu profesionalean baitihardute erlezaintzan.

Nekazaritzari oro har, erle-ustiategiek onura handia ekartzen diote: landareak polinizatzeko prozesuan laguntzen dute erleek eta emankortasun txikia duten lurretan edo lur antzuetan berez sortzen diren lore-baliabideak aprobetxatzen laguntzen dute. Horri lotuta, esan behar da onurarik garrantzitsuena, zeharka bada ere, polinizazioa dela: koloniak erlauntzetan behar bezala jarriz gero, sasoian sasoian lur-landuetara eroan daitezke, loraldietan polinizazio beharra dagoenean, eta gero, helburua lortuta, jatorrizko lekura itzuli daitezke; horrela, fruituen eta hazien ekoizpena handitu egingo da eta eztiaren uzta ere bai. Horregatik, hain justu, erlezaintza estu-estu loturik dago trantsumantziarekin. Horrek guztiorrek justifikatzen du erlezaintza erregulatu beharra. Izan ere, erlauntzak identifikatzeko sistema homogeneo bat jarriko da, eta horri esker, azkar eta zuzen ikusiko da zein ustiategitakoak diren.

Horren haritik, Europako Erkidegoaz ari garela, eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea erregulatzen duten arau batzuk eman dira, hala nola, Kontseiluaren 1997ko ekainaren 25eko 1221/97 Erregelamendua (EE), zeinak eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko neurriak aplikatzeko arau orokorrak ezarri baitzituen; erregelamendu horren xedapenak Batzordearen 1997ko azaroaren 20ko 2300/97 Erregelamenduaren (EE) bidez aplikatzen dira. Kontseiluaren uztailaren 13ko 92/65/CEE Zuzentarauak, bestalde, erleen komunitatean trukeak eta inportazioak egiterakoan bete behar diren osasun arloko baldintzak ezarri zituen.

Estatuak, bestalde, erleen ustiategiak antolatzeko arauei buruzko otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretua eman zuen Konstituzioaren 149.1.13.8 eta 149.1.16 artikuluetan agindutakoarekin bat etorriz, artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen baitiote jarduera ekonomikoren plangintza orokorra koordinatzeari eta horri buruzko oinarriei dagokienez eta osasun arloa oro har koordinatzeari eta horri buruzko oinarriei dagokienez.

Dekretu hau prestatzerakoan aholkua eskatu zaie Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiei eta sektorea ordezkatzen duten elkarte eta erakunde profesionalei.

Ondorioz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta, Aholku Batzorde Juridikoari entzunda eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko otsailaren 10ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua eta aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko erle-ustiategiak antolatzea da dekretu honen helburua.

2. artikulua.– Erle-ustiategien erregistroa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden erle-ustiategi guztiek erle-ustiategien erregistroan inskribatu beharko dute, dekretu honen 9. artikuluaren 4. idatz-zatian agindutakoa gorabehera. Erregistro bana sortuko da lurralde historikoetako foru-organoetan. Ustiategien titularrek erregistratzeko eskabidea aurkeztu beharko dute lekuan lekuko foru aldundiko abeltzaintza zerbitzuan, dekretu hau indarrean jarri, eta hiru hileko epean. Eskabidearekin batera, alderdi hauek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Ustiategiaren titularraren datu pertsonalak.

b) Ustiategiari buruzko datuak, 3. artikuluan aipatzen diren kategorien arabera.

c) Ustiategia identifikatzeko datuak, dekretu honen 4. eta 6. artikuluetan agindutakoari jarraituz; dituzten erlauntzak eta kokalekuak zehaztu beharko dituzte.

d) Zenbat erlauntz dituzten eta zein motatakoak diren.

e) Kokapena: lekuaren izena eta zehaztapen kartografikoa adierazi beharko dira.

2.– Ebazteko epea hiru hilekoa izango da, eskabidea dagokion erregistroan sartu, eta hurrengo egunetik zenbatuta. Epe horretan ebazpen adierazirik ematen ez bada, eskabideak baietsi egin direla esan nahiko du.

3.– Erregistroan jasotako daturen bat aldatuz gero, erle-ustiategien titularrak dagokion erle-ustiategien erregistroari jakinarazi beharko dio. Bereziki, holakoren bat gertatzen bada:

a) Titularitatea aldatzen badu.

b) Kokalekua aldatzen badu.

c) Ustiategiko erlauntz eta erletegi kopurua eta mota aldatzen baditu.

d) Erlezaintzan aritzea eteten badu.

e) Erlezaintzan aritzeari uzten badio.

4.– Aldaketak 15 eguneko epean jakinarazi beharko dira, aldaketa egiteko arrazoia gertatu den egunetik hasita; edonola ere, erlauntzen trantsumantziak hasi baino lehen jakinarazi beharko dira. Hala ere, erregistroan dauden datuak eguneratuta daudela egiaztatuko dute foru aldundietako organo eskudunek.

3. artikulua.– Erle-ustiategien sailkapen zooteknikoa.

Erle-ustiategien sailkapena:

a) Ekoiztekoak: eztia eta beste erle-produktu batzuk ekoizteko dira (EK).

b) Aukeratu eta haztekoak: batez ere erleak aukeratu eta hazten dituzten erle-ustiategiak dira (AH).

c) Nekazaritza-lurrak polinizatzekoak: nekazaritzako-alorrak polinizatzeko erabiltzen dira batez ere (NP).

d) Natura-ingurunea polinizatzekoak: basa-flora polinizatzeko erabiltzen dira batez ere, ingurune osoaren balio ekologikoa indartzen baita horrela (NP).

e) Mistoak: aurreko sailkapenetan jasotako jarduerak txandakatu egiten dituzte, batean edo bestean gutxi gorabehera berdintsu jardunez (MS).

f) Beste batzuk: aurreko idatz-zatietako sailkapenetan sartzen ez direnak (BB).

4. artikulua.– Ustiategi-kodea.

Erle-ustiategi bakoitzari ustiategi-kode bat emango zaio, zeinak zenbaki-sekuentzia hau izango baitu:

a) Bi digitu, lurralde historikoari dagozkionak.

b) Hiru digitu, udalerriari dagozkionak.

c) Hiru digitu, entitateari dagozkionak.

d) Serieko lau digitu udalerri bakoitzeko, ustiategiari dagozkionak.

5. artikulua.– erlauntzen identifikazioa.

1.– Ustiategiaren titularraren ardura izango da erlauntz guztiak behar bezala identifikatuta egotea. Identifikazioa ondo ikusteko moduko leku baten jarri beharko da, erraz ulertzeko moduan, eta aurreko artikuluan esandako ustiategi-kodea eduki beharko du.

2.– Identifikazio-marka ugalketa-kamararen aurrealdean edo atzealdean jarri beharko da, agerian beti; estalkia ixtea ez du eragotziko; plastikozkoa izango da, horia; neurria: 46 x 50 mm; 14 x 4 mm-ko torloju baten bidez erlauntzari itsatsita egongo da.

3.– Dekretu honen arabera ezarritakoaren arabera eta ustiategien sartzen diren unean bertan identifikatu beharko dira erlauntz guztiak, alegia: erlauntz berriak, materiala ordezkatzeko sartzen direnak eta ustiategia handitzeko direnak.

6. artikulua.– Erletegi bakoitzaren seinaleztapena.

1.– Erleak daudela ohartarazi beharko da, ondo ikusteko leku batean eta erletegitik gertu. Ohartarazpen hau ez da beharrezkoa izango finka itxita baldin badago eta erlauntzak finkaren hesitik edo itxituratik gutxienez 25 metrotara badaude.

2.– Erletegia seinaleztatzeko kartelaren materialak izan beharko du agente atmosferikoekiko gogorra, (iraunkorra) eta aldaezina. Kartelaren behealdea lurretik 1,5 eta 2 metroren artean jarri beharko da, erraz ikusteko moduan. Kartelaren testuak hau esango du, euskaraz eta gazteleraz: "Atención Abejas/Kontuz Erleak“; barrena horia izango da, eta karaktereak beltzak; nahi den tipografia jarri ahal da, baina letren neurria 70 x 35 mm izango da gutxienez (bertikala / horizontala) edo handiagoa, baina beti proportzio horri eutsiz.

7. artikulua.– Erle-ustiategien datu-basea.

1.– Lurralde historiko guztietako abeltzaintza zerbitzuek datu-base bat prestatuko dute, informatizatua eta eguneratua, erle-ustiategiak antolatzeko arauak ezarri zituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusten diren ondorio zootekniko eta osasun arloko ondorioetarako. Gutxienez, datu hauek jaso beharko dira bertan:

a) Ustiategiaren kodea.

b) Ustiategiaren titularra identifikatzeko datuak.

c) Erletegiaren kokapena: lekuaren izena eta zehaztapen kartografikoa adierazi behar dira.

d) Erletegi bakoitzean zenbat erlauntz dauden eta zein motatakoak diren.

e) Ustiategiaren titularra zein elkartetan dagoen.

f) Trantsumantzailea izatea eta erlauntzak lekuz aldatzeari buruzko informazioa.

g) Erle-gaixotasunei aurre egiteko osasu-tratamentuak; erabilitako produktuen zerrenda eta produktuok noiz aplikatu diren adierazi behar da.

h) Ustiategiaren osasun arloko datuak.

i) Laborategiko analisiak.

2.– Datu-basean jasotako daturen bat aldatuz gero, abeltzaintza zerbitzuari jakinarazi beharko diote erle-ustiategien titularrek.

8. artikulua.– Erle-ustiategiek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak.

1.– Beharrezko gertatzen denean, erlauntzak garbitu eta desinfektatzeko lanak eta erlauntzetatik parasitoak kentzeko lanak behar bezala egiteko eta une oro egiteko, behar beste eraikuntza eta instalazio, tresna eta ekipo eduki beharko dute ustiategiek.

2.– Dekretu hau indarrean sartu ondoren abian jartzen diren erletegiek, baldin eta gutxienez 26 erletegi bizi badituzte, gutxienez 1.000 metroko distantzia gorde beharko dute, inguruko jabeek erabaki adierazirik hartu ezean. Salbuetsita geratzen dira interes orokorreko programak garatzeko edo aztertzeko diren ustiategiak. Halaber, erle-ustiategiak antolatzeko arauak ezarri zituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan erle-ustiategientzat jarritako gutxieneko baldintzak bete beharko dira.

9. artikulua.– Trantsumantzia.

1.– Beste lurralde historiko batera joaten diren erlezainek dagokion foru aldundiko abeltzaintza zerbitzuari honako hauek jakinarazi beharko dizkiote, betiere, zazpi egun lehenago, gutxienez: hurrengo hiru hilabeteetarako aurreikusita dagoen lekualdatze-programa, eta hori zein probintziatan, zein udalerritan, zein parajetan eta zein egunetan egingo den.

2.– Lekualdatzeari buruzko informazioa egiaztatu ostean, kasuan kasuko abeltzaintza zerbitzuak, honako hau egin beharko du:

a) Erlezainarentzat egiaztagiri bat egin beharko du, gutxienez datu hauek jasoko dituena: lekualdatzea noiz hasiko eta amaituko den, lekuz aldatutako erlauntz kopurua, erlauntzak nondik eta nora aldatuko diren, eta albaitari ofizialaren sinadura eta zigilua.

b) Lekualdatzearen berri eman behako die erlauntzak eroango diren lurraldeko agintari eskudunei.

3.– Lekualdatze-programan zerbait aldatuz gero, erlezainak jatorrizko lurraldeko agintariari nahiz erlauntza eroango den lurraldeko agintariari jakinarazi beharko dio, 48 orduko epean. Lekualdatze-programa hiru hilabete baino gehiagoz luzatzen bada, berriro egin beharko da eskabidea.

4.– Denbora jakin batean erlezaintza-jarduera zein lurraldetan egingo den, lurralde historiko horretako datu-basean erregistratu beharko dira Estatutik, beste lurralde historiko batetik edo beste erkidego batetik datozen erlauntz trantsumantzaileak. Jatorrizko lekuan erlauntz horiei emandako erregistro-zenbakia gordeko zaie.

10. artikulua.– Ongizate neurriak.

Erleek behar fisiologikoak eta portaerazkoak beteta dituztela zaindu beharko du ustiategiaren titularrak, erleak osasuntsu eta eroso egon daitezen.

11. artikulua.– Osasun arloko kontrola.

1.– Edozein alterazio patologiko gertatuz gero eta horren ondorioz ustiategia arriskuan egonez gero, horren berri eman beharko dute, berehala, erle-ustiategien titularrek. Horretaz gain, gaixotasunen kontra ezartzen diren programa eta osasun arloko arauak aplikatu eta mantendu beharko dituzte.

2.– Erleen gaixotasunei aurre egiteko koordinatuta egon behar dela kontuan hartuta, Erleen Osasun-Plan bat prestatu eta koordinatuko da. Plana gainbegiratzea foru hori Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu baten bidez garatuko da, eta gutxienez barroasiaren eta loke amerikarrari aurre egiteko Osoko Plan bat jasoko du; Euskal Autonomia Erkidegoan erleek osasunaren aldetik zein egoera duten, horren arabera beharrezkotzat jotzen diren planak jasoko ditu, halaber.

12. artikulua.– Ikuskaritza.

Foru aldundietako abeltzaintza zerbitzuek ikuskaketa zooteknikoak eta osasun arlokoak egingo dituzte, erleen ustiategiak antolatu eta arautzeko araudian eskatzen diren baldintzak eta betekizunak konplitzen diren egiaztatzeko.

13. artikulua.– Babes neurriak.

Lurralde historikoetako organo eskudunek gune babestuak ezar ditzakete, erleen arraza-ekotipoak babestu, kontserbatu eta biderkatzeko. Halaber, erlauntzak sartzeko debekuak eta mugak ezar ditzakete, plan horiek garatu ahal izateko.

14. artikulua.– Arau-hauspenak.

Dekretu honetan agindutakoa betetzen ez bada, zehatu egingo da 8/2003 Legean eta ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuan agindutakoari jarraituz. Lege hori Animalien Osasun Arloari buruzkoa da; errege-dekretua, berriz, kontsumitzailearen defentsaren alorreko eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren alorreko arau-hauspenei eta zehapenei buruzkoa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lurraldeetan sortzen diren erregistroetan inskribatzeko eskatu beharko dute bai dekretu hau indarrean sartu baino lehen zeuden erle-ustiategien titularrek, baldin eta inskribatu gabe badaude, bai jadanik inskribatuta dauden ustiategien titularrek, azken horiek datuak eguneratu beharko baitituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 1988ko abuztuaren 4ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintza-jarduera arautu zuena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Nekazaritza eta Arrantza sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren egintzak eta xedapenak agintzeko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko otsailaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala