Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2004ko martxoaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
1191

4/2004 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena; honen bitartez, Gipuzkoako lurralde historikoan izandako uholdeak direla-eta aparteko laguntzak arautzeko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako Erabakia argitara dadila xedatzen da.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko otsailaren 24an egindako bileran Gipuzkoako lurralde historikoan izandako uholdeak direla-eta aparteko laguntzak arautzeko Erabakia hartu zuen, halaxe proposatuta, bai Jaurlaritzaren lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak, bai Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, bai Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak, baita Nekazaritza eta Arrantza sailburuak ere; eta herritarrek dagokion eran horren berri jakin dezaten,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko otsailaren 24an egindako bileran Gipuzkoako lurralde historikoan izandako uholdeak direla-eta aparteko laguntzak arautzeko hartutako Erabakia, ebazpen honetan eranskin modura jasotakoa.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 25a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko

Harremanetarako zuzendaria,

JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO

HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK

OTSAILAREN 25EAN EMANDAKO 4/2004

EBAZPENARENA.

ERABAKIA, JAURLARITZAREN KONTSEILUAK 2004KO OTSAILAREN 24AN HARTUTAKOA,

GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOAN

IZANDAKO UHOLDEAK DIRELA-ETA APARTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEKO DENA.

Urumea eta Oiartzun ibaiek gainezka eginda, 2004ko urtarrilaren 24an uholdeak gertatu ziren, eta, horrek kalte handia egin zuen ondasun publiko zein pribatuetan, baita Gipuzkoako lurralde historikoan diharduten enpresetan ere, batez ere, udalerri jakin batzuetan; horrenbestez, behar-beharrezkoa da horri erantzun, eta, elkarrekin ondo koordinatuta, aparteko neurriak hartzea, kalte horiek nolabait arintzearren.

Aurrekontuetan luzapen-egoeran gaudenez, egoera horrek ez du uzten diru-laguntzak ematen, laguntza horiek lehenagotik ere indarrean diren xedapen eta hitzarmenetan jasota ez badaude behintzat. Hala ere, Gobernuak izan lezake aparteko egoeretan zuzenean laguntzak emateko eskumena, baldin eta, gizarteak, ekonomiak edo hondamendi-egoerak halaxe eskatuta, laguntza horiek emateko arrazoiak badaudela egiaztatzen bada, eta, era berean, laguntzak emateko deialdi hori herritar guztientzako xedapen arrunt batez egitea ezinezkoa bada. Hori guztia, azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuak onartutako EAEko Herri Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauen Legeko testu bateginaren 49. artikuluko 7. paragrafoan xedatutakoari jarraituz.

Azaldutako guztia oinarri dela, gaia aztertuta eta halaxe proposatuta bai Jaurlaritzaren lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak, bai Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, bai Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak, baita Nekazaritza eta Arrantza sailburuak ere, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

" Lehena.– Gipuzkoako lurralde historikoan 2004ko urtarrilaren 24an izandako uholdeak ekarri zituen kalteak arintzearren, erabaki honetan xedatutakoari jarraituz, kaltea jasan duten udalerrietan laguntzak ematea eta laguntzok emateko modua artikulatzea, honako arlo hauek xede izanik: industria, merkataritza, zerbitzuak, ostalaritza edo turismoa, nekazaritzako ustiapenak, eraikuntza eta etxebizitza. Hori guztia, azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuak onartutako EAEko Herri Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauen Legeko testu bateginaren 49. artikuluko 7. paragrafoan xedatutakoari jarraituz.

Bigarrena.– Laguntza hauen helburua mailegu-eragiketen finantza-kostua gutxitzea izango da, bai erabaki honen babesean emandako maileguetan, baita arau honen indarrez finantza-erakundeekin izenpetzen diren hitzarmenen babesean emandako maileguetan ere.

Hirugarrena.– Aipatutako laguntza horiek 2004ko aurrekontu arrunteko diru-ataletako diruaz finantzatuko dira Sail hauei dagozkien sekzioetatik, alegia, bai Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari, bai Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari, eta Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagozkienetatik.

Laugarrena.– Erabaki honetan jasotako laguntzak eska litzakete, urtarrilaren 24ko uholdeak direla-eta, kalte izan zuten pertsonek, betiere, martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuan ezarritako gainerako betekizunak ere betetzen badute. Uholdeak eraginda interesatua benetan kaltedun badela eta kaltea hainbestekoa dela erakusteko egiaztagiria Administrazioak berak egingo du bere kabuz, eta, beraz, interesatuak ez du zertan aurkeztu martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan ezarritako egiaztagiria.

Bosgarrena.– Ematekoak diren laguntzak baiesterakoan, martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio, ondoren adierazitako aldaketa hauek eginda:

a) Industrian, merkataritzan, nekazaritzan, zerbitzuetan eta turismo-arloan ematekoak diren laguntzak.

1) Laguntza jaso lezaketen inbertsioak.

Aktibo finkoen preziotzat aktibo finko horien balio garbia hartuko da, hau da, fakturatutako zenbatekoa Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta; eta, aktibo zirkulatzaileen kasuan, galera garbiaren zenbatekoa, gaia erosi zenean edo ekoiztu zenean zeukan prezioarekin alderatuta (martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuaren 7.4 artikulua).

2) Mailegu-eragiketen ezaugarriak.

Amortizatzeko epea 7 urte bitartekoa izango da, hasierako gabealdia ere barnean dela, gabealdi hori, oro har, 12 hilekoa izanik (martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuaren 8.b) artikulua).

3) Laguntzen ezaugarriak (martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuaren 9. artikulua).

3.1) Hobari-tasa, oro har, %3,50 puntukoa izango da eragiketei aplikatutako interes-tasarekiko, betiere, erabaki honen babesean eta horren indarrez finantza-erakundeekin izenpetutako hitzarmenaren babesean formalizatzen diren eragiketetan.

3.2) Diru-laguntza guztia, dena batera, aldi berean ordainduko zaio kasuan kasuko finantza-erakundeari, eta erakunde horrek maileguaren kapital bizia murrizteko erabiliko du kopuru oso-osoa. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatutakoan, kopuru berbera eman behar dute, bai eragiketatik urte osorako sortzen den kostu errealak, bai eta epe-muga bakoitzean ordaindu beharreko interesei zuzenenean diru-laguntza aplikatuta ateratzen denak. Horretarako erabiliko den eguneratze-tasa %3,30ekoa izango da.

b) Etxebizitza- eta eraikuntza-arloan ematekoak diren laguntzak.

1) Laguntza jaso lezaketen inbertsioak.

Burutzeko bidean diren eraikuntza edo urbanizazioko obretan izandako kalteen kasuan, babestuko den aurrekontuaren muga konponketen guztirako aurrekontuaren %85 izango da, Jaurlaritzaren 2003ko prezioen datu-basearen arabera kalkulatuta (martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuaren 11.4 artikulua).

2) Mailegu-eragiketen ezaugarriak.

Amortizatzeko epea 5 urtekoa izango da, urtebeteko gabealdiarekin, edo 15 urtekoa, urte biko gabealdiarekin (martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuaren 12.3 artikulua).

3) Laguntzen ezaugarriak (martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuaren 13. artikulua).

3.1) Hobari-tasa amortizazio-epearen araberakoa izango da, %3,50 puntukoa kasu batean eta %4,70ekoa bestean, eragiketei aplikatutako interes-tasarekiko, betiere, erabaki honen babesean eta horren indarrez finantza-erakundeekin izenpetutako hitzarmenaren babesean formalizatzen diren eragiketetan.

3.2) Diru-laguntza guztia, dena batera, aldi berean ordainduko zaio kasuan kasuko finantza-erakundeari, eta erakunde horrek maileguaren kapital bizia murrizteko erabiliko du kopuru oso-osoa. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatutakoan, kopuruak baliokideak izango dira, bai eragiketatik urte osorako sortzen den kostu erreala, baita epe-muga bakoitzean ordaindu beharreko interesei zuzenenean diru-laguntza aplikatuta ateratzen dena. Horretarako erabiliko den eguneratze-tasa %3,30ekoa edo %3,95ekoa izango da, aukeratutako amortizazio-epearen arabera.

Seigarrena.– Erabaki honetan araututako laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, horretarako berariaz emango diren inprimakiak beteta; eskabide-orri horiek honako leku hauetan jaso ahal izango dira:

– Eusko Jaurlaritzak argibide orokorrak emateko Lakuan dituen guneetan, Donostia-San Sebastián kalea 1 (01010; Vitoria-Gasteiz).

– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak Donostian duen lurralde-bulegoan: Easo kalea 10, 20006 Donostia-San Sebastián.

– Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan, hots, Lakua I eraikineko 3. solairuan (01010 Vitoria-Gasteiz).

– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Donostian duen lurralde-bulegoan: Andia kalea 13, 20004 Donostia-San Sebastián.

Egoitza horietakoren batean aurkeztu behar da eskabide-orria, baina inprimakia eskatzeko bide hauek ere erabil litezke: internetez www.ej.gv.net ataria erabilita, postaz, edo telefonoz Eusko Jaurlaritzako 012 ZUZENEAN zerbitzura deituta.

Eskabidea baimendutako pertsona batek egingo du eta, kaltea izan duen sektorea zein den, aurreko artikuluan adierazitako egoitza batera edo bestera bidaliko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetakoren bat erabilita.

Eskabideak aurkezteko epea 2004ko martxoaren 31n amaituko da.

Zazpigarrena.– Erabaki honetan prozedura-arloan zehaztu gabe geratu diren kontuetarako martxoaren 11ko 58/2003 Dekretuan ezarritako xedapenak erabiliko dira.

Zortzigarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailari baimena ematen zaio, erabaki honen bidez ematekoak diren laguntzak bideratzearren, finantza-erakundeekin egin beharreko hitzarmen guztiak egin ditzan.

Bederatzigarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuari ahalmena ematen zaie, bakoitzak bere eskumen-esparruan, erabaki hau garatzeko eta burutzeko egin beharreko jardun guztiak egin ditzaten.

Hamargarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak erabaki hau argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, herritarrek honen berri jakin dezaten.

Hamaikagarrena.– Erabaki honek administrazio-bidea amaitzen du, baina, nahi izanez gero, honetan interesa dutenek aukerako errekurtsoa aurkez dezakete erabakiaren aurka, Jaurlaritzaren Kontseiluari zuzenduta; horretarako, hilabeteko epea izango da, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, zuzenean, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez dezakete EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera".


Azterketa dokumentala