Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2004ko otsailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
1014

AGINDUA, 2004ko otsailaren 5ekoa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, 2003ko irailaren 29ko Aginduan ezarritako debekuek eragindako oinezko itsaski-biltzaile profesionalentzako diru-laguntzak arautzen dituen Agindua 2004ko ekitaldirako egokitzen duena.

Abenduaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuko IX. tituluaren babesean egin zen 317/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten xedapen batzuen indarraldia luzatzeari buruzkoa. Dekretu horren bidez 2003ko ekitaldian indarrean egon ziren kapital-eragiketei edo diru-laguntza arruntei zegozkien arauak eta xedapenak 2004. urtean ere indarrean egongo dira. Horretarako, horien ondorioz sortzen diren gastu-espedienteak hasi eta amaitu ditzakete Jaurlaritzak eta sailek.

2003ko ekitaldian Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2003ko azaroaren 12ko Agindua eman zuen, 2003ko irailaren 29ko Aginduan ezarritako debekuek eragindako oinezko itsaski-biltzaile profesionalentzako diru-laguntzak ematea arautu zuena.

Horiek horrela, hauxe

EBATZI DUT:

Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko azaroaren 12ko Aginduaren edukia egokitzea, 2004ko ekitaldian aplika dadin. Agindu haren bidez, 2003ko irailaren 29ko Aginduan ezarritako debekuek eragindako oinezko itsaski-biltzaile profesionalentzako diru-laguntzak arautu ziren. Oraingo Agindu honekin batera doan eranskinean 2004ko ekitaldirako aurreikuspenak eta aipatutako jatorrizko Aginduak ezarritako erregimen orokorra bat egiten dituen testua dago.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, beti ere argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Hirugarrena.– Agindu honetan aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedaturikoa aplikatuko da, azaroaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 5a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SAENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA

Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2003ko azaroaren 12an emandako Aginduaren testu egokitua, 2003ko irailaren 29ko Aginduan ezarritako debekuek eragindako oinezko itsaski-biltzaile profesionalentzako diru-laguntzak arautzen dituena.

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea diru-laguntzak emateko araubidea erabakitzea da premiaz eta aldi baterako, laguntza horiek 2003ko irailaren 29ko Aginduaren bidez hartutako neurri zuzentzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean itsaski-bilketa oinez eta era profesionalean gauzatzen duten kolektiboen gainean eragin dituzten kalte ekonomikoak arintzera zuzenduta daudela. Izan ere, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko irailaren 29ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan itsaski-bilketari buruzko debekua zabaldu eta algak eta arribazoiak atera eta hartzea debekatzen zuen aldi baterako.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradunak izango dira hurrengo betekizunak betetzen dituzten oinezko itsaski-biltzaile profesionalak:

–Jarduera burutzeko derrigorrezko baimena izatea.

– Agindu hau indarrean sartzen denerako, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinezko Itsaski-biltzaileen Erroldan izena emanda egotea.

– Jarduera nagusitzat 2003ko irailaren 29ko Aginduaren debekuak eragindako moluskuen bilketa izatea.

– Itsasoko Gizarte Institutuari ordaindu beharrekoak ordainduta izatea.

2.– Onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan bildutako betebeharrak bete beharko dituzte.

3.– Onuradunei diru-laguntzak ematea eta hala dagokionean ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek horretarako emandako diru-laguntzen esparruan hasi arren, oraindik izapideetan dagoen itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedura amaitzeko baldintzapean egongo dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Arrantza Zuzendaritzari bidali beharko zaizkio, honako helbide honetara: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Eskabideak bai zuzenean, bai posta ziurtatuaren bidez, bai azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideen bidez bidaliko dira, Agindu honen I. eranskin gisa agertutako ereduaren arabera.

2.– Interesdunak, behar bezala bete eta sinatutako eskabidearekin batera, ondorengo agiriak aurkeztu beharko ditu:

–Itsaski-bilketa oinez gauzatzeko administrazio-baimenaren fotokopia.

– 2002ko azken hiruhilekoan egindako salmentak, faktura edo salmenta-agirien bitartez frogatuak. Dagokion Kofradiak salmentok berretsi behar ditu.

– Itsasoko Gizarte Institutuan itsaski-biltzaile gisa kotizatutako azken urtearen ziurtagiria.

– Zinpeko aitorpena, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzek babestutako aldian geldituta egoteko konpromisoa adierazten duena, Agindu honen II. eranskin gisa agertutako ereduaren arabera.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Laugarrena.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Arrantza Zuzendaritzak akats edo hutsen bat antzematen badu aurkeztutako eskabidean, eskabide-egileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzentzeko. Epe hori zuzenketarik egin gabe igaroz gero, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, horretarako Ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) 71. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bosgarrena.– Finantziazioa.

1.– Diru-laguntzen deialdi hau finantzatzera zuzendutako kredituak berrogeita lau mila eta zortziehun eurokoak (44.800) dira.

2.– Aipatutako kredituen finantziazioa bi erakunderen kontura egingo da: alde batetik, Arrantza Bideratzeko Finantza Tresnaren (ABFT) kontura, "Prestige" petrolio-ontziaren fuel-olio isuriek eragindako arrain eta itsaskien bilketan eta akuikulturan lan egiten dutenei ordaintzeko berariazko neurriak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 20ko 2372/2002 zenbakiko Araudiaren (CE) arabera; bestalde, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren kontura, Itsasoko Gizarte Institutuaren bidez, "Prestige" ontziaren istripuari buruzko neurri zuzentzaileak gehitzen dituen abenduaren 13ko 8/2002 Legegintzazko Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, neurri horiek 10 euro ezartzen dituztela geldituta egon beharreko egun bakoitzeko. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko fondo propioen kontura ere joango dira kredituok.

3.– Arrantza Bideratzeko Finantza Tresnak (ABFT) Agindu honetako diru-laguntzei zuzendutako fondoei egin dizkien zerga ehunekoak 2. puntuan bildutako 1. taldeari dagozkie, 2792/1999 Araudiaren IV. eranskinaren "jarduera aldi baterako eteteak sortutako sariei eta bestelako finantza ordainei (16. art.)" eta eranskin beraren 3. laukian ezarritako ehunekoei dagokienez, Europako 2372/2002 Araudiaren eranskinean ezartzen den bezala.

4.– Diru-kopuru hori alda liteke, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Nekazaritza eta Arrantza Saileko beste laguntza-programa batzuk gauzatzetik atera daitezkeen aurrekontu-baliabide agortu gabeen arabera, eta laguntzei buruzko Ebazpena egin baino lehen. Arrantza zuzendariaren Ebazpen batek emango du horren berri.

Seigarrena.– Diruz lagundutako aldia eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako kalte-ordainen aldia 2004ko urtarrilaren 5etik hasi eta urte bereko otsailaren 29 arterainokoa izango da, biak barne. Baina epe horren barruan kendu edo bertan behera gelditzen bada Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan itsaski-bilketari buruzko debekua, algak eta arribazoiak atera eta hartzearena, urtarrilaren 5etik debekua kentzen denera arterainokoa izango da kalte-ordainen aldia.

2.– Onuraduna izateko betekizunak (Agindu honen 3. artikuluan agertutakoak) betetzen dituen itsaski-biltzaileak 40 euroko kopurua jasoko du, geldituta dagoen egun bakoitzeko, kalte-ordainek babesten duten aldiak irauten duen bitartean.

Kalte-ordain horiek hilabetea amaitu ondoren ordainduko dira.

Zazpigarrena.– Bateraezintasunak.

1.– Babestutako aldiak dirauen bitartean, deialdi honetan jasotako diru-laguntzak bateraezinak izango dira beste edozein lan-jarduerarekin.

2.– Era berean, bateraezinak izango dira beste autonomia-erkidegoetatik jaso litezkeen antzeko diru-laguntzekin, bai eta langabezia-prestazioekin edo lanerako ezintasun iragankorrarengatiko sariekin ere.

Zortzigarrena.– Diru-laguntzak izapidetzea eta ebaztea.

1.– Arrantza zuzendariak Ebazpena emango du hiru hileko epean, gehienez ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Epea igaro bada beren-beregiko Ebazpena eman eta jakinarazi gabe, eskabideak ezetsitzat joko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, aipatutako Legearen arabera, Administrazioak beren-beregiko Ebazpena eman beharko du.

2.– Emandako Ebazpenaren aurka edo ebazteko epea igaro bada beren-beregiko Ebazpena eman gabe, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Arrantza sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Baldintzak ez betetzea.

Interesdunak diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzen ez baditu, jasotako dirua eta horrek sortutako interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.

I. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILBURUAREN 2004KO OTSAILAREN 5EKO AGINDUAREN BABESEAN. 2003KO IRAILAREN 29KO AGINDUAN EZARRITAKO DEBEKUEK ERAGINDAKO OINEZKO ITSASKI-BILTZAILE PROFESIONALENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN AGINDUA 2004KO EKITALDIRAKO EGOKITZEN DU AGINDU HORREK.

JN./ AND.:

NAN zenbakia:

HELBIDEA:

Honakoa ADIERAZTEN DU:

– Oinezko itsaski-biltzaile profesionala da eta jarduera burutzeko derrigorrezko baimena du.

– Hori bere jarduera nagusia da.

– Izena emanda dago Euskal Autonomia Erkidegoko Oinezko Itsaski-biltzaileen Erroldan, 2004ko urtarrilaren 4a baino lehen.

– Itsasoko Gizarte Institutuari ordaindu beharrekoak ordaindu dizkio.

Honakoa ESKATZEN DU

Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2004ko otsailaren 5eko Aginduan aurreikusitako diru-laguntzak jaso nahi ditu. Agindu horrek 2003ko irailaren 29ko Aginduan ezarritako debekuek eragindako oinezko itsaski-biltzaile profesionalentzako diru-laguntzak arautzen dituen Agindua egokitzen du 2004ko ekitaldirako.

Horretarako, honako AGIRIAK aurkeztu ditu:

n 	Itsaski-bilketa oinez gauzatzeko administrazio-baimenaren fotokopia.

n 	2002ko azken hiruhilekoan egindako salmentak, faktura edo salmenta-agirien bitartez frogatuak. Bidezko Kofradiak salmentok berretsi ditu.

n 	Itsasoko Gizarte Institutuan itsaski-biltzaile gisa kotizatutako azken urtearen ziurtagiria.

Data:	Sinadura:

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, datuak fitxategi automatizatu batean erregistratu ahal izango dira, kudeaketa hobea egiteko asmoz. Informazioaren jasotzailea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila izango da. Eskatzaileak beren-beregiko baimena ematen du datu pertsonal guztiak edo batzuk lagatzeko, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatutako Datu Pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzen dituen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2002ko abenduaren 16ko Aginduan (2003ko uztailaren 14ko Aginduak aldatua) ezarritako erabilera eta helburuetarako. Interesdunak datuetan sartu, datuak zuzendu, ezabatu eta horien aurka egiteko eskubidea gauzatu ahal izango du, datu-tratamenduaren arduraduna den Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria – Gasteiz).

II. ERANSKINA
ZINPEKO AITORPENA
AITORTZAILEAREN DATUAK

Izen-abizenak:

Helbidea:

NAN zenbakia:

ZINPEAN HONAKOA AITORTZEN DUT

NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILBURUAREN 2004KO OTSAILAREN 5EKO AGINDUAN AURREIKUSITAKO DIRU-LAGUNTZEK DIRAUTEN BITARTEAN EZ DUT OINEZKO ITSASKI-BILKETARIK ERA PROFESIONALEAN GAUZATUKO. 2003KO IRAILAREN 29KO AGINDUAN EZARRITAKO DEBEKUEK ERAGINDAKO OINEZKO ITSASKI-BILTZAILE PROFESIONALENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN AGINDUA 2004KO EKITALDIRAKO EGOKITZEN DU AGINDU HORREK.

ETA AIPATUTAKO XEDAPENAREN HIRUGARREN ARTIKULUAN EZARRITAKO ONDORIOETARAKO EGITEN DUT AITORPEN HAU.

AITORTZAILEAREN SINADURA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, datuak fitxategi automatizatu batean erregistratu ahal izango dira, kudeaketa hobea egiteko asmoz. Informazioaren jasotzailea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila izango da. Eskatzaileak beren-beregiko baimena ematen du datu pertsonal guztiak edo batzuk lagatzeko, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatutako Datu Pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzen dituen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2002ko abenduaren 16ko Aginduan (2003ko uztailaren 14ko Aginduak aldatua) ezarritako erabilera eta helburuetarako. Interesdunak datuetan sartu, datuak zuzendu, ezabatu eta horien aurka egiteko eskubidea gauzatu ahal izango du, datu-tratamenduaren arduraduna den Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria – Gasteiz).


Azterketa dokumentala