Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2004ko otsailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1013

32/2004 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Donostia-San Sebastiángo (Gipuzkoa) Ariztegieta baserria, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondare izendatu zuen Dekretua indarrik gabe uzten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12 artikuluetan xedatutakoaren arabera, urriaren 29ko 251/2002 Dekretuaren bitartez, (azaroaren 19ko 220 zk.ko EHAA), Donostia-San Sebastiángo (Gipuzkoa) Ariztegieta baserria, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondare izendatu zen.

Bere Azken Xedapenetatik Lehenengoan, aipatu Dekretuak interesdunek, nahi izanez gero, Gobernu Kontseiluari berraztertzeko errekurtsoa jartzeko duten aukera aurreikusten du. Gauzak horrela, 2003ko otsailaren 12an sarrera eman zitzaion Kultura Sailean Juan Maria Puy Elizalde jaunaren idazkiari non adierazten duen, baserriaren mugaketan bere jabetzako lursailak sartu direla eta ez dutela kontuan hartu izan interesdun gisa entzunaldiaren izapidea burutzerakoan. Esandakoa egiaztatzeko, notario-eskrituren kopiak eta planoak aurkeztu ditu.

Jarritako errekurtsoa onartu egin da, Kultura sailburuaren proposamenaz, 2004ko otsailaren 10ean egindako bileran Jaurlaritzaren Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Donostia-San Sebastiángo (Gipuzkoa) Ariztegieta baserria, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondare izendatzen duen 251/2002 Dekretua indarrik gabe uztea.

2. artikulua.– Espedientearen jarduera atzera eramatea, interesdunaren entzunaldiaren izapidera arte, hain zuzen.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Dekretu honen berri emango dio Jabego Erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Halaber, interesdunei, Donostia-San Sebastiango Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraziko die.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar diezaiokete Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko otsailaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala