Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2004ko otsailaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Irungo Instrukzioko 4 Zenbakiko Epaitegia
648

EDIKTUA, 155/02 zk.ko falta judizioaren ondoriozkoa.

Nik, Larraitz Arrue Ibarbiak, Irungo (Gipuzkoa) 4 zk.ko Instrukzioko Epaitegiko idazkari lanean diharduen ofizialak,

FEDE ETA TESTIGANTZA EMATEN DUT:

155/02 zk.ko falta-judizioan epaia eman dela, zeinaren xedapenezko zatia eta idazpurua ondokoak baitira:

117 EPAIA

Irun, 2003ko abenduaren 16a.

Nik, Rosario Sánchez Chacón andreak, Irungo eta bere barrutiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 4 zk.ko Epaitegiko epaile titular naizen honek, 155/02 zk.ko falta judizioko autoak —ustezko erasoaldi faltaren ondorioz burututakoak— ikusi ditut. Alejandro Amadoz Sunsundegui jauna da salataria eta Jouis Acobros Emsquel María Van Wijchen da salatua. Ez batak ez besteak ez dute letraturik eraman. Ministerio fiskalak ere parte hartu du.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2002ko ekainaren 21ean igorritako lesio agiriaren indarrez ireki ziren falta judizioko auto hauek, zeinaren (agiriaren) bidez Bidasoako Eskualde ospitaleak Epaitegi honi jakinarazi baitzizkion ustez lesio delitutzat jo zitezkeen egitateak. Aurretiazko eginbideak irekitzeko agindu eman zen 2002ko ekainaren 28ko autoz. Bidezkotzat jotako eginbideak egin ostean, erasotze faltatzat jo ziren egitateak 2002ko irailaren 13ko autotz eta, ondorioz, 2002ko irailaren 25eko autoz, prozesuari ekitea erabaki zen, falta judizioko izapideen arabera. 2002ko azaroaren 21eko 11:00etan jarri zen, 2002ko urriaren 21eko probidentziaz, judizioa egiteko ordua.

Bigarrena.– Egun horretan egin zen judizioa Epaitegi honetako Entzunaldi Aretoan. Salataria letratu gabe azaldu zen, eta salatutakoa ez zen azaldu ere egin. Ministerio Fiskala ere azaldu zen bistan. Hitza eman zitzaion auzi-jartzaileari eta, proposatutako eta onartutako frogaldia burutu ondoren, Ministerio Fiskalari eman zitzaion hitza txostena egin zezan, zeinak salatutakoari hilabeteko isun kondena ezartzeko —sei euro eguneko— eta Alejandro Amadozi 161,84 euroko kalte-ordaina ordaintzeko eskatu baitzuen.

Hirugarrena.– Jarduketa hauek izapidetzeko, legezko preskipzio guztiak bete dira.

Gauzatutako frogaldiaren arabera, honako hau deklaratzen da:

FROGATUTAKO EGITATEAK

Frogatuta gelditu da, eta halaxe deklaratu da: 2002ko ekainaren 16ko 5:30a inguruan Alejandro Amadoz Sunsundegui —bere lagun Raúl Berrocal Gutiérrezekin batera— Hondarribiko Truck diskotekatik atera zen. Irteerako atera iritsi zenean, salataria jertsea diskotekan –makina baten gainean- utzi zuela konturatu zen. Atezainari eman zion aditzera barrura sartuko zela jertse bila, baina ez zion utzi. Amadoz jauna saiatu zen, hala ere, sartzen, liskar modukoa sortuz euren artean, eta salatutakoak kolpe bi eman zizkion salatariari. Erasoaldiaren ondorioz Amadoz jaunak lesioak izan zituen gune periorbiarioan eta ezkerreko atzeko hortzetan, zazpi egun behar izan zituztenak osatzeko, nahiz eta egunotan ohikoak dituen zereginak bete ahal izan salatariak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Frogatutzat deklaratzen diren egitateak Hitzezko Judizioaren ekintzan gauzatutako frogen ondorio dira. Frogok berme guztiak (ahozkotasuna, berehalakotasuna, publikotasuna eta kontrakotasuna) izan zituzten Hitzezko Judizioko ekintzan, zeinak epaile honek kontzientziaz aztertu baitzituen PZLb-ko 741. artikuluaren arabera.

Esandako hori salatariaren adierazpenetik ateratzen da, egitateez berak adierazitakoa guztiz baita koherentea. Lekukoaren deklarazioa ere ildo horretatik doa. Gainera egitateen egunean agerian zituen lesioek ere horixe erakusten zuten.

Salatariak aditzera eman duenez, egitateen egunean diskotekan sartu nahi zuen berriro, jertsea bertan ahaztu zuelako, eta adierazpen hori sendetsi egin du lekuko Raúl Berrocalek. Salatariak aitortzen duenez, salatutakoak ukatu egin zion sartzea. Bere asmoari eutsi egin zion salatariak, eta sartu egin zen diskotekan, atezainak kontrako ahalegina egin arren. Orduantxe egurtu zuen atezainak ezkerreko masailalboan.

Bertsio hori bat dator lekuko Raúl Berrocalek esandakoarekin. Horren egiatasunaz, gainera, ez dago zalantzarik, izan ere, salatariaren laguna dela aitortu duen arren lekukoak, judizioan egitateak zelan jazo ziren ez zuela ikusi aitortu zuen, atetik aldendu egin baitzen Alejandro bere jertsearen bila itzuli zenean, eta hori, bere lagunaren alde egitearren gertatutako guztia ikusi zuela deklara zezakeenean. Bai ikusi zuela, ordea, bere lagun Alejandro diskotekatik ateratzen, masailalboan kolpe bat zuela. Diskotekako arduradunak jazotakoarekin bat ez zetorrela eman zien aditzera, barkamenak eskatuz. Egitateok, beraz, frogatutzat jotzen dira lekukoaren deklarazioa oinarritzat hartuz.

Bertsio hori bat dator inputatuak Ertzaintzari deklaratu zioenarekin, eta, salatutakoa azaldu ez denez, aintzat hartzekoa da deklarazio hori. Salatutakoak onartu zuen, bai, egitateen egunean Alejandro Amadozek diskotekara zerbait hartzen sartu behar zuela esan ziola, eta berak ukatu egin ziola. Bere asmoari eutsi egin zionez salatariak, eta sartu ere —indarka eta berari jaramonik egin gabe— zeozelan sartu zenez, deklaratzaileak birritan egurtu zuen aurpegian, liskarra bideratu eta kalte gehiagorik sor ez zedin. Kolpeok kontrolatuak izan ziren lesiorik ez eragiteko, eta justu horiexen ondorioz etsi egin behar izan zion bere nahiari salatariak.

Bertsio hori bat dator, halaber, egitateen egunean urgentzietako agiri medikuan jasotako lesioekin, auzitegiko medikuak zehaztutakoa baita honako hau: mailatuak gune periorbitarioan eta ezkerreko atze-hortzean.

Salatutakoaren deklaraziotik ateratzen dena da, eta salatariak ere horixe dio, Amadoz jaunak, salatutakoak kontra egin arren, diskotekara sartzeko nahia behin eta berriro agertu zuela, inolako erasorik egin gabe. Horregatik da horren neurriz kanpokoa salatutakoaren jarrera.

Auzitegiko medikuaren 2002ko uztailaren 11ko txostenaren bidez onartutzat jotzen da 2002ko ekainaren 16an izandako erasoaren ondorioz Alejandro Amadoz jaunak lesioak izan zituela: mailatuak gune periorbitarioan eta ezkerreko atze-hortzean. Zazpi egun behar izan zituen osatzeko, nahiz eta egunotan ohikoak dituen zereginak bete ahal izan salatariak.

Bigarrena.– Frogatutzat deklaratzen diren egitateak eraso falta legetxe hartzen dira, zeina Zigor Kodeko 617.1 artikuluan aurreikusita eta zigortuta baitago, hots: edozein dela erabilitako bidea edo prozedura, batenbatek beste norbaiti Kode horretan zehaztu gabeko lesioren bat eragingo balio, zigorra jasoko luke.

Adierazitako kode horretan ezarritakoaren arabera (ZK-ko 27. art. ohia), erasotze faltaren egilea izateagatik (617,1 art.; ZK-ko 50. art. ohia) kondenatu egin behar da Louis Theodorus Van Wijchen jauna. Hilabeteko isuna jarriko zaio, eguneko 6 euro ordainduz. Jakinarazten zaio, halaber, orain eta epaitzan, ordaintzen ez badu askatasun gabetzeko erantzukizun pertsonal subsidiarioaren ondorioa izango duela. Egitateak larriak direnez, kasu honetan hilabeteko isuna jartzen zaio, salatutakoaren erantzuna neurriz kanpokoa izan baitzen. Eguneko 6 euro ordaindu behar izatea bidezkotzat eta herritarrek batez beste duten ahalmenari egokitutakotzat jotzen da, ezinezkoa izan baita judizioan salatutakoaren benetako ahalmena zehaztea (Zk-ko 638. art.).

Hirugarrena.– Faltari darion erantzukizun zibilari dagokionez, bidezkoa da, ZK-ko 109. eta 116. artikuluen arabera, Louis Theodorus Van Wijchen kondenatzea, hain zuzen ere Amadoz Sunsundeguiri —lesioak osatzen emandako zazpi egunen kalte ordainetan— 161,84 euro (26.928 PTA) ordaintzera.

Laugarrena.– ZK.ko 123. artikuluan eta PZLb-ko 239. eta 240. artikuluetan ezarritakoaren arabera, prozesuko kostuak ofiziozkotzat jotzen dira.

Aipatu legezko aginduak eta oro har aplika daitezkeen gainontzekoak ikusita, honakoa da

EPAITZA

Louis Theodorus Van Wijchen jauna, erasotze faltaren egilea izateagatik, hilabeteko isun zigorrera kondenatzen dut. Egunean 6 euro ordaindu beharko ditu, guztira 180 euro (29.949 PTA) egin arte. Jakinarazten zaio, baita ere —jarritako zigorra isuna baita—, egun bi jarraian ordaindu gabe igarotzen badira eta, hala behar izanez gero, premiamenduzko bidetik bere ondasunen eskusio egin ostean, askatasunik gabeko egun bateko erantzukizun pertsonal subsidiarioa izango duela. Askatasun gabetze hori asteburu batean atzituta edo, bestela, komunitatearentzat egun batez lan eginda bete dezake.

Louis Theodorus Van Wijchen kondenatzen dut Alejandro Amadoz Sunsundeguiri 161,84 euro (26.928 PTA) ordaintzera. Zenbateko horrek legezko interesa sorraraziko du —gehi bi puntu—, hasi epaia jakinarazten den egunean eta guztiz bete eta guztia ordaindu arte. Prozesuko kostuak ere salatutakoak ordaindu beharko ditu.

Jakinarazi bekie aldeei.

Epai hau eman, agindu eta sinatu egiten dut, horren lekukotza auzi-espedienteari atxikitzeko bidaliz. Jatorrizkoa Epaitegi honetako epaien liburuari erantsiko zaio. Epai horren aurka apelazio errekurtsoa aurkez daiteke Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, jakinarazten denetik aurrera bost eguneko epean.

Argitarapena.– Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen epaile magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, idazkari naizenez, guzti horren fede ematen dut.

Jasota gera dadin, eta, gaur egun helbide ezagunik ez duen Louis Theodorus Van Wijcheni epaia jakinarazteko balio dezan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin, Irunen, bi mila eta hiruko abenduaren hogeita hamaikan ematen dut idazki hau.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala