Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2004ko urtarrilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
418

<P ALIGN="JUSTIFY">4/2003 EBAZPENA, urriaren 6koa, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurarena, Arabako Foru Aldundiak N-622 Errepide Nazionalean telebista kamerak ipintzeko eta zuntz optikoa hedatzeko eginiko jarduketak direla-eta, Eusko Jaurlaritzak sustatu duen eskumen-gatazka positiboaren gainean emandakoa.

2003ko urriaren 6an, Gasteizko hirian, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak (aurrerantzean, Batzordea), Manuel María Zorrilla Ruiz lehendakari jaunak eta Mario Fernández Pelaz, Edorta Cobreros Mendazona, Fernando Campo Antoñanzas eta Andres Urrutia Badiola jaunek osatzen dutela, honako hau ebazten du:

EBAZPENA

Arabako Foru Aldundiak N-622 Errepide Nazionalean Telebista Kamerak ipintzeko eta zuntz optikoa hedatzeko jarduketei Eusko Jaurlaritzak Lurralde Historikoko Erakundearen aurrean bultzatu duen eskumen-auzi positiboan, Batzordeak honako hau ebazten du, eta Batzordeko Txostengile Fernando Campo Antoñanzas Bokalak aditzera ematen.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Joan den 2002ko urriaren 16an Arabako Foru Aldundiko Herri Lanetarako Zuzendariak jakinarazpen idatzia helarazi zion Eusko Jaurlaritzako Industria eta Merkataritza eta Turismo Sailburu Jaunari eta aditzera eman AEE bati esleitu zitzaiola, ETRA NORTE S.A. eta ELECTRONIC TRAFIC S.A. merkataritza-enpresei zehazki, "N-622 errepidean bi telebista-kamera ipintzeko kontratua", Aiurdingo tunelaren hegoaldeko irteeran bata eta Etxabarri-Viña lotunean bestea".

Jakinarazpen horretan esaten da era berean, AEE horrek zuntz optikoa ezartzeari ekingo diola 15+770 kilometro gunetik, Aiurdingo tunelaren hegoaldeko irteeratik hasita, Arabako Foru Aldundiaren kontrol-gelaraino TCP/IP sare bat sortzeko.

Jakinarazpen hori Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko 1992ko urriaren 14ko hitzarmenaren, Arabako Lurralde Historikoko errepide eta autobideetan kanalizazioak egiteko bi administrazioen arteko hitzarmenaren baitan egin zen.

Bigarren.– Joan den azaroaren 7an Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak helarazi zion jakinarazpen idatzia Arabako Foru Aldundiko Herri Lan eta Hirigintza Zuzendariari eta, bere jarrera arrazoitu ondoren, aditzera eman zion Foru Administrazioari Gobernuak ezin ontzat har zezakeela Aldundiak bere jabetzako zeretan ebazpen honen lehenengo narrazio faktikoan aipatutako idatzian esaten zen instalazioa egiterik, eta hargatik, Gobernuak berak eskatzen zion lanak bertan behera uzteko horretan eskumena zuen organoak, Ebazpen Batzordeak, ebatzi arte

Hirugarren.– 2002ko azaroaren 18ko data zuela, Arabako Foru Aldundiko Herri Lanetarako Zuzendariak helarazi zion jakinarazpen idatzia Eusko Jaurlaritzaren Ondare eta Kontratazio Zuzendariari eta bertan aditzera eman bideo-kamerak ipintzeko eta zuntz optikoa zabaltzeko lanek "ibilgailuak zenbatzea, meteorologia-estazioak abiaraztea ahalbidetzea zituztela helburu, eta orobat tuneletan bideetako segurtasunerako kontroleko elementuak izatea, hala nola Aiurdinen, eta hori guztia Arabako Foru Aldundiaren eskumen osoa eta erabatekoa zela".

Orobat eman zen aditzera jakinarazpen hartan jakinarazpena igorri zuen aldundia ez zetorrela bat Gobernuak adierazitako irizpidearekin, zuntz optikoa Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren trafiko-zerbitzuei eta ez beste inori atxikitako hodi batean zehar ipiniko zelako ustean.

Azkenik, Foru Administrazioak jakinarazi zuen egin nahi den kanalizazioak Arabako Foru Sarea zirkulazioaren segurtasuna eraginkortasunez kudeatzea ahalbidetuko duten zer guztiez hornitzea duela helburu, teknologia berriek aukeran jartzen dituzten bitarteko guztiez, eta adierazten du, azkenik, baldin eta Administrazio autonomikoak iritziko balio bere eskumenetan sartzea dela hori, eraman dezala dagokion auzia Ebazpen Batzordera hala egin behar duela uste badu.

Laugarren.– 2002ko abenduko data duela helarazi zion Eusko Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundiari jakinarazpena, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakia, helarazte-data berekoa, Arabako Foru Aldundiko Aldunen Kontseiluari eskatzen zaiola 2002 urte horretako bereko urriaren 16ko eta azaroaren 18ko jakinarazpenetan, Arabako Foru Aldundiko Herri Lanetarako Zuzendariaren eta Foru Administrazio berorretako Ondare eta Kontratazio Zuzendariarenetan, esaten diren N-622 errepidean telebista-kamerak ipintzeko eta zuntz optikoa zabaltzeko jarduketak bertan behera uzteko.

Hala berean, jakinarazi zen Gobernu Kontseiluak Ebazpen Batzordearen aurrean esan diren Foru Administrazio arabarraren jarduketei buruzko eskumen-auzia hasteko erabakia hartu zuela eta erabaki hori jasotzen zuen akordioaren berri eman zen.

2002ko abenduaren 27an, Arabako Diputatu Nagusiak Gobernuak egindako errekerimenduari erantzun zion eta ez zuen onartu Eusko Jaurlaritzak, desgaraian egina zelako, akordio honen adierazpen-zatian zehaztutako jarduketak direla-eta eskumenik ez zuelako errekerimendua eta onartu zuen exekutibo autonomikoak Ebazpen Batzordearen aurrean eskumen-auzia planteatuko balu auzitegi horren aurrera agertzeko asmoa.

Bosgarrena.– 2003ko urtarrilaren 16ko data zuela eman zitzaion sarrera Ebazpen Batzorde honetan Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazioko Zerbitzu Juridiko Zentralek abiarazitako idatzi bati, zeinetan, kontaketa egin ondoren eta desgaraikotasunak eragindako alegazioak egin ondoren, honako eskumen-auzi positiboa bultzatu Arabako Foru Aldundiak trafiko eta errepideetako eskumenak zedarritzen dituzten, eta espresuki aipatzen bideo-kamerak eta tragikoa kontrolatu, arautu, begiratu eta zuzentzeko irudiak jaso eta berrirudikatzeko edonolako bideak.

Seigarren.– Alegazio horiek hiru Lurralde Historikoetako erakunde ordezkariei helarazi zitzaizkien, eta 2003ko martxoaren 25ean Arabako Foru Aldundiko Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuetako Legelari Burua agertu zen aholkularitza horren izenean eta Gobernuak adierazitakoaren kontrako alegazioak egin zituen eta Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek trafikoaren, zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren gaineko eskumen-erregimenari buruzko azterketa orokorra egin zuen, eta espresuki azpimarratu zuen Foru Aldundiak exertzitzen zituen eskumenen izaera, eta, amaitzeko trafiko-gaietan Eusko Jaurlaritzari dagozkionez bestelako funtzioak exertzitzeko Foru Aldundiak telebista-kamerak baliatzeko aukeraren azterketa zehatza egin zuen.

Zazpigarren.– Eskumen-auzi positibo honi hasiera eman zion Administrazioak, Batzorde honekikoak arautzen dituen 13/94 Legearen, ekainaren 30ekoaren, 62. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, auzi honen gaia diren jarduketa administratiboak bertan behera utz zitezela eskatu zuen.

Horretarako, Batzordeak aldeei helarazi zien bertan behera uzteko egin zen eskariaren aurrean egoki zeritzotena alegatu zezaten, eta Euskal Herriko Administrazio Autonomoa agertu zen aurrera eta adierazi zuen berak Euskal Herriko Justizia Goi Auzitegiko Lehen Sekzioan eskatuta 153/03-1 Neurri Kautelarren prozeduran ari zirela, hemen aipatutako jarduketak berak geldiaraztea helburu zutenenean eta Jurisdikzio Arruntak aintzat hartzen zuela, pieza nagusitzat hartuta, auzi honen gai diren gertakari berei buruzko legezkotasun kontu bat planteatu zela zeritzolako.

Era berean ekarri zen jarduketa horietara 2003ko martxoaren 10eko data duen autoa, Euskal Herriko Justizia Goi Auzitegiak, Administrazioarekiko Auzibiderako Aretoak, emana, zeinetan erabakitzen baitzen bazegoela arrazoia auzia jarri zitzaion administrazioak etendako jarduketa etetea agintzen zuen neurri kautelarra hartzeko, eta jarduketa hori eskumenen esparrutik begiratuta oraingo ebazpen honen gaia diren jarduketak baino ez dira hain justu.

Gauzak horrela, Batzordeak, joan den 2003ko maiatzaren 15ean etenaren gorabehera geldiarazteko baimena ukatuta ebatzi zuen, eskari horrek Jurisdikzio Arruntaren babesa zuenez gero, eta gainera, ebazpen honetan esaten den eskumenei buruzko auzi positiboan ebatz dadinaren kalterik gabe hori guztia.

Zortzigarrena.– Alegazioak egiteko aldia amaituta eta frogatzeko faserik hasteke, aztertzeko eta behin betiko ebazpena emateko geratu da kontua.

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK
I

Halabeharrez lehenik Arabako Foru Aldundiak alegazioen kontra planteatutako idatzitik ondorioztatzen denetik, desgaraian egina izateagatik, ez onartu izanaren inguruan planteatutako kuestioari erantzun behar zaio.

Foru Administrazioaren iritziz ezin onartuzkoa izatearen arrazoia Eusko Jaurlaritzak egin zuen eskumenik ezagatiko errekerimendua desgaraian egin izana da.

Eta hala da, administrazio bien arteko komunikazioko dokumentuetan ageri diren datek erakusten dute komunikazio horiek joan den urriaren 16an hasi zirela Arabako Foru Aldundiko Herri Lanetarako Zuzendariak izenpetu eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailburuari zuzendutako idatzi batean.

Horren ondotik Eusko Jaurlaritzaren Ondare eta Kontrataziorako Zuzendariak igorri zuen erantzun idatzia etorri zen 2002ko azaroaren 7koa, eta, azkenik, Arabako Foru Aldundiko Herri Lanetarako Zuzendariak Eusko Jaurlaritzaren Ondare eta Kontrataziorako Zuzendariari igorritako 2002ko azaroaren 18ko idatzia.

Batzorde hau arautzen duen Legearen 58. artikuluan xedatzen diren jakinarazteko, errekeritzeko eta erantzuteko epeei buruz hitzez hitz adierazten digu errekerimendu hori xedapena, ebazpena edo eskumenik ez izatea akats duen egitea argitara eman edo jakinarazi eta 20 egunen buruan egin behar dela, eta zein administrazio publikotatik etorria den, haren goragoko hurrengo organo exekutiboari zuzenduta.

Baldin eta hori horrela bada, lehenengo jakinarazpenaren artean, 2002ko urriaren 21ekoaren eta, Administrazio Autonomikoak urte bereko abenduaren 4an egindako errekerimenduaren artean, legean xedatutako 20 eguneko epea askoz gainditua da.

Horri erants lekioke Foru Administrazioak egin zuen argudiaketa, alegia, une honetan eskumen-esparrua auzitan jarri zaion egintzaren helburua nabarmen geratua zela 2002ko urrian egindako lehen jakinarazpenean.

Interpretazioaren arabera, Batzorde honetan jada sustraituta dagoen interpretazioaren arabera, ondoriozta daiteke 58. artikuluan eta eskumen-auzi positiboak abiatu baino lehenagoko hurrengoetan jasotako epeak gobernu-organoak diren batzuek egindako jakinarazpenei dagozkiela, ez, ordea, organo horiek baino maila txikiagoko administrazio-organoak direnek egindakoei.

Interpretazio horren argitara egiazta dezakegu joan den abenduaren 4an jakinarazi zitzaiola Foru Administrazioari Gobernu Kontseiluak abenduaren 3ko bilkuran erabakitakoa: Foru Administrazioak azaroaren 19ko bere idatzian egindako adierazpenei erantzunez, litis honek helburu duen errekerimendua egin, eta hala, Batzorde hau arautzen duen Legearen 58. artikuluaren lehen epigrafean legez xedatu eta jasotako epeak betetzen direla.

Ondoko jakinarazpen segidakoek, Foru Organoak abenduaren 27an, Legeak xedatutako hilabeteko epearen barruan emandako erantzunak, eta Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 16an Ebazpen Batzorde honen aurrean eskumen-auzi positiboa jartzeak, gure arauaren 59. artikuluan xedatutako kopurua betetzen dute eta Auzirako Batzorde honen egoitzan izapidea egin aurretik planteatu den zikloa ixten dute, eta behar eran egina dela iritzi zaio.

Horregatik guztiagatik ebazpen honen xedapenetan jaso behar da, ukatu egin zaiola Foru Administrazioari Eusko Jaurlaritzak eskumen-auzi positibo hau desgaraian jarria zuelako ustean egindako eskaria.

II

Auzi hau kontzeptuaren eta helburuaren aldetik zehazten zail den problematika baten inguruan dabil jira-bueltan. Arrazoiketa arretatsua eskatzen du ezinbestean, eskumen-esparrua zedarritzeko ez ezik –eta esparru horren analisian badute zerikusia aspektu semantiko batzuek ere–, baita zenbait jarduketa administratibok ezkutuan zuen helburua ere, horiei ere heldu behar zaie-eta ezinbestez lege-ordenamenduaren argitan alde batera edo bestera erabakiko den eskumen-esparrua zedarritzeko.

Auzi honek lotura estua du Ebazpen Batzorde honen aurtengo otsailaren 24ko 1/03 ebazpenarekin. Erabaki hori Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluaren 2002ko uztailaren 30eko Foru Dekretuari buruz Eusko Jaurlaritzak Foru Errepide Sarearen Kontrolari eta Errepideak Kontrolatzeko Zentroaren gainean Lurralde Historikoko Erakundearen aurrean hasi zuen eskumen-auzi positiboan hartutakoa da.

Planteatutako arazoari buruzko analisia bai, baina ez hartutako erabakiarekiko mimetismorik, azpimarratzekoa da, besteak beste, 46/2002 Foru Dekretuaren 2.1. artikuluan agindu bezala tuneletan kontrolerako zerak ipintzea ez zela izan, Administrazio Autonomoak dioenaz bestera, gorago aipatutako ebazpenean esaten zen auzian eztabaidako gaia izan; aitzitik, ezin bestela izan, alde batek eta besteak zehaztutako eztabaidagaiei atxiki zitzaiela eta Dekretuaren 2.1. artikuluei buruzkoan, goitik beherako seinale finko eta/edo aldagarriak, laguntzarako zutoinak eta semaforoak aipatzen zirela.

III

Lurralde Historikoen Legearen 7. artikuluaren zortzigarren epigrafean xedatua da Lurralde Historikoetako foru erakundeek eskumen esklusiboa dutela errepide eta bideen plangintzan, proiektuetan, eraikitzen, zaintzen, berritzen, finantzatzen, erabiltzen eta ustiatzen, eta eskumen hori lurralde bakoitzaren erregimen juridikoaren arabera exertzituko dutela.

Foru aldundiek berentzat duten eskumen-esparru horrek jabetza publikoko titularitatea du, batetik, eta, bestetik, jabetza-karga, Batzorde honek bere 1/03 ebazpenean arrazoitu ahal izan zuen bezala.

Halarik ere, Lurralde Historikoari izendatutako eskumen guztiak gorabehera, ez da inolako zalantzarik eskumen horietatik kanpo geratzen direla trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzkoak.

Eusko Jaurlaritzari eta trafikoaren gestioari dagokienez, trafikoaren gestioa deritzonaren itzalpean jasotako eskumenetako bat asumitzen du, eta bere baitan hartzen trafikoaren beraren segurtasun-baldintzei eustea helburu duten jarduketak eta baita, hala berean, pertsonen eta ondasunen kaltea lekarketen aldetik, trafikoak berak dituen arriskuak ahal dela arindu eta gutxitzekoa ere.

Eskumenen aldetiko ikuspegi honetatik begiratuta eztabaidagai den egintza jakina aztertu behar dugu derrigor, eta egintza hori Arabako Foru Aldundiak N-622 errepidean bi telebista-kamera ipini izana da, Aiurdingo tunelaren hegoaldeko irteeran eta Etxabarri-Viña lotunean, eta baita halaber esan diren ikusteko erreproduzio-sistema horiek erabili ahal izateko beharrezkoa den zuntz optikoa zabaldu izana ere.

Jarduketa administratiboa esan den eran zehazturik izan lezake legearen aldetiko babesa, tunelari dagokionez bederen, foru bide-sarearen kontrol-sistema eta errepideen kontroleko zentroa arautzen dituen Diputatuen Kontseiluaren 46/02 Foru Dekretuaren 2.1. artikuluan, zeinetan xedaturik baitago "tunelak kontrolatzeko zerak" kontroleko sisteman sartzen diren elementuak direla.

Badirudi, hortaz, kamera fisikoki ipini izana bera egun indarrean dagoen antolamendu juridikoaren eskumen-tituluaren pean babesturik legokeela, baina analisiak ez du era horretan egina izan behar, ez era horretan soilik behintzat, eta bitarteko horiek zertarako erabiltzen diren beharko da ikusi ea dagokien bi administrazioen eskumen-esparrurik urratzen ote den horrela.

Eta puntu honetan bihurtzen da eztabaida konplexuago, Foru Administrazioak urriaren 16ko data duela jakinarazpenean azpimarratzen baitu bere jarduketek bi kamerak ipintzea zutela helburu eta N- 622 bideko bi puntuetan ipintzea ere, eta gero, berriz, azaroaren 18ko jakinarazpenean azpimarratzen zuen jarduketa horren helburua ibilgailuak zenbatzea, estazio meteorologikoak eta tuneletan bide-segurtasuna zaintzeko zerak ipintzea zela, Aiurdinen, esate baterako, den-dena Foru Aldundiaren eskumen oso eta erabatekoaren barruan dagoela aditurik, azkenik, Batzorde honen aurrean jarritako alegazioen kontrako idatzian ondorioztatzen dela kamerak oso baliagarriak direla ibilgailuek bide nagusien sarrera-irteeretan eta komunikazio-lotunetan nola jokatzen duten antzemateko, hartara hobetu beharrekoak hobetu edo plan hobeak egiteko edo baita eskarmentuak erakusten duenez saihetseko lubakietan luiziak, izotz plakak, ibilgailuek karga galtzea, eta abar, maiz gertatu ohi diren gertueneko lekuetan ere.

Hala da, errealitatea bideokamera baten bidez iruditan jasotzeak era askotako helburuetarako erabil daitekeen datu piloa ematen du.

Egia da zentzu onak esaten duela aholkatzekoa dela bide-azpiegiturak mantentzeko lanetan eskumena duen administrazioek, esate baterako, tunelen egoera fisikoari buruzko informazioa izatea etengabe.

Ebazpen honen helburua, ordea, ikuspegi juridikoari hertsiki loturik, planteatutako arazoari erantzuna ematea da, eta horretarako dagokion asmoei buruzko irizpena egin beharko da eta ikusi dagokion administrazioak bideokameren erabilerari buruz zer adierazi duen.

Eta aspektu horretan erakusten du inolako ezbairik gabe Arabako Foru Aldundiak, besteak beste, ibilgailuak zenbatu ahal izatea eta tuneletako bide-segurtasuna helburu dituzten ikustezko irudikapen-bideak ipini nahi hori.

IV

Foru Administrazioaren argudiatzearen ardatza administrazio berorren eskumen-esparrua alde horrek aipatzen dituen ebazpenetan Konstituzio Auzitegiak dioen "foru-erregimenaren muinaren barnean" dagoelakoa da, eta horiek horrela, bere argudiatzearen hariari jarraikiz, ondorioztatzen du trafiko kontzeptu juridikoa osatzen duten era bateko eta besteko ekintza konkretuak sar daitezkeela Antolamendu Juridikoak izendatzen dion kudeaketan, "errepide eta bideen plangintza, proiektu, eraikuntza, zainketa, berriketa, finantzamendua, erabilera eta ustiaketa" Eusko Legebiltzarraren Lurralde Historikoen Legearen 7-a8 artikuluaren hitzez hitzekoa baino harantzago jota.

Gogorarazi beharra dago une honetan, telebista-kamerak ipintzea justifikatzeko Foru Administrazioak azaldu dituen era bateko eta besteko asmoak gorabehera, irauten duela hor, ukatu ez delako, 2002ko azaroaren 18ko data duen Arabako Foru Aldundiaren Herri Lanetarako Zuzendariaren idatzian jasotakoaren araberako harako trafikoaren kontrol, gestio, arauketa, zainketa eta/edo diziplinari buruzkoak ere. Alde-idatzietan Foru Administrazioak bere helburua ñabartzen du eta irispideetan, komunikazio-lotuneetan, eta abarretan ibilgailuen jokaera antzematea duela zehazten. Baina bere asmoa zehazte horretan ikusten da horren barruan, lehenik eta behin ez duela etsitzen hasierako bere asmoan, eta, bigarren, Batzorde honen iritziz, bete-betean trafikoko gaien barrukotzat jo daitezkeen jarduketetan kokatzen da honetan ere, hala nola, zirkulazioaren hara-honakoen kontrolean eta monitorizazioan.

Ebazpen honen argudio-ildoa agortu eta ixteko Batzorde honek beste batean eman zuen irizpen batean azaldu zuen jarrera gogorarazi besterik ez dago, alegia, trafikoaren eskumen-esparrua Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Erakunde Administratibo erkideei dagokiela. Ildo horretan argudiatu zen administrazio horrek, jomuga biko egintza administratiboak sortzen dituen eskumen saila hartua duela bere gain, trafikoari dagokionez, batetik, zirkulazioaren kaosak, bideetako joan-etorrien erritmo gehiegizkoak edo motelegiak sor ditzaketen edonolako eragozpen edo moteltzeak beren horretan deuseztuko dituzten segurtasun eskakizunak mantendu ditzala gurpildunen trafikoak, eta, bestetik, gurpildunen trafikoko gertakariek operazioetan aktiboki parte hartzen dutenen bizian eta segurtasunean kalterik izan ez dezaten edo ibilbide publikoetan zehar garraiatzen diren pertsonei edo ondasunei eraso egin diezaioten eragotzi.

Diskurtso honi –hala arrazoitzen zuen Batzorde honek– beste argudiatze hau ere gehitzen zaio, alegia, Erkidegoko Lurralde Historikoei eskumenak eskuratzeko arauetako batean ere ez dela aipatzen, ez espresuki, ez esan gabe, bide-trafikoko gaian ustezko atribuzio izendapenik, eta besterik ez dela aipatzen, hipotesia eginda, errepideei ez besteri buruz iragartzen den lehen ere aipatutako Lurralde Historikoen Legearen 7-a8k eskumenei buruzko tituluarekin zerikusia dutenak baizik.

Hortaz, arrazonamendu horiek oinarri direla, bidezko da eztabaida honen eragile izan den aldeak azaldu dituen nahiak aintzat eta ontzat hartzea, eta, hala, eragile horrek alegatu duen interesari erantzuteko eman beharreko irizpenak ematea.

Horregatik guztiagatik.

BATZORDEAK HONAKO HAU EBAZTEN DU:

Aztertzea eta ebaztea dagokigun eskumen-auzi positiboaren planteamenduak oinarri sendoa eta erabatekoa duela iritzirik, eta planteamendu hori egin duenak aurrera atera nahi dituenak aintzat eta ontzat hartzen ditugula, honako hau adierazi behar dugu eta adierazten dugu:

1.– Eskumen-auzi positibo hau Ebazpen Batzordea Arautzen duen Legearen 58. artikuluan eta hurrengoetan xedatutako epeetan planteatua dela.

2.– Arabako Foru Aldundiak N-622 errepidean, besteak beste, ibilgailuak zenbatzeko eta errepideetako segurtasuna zaintzeko, bi telebista-kamera, Aiurdingo Tunelean bata, eta bestea Etxabarri-Viña lotunean, ipini nahia izateak Euskal Herriko Erakunde Erkide eta Foru Erakundeei egindako eskumen-banaketa urratzen du, eskumen horiek trafikoaren kudeaketaren eta bideetako segurtasunaren barruko gaiak baitira, eta horien kudeaketaren titularitatea Eusko Jaurlaritzari dagokio.

3.– Iritzi bera merezi duela Arabako Foru Aldundiak ebazpen honetako aurreko irizpenean jasotakoa bera helburu duela zuntz optikoa ipini nahi izateak.

Hala, behin betikoz epaituta, gure ebazpen honen bidez aditzera ematen, manatzen eta sinatzen dugu, eta hala berean, jakinaraziko zaie doakienei legez xedaturik dagoen eran eta argitaratuko da Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean.


Azterketa dokumentala