Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2004ko urtarrilaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
138

AGINDUA, 2003ko abenduaren 9koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, azpigorri ahuntz-arrazaren arauketa zehatza onesten duena.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuak, Euskal Herriko bertako abere-arrazei eta hauek sustatzeaz arduratzen diren erakundeei buruzkoak, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Katalogo Ofiziala ezarri zuen, eta arraza-estandarrak onesteko oinarrizko baldintzak ere bai, besteak beste. Gainera, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseilua sortu zuen.

Dekretu horrek 3.2 artikuluan dioenez, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu baten bidez zehatz-mehatz arautu behar dira dekretuan aipatzen diren arrazak, bertan adierazten den moduan arautu ere; beste alde batetik, 4. artikuluan, arrazen araudiek izan behar dituzten oinarrizko edukiak finkatzen ditu, eta azkenik, 6.3 artikuluan, Arrazen Kontseiluari eginkizun hau ezartzen dio, beste batzuen artean: aginduzko txostenak egitea Katalogoan sartutako arrazen araudi zehatzei buruz eta haien aldaketei buruz.

Horrenbestez, eta Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseiluarekin bat etorrita, honakoa

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Azpigorri ahuntz-arrazaren araudi zehatza onestea, agindu honen eranskinean dagoena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abunduaren 9a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA
AZPIGORRI AHUNTZ-ARRAZAREN ARAUDI ZEHATZA

1.– ARRAZAREN EREDU EDO ESTANDARRA.

1.1.– Arrazaren definizioa.

Arau hauetan zehazturiko arraza-ereduarekin bat datozenak hartuko dira azpigorri ahuntz-arrazakotzat.

1.2.– Arrazaren barietateak.

Ez dago barietaterik azpigorri ahuntz-arrazan.

1.3.– Arrazaren ezaugarri morfologikoak.

1.3.1.– Ezaugarri orokorrak.

Ezaugarriei eta itxura orokorrari dagokienez arraza gogorra da, sublongilineoa eta soslai subkonkaboa duena.

1.3.2.– Ezaugarri zehatzak.

a) Burua:

Neurri ertainekoa, emeetan lirainagoa.

Bekokia zabala da, aurpegirantz zertxobait ahurra emeetan eta zuzena arretan.

Adarrak uztai-itxurakoak dira (aegagrus motakoak), ondo garatuak, arretan luzeagoak eta sendoagoak. Batzuetan ez dute adarrik.

Belarriak luzeraz eta zabaleraz ertainak dira, punta-motzak, horizontalak eta oso mugikorrak.

Begiak tamaina ertainekoak dira, inklinatu samarrak, aurpegiko lerroaren atzetik eta orbita apur bat markatuekin.

Muturra zabala eta sakona da, soslai biribilekoa, sudurzulo zabalekin, eta ezpainak meheak eta irmoak, ezpain-komisura sakona eratzen dutenak.

Zintzurra erabat definitua da.

Lepoak sexu-dimorfismo nabarmena ageri du. Emeetan luzera ertainekoa da, ertz-zuzena eta gihartsua, sekzioa zertxobait zilindrikoa du eta gorputz-enborrarekiko lotunea apur bat zabalagoa du buruarekikoa baino. Arretan oso lodia da eta lotuneak zabalak ditu, batez ere enborrarekikoa.

b) Gorputz-enborra:

Paraleloen artean, luzanga; bizkar-gerrialdeko lerroa oso sendoa, horizontala eta zuzena du. Bularraldea oso sakona da eta saihets-hezurrak nahiko kakotuak; arrek torax-perimetroa 100 cm-tik gorakoa dute.

Bular zabala.

Soinkurutze luzea, apur bat nabarmendua.

Zerra luzea, zabala eta inklinazio txikikoa.

Sabela bularrezurraren lerro berean dago.

Luzera ertaineko buztan tentea.

Emeek garapen ertaineko errapeak dituzte, simetrikoak. Titiak tamaina ertainekoak dituzte, bertikalak, paraleloak eta ondo bereiziak.

Arren testikuluak beheratuak eta simetrikoak dira, eta erdiko errafea sakonera txikikoa dute.

c) Gorputz-adarrak:

Aurrekoak luzera ertainekoak eta zuzenak dira. Sorbalda laburra eta gihartsua da. Besoa luzea da; sorbaldarekin 90.º-ko angelua egiten du. Besaurrea luzera ertainekoa da eta ondo garatutako giharrak ditu. Belauna laburra eta iharra da, gainerako hezur-erradioekin proportzionatua. Kanabera laburra da, lodiera ertainekoa eta sekzio biribilekoa. Hazkoskorrak eta apoak oso zabalak eta sendoak dira.

Atzeko gorputz-adarrek oso angelu zabalak dituzte euren hezur-erradioen artean eta horrek nolabaiteko bertikaltasuna ematen die. Izter laburra, hanka luzea eta belaunburu iharra, sendoa eta garapen ertainekoa. Luzera eta lodiera ertaineko kanaberak, sekzio biribilekoak. Hazkoskorrak eta apoak oso zabalak eta sendoak dira.

d) Azala:

Lodiera ertainekoa.

e) Kolorea eta ilea:

Ilea beltza da. Baditu gorrirainoko degradazioak gorputz-adar, galtzarbe eta iztarteetan, ipurmasailetan eta buztanaren azpialdean. Kolore bereko bi marrak aurpegia gurutzatzen dute (masail gorria) belarri-oinetatik muturreraino, eta batzuetan azken bi eskualde horietan hedatzen dira.

Emeek ile labur, fin eta sarria dute buruan, lepoan, paparrean eta gorputz-adarren behealdean; gorputzaren gainerako aldeetan ile luzeago eta leunagoa dute. Ile luzeagoko alde horietan kolore gorrixka dute.

Arren ilea lodiagoa eta luzera ertainekoa da gorputz osoan, sorbaldan eta besoan izan ezik, alde horietan luzeagoa baita.

Arrek badituzte bizarrak. Emeek, berriz, gutxitan izaten dute kokospekoa.

Sexu bietan girgiloak bakanka agertzen dira.

Ugatzak pigmentugabeak dira, begiak gaztaina-kolorekoak, adarra grisaxka eta apoak ilunak.

f) Neurriak:

Neurri sublongilineoak dituzten abereak dira. Tamaina ertaineko arrazei dagokien garaiera dute.

g) Pisua:

Emeek 45-55 kg-ko pisua dute eta arrek 70-80 kg-koa.

1.3.3.– Izaera eta portaera.

Abere erdi basatiak dira, oso gogorrak.

1.3.4.– Ezaugarri baztertzaileak.

Oro har, ezaugarri baztertzailetzat hartuko dira tara hereditario edo malformazio fisiko nabari guztiak, eta arrazarenak ez diren ezaugarriak.

2.– ABEREEN SAILKAPEN MORFOLOGIKOA.

2.1.– Kalifikaziorako baremoa.

Arraza-estandarraren betekizunen arabera, puntuazioaren bidez egingo da kalifikazio morfologikoa. Eskualde anatomiko bakoitzari puntu bat emango zaio gutxienez, eta hamar gehienez, ondoko baremo honen arabera:

Kalifikazioa Puntuak

Ezin hobea 10 puntu

Bikaina 9 puntu

Oso ona 8 puntu

Ona 7 puntu

Onargarria 6 puntu

Nahikoa 5 puntos

Onartezina 5 puntu baino gutxiago

Baloratu beharreko edozein eskualderi 5 puntu baino gutxiago emanez gero, aberea deskalifikatu egingo da, gainerako eskualdeek lortutako puntuazioa kontuan hartu gabe.

2.2.– Kalifikatu beharreko alderdiak eta haien ponderazioa.

Jarraian adierazten da kalifikatu behar diren alderdiak zein diren. Haietariko bakoitzerako, gainera, ponderazio-koefizientea adierazten da.

Eskualde bakoitzari emandako puntuazioa dagokion koefizienteaz biderkatuko da, eta hala aberearen behin betiko puntuazioa lortuko da:

Koefiziente biderkatzaileak

Kalifikatu beharreko eskualdeak Arrak Emeak

Burua eta lepoa 1,5 1,5

Sorbalda eta soinkurutzea 1 1

Bularraldea eta saihetsaldea 1 1

Bizkarraldea eta gerrialdea 1 1

Zerra eta buztana 1 1,5

Gorputz-adarrak eta hanka-jarrera 1,5 1,5

Sexu-ezaugarriak 0,5 0,5

Izaera eta itxura orokorra 2,5 2

Guztira 10 10

Azken puntuazioa horrela lortuta, abereak kategoria hauen arabera sailkatuko dira:

Kategoria Lortutako puntuak

Ezin hobea 100

Bikaina 91 - 99,99

Oso ona 81 - 90,99

Ona 75 - 80,99

Onargarria 70 - 74,99

Nahikoa 60 - 69,99

Eskasa 55 - 59,99

Txarra 55 baino gutxiago

3.– GENEALOGIA LIBURUA.

3.1.– Azpigorri ahuntz-arrazaren Genealogia Liburua jarraian ageri diren erregistroetan egituratuko da:

a) Fundazio Erregistroa (FE).

Beheko baldintzak betetzen dituzten abere ar eta emeak jasoko dira Fundazio Erregistroan:

– Arrazarako zehaztu diren ezaugarri etnikoak edukitzea.

– Gutxienez hamabi hilabete izatea, bai arrek eta bai emeek.

– Arrazaren ereduaren arabera, gutxienez 60 puntu lortzea emeen kasuan, eta arren kasuan, 65 puntu.

– Erregistro honetan inskribatzeko, 3 urteko epea onartuko da emeentzat, eta urtebetekoa arrentzat, beti ere arrazari buruzko araudi hau ofizialki onetsiz geroztik.

b) Jaiotzen Erregistroa (JE).

Fundazio Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribatutako abereen umeak sartuko dira erregistro honetan, arrak zein emeak direlarik, baldin eta eskakizun hauek betetzen badira:

– Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.

– Tara edo akatsik ez izatea.

– Emeen ugalketaren kontrola edukitzea.

– Erregistro honetan inskribatzeko eskabidea aurkeztea, antxumeari titia kendu baino lehen.

c) Behin betiko Erregistroa (BE).

Behin adin batera ezkero (hiru urte, emeak badira, eta hogeita hamar hilabete, arrak badira), Jaiotza Erregistroko abereak Behin betiko Erregistroan inskribatu ahal izango dira, 60 eta 65 puntuko kalifikazio morfologikoa gaindituz gero (60koa emeek, 65ekoa arrek).

Ugalkortasun edo emankortasun gutxiko ezaugarri hereditarioak edota umetarako ezaugarri txarrak antzemanez gero, umetarako abere guztiei (arrak zein emeak) eta haien ondorengoei baja eman behar zaie erregistro honetan.

Genealogia Liburuko inskripzioak animalien jatorriagatik edo animalien ezaugarriengatik (hau da, abiaburu gisa) egin daitezke. Bigarren aukera hori Fundazio Erregistroan inskriba daitezkeen animaliei dagokie.

Jatorriagatik inskribatzen diren animaliei dagokienez, jatorriagatik edo ezaugarriengatik inskribatutako azpigorri ahuntzengandik jaiotzen diren animaliak berez inskribatuko dira, baldin eta ahuntz horiek izaera bereko arrek estaliak badira, eta aldez aurretik estaldura eta jaiotza aitortzen badira.

3.2.– Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, dekretu horren arabera ofizialki onartuak diren sustapen erakundeei baimena eman ahal izango zaie, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez, genealogia liburuak kudeatzeko, ebazpenean bertan adierazten den eran.

4.– ABEREEN ONARPENA ETA KALIFIKAZIOA.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 6.4 artikuluan eta azken xedapenetariko bigarrenean ezarritakoaren arabera, Genealogia Liburuaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

a) Arraza katalogatuaren Genealogia Liburuan animaliak inskribatzeko eskabideak aztertzea, araudi zehatz honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.

b) Animaliak kalifikatzea. Batzordeak bere eginkizun hori pertsona eskudunei eman ahalko die, beti ere berak gainbegiraturik.

c) Kalifikatutako animaliak onar daitezela erabakitzea, bidezkoa bada.

d) Genealogia agiriak ematea; eginkizun hori onarpen ofiziala duten erakundeen esku utzi ahalko du.

e) Genealogia Liburuaren funtzionamenduari jaramon egitea eta gorabeherak konpontzea.


Azterketa dokumentala