Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2004ko urtarrilaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
136

AGINDUA, 2003ko abenduaren 9koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, "Enkarterriko villanoa" txakur-arrazaren arauketa zehatza onesten duena.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuak, Euskal Herriko bertako abere-arrazei eta hauek sustatzeaz arduratzen diren erakundeei buruzkoak, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Katalogo Ofiziala ezarri zuen, eta arraza-estandarrak onesteko oinarrizko baldintzak ere bai, besteak beste. Gainera, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseilua sortu zuen.

Dekretu horrek 3.2 artikuluan dioenez, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu baten bidez zehatz-mehatz arautu behar dira dekretuan aipatzen diren arrazak, bertan adierazten den moduan arautu ere; beste alde batetik, 4. artikuluan, arrazen araudiek izan behar dituzten oinarrizko edukiak finkatzen ditu, eta azkenik, 6.3 artikuluan, Arrazen Kontseiluari eginkizun hau ezartzen dio, beste batzuen artean: aginduzko txostenak egitea Katalogoan sartutako arrazen araudi zehatzei buruz eta haien aldaketei buruz.

Horrenbestez, eta Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseiluarekin bat etorrita, honakoa

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– "Enkarterriko villanoa" txakur-arrazaren araudi zehatza onestea, agindu honen eranskinean dagoena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 9a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA
"ENKARTERRIKO VILLANOA" TXAKUR-ARRAZAREN ARAUDI ZEHATZA
1.– ARRAZAREN EREDU EDO ESTANDARRA.

1.1.– Arrazaren definizioa.

Arau hauetan zehazturiko arraza-ereduarekin bat datozenak hartuko dira "Enkarterriko villanoa" txakur-arrazakotzat.

1.2.– Arrazaren barietateak.

Ez dago barietaterik "Enkarterriko villanoa" txakur-arrazan.

1.3.– Arrazaren ezaugarri morfologikoak.

1.3.1.– Ezaugarri orokorrak.

Txakur hozkariak dira. Euskal Herriko mendebaldereneko eskualdean dute jatorria, Bizkaiko Enkarterrian. Bertako abeltzainek antzina-antzinatik erabiltzen dituzte. Aske bizi diren monchina arrazako behi erdi-basatiak biltzen laguntzen diete mendialde malkartsuetan.

Ezaugarriei eta itxura orokorrari dagokienez, tamaina ertaineko txakurrak dira, longilineoak eta egitura trinkoa dutenak. Burua eta bularraldea zabalak dituzte, eta aurreko heren guztia guztiz sendoa eta gihartsua.

Gogor itxura dute, eta sexuen arteko dimorfismoa nabarmena da.

Jabearen ondoan bizi-biziak eta arinak dira. Ezezagunen aurrean begiak erne eta serio egoten dira.

Sarritan belarriak zuzen mozten dizkiete.

Ilea barreatua dute, abeltzainek esaten dioten bezala; nabarra edo marraduna.

1.3.2.– Ezaugarri zehatzak.

a) Burua:

Mesozefalikoa da, trinkoa, baina ertz garbiak eta definituak ditu. Burezur-aurpegien ardatzak pixka bat dibergenteak dira.

Burezurra: Mesokraneotoa eta subkonbexua da. Garondoko gandorra ez da oso irtena.

Bekoki-sudurretako sakonunea luzea eta nabarmena da.

Aurpegia: Muturra zabala eta sakona da. Goitik begiratuta piramide-enborraren itxura du, piramidearen oinarria sudur-puntako aldean dagoela.

Barailak zuzenak eta indartsuak dira, eta masetero muskulu handiak dituzte.

Sudurraren gainaldea zuzena da.

Sudur-punta zabala da eta alboetan arrakalatuta dago.

Ezpainak meheak eta irmoak dira. Goikoak behekoa estaltzen du, ertzetan izan ezik.

Hortzeria ederki eratuta dago. Letaginak handiak dira.

Kurrikak bezala egiten dute hozka.

Begiak zeharka daude eta aurrerantz begiratzen dute. Barrurantz sartuta daude masetero muskulu handien artean.

Belarriak tenteak eta txikiak dira. Sei hilabete bete aurretik belarriak moztu egiten dizkiete, triangelu forma emanez.

Lepoa ertaina da, zilindrikoa eta oso gihartsua.

b) Gorputz-enborra:

Soinkurutzea laburra eta zertxobait nabarmendua da.

Bizkarra luzea, zuzena eta zabala da.

Gerrialdea laburra da, apur bat subkonbexua zerraren hasieran. Zerrak 45.º inguruko inklinazioa du; zabala eta gihartsua da.

Bularra oso zabala eta sakona da eta gihar handiak ditu. Beraz, gorputz-adarren artean tarte zabala dago.

Saihetsak nahiko konbexuak dira bizkarrarekin bat egiten duten zatian, eta ez hainbeste erdiko herenean.

Bularrezurraren lerroa ukondoaren azpitik dago. Sabela tinkoa eta meharra da.

Buztana luzea eta mehea da, kanporanzko igitai-itxurako jarrera du beti, eta oso mugikorra da. Bai geldi dagoenean eta bai mugitzen denean, alboetarantz higikortasun handia du. Geldi dagoenean, kurbaren behealdea belaunburuen pare edo geratzen da. Mugitzen denean, bizkar-gerrialdeko lerroaren luzapen gisara altxatzen da, igitai-itxura inoiz galdu gabe, geldiunean baino irekiagoa bada ere.

c) Gorputz-adarrak:

Luzera eta lodiera ertainekoak dira eta jarrera perfektua dute.

Aurreko gorputz-adarrak: Aurretik begiratuta jarrera perfektua dute eta oso bananduta daude.

Sorbalda laburra eta gihartsua da, askea, eta 45.º-ko inklinazioa du.

Besoa sorbalda bezain luzea da, gihartsua, eta oso mugikortasun handikoa.

Angelu eskapulo-humerala 90.º ingurukoa da.

Ukondoa txikia eta markatua da.

Besaurrea luzea da. Oso lodia izan ez arren, lokailu eta hezur sendoak ditu.

Karpoa ez da nabarmena. Metakarpoa luzea da, ia bertikala, besaurrearen luzapena balitz bezala, eta ezproi garatua du.

Eskua katuaren erpearen antzekoa da. Behatz labur eta sendoak ditu, azazkal handiak eta kuxin gogorrak.

Atzeko gorputz-adarrak: Atzetik begiratuta: paraleloak eta oso bananduak.

Izterra gutxi gorabehera bizkarra bezain luzea da eta inklinazioa ere antzekoa du.

Hanka luzea da, goiko herenean gihartsua, eta beheko herenean meheagoa baina lokailu oso garatuekin.

Belaunburua ertaina da, irekia, eta punta markatua du.

Metatartsoa luzea eta ertaina da, ezproirik gabekoa.

Oinak eskuak bezalakoak dira.

d) Azala:

Azala lodiera ertainekoa da, sendoa eta malgua. Gorputzari atxikitzen zaio, hezurren erliebeak eta giharren planoak nabarmenduz.

e) Kolorea eta ilea:

Kolorea nabarra edo marraduna da, gutxi-asko iluna. Batzuetan zuriuneak agertzen dira paparrean eta gorputz-adarretan.

Sudur-punta beltza da.

Begiak hurritz-kolorekoak dira, ilunagoak edo argiagoak, ilearen arabera.

Ilea laburra, gogorra eta leuna da, zentimetro bat eta hiru zentimetro bitarteko luzera du, oso sarria da eta gorputzari atxikita dago.

f) Neurriak:

Soinkurutzeko altuera: 57-60 cm arretan eta 55-57 cm emeetan.

Proportzioak: Soinkurutzeko altuera / luzetarako diametroa: 5/6. Soinkurutzeko altuera / bizkar-bularraldeko diametroa: 2/3. Burezurraren luzera / aurpegiaren luzera: 5/4 arretan eta 1/1 emeetan.

g) Pisua:

Ez dago pisuaren batez besteko estandarrik. Beraz, askotariko neurriak onartzen dira, hazkuntzaren eta beste inguruabar batzuen araberakoak.

1.3.3.– Izaera eta portaera.

Guztiz orekatua da, esanekoa, alaia eta oso maitekorra jabearekin, indartsua, azkarra eta behar bezain haserrekorra abereak erabili behar dituenean. Ezezagunen aurrean zuhur eta fidagaitz agertzen da, erne eta serio begiratzen die, baina bere indarrak ematen dion lasaitasunarekin.

Bizkor eta arin mugitzen da. Gorputz-adarrak eroso eta nahi beste luzatzen ditu, lurretik gehiegi altxatu gabe.

1.3.4.– Ezaugarri baztertzaileak.

Oro har, ezaugarri baztertzailetzat hartuko dira tara hereditario edo malformazio fisiko nabari guztiak, eta arrazarenak ez diren ezaugarriak.

Batez ere, honako hauek akats larritzat joko dira, erakusketetan txakurra deskalifikatzeko adinakoak:

– Izaera desorekatua.

– Edozein eratako prognatismoa.

– Monorkidia (testikuluren bat falta izatea).

– Aurreko haginetako bi edo gehiago falta izatea.

– Albinismoa.

– Brakizefalia.

– Buztan laburra.

– Atzeko hanketan ezproiak edukitzea.

– Sudur-puntaren pigmentazio eza.

– Estandarrarekin bat ez datozen koloreak.

2.– ANIMALIEN SAILKAPEN MORFOLOGIKOA.

2.1.– Kalifikaziorako baremoa.

Arraza-estandarraren betekizunen arabera, puntuazioaren bidez egingo da kalifikazio morfologikoa. Eskualde anatomiko bakoitzari puntu bat emango zaio gutxienez, eta hamar gehienez, ondoko baremo honen arabera:

Kalifikazioa Puntuak

Ezin hobea 10 puntu

Bikaina 9 puntu

Oso ona 8 puntu

Ona 7 puntu

Onargarria 6 puntu

Nahikoa 5 puntu

Onartezina 5 puntu baino gutxiago

Baloratu beharreko edozein eskualderi 5 puntu baino gutxiago emanez gero, animalia deskalifikatu egingo da, gainerako eskualdeek lortutako puntuazioa kontuan hartu gabe.

2.2.– Kalifikatu beharreko alderdiak eta haien ponderazioa.

Jarraian adierazten da kalifikatu behar diren alderdiak zein diren. Haietariko bakoitzerako, gainera, ponderazio-koefizientea adierazten da.

Eskualde bakoitzari emandako puntuazioa dagokion koefizienteaz biderkatuko da, eta hala animaliaren behin betiko puntuazioa lortuko da:

Koefiziente biderkatzaileak

Kalifikatu beharreko eskualdeak Arrak Emeak

Burua eta lepoa 1,5 1,5

Sorbalda eta soinkurutzea 1 1

Bularraldea eta saihetsaldea 1 1

Bizkarraldea eta gerrialdea 1 1

Zerra eta buztana 1 1,5

Gorputz-adarrak eta hanka-jarrera 1,5 1,5

Sexu-ezaugarriak 0,5 0,5

Izaera eta itxura orokorra 2,5 2

Guztira 10 10

Azken puntuazioa horrela lortuta, animaliak kategoria hauen arabera sailkatuko dira:

Kategoria Lortutako puntuak

Ezin hobea 100

Bikaina 91 - 99,99

Oso ona 81 - 90,99

Ona 75 - 80,99

Onargarria 70 - 74,99

Nahikoa 60 - 69,99

Eskasa 55 - 59,99

Txarra 55 baino gutxiago

3.– GENEALOGIA LIBURUA.

3.1.– "Enkarterriko villanoa" txakur-arrazaren Genealogia Liburua jarraian ageri diren erregistroetan egituratuko da:

a) Fundazio Erregistroa (FE).

Beheko baldintzak betetzen dituzten txakur ar eta emeak jasoko dira Fundazio Erregistroan:

– Arrazarako zehaztu diren ezaugarri etnikoak edukitzea.

– Gutxienez hamabi hilabete izatea, bai arrek eta bai emeek.

– Arrazaren ereduaren arabera, gutxienez 60 puntu lortzea emeen kasuan, eta arren kasuan, 65 puntu.

– Erregistro honetan inskribatzeko, 3 urteko epea onartuko da emeentzat, eta urtebetekoa arrentzat, beti ere arrazari buruzko araudi hau ofizialki onetsiz geroztik.

b) Jaiotzen Erregistroa (JE).

Fundazio Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribatutako txakurren umeak sartuko dira erregistro honetan, arrak zein emeak direlarik, baldin eta eskakizun hauek betetzen badira:

– Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.

– Tara edo akatsik ez izatea.

– Emeen ugalketaren kontrola edukitzea.

– Erregistro honetan inskribatzeko eskabidea aurkeztea, txakurkumeari titia kendu baino lehen.

c) Behin betiko Erregistroa (BE).

Behin adin batera heldu ezkero (hiru urte, emeak badira, eta hogeita hamar hilabete, arrak badira), Jaiotza Erregistroko animaliak Behin betiko Erregistroan inskribatu ahal izango dira, 60 eta 65 puntuko kalifikazio morfologikoa gaindituz gero (60koa emeek, 65ekoa arrek).

Ugalkortasun edo emankortasun gutxiko ezaugarri hereditarioak edota umetarako ezaugarri txarrak antzemanez gero, umetarako animalia guztiei (arrak zein emeak) eta haien ondorengoei baja eman behar zaie erregistro honetan.

Genealogia Liburuko inskripzioak animalien jatorriagatik edo animalien ezaugarriengatik (hau da, abiaburu gisa) egin daitezke. Bigarren aukera hori Fundazio Erregistroan inskriba daitezkeen animaliei dagokie.

Jatorriagatik inskribatzen diren animaliei dagokienez, jatorriagatik edo ezaugarriengatik inskribatutako "Enkarterriko villanoa" arrazako txakur emeengandik jaiotzen diren animaliak berez inskribatuko dira, baldin eta txakur eme horiek izaera bereko arrek estaliak badira, eta aldez aurretik estaldura eta jaiotza aitortzen badira.

3.2.– Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, dekretu horren arabera ofizialki onartuak diren sustapen erakundeei baimena eman ahal izango zaie, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez, genealogia liburuak kudeatzeko, ebazpenean bertan adierazten den eran.

4.– ANIMALIEN ONARPENA ETA KALIFIKAZIOA.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 6.4 artikuluan eta azken xedapenetariko bigarrenean ezarritakoaren arabera, Genealogia Liburuaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

a) Arraza katalogatuaren Genealogia Liburuan animaliak inskribatzeko eskabideak aztertzea, araudi zehatz honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.

b) Animaliak kalifikatzea. Batzordeak bere eginkizun hori pertsona eskudunei eman ahalko die, beti ere berak gainbegiraturik.

c) Kalifikatutako animaliak onar daitezela erabakitzea, bidezkoa bada.

d) Genealogia agiriak ematea; eginkizun hori onarpen ofiziala duten erakundeen esku utzi ahalko du.

e) Genealogia Liburuaren funtzionamenduari jaramon egitea eta gorabeherak konpontzea.


Azterketa dokumentala