Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2003ko abenduaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Garraio eta Herri Lan Saila
7040

311/2003 DEKRETUA, abenduaren 16koa, Euskal Meteorologia Agentzia sortzeko dena.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Autonomia Estatutuaren 10.32. artikuluak ezartzen du Autonomia Estatutuaren eskumenekoa dela Euskal Meteorologia Zerbitzua, baina betiere Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoa bete beharko dela.

Estatutuak eskumenak banatu ondoren, Jaurlaritzako sailak sortarazi eta berregituratu, eta Jaurlaritzaren egitekoak eta jardun-arloak zehazteko martxoaren 11ko 27/1987 Dekretuak Garraio eta Herri Lan Sailaren jardun-arloen barruan sartu zuen meteorologi zerbitzua.

Dekretu hori Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoari buruzko maiatzaren 5ko 156/1987 Dekretuaren bidez osatu zen. 156/1987 Dekretuak meteorologiaren inguruko zuzendaritza eta koordinazio-lana Garraio Sailburuordetzaren esku utzi zuen, eta horren barruan, meteorologiako iragarpen, azterlan eta informazioaren gaineko eskumena Garraio Zuzendaritzari eman zion.

Geroago, ekainaren 5ko 158/1990 Dekretuaren bidez, Meteorologi Euskal Zerbitzua sortu zen, Garraio Zuzendaritzari atxikita, Euskal Herriko meteorologia hobeto ezagutzeko behar ziren azterlanak egiteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioei, beren egitekoak hobeto burutu ditzaten, informazio egokia eskaintzeko. Aldi berean, ekainaren 5eko 157/1990 Dekretuaren bidez, Meteorologi Euskal Batzordea sortu zen, Garraio Sailburuordetzari atxikita, euskal herri-administrazioentzako organo koordinatzaile eta aholku-emaile gisa.

Garraio eta Herri Lan Sailaren antolaketa eta eginkizunei buruzko otsailaren 11ko 24/1992 Dekretuak Meteorologi Euskal Zerbitzua sail bereko Uren Plangintza eta Obretarako Zuzendaritzaren menpe jarri zuen.

Gainera, Meteorologi Euskal Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko meteorologiaren arloko kide anitzeko organo koordinatzaile eta aholku-emaile izango zela erabaki zuen, eta Garraio eta Herri Lan Sailaren menpean egongo zela.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuak, irailaren 17ko 19/2001 Dekretuaren bidez aldatuak, uren gaineko eskumena Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Sailaren esku jarri zuen, baina meteorologiaren arloko eskumena Garraio eta Herri Lan Sailaren utzi zuen. Eskumen hori Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren ondorioz, egun zuzendaritza mailako organo batek erabiltzen du.

Izan ere, 20/2002 Dekretuak Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritza sortu zuen Garraio eta Herri Lan Sailburuordetzaren menpe, uren arloko eskumenak Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Sailari eman arren, meteorologiaren arloko egitekoak eta jardun-arloak Garraio eta Herri Lan Sailaren esku utzi baitziren, Autonomia Estatutuaren arabera meteorologiaren arloko giza-baliabideak eta baliabide materialak eskualdatzea lortzen denerako.

Bestetik, gizarteak meteorologiaren inguruan agertzen duen interesa gero eta handiagoa denez, beharrezkoa da horretarako zerbitzu zehatz bat sortzea, beste administrazioek dituzten eskumenak ezertan eragotzi gabe, eguneroko lanez arduratzeko hau da, Euskal Herriko meteorologia hobeto ezagutzeko behar diren zaintza-lanak, iragarpenak, azterlanak eta bestelakoak egiteko, eta herri-administrazioei, beren lana hobeto egin dezaten, informazio egokia eskaintzeko.

Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritza berriaren sorrerarekin batera, komenigarria da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jarduera meteorologikoen alderdi tekniko, zientifiko eta operatiboen ardura hartuko duen beste administrazio-unitate bat sortzea, horretarako behar dituen giza-baliabide eta baliabide materialekin.

Laburbilduz, Euskal Meteorologia Agentziak honako arlo hauek hartuko ditu: meteorologia eta kideko zientziak (itsas meteorologia, agrometeorologia, hidrometeorologia, etab.), klimatologia, eguraldiaren zaintza eta iragarpena, informazio meteorologikoa prestatu eta banatzea, etengabeko prestakuntza eta hobekuntza, aholkularitza tekniko-zientifikoa.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko abenduaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Euskal Meteorologia Agentzia sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren jarduera meteorologikoak era operatiboan betetzeko organo gisa.

2. artikulua.– Atxikipena.

Euskal Meteorologia Agentzia Garraio eta Herri Lan Saileko Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzari atxikita egongo da, Garraio eta Herri Lan sailburuordeak kontrolatu eta koordinatuta, Dekretu honetan ezartzen diren egitekoak garatzeko.

3. artikulua.– Jardute-eremuak.

Hona hemen Euskal Meteorologia Agentziaren jardute-eremuak:

a) meteorologia eta kideko zientziak (agrometeorologia, itsas meteorologia, hidrometeorologia, etab.).

b) Klimatologia.

c) Meteorologia, klima, agrometeorologia, hidrometeorologia, itsas meteorologia eta kidekoen zaintza, eredugintza eta iragarpena.

d) Aurrreko arlo horietarako lagungarri gerta daitezkeen beste batzuk, esaterako: telekomunikazioak, informatika, programazioa, estatistika, teledetekzioa, etab.

e) Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzarentzat informazioa, orokorra nahiz espezializatua, prestatu eta eskaintzea.

f) Etengabeko prestakuntza eta hobekuntza.

g) Aholkularitza teknikoa eta zientifikoa, bai Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzarentzat, bai horrek erabakitzen duenarentzat.

4. artikulua.– Egitekoak.

Euskal Meteorologia Agentziari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioen eskumenen barruan, honako egiteko hauek dagozkio:

1.– Meteorologiaren eta meteorologiaren adarren (itsas meteorologia, hidrometeorologia, agrometeologia, etab.) zaintza integratua eta etengabekoa.

2.– Gerta litezkeen fenomeno meteorologiko eta klimatikoen analisia eta iragarpena.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren menpeko behaketa meteorologikoko sareak zaintzea.

4.– Arlo batzuetan nahiz besteetan eskumenak dituzten administrazioei meteorologiak eta parekoek eragindako arazoak izateko posibilitateaz, probabilitateaz edo ziurtasunaz abisatzea.

5.– Behaketako sareen bidez eskuratutako informazioa araztu eta antolatu.

6.– Klimatologiako agiritegia antolatu eta zaindu.

7.– Informazioa emateko sistemak, hau da, webguneak, txostenak, eta bestelakoak elikatzea.

8.– Meteorologiari eta klimatologiari buruzko argitalpenak sortzea.

9.– Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzak bere-bereak dituen gaiei buruz eta horrek eskatutakoei buruz txosten teknikoak eta zientifikoak egitea.

10.– Plan estrategikoak proposatzea.

5. artikulua.– Egitura.

Euskal Meteorologia Agentziaren barruan, bere-bereak dituen egitekoak betetzeko, honako atal hauek bereiziko dira:

a) Zaintza eta iragarpen atala.

b) Klimatologia eta arazketa atala.

c) Garapen atala.

d) Antolaketa eta prestakuntza atala.

6. artikulua.– Jarduerak.

Euskal Meteorologia Agentziak gutxienez lan hauek egingo ditu:

Klimatologiaren arloan (iragana):

– Informazioa bildu: eskuzko estazioetako, estazio automatikoetako eta plataforma meteorologikoetako informazio klimatiko eta estatistikoa, ereduen bidez lortutakoa, meteosatekoa, profilagailukoa, radarrekoa, mantentze-lanetatik lortutakoa, kalibraziokoa, eta abarretakoa. Gainera, datu-base bat egingo da, arazketarako tresna gisa erabiltzeko.

– Datu hidrometeorologiko historikoak analizatu, eta ondoren balioetsi eta kargatuko dituen sistema bat sortu.

– Datu hidrometeorologikoak (irrati bidez eta mantentze-lanen bidez eskuratutakoak) denbora errealean analizatu, balioetsi eta kargatuko dituen sistema bat sortu, hilabeteko desfasearekin.

– Txosten klimatologikoak egin, hilekoak eta urtekoak.

– Serieak berregin.

– Txosten klimatologiko historikoak.

Zaintzaren arloan (denbora erreala):

– Estazio hidrometeorologikoen, itsas meteorologiako plataformen, profilagailuaren, meteosataren, radarraren, eta bestelakoen funtzionamendua zaindu beharko dute, eta besteak beste:

. Estazioak eta sentsoreak behar bezala dabiltzala egiaztatu.

. Komunikazioek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatu.

. Erroreak, deribak, interferentziak, etab. ikertu.

. Muturreko meteorologiako egoerak edo parekoak gertatzeko posilibitate, probabilitate edo ziurtasun-maila zehaztu.

– Ukitutako aldeei gaizki dabiltzan moduluen berri eman, eta arlo guztiak koordinatu eta kudeatu (estazioak, mantentzea, komunikazioak, eta larrialdiei aurregiteko zerbitzua [alerta aurreko egoera, alerta eta alarmatarako], etab.).

– Aurreko egunetarako egindako iragarpenen balorazio kuantitatibo objetiboa, eta beste zerbitzu meteorologiko batzuek egindakoekin erkatzea.

– Ereduen araberako iragarpenen balorazioa. Erkaketa.

– Eguneroko txostenak egitea, informazioa webguneetan denbora errealean eguneratzeko prozedurak, abisuak, etab.

– Komunikabideei informazioa erraztea, Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzak hala baderitzo.

Iragarpenen arloan (epe labur eta oso laburrerako):

– Muturreko meteorologiako egoeretan (urtean 25 egun inguru izan ohi dira) zaintza operatiboa egunean 24 orduz egingo da, oso eguraldi txarra iragartzen den bitartean. Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzaren ustez euskal gizartean arazoak sortzen dituen edo sor ditzakeen egoera oro izango da muturreko meteorologia.

– Muturreko meteorologiako egoera guztiak, iragarritakoak izan ala ez, txosten meteorologikoa (eta, kasuaren arabera, hidrometeorologikoa eta itsas meteorologikoa) egingo da; ereduen emaitzez gainera, sareko informazio araztua, izandako errore eta akatsak, eta hobekuntza-proposamenak jasoko dira, web-gunean informazio osagarria jarriko da, etab.

– Egunero epe laburrerako (gehienez ere 3,5 egunerako) iragarpen bat egitea, iragarpen ofiziala, ereduen emaitzak, etab. barne direla.

– Eguraldiaren iragarpena webgunean eta erabiltzaile mugatu batzuentzako ingurune jakin batzuetan jartzea, hainbat formatotan.

– Pixkanaka-pixkanaka eskualde naturaletarako iragarpenak eta hartzaileak (babes zibila, agrometeorologia, itsas meteorologia, plangintza hidrologikoa, komunikabideak, ingurumena, enpresak, mantentze-zerbitzuak, ikerketa) kontuan hartuz era batera edo bestera moldatutakoak bultzatzea.

– Iragarpen ozeanometeorologikoak, hidrometeorologikoak, agrometeorologikoaketa gisakoak egitea.

Prestakuntzaren arloan:

– Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzarentzat interesgarri diren biltzarretara joatea, nahiz estatu barruan, nahiz atzerrian, Zuzendaritzaren ordezkari gisa jardutea, ponentziak irakurtzea, horma-irudiak erakustea, etab.

– Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek meteorologiaren eta kideko zientzien gainean duten ezagutza teknikoa eta zientifikoa sakontzeko plan bat prestatzea.

– Meteorologiaren Mundu mailako Eguna eta antzekoak antolatzen laguntzea.

– Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzak antolatzen dituen biltzar, jardunaldi, lantegi eta bestelakoetan laguntzea.

Informazioa eman eta eskura jartzeari dagokionean:

– Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzaren webgunearen etengabeko hobekuntza.

– Webgune hori elikatu, kudeatu eta mantentzea.

– Orotariko informazioa eskaintzea, bai sortutako prozedurena, bai ereduena, bai programena, azalpen guzti-guztiekin eta behar bezala dokumentaturik. Informazio hori paperean nahiz euskarri magnetikoan edonoiz eskuratzeko moduan eskaini beharko da.

– Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzari informazioa ematea.

Aholkularitza teknikoa eta zientifikoa:

– Sare hidrometeorologikoa, komunikazioak, meteorologia, alarmen kudeaketa, softwarea, eta horrelakoak hobetzeko proposamenak.

– Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzak eskatzen dizkion azterlan jakinak edo gainbegiratze-lanak.

7. artikulua.– Koordinatzailea.

Euskal Meteorologia Agentziak koordinatzaile bat izango du; koordinatzaile horren ardura izango da Agentziaren ataletako lanak koordinatu eta zuzentzea, betiere Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzak gainbegiratuta.

8. artikulua.– Aurrekontua.

Garraio eta Herri Lan Sailak urtero Euskal Meteorologia Agentziari dagozkion kontu-sailak bereiziko ditu bere aurrekontuetan.

9. artikulua.– Egitekoen jarraipena.

Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzak Euskal Meteorologia Agentziari agindutako egitekoak behar bezala betetzen dituen ikusteko horien jarraipena egingo du, eta horretarako behar dituen txosten eta azterlanak eskuratu ahal izango ditu. Txosten hori Euskal Meteorologia Batzordeak eskatu ahal izango ditu, eta ondoren Zuzendaritzaren esku jarri.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Garraio eta Herri Lan sailburuari Dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak har ditzan.

Bigarrena.– Dekretu honetan aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean agindutakoa aplikatuko da.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean Dekretu hau.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da Dekretu honen kontra dagoen xedapen oro.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko abenduaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala