Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2003ko abenduaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
6691

EBAZPENA, 2003ko ekainaren 17koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, EB2-0082/01-LE espedientean Joseba Zarraga Pomposo jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko martxoaren 17ko Aginduaren bitartez, EB2-0082/01-LE-0 espedientearen babespean, hasiera eman zitzaion Bilboko (Bizkaia) Txurdinaga poligonoko M-38 lur-zatian dauden babes ofizialeko 15 etxebizitza esleitzeko administrazio-prozedurari. Agindu hori 2003ko apirilaren 11n argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Etxebizitzok arauzko baldintzak ondoen betetzen zituzten eskatzaileei emango zitzaizkien.

2.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariak, 2003ko apirilaren 15ean emandako ebazpenaren bidez, prozedura horretan onartu eta baztertutakoen zerrendak onartu zituen.

3.– Joseba Zárraga Pomposo jaunak 2003ko maiatzaren 15ean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka eta bertan ebazpenarekin bat ez zetorrela adierazi zuen. 2002an bere egoera-zibila aldatu dela adierazi zuen eta, ondorioz, bere diru-sarrerak ere bai, Banatzeko Epaian agertzen den moduan. Beraz, ez du ulertzen zergatik ez den kontuan hartu egoera. Errekurritutako ebazpena berraztertzea eskatzen du.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da errekurtsoa ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen 40/2002 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituz aurkeztu da.

2.– Honakoak dira erabili beharreko arauak: abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa; Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 14ko Agindua, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen duena; 2003ko martxoaren 17ko Agindua, Bilboko (Bizkaia) Txurdinaga poligonoko M-38 lur-zatian babes ofizialeko 15 etxebizitza esleitzeko zenbait espezifikazio finkatzen dituena; eta arau osagarriak eta bat datozen arauak.

3.– Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, 18. artikuluan, babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu ahal izateko gehienez eta gutxienez izan daitezkeen diru-sarrerak finkatzen ditu: erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, urteko diru-sarrera ponderatuak ezin daitezke izan 33.100 eurotik gorakoak; erosteko aukerarik eman gabe alokatzen diren etxebizitzak badira, berriz, diru-sarrerak ezin daitezke izan 3.000 eurotik beherakoak.

Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 21. artikuluan ezartzen denez, honako hau izango da zenbatu beharreko zerga-aldia: behin Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Aitorpena egiteko epea amaituta, honako egun honen aurrekoa dena:

a) Dekretu honen 11. artikuluan zehaztutako prozeduraz esleitzen diren etxebizitzei eta horiei erantsitakoei dagokienez, esleipen-prozedura hasteko Agindua argitaratzen deneko eguna.

4.– Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 20. artikuluak honako hau dio 3. paragrafoan kontuan hartu beharreko diru-sarrerei buruz: bananduei, dibortziatuei eta alargunei dagozkien diru-sarrerak zehazteko, egiaztatu beharreko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena edo aitorpenak, edo hala badagokio, diru-sarrerak, senar-emazte horiek elkarrekin zeuden garai batekoak baldin badira eta beren erregimen ekonomikoa irabazizkoa bazen, senar-emazteen diru-sarreren %50a hartuko da kontuan.

Oraingo honetan, izan ere, dagokion administrazio espedientea aztertu ostean, irabazizko sozietatea ezabatu zenean, 2001. urteko errentaren aitorpenean agertzen diren diru-sarrerak erdi bana jo behar dira. Errekurtsogileak aldi horretan izandako diru-sarrerak 21.519,05 eurokoak izan ziren eta, ondorioz, legez ezarritako gehienezko diru-sarrerak 33.100 eurokoak direnez, hortik behera daude.

Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Sailak Bizkaian duen Lurralde ordezkariak EB2-0082/01-LE espedientean hartutako ebazpenaren aurka Joseba Zárraga Pomposo jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa baiestea. Ebazpenak Bilboko Txurdinaga poligonoko M-38 lur-zatian dauden babes ofizialeko 15 etxebizitzaren sustapenean onartu eta baztertutakoen zerrenda onesten du eta errekurtsogilea onartutakoen zerrendan sartu behar da.

Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du; hala ere, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Gelan. Horretarako epea jakinarazpen hau jasotzen den egunaren biharamunean hasi eta bi hilekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko ekainaren 17a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala