Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2003ko abenduaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
6690

EBAZPENA, 2003ko ekainaren 10ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, EB2-0082/01-LE espedientean Blanca Fernández Ubieta andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko martxoaren 17ko Aginduaren bitartez, EB2-0082/01-LE espedientearen babespean, hasiera eman zitzaion Bilboko (Bizkaia) Txurdinaga poligonoko M-38 lur-zatian dauden babes ofizialeko 15 etxebizitza esleitzeko administrazio-prozedurari. Agindu hori 2003ko apirilaren 11n argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Etxebizitzok arauzko baldintzak ondoen betetzen zituzten eskatzaileei emango zitzaizkien.

2.– Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako iragarki-taulan jarritako iragarkiaren bidez 2001eko urteko errentaren gaineko aitorpenaren fotokopia konpultsatua aurkezteko eskatu zitzaion Blanca Fernández Ubieta andreari, eta urte horretako aitorpenik egin ez izana gertatuz gero, Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren txostena eta, hala bazegokion, gainera, errekurtsogile denak 2001eko ekitaldian kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrera gordin guztiak (langabezia, pentsioak, 10-T, GGDa eta abar). Agiri horiek aurkezteko epea 2002ko abenduaren 20an amaitu zen eta epe horretan ez zuen aurkeztu agiririk.

3.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariak, 2003ko apirilaren 15ean emandako ebazpenaren bidez, prozedura horretan onartu eta baztertutakoen zerrendak onartu zituen.

4.– Blanca Fernández Ubieta andreak 2003ko apirilaren 25ean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka eta bertan harekin bat ez datorrela agertzen du, honako hau alegatuaz: ez zituela justifikatu 2001eko diru-sarrerak zeren ez baitzuen jaso hala eskatzen zion gutunik, eta eskatutako informazio ekonomikoa aurkezten du. Lan-bizitzari buruzko txostena, 2001. urtean aitorpenik ez zuela aurkeztu egiaztatzeko agiria, Ogasunak emandakoa, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizartekintza Sailaren ziurtagiri bat, 2001. urteko diru-sarrerak egiaztatzen dituena, aurkezten ditu. Eta errekurritutako ebazpena berraztertzeko eskatzen du.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail honetako Zerbitzu zuzendaria da errekurtso hori ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituz aurkeztu da.

2.– Honakoak dira erabili beharreko arauak: abenduaren 26ko 306/2000 Dekretua, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa; Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 14ko Agindua, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen duena; 2003ko martxoaren 17ko Agindua, Bilboko (Bizkaia) Txurdinaga poligonoko M-38 lur-zatian babes ofizialeko 15 etxebizitza esleitzeko zenbait espezifikazio finkatzen dituena; eta arau osagarriak eta bat datozen arauak.

3.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 76. artikuluan xedatzen duenez, interesdunek eurek bete beharreko izapideak direnean, egintza jakinarazten zaienetik hamar eguneko epea izango dute beroiek gauzatzeko. Hirugarren paragrafoak, gainera, aurreko paragrafoetan jasotakoa betetzen ez duten interesdunek izapidea betetzeko eskubidea galdutzat jo daitekeela ezartzen du.

2001. urteko diru-sarrerei buruzko dokumentaziorik edo informaziorik ez denez jaso, Bizkaiko Lurralde-Ordezkaritzako iragarki-ohola erabiliaz, abenduan, urte horretako diru-sarrerak eguneratzeko eskatu zitzaion, hori egiteko azken eguna abenduaren 20koa zelarik; data hori igaro eta ez zuen aurkeztu eskatutakoa, eta diru-sarrerak behar bezala ez zituenez egiaztatu, prozeduratik kanpo utzi zen.

2002ko abenduan iragarki-ohola erabiliaz eskatu zitzaion dokumentazioarekin batera gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, 2003ko apirilaren 25ean hain justu ere. Baina, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan, hau da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeaz aldatutakoan xedatutakoa erabili ezkero, aipatu dokumentazioa sasoiz kanpokoa da eta ezin da onartu.

Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Sailak Bizkaian duen Lurralde ordezkariak EB2-0082/01-LE espedientean hartutako ebazpenaren aurka Blanca Fernández Ubieta andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Ebazpenak Bilboko Txurdinaga poligonoko M-38 lur-zatian dauden babes ofizialeko 15 etxebizitzaren sustapenean onartu eta baztertutakoen zerrenda onesten du eta bere hartan geratzen da Zuzenbidearekin bat datorrelako.

Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du; hala ere, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko ekainaren 10a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala