Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2003ko urriaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
5570

234/2003 DEKRETUA, urriaren 7koa, Azkoitia eta Azpeitian (Gipuzkoa) den Munoaundi barrunbe gotortuaren Eremu Arkeologikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun Sailkatua deklaratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen.

Azkoitia eta Azpeitian (Gipuzkoa) den Munoaundi barrunbe gotortuaren Eremu Arkeologikoak zuen kultura-interesa ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1996ko maiatzaren 17ko Ebazpenaren bitartez (ekainaren 14ko eta 114. zk-a duen EHAA) eremu hori, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Espedientea hasiera aldian geratu zen, baina ez zen uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 11.3 artikuluak ezartzen duen jendaurrean jartzeko izapidetza bete.

Halere, ez zen bete aipatu den 7/1990 legearen 12.1.d) artikuluak agintzen duena, hau da, ez zen haren babes araubidea ezarri. Espedientea osotzeko beharra ikusita, bere tramitazioari indar emateko eta bukatzeko ondasuna behar den moduan babesteko, 2003ko ekainaren 27ko Kultura Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez, espedientea jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko aldia zabaldu zen, haren babes erregimena ezarri ondoren (EHAA-ren uztailaren 29ko 147. alean argitaratua).

Jendaurreko informazioaldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu dira eta ez da alegazio bakar bat ere aurkeztu.

Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2003ko urriaren 7ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsita eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan harturik, honako hau

XEDATU DUT:

1.– artikulua.– Azkoitia eta Azpeitian (Gipuzkoa) den Munoaundi barrunbe gotortuaren Eremu Arkeologikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.

2.– artikulua.– I. Eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla-eta ondasunaren mugaketa bezala Dekretu honen Eranskin berean agertzen dena ezartzea.

3.– artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako ondasunaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. Eranskinean agertzen den moduan.

4.– artikulua.– Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den ondasunaren babes-araubidea onestea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Azkoitia eta Azpeitian (Gipuzkoa) den Munoaundi barrunbe gotortuaren Eremu Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Azkoitia eta Azpeitiako Udalei, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraziko zaie.

Hirugarrena.– Kultura Sailak Azkoitia eta Azpeitiako Udalei eskatuko die udaleko hirigintza-araudia Monumentu Multzoaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentu Multzoaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondareraen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 7an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA / ANEXO I
MUGAKETA / DELIMITACION
II. ERASKINA
DESKRIBAPENA

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Munoandi mendian hainbat aztarna (harresiak, terrazak, ...) aurkitu zituztenez, Burdin Aroko bizileku bat egon zitekeela pentsatu zen. Hori egiaztatzeko, zundaketa batzuk egin ziren eta, azaleratutako materialari esker, jakin ahal izan zen harresiz inguratutako gotorleku handi bat, Burdin Arokoa, egon zela bertan. Zeramika pusketaz gainera, burdin xafla bat eta brontzezko figula bat -azken hauek honelako aztarnategietan oso bakan agertzen diren materialak- aurkitu ziren.

Gauza jakina denez, Gipuzkoan eta Bizkaian oso urriak dira herri preindoeuroparren arrastoak; Gipuzkoan, hain zuzen, kultur maila honetako 7 bat hiriskaren berri baino ez dago. Horregatik, gaur egun Munoaundiko gotorlekua jasaten ari den hondamendia gelditzeko, beharrezkoa ikusten da esparru arkeologikoa monumentu multzo izendatzeko espedienteari hasiera ematea. Aurrerantzean ere, babes kategoria berbera izendatuko zaie kultur maila honetako ondare-elementuei ere, zeren eta, oso gutxi izaki, kontserbatzea merezi baitu gerora egin daitezkeen ikerketei begira; ondare-elementuetako batzuek erreserba arkeologikoko esparru izendatu ahalko dira.

III. ERANSKINA
BABES-ERREGIMENA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Babesaren eremua.

Babes-erregimen honek bere baitan hartzen du, bere gune, egitura eta eraikuntza guztiak dituela, Munoaundi Esparru Gotortuaren Eremu Arkeologikoaren Monumentu Multzo Kalifikatua. Multzoa Azpeitia eta Azkoitia udalerrietan dago, Gipuzkoako Lurralde Historikoan alegia.

2. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-erregimen hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Munoaundi Esparru Gotortua monumentu-multzo bezala Kultura Ondasun Kalifikatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Erregimena, aipatutako legearen 28.1 artikuluari jarraituz, loteslea da hirigintza-planeamendurako.

3. artikulua.– Babes-maila.

1.– Munoaundi Esparru Gotortuaren Gune Arkeologikoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

2.– Kontserbazioko babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko ondasunak kalterik ez jasotzea; bertan burutu ahal izango diren jarduerak egiturak finkatu edo zaharberritzeko izango dira, ez besterik.

3.– Esparru gotortua bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu esparru gotortua bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.

4. artikulua.– Hirigintza-planeamendua egokitzeko jarraibideak.

Munoaundi Esparru Gotortuko Gune Arkeologikoa monumentu multzoko kategoriarekin ondasun kalifikatu bezala jasota geratuko da Azpeitiko eta Azkoitiko udalen planeamendu-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune hau antolatzerakoan, berariazko babes-erregimen honetako arauen menpean geratuko dira planeamendu-instrumentuak eta, nolanahi ere, horiek onartzeko Kultura Saileko oniritzia beharko da.

Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren honako babes-erregimen hau artikulatu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-erregimen honen babes-neurriekin bat etorri ez edo horien aurka badoaz.

II. KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ERREGIMEN
OROKORRA

5. artikulua.– Irizpide orokorra.

1.– Oro har, eta deskribatutako babes-erregimenari jarraituz, aztarnategi arkeologikorako arriskugarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen erabilerak eta jarduerak ez onartzea izango da irizpidea. Eta ez bakarrik lur gaineko zein lur azpiko eraikuntzak hondatzen dituzten jarduera eta erabilerak, baita gune arkeologikoaren hurrenkera historikoa aldatzen dutenak ere.

2.– Babes-erregimen honetan zehazten diren erabilera eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arau hauetan aipatzen ez diren erabilera eta jarduerak erregimenaren kontrakotzat joko dira.

3.– Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko arrasto arkeologikoak errespetatzen badira.

6. artikulua.– Eraikuntzaz kanpoko erabilera eta jarduera onartuak.

1.– Zientzia arloko jarduerak. Arrastoak lekuan bertan uzteko beharra.

Gune arkeologikoko lurra iraultzea bakarrik ikerketa zientifikoek eskatzen dutenean baimenduko da, eta hori baldintza bi betetzen direnean: aldez aurreko egitasmoa egotea eta egitasmo hori Gipuzkoako Foru Aldundiak onetsita egotea.

Lekuan izango diren jarduera zientifiko guztiak (indusketa arkeologikoak, analisiak, ikerketak e.a.) aztarnategia osorik ikertzeko programa antolatu baten baitakoak izango dira eta helburu nagusia aztarnategiaren balorea handitzea izango da. Edozein jarduera arkeologikoren lehenengo asmoa arrastoak bistaratzen diren lekuan bertan kontserbatzea izango da.

Burutzen den egitasmoak aztarnak sendotu, bertan kontserbatu eta zaharberritzea izango du xede, bai orain lur azalean diren aztarnak bai induste-lanen bidez ateratzen direnak, degradazio-prozesuak saihesteko edo ahalik eta gehien moteltzeko.

Indusketa arkeologiko guztiekin batera programa bat egingo da, ateratzen diren arrastoak kontserbatzeko. Ez da inolako lan arkeologikorik egingo programa hori sortu arte.

2.– Kultura-jarduerak eta aztarnategia ezagutzera emateko moduak.

Kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, arrastoak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez aztarnategiak lekua eta ondare bezala dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta horregatik bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, hori erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat berreraikiko da eta abar.

Munoaundi Esparru Gotortuaren Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

Aztarnategia behar bezala seinalatuko da, biztanleak izan zireneko gunearen mugak errespetatuta eta mendiko gidaliburuetan eta antzekoetan jasotzeko erraztasunak emango dira, berorren berri emateko; izan ere, berri emate horrek lagunduko du aztarnategia errespetatzen eta mantentzen.

3.– Basogintzako erabilerak.

Munoaundi Esparru Gotortuaren Eremu Arkeologikoko zati handi bat egurra ustiatzeko erabiltzen da gaur egun. Horregatik, erabilera hori onartuko da aipatutako zati horretan. Halere, beren beregi debekatzen da basogintzarako eta birlandaketarako azalera handitzea.

Dauden zuhaitzak ateratzeko eta mozteko, baldintza hauek bete beharko dira:

– Zuhaitzak moztea bakarrik baimenduko da, hau da, sustraia erauzi gabe. Motzondoak bere lekuan utzi behar dira. Ezin da pista edo bide berririk sortu mozketa eta erauzketetarako.

– Egurra ateratzeko ezin da makina astunik erabili. Babestutako aldean ezin da ibilgailurik ezta beldar-ibilgailurik sartu. Egurra ateratzeko lan horiek egin aurretik, piezak arrastaka eramateak aztarnategiko egiturak kaltetuko dituen ala ez aztertuko da, eta horren arabera, poleak erabiliko dira edo lanak eskuz egingo dira. Baldintza horiek guztiak aldez aurretiko txosten batean zehaztu behar dira, arkeologiako profesional batek egina. Halaber, profesional horrek egurra ateratzeko lanak lekuan bertan gainbegiratu behar ditu, lanek iraun bitartean.

– Betiere, jarduera hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinarazi behar zaizkio, burutu aurretik, eta aldundiak baimendu behar ditu.

4.– Abeltzaintzako jarduera.

Babestutako eremuan onargarria izango da bertan belardiak eta larreak izatea, beti ere horretarako ez bada lurra irauli edota lurreko arrasto arkeologikorik mugitu beharrik.

7. artikulua.– Eraikuntzak direla-eta onartutako erabilera eta jarduerak

Lekua babesteko, ikertzeko edo kultura zabaltzeko ezinbestekoak diren eraikuntzak eta instalazioak baino ez dira onartuko. Horietako edozein egin aurretik, arkeologo aditu batek beharrezkotzat jo behar du, aztarnategia ikertzeko eta bere balorea azpimarratzeko osotasuneko egitasmo bat eginda.


Azterketa dokumentala